astekaria 2018/03/09
arrowItzuli

ekonomia

ASKOTARIKO EUROPA

Irune Lasa

ASKOTARIKO EUROPA

Hori da Europako Batasuna. Eskualde oso aberatsetatik hasi eta oso txiroetaraino doana. Krisi ekonomikoko urteetatik hobeto edo okerrago atera diren herrialde eta eremuekin. Ipar-hego, ekialde-mendebalde, abiadura desberdineko Europa. Brexitaren, aurrekontu murritzagoen eta hauteskundeen atarian dagoen askotariko Batasuna.

EBko eskualdeen aberastasunari buruzko argibideak ematen dituen argazkia eskaini du Eurostatek aste honetan, 276 eskualderen biztanleko barne produktu gordinaren datuekin. Zenbaki horiei begira, eskualde bat aberatsa dela esan daiteke haren per capita BPGa batasun osoko batez bestekoaren gainetik badago —EBko batez besteko hori 100 dela ulertuz eta datuak erosteko ahalmenaren parekotasunean emanda—. Eta horrela, Eurostaten arabera, 102 eskualde kokatu ziren Europako Batasunaren batez besteko biztanleko BPGtik gora, hots, 29.200 eurotik gorako per capita BPGarekin.

Eskualde aberats gehienak europa erdialdean pilatzen dira, Italia iparraldetik gorantz abiatu eta Austria eta Alemaniatik barrena doan banda batean, gero bitan banatzen dena —batetik, Beneluxetik Ingalaterra hegoalde eta Irlanda hegoalderaino, eta, bestetik, iparraldeko herrialdeetaraino—.

Hala ere, badaude salbuespenak, Pirinioen alde banatara ere eskualde aberatsak daudelako, baita Eskozia ekialdean ere. Beste eskualde aberatsak, nola ez, hiriburuenak dira. Are gehiago, herrialde gehienetan horiek dira eskualde aberatsenak, eta maiz, EBko batez bestekoaren oso gainetik egonda, eskualde askoz ere txiroagoez inguratuta daude.

Dena den, Europa erdialdeko eskualde aberatsen banda horren soslaia ekialderantz mugitu da azken hamar urteetan. Bandaren goiko aldeko mendebaldean jada gain behera zeuden Valoniako eta Frantzia ipar-ekialdeko eskualdeak, eta krisiak ez die mesederik egin industrian intentsibo izandako eremu horiei. Pikardia, Lorrena eta Franche-Comte EBko batez bestekora iristetik urrunago daude orain; Alsazia ere, garai batean batez besteko horren gainetik (%105ean) zegoena, 2016an behetik kokatu zen (%95).

Aldiz, Alemania ekialdea aberatsagoa da orain, eta EBko batez bestekoaren %80ko langa gainditu dute hango eskualde guztiek. Hamar urtean Txekiako eta Poloniako zenbait eskualdek ere gainditu dute batez bestekoaren %70eko langa, baita Eslovakia mendebaldeak ere.

Batasuneko eskualde aberatsena, alde handiz, Londres barnealdeko mendebaldea da, batez bestekoaren %611rekin. Egunero lanera bertaratzen eta gero joaten direnek sortutako aberastasun hori oso biztanle gutxiren artean banatzen da. Arrazoi horrek esplikatzen ditu zerrendan hurrengo dagoen Luxenburgoren kasua (%257) eta Bruselarena ere (%200). Irlanda hegoalde eta mendebaldearen %217ko datuaren atzean, berriz, multinazional gutxi batzuek estatistikan izandako eragina dago: 2015ean bertako konpainia txikiak erosi eta zerga txikiak baliatu zituzten zenbait konpainia handik, eta BPGaren %26,3 handitu zen urte bakarrean.

Hala ere, salbuespen gutxirekin —Alemania eta Italia—, batasuneko herrialde gehienetan hiriburuak dira eskualde aberatsenak. Hiriburuak izan gabe, hiri handiak hartzen dituzten eskualdeak ere aberatsago izan ohi dira.

Txiroen patu desberdina

Eskualde txiroetako gehienak beste banda luze batean biltzen dira, Baltikoko herrialdeetatik beherantz, ekialdeko herrialdeetatik barrena Greziaraino iritsi eta mendebalderantz doana, Italiaren hegoaldea igaro eta Iberiar penintsularaino.

Hala ere, banda horretako eskualdeen patua desberdina izan da azken hamar urteetan. Eskualde pobreenak, Afrikako Mayotte kenduta, Bulgarian, Errumanian eta Hungarian daude. Baina Baltikoko eta Europa ekialdeko eskualde gehienak, oraindik txiro izanagatik ere —EBko batez bestekotik dezente behera—, lehen baino hamar-hamabost puntu aberatsagoak dira orain.

Aldiz, Irlanda, Portugal, Espainia eta Italiako ia eskualde gehienak pobreagoak dira orain dela hamar urte baino, eta txirotu egin dira Erresuma Batuko eta Frantziako eskualde zenbait ere, nahiz eta pixka bat gutxiago. Dena den, pobretze horri buelta ematen hasi dira horietako zenbait.

Aipamen berezia merezi du Greziak. 2006. urtean, Greziako hamahiru eskualdeetatik bi soilik zeuden EBko batez bestekoaren %70etik behera. 2016. urtean, berriz, bi bakarrik dira langa hori gainditzen duten eskualdeak; horietako bat, Atenas hartzen duen Atika. 2009. urtean, EBko batez besteko per capita BPGaren %128 zeukan Atikak. 2016an, %92.

Europako Batasuneko argazkian dago, nola ez, Euskal Herria ere, baina haren soslai zehatza antzematea ezinezkoa da, jakineko banaketa administratiboaren erruz. EAE, Nafarroa eta Akitania eskualdeei begiratzea beste erremediorik ez dago, beste datuen faltan.

Europa mendebaldeko beste eskualdeen joera bera izan dute hirurek, krisi urteetan euren per capita BPGa jaitsi egin baita EBko batez bestekoarekiko. 2006an EAE %130ean zegoen, eta Nafarroa, %128an. 2016an, %121ean eta %114an daude, hurrenez hurren. Berez, haien per capita BPGaren jaitsiera ez da hainbestekoa izan urteotan, baina bitarte horretan EBko beste eskualde batzuk ez dira geldirik egon. Dena den, 2013. urtetik zenbakiak hobetuz doaz. 2016an EBko 50. eskualde aberatsena zen EAE, eta Nafarroa, 62.a.

Akitania eskualdea zerrendako 123.a da. 2005. urtean Akitaniaren biztanleko BPGa EBko batez bestekoaren berdina zen, %100. Baina, orduz geroztik, batez bestekotik beherantz joan da, %93an kokatzeraino, eta bitarte horretan ez du suspertzerik izan.

BERRIAn argitaratua (2018/03/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA