astekaria 2015/12/11
arrowItzuli

gizartea

«Ni ezin naiz barrura sartu»

Ibai Maruri Bilbao

«Ni ezin naiz barrura sartu»

B ilbo, Areatza pasealekua, 10:30ean. Errepidea gurutzatu du taldeak, Plaza Barrira bidean. Zuzen jo dute aurrekoek Posta kalerantz. «Itxoin, hortik ez dugu sarbiderik», bota du atzetik Gabi Iglesiasek. Ibilbidea hasi baino ez, agertu dira lehen oztopoak. Taldeko kideetako bi gurpil aulkian dabiltza, eta Posta kaleko sarrerara iristeko eskailerak igo behar dira. «Aulkian zauden arte, konturatu ere ez zara egiten zenbat traba gainditu behar diren. Nik eurekin egiten dut lan, eta, hara, ez naiz ohartu hortik ezin garela denok sartu», aitortu du Aitor Esturok. Iglesias eta biak Fekoorreko kideak dira, Bizkaiko elbarrien elkarteen federaziokoak. Zazpikaleetako ostalaritza lokalen inguruko ikerketa egin berri dute. 159 taberna eta jatetxeren iristeko erraztasuna aztertu dute. Kezkatzekoa da ondorioa: %9 baino ez dira iristeko erabat errazak. Euskal Herri osoan gertatzen denaren isla dela azpimarratu dute. Txostena osatzeko, banan-banan bisitatu zituzten azaroan, eta orain BERRIArekin egin dute berriro txangoa.

Lokal bat iristeko erraza den edo ez zehazteko hiru ezaugarri hartu dituzte kontuan. Lehenik, sarrerari erreparatu diote. Bi zentimetro edo gutxiagoko koska dutenak eta maldaxka dutenak onartu dituzte soilik. Baina malda guztiak ere ez dituzte ontzat jo, aldapa handiegia dutenak arriskutsuak baitira bakarrik doazenentzat. Atzez eror daitezke aulkiak. Lokalen %61 lehen proban bertan baztertu dituzte.

Azterketan aurrera egitea lortu dutenen komunari erreparatu diote, ondoren. %33 ez daude aulkian dabiltzanentzat egokituta. Eta egon badaudenen artean, erdiek ez dute behar bezala erabiltzeko baldintzarik. Izan ere, badira komuna biltegi moduan ere erabiltzen duten tabernak. Eta hainbeste trabarekin, elbarriak ezin dira barruan mugitu. «Bada taberna bat komuna oso-oso ondo daukana. Zabala da. Komunaren ondoan eusteko barra ipinita dauka. Primeran dago. Baina, sartzeko, lau eskailera maila igo behar dira», kontatu du Esturok. Barre egin dute denek, umorez hartzen dutelako. Baina aulkian daudenentzat arazo itzela da baldintza guztiak betetzen ez dituen taberna edo jatetxe bila ibiltzea.

Azkenik, lokalaren barruko aldeari erreparatu diote. «Estuak badira, edo mahaiak elkarrengandik gertu badituzte, aulkiekin igarotzea oso zaila izaten da. Eserita doanak zutik doanak besteko erosotasuna izan beharko luke batetik bestera pasatzeko», azaldu du Esturok. «Ez dute sentitu behar besteei enbarazu egiten ari direnik». Eta Plaza Barrian sartu baino ez, hasi da oztopo fisikoak gainditzeko proba.

Egoerak eta premiak

Beste muturreko taberna batean daude Fekoorrek kudeatzen duen Bizkaiko Foru Aldundiaren Arbolarte zentroko kide batzuk, eta haraino iritsi behar du Areatzatik abiatu den taldeak. Roberto Perez eta Fekoorreko presidente izandako Marcelino Fernandez dira gurpil aulkian doazenak. Plazaren perimetro osoa betetzen duten terrazek zaildu egiten diete aurrera jarraitzea. «Orain, plaza zeharkatu dugu. Baina terrazako erdigunean dagoen edozein mahaitara gerturatu nahiko bagenu, jende guztia altxarazi beharko genuke. Ez gara kabitzen», kexatu da Fernandez. Maite Alvarez eta Barbara Sanchez batu dira. Eurak ere gurpil aulkian dabiltza.

Erabateko autonomiaz ibili nahi dute, beti laguntza eske ibili beharrik gabe. Alvarez, adibidez, garraio publikoan bakarrik joateko prestatzen aritu da Iglesiasekin: «Metroan nola sartu eta irten, txartela hartu... Ikasi egin behar izan du. Guretzat ariketa errazak dira, baina eurei sekulako esfortzua eskatzen die». Elbarri bakoitzak bere egoeraren araberako beharrak ditu. Kasurako, baldar bada ere, Fernandez pauso batzuk emateko gai da. «Badira gainditu ditzakedan trabak. Oraintsu, hotel batean egon nintzen. Ustez, elbarrientzat egokitutako logela zen. Baina dutxara sartzeko maila bat igo behar zen. Nik egin dezaket. Baina aulkitik jaikitzeko gai ez banaiz?».

Plazatik irteterakoan, taldearentzat ez da erraza izan aurrera egitea. Goizetan furgonetak eta kamioiak ibiltzen dira Zazpikaleetatik, jatetxe, taberna eta dendak hornitzeko. Oinezkoek tentuz ibili behar dute, askotan ibilgailu artetik pasatzeko lekurik ere ez dutela; aulkian doazenek, gehiago. «Furgonetaren bat azkar datorrenean nik ezin dut korrikarik egin, bazterrera erretiratzeko. Guretzat, are arriskutsuagoa da», ohartarazi du Fernandezek.

Azterketa egiteko erabili dituzten irizpideak Fekoorrek berak ezarritakoak dira. Baina administrazio publikoek legez araututa dituzte lokal bat iristeko erraza izateko baldintzak. Eta ezinbestean bete behar dituzte. Iglesiasek salatu du ez dela kontrol publikorik egiten. «Betikoekin malguagoak izaten gara. Badira bete ezin dituzten arau batzuk. Lokala txikia bada, ezin diogu eskatu eremu zabalak izateko. Baina berri batek iristeko erraza izateko arauak bete ezean, gure abokatua joaten da. Eta ez badigute kasurik egiten, salaketa ipintzen diegu».

Dena den, ez zaie salatzaile izatea gustatzen. Gizarteak elbarrien beharrizanak ere kontuan hartzea baino ez dute eskatzen. Fernandez: «Alvia trenetan gurpil aulki bakarrarentzat dago lekua. Pentsa azken orduko kontu batengatik Madrilera joan behar dudala. Beste batek nik baino lehenago erosi badu txartela, nik ezingo dut joan. Eta ez da bidezkoa. Nik ere trena hartu nahi dut, beste edonork bezala».

BERRIAn argitaratua (2015/12/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA