astekaria 2018/03/09
arrowItzuli

gizartea

MIREN DOBARAN

«Hizkuntza eskubideak betetzeko, euskaraz lan egin behar da derrigor»

Garikoitz Goikoetxea

«Hizkuntza eskubideak betetzeko, euskaraz lan egin behar da derrigor»

Hizkuntza eskakizunei buruzko proposamena aurkeztu du asteon Eusko Jaurlaritzak. Halere, agendan baditu gai gehiago Miren Dobaranek (Berango, Bizkaia, 1974), Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Berritzeaz mintzo da une oro, aldaketak iritsi direlako.

Hizkuntza eskakizunei buruzko azterketa aurkeztean, iragarri duzue 1997ko dekretua aldatzeko bidea hasi duzuela. Zertan?

Sistema koherentea izan da, baina luzaroan egon da indarrean. Gaitasunean genuen ahuldadea, eta 1991tik hirukoiztu egin da gaitasuna. Garaia da beste sistema bat asmatzeko. Adostasun handiz, hori izan baita sistemaren arrakasta. Ahalik eta atxikimendu handiena behar da, baina kontuan hartuta ordezkapen handia datorrela, eta zein diren gazte horien ezaugarriak: gehienak euskaldunak, ez dutenak arazorik erregistro formaletan euskaraz aritzeko —seguruenik, kafe makinan aritzeko izango dituzte arazo gehiago—. Ausardiaz egin behar dugu proposamena; hala egin zuten lehen ere. Hausnarketa prozesu bat ireki dugu: adituen esku utzi nahi dugu oinarrizko dokumentu bat, eta bidea egingo du alderdiekin eta sindikatuekin ere.

Oinarrizko agiri hori egina dago?

Egiten ari gara.

Bada asmorik sistema aldatzeko? Derrigortasunak, mailak...

Derrigortasunarena mantentzea klabea da: oraindik gizartearen herena da euskalduna. Sistemak horregatik eduki du atxikimendua, malgutasunez egin delako. Egia esan, gurako genuke arinago joan, baina atxikimendu hori oso garrantzitsua da. Derrigortasunetan ezin bada eragin, beste arlo batzuetan bai: sartzeko moduetan, lehenengo unetik euskaraz lan egitean... Betiere herritarren hizkuntz eskubideei lotuta. Hizkuntz eskubideak erabat bete behar ditugu, eta horrek zuzenean dakar euskaraz lan egitea. Bestela ezin da fundamentuzko zerbitzurik eman, ez badugu nahi itzulpenetan oinarritutako administrazioa. Eta ez dugu nahi: hori ez da orekatua. Erronka da asmatzea formula bat non bi hizkuntzek funtzionatuko duten berdintasunean, ez itzulpenetan oinarrituta.

Eskakizunen berrikusketaren arabera, postuen %5ek dituzte «disfuntzioak»: ez dute euskara maila egokia. Gehienek behar baino baxuagoa dute. Sorpresa?

Batzuentzat, seguruenik, sorpresa izan da. Sistema koherentea izan da, kontrol handia izan duena: %5eko desbideratzea oso-oso txikia da. Gizartearen atxikimendua izan du: 38.000 lagun euskara ikasten ari dira aurten. Eta jendea ez doa euskara ikasten bakarrik lanpostuetara aurkezteko. Badago konpromiso sozial bat.

Eskakizunen proposamenean, lan arlo bakoitzean bi maila proposatu dituzue: orokorra eta «onargarria». Noiz «onargarria»?

Lehenetsia da beharrezkoa dena eginkizunaren arabera. Gero badago beste bat, goragokoa, onargarria. Administrari batek ez ditu funtzio berak udal handi batean edo txiki batean: herri txikikoak mila zeregin ditu, eta hor, bai, onartzen da goragoko eskakizuna.

Uemak kezka du herri euskaldunetan zer gertatuko den maila altuko eskakizunak jaitsita.

Ez da zertan hori gertatu. Kontuan hartuta euren eginkizunak zeintzuk diren eta normalean herri txikiak direla, erraz justifika daiteke zergatik behar den laugarren eskakizuna. Aldeko txostenak egin ditu Hizkuntza Politikak.

Sindikatuek zer diote? UGTk, adibidez, oso gogor hitz egin du.

Uste dut UGT apurka etorriko dela: sakon aztertzen dutenean, datuak ikusita, uste dut horren alde egingo dutela. Azkenean, gauza mekanikoa da: postuaren eginkizunak aztertu, eta horren araberako gaitasuna ezarri —edo goragoko bat, funtzioei lotuta—.

Sindikatuekin izan dituzue bi bilera. Zer moduz joan dira?

Argi esan dugu planean bi puntu oinarrizkoak direla. Bat, ardura: arduradun politikoena izan behar du. Bestea, langileak: erraztasunak jarri behar dira. Egingarri lez azaldu dugu lan hizkuntzan hamabost puntu igotzea, kontuan hartuta zer hizkuntza gaitasun daukagun, eta zer baliabide. Kezkatuago zeuden baliabideengatik, euskara herdoildua ote dagoen. Hala balitz, trebatzaileak jarriko lirateke abian. Baina egindako inkestetan ez da hori agertzen: langileek ondo ikusten dute beren burua. Prest ikusten ditugu.

Plan berriak dio euskara nahitaezkoa den postuetan langileak prest egon behar duela euskaraz lan egiteko. Ulertu behar da badirela euskaraz egiteko trabak jartzen dituzten langileak?

Bai. Baina argi dago legeak betebeharrak ematen dizkigula, herritarrek hizkuntz eskubideak dituztelako. Hizkuntz eskubideak bete nahi baditugu, derrigorrean lan egin behar da euskaraz; bestela ezin daiteke kalitatezko arreta eman. Iruzurrik egin nahi ez badiogu gizarteari, eskakizuna derrigorrean egiaztatu behar duen langileak naturaltasun osoz lan egin behar du bi hizkuntzetan. Era naturalean egin beharko dute euskaraz eta gaztelaniaz, hori baita erakundearen gogoeta, behar batetik ondorioztatutako erabakia.

Hor izan daitezke arazoak sindikatuekin?

Ez dut uste. Hainbat orduko batzarrak egin ditugu. Herritarren eskubideekin lotu dugu lan hizkuntza: ez da kapritxo bat. Gizartearen heren bat izanik euskalduna, oso portzentaje handian datoz herritarrak euskaraz: %30. Sekulakoa da, eta gero eta handiagoa izango da uholdea. Administrazioa prestatu behar dugu. Ordezkapen handia izango da, eta horrekin lotuta daude lan hizkuntzan jarritako erritmoak. Gainera, euskara ikasteko sekulako ahalegina egin duen langile bat oso ondo sentitzen da aldaketa egitean.

Eta PSE-EEk zer dio?

Legebiltzarrean oso argi utzi zuen: erabileran eragin behar da. Seguru nago erabilera planaren alde daudela, eta ez dugula inolako arazorik izango.

Lurralde antolaketako gidalerroetatik euskarari buruzko atal batzuk kendu dituzte azken bertsioan. Zer gertatu da?

Zerbait badakigu, eta gure abokatuak begiratzen ari dira. Parlamentura doa gaia, eta alderdiek izango dute aukera zuzentzeko edo aldaketak egiteko.

Udal legea ere garatu behar da: finantzaketa, eragin linguistikoaren ebaluazioa... Zertan dira?

Ari dira garatzen. Adi-adi egon beharko dugu: Hizkuntza Politikaren txostena egongo da artikuluz artikulu. Dekretu hori aukera gisa ikusten dugu euskararentzat.

Hezkuntzan ere badira mugimenduak: adituen txostenean, euskaraz B2 maila lortu beharra jarri dute helburu. Ereduen sistema aldatu gabe lor daiteke?

Helburuak ezarri dira, eta oinarrizko konpromiso batzuk finkatu. Adostasun handia izan du dokumentuak, eta esperantza handia ematen digu horrek. Garrantzitsuena da maila horiek ezartzea. Argi badago gazte guztiek DBH amaitzean hizkuntza ofizialetan B2 lortu behar dutela, horren inguruan garatu beharko da eredu sistema edo dena delakoa.

Gune soziolinguistiko bakoitzean egokitu behar da euskarazko B2 maila lortzeko helburu hori?

Ez, ez, ez. Edozein gune soziolinguistikotako ikasleak eskubide berbera dauka, eta gaitasun maila bera lortu beharko du. Beste kontu bat da zer eman behar zaion gune soziolinguistiko eta ikastetxe bakoitzari, abiapuntua zein den ikusita. Urtebetean edo bi urtean ezin da lortu, baina hizkuntza proiektu bakoitzean ezarri beharko da zer baliabide, prestakuntza eta metodologia behar den ahalik eta azkarren helburu horretara iristeko. D ereduan ere bai: hobekuntzak behar dira. Baina denek helburu berberak: hori oinarrizko printzipioa da, eta eskubidea.

Euskaraldia ari da martxan jartzen. Zer moduz doa?

Jende asko lanean, herri asko aktibatuta. Izen ematea ondo doa. Alde guztietatik sekulako ahalegina egiten ari dira: harremanak sendotzen, apurtutako harremanak birbideratzen, batzordeak osatzen... Prozesua da inportantea. Esperimentu bat da. Inportantea da zer gertatzen ari den herrietan, eta zer mugimendu dauden. Euskaraldia egingo da, ikerketa egingo dugu, eta erabakiko dugu zer pauso eman. Gizartea aktibatzea izan behar da datozen urteetako erronkarik handiena.

Finantzaketaren gaia argitu da? Udaletan, esaterako, badago erresistentziarik arlo horretan?

Ez, gehienetan ez. Sistema konplexua da. Arineketan egin da, eta bakoitzak bere erritmoak ditu aurrekontuak onartzeko. Herri gehienetan ahalegin ikaragarriak egin dira beren-beregi aurrekontuak onartzeko Euskaraldirako.

Elkarlan esparruak sortzeko aukera ere bada Euskarabidea?

Herri askotan, bai. Hori ere bazen helburua: mesfidantza asko egon da; ez gara konturatzen jendea aldatu egin dela, belaunaldi berriak datozela beste ideia batzuekin, eta hori ahaztu beharra dagoela. Oso gutxi gara, txikiak, eta halako esperimentuetan sartu behar dugu. Indar metaketarik ez badago, ez goaz aurrera. Ikusten den ilusio hori ez da posible bakarka bagoaz.

BERRIAn iaz egindako lehen elkarrizketak lerroburu hau zuen: «Mesfidantzak egongo dira, baina gainditzeko gai gara». Gainditzen ari dira? Gainditu dira?

Gainditzen ari dira, dudarik gabe. Harremanak sendotzen ari dira. Etengabe ari gara hitz egiten. Uemarekin egin dugun bidea, adibidez, oso handia izan da. Ezinbestekoa da. Uemako herrietan ez bada, non bizi dira, ba, euskaraz? Horiek behar ditugu, eskolatik ateratzen ari diren hiztun berriak euskalduntzeko eta hiztun oso bilakatzeko. Baditugu programa pilotu batzuk hiztun berriak herri horietara eramateko. Uemarekin bide bat egin dugu, baina ez bakarrik Uemarekin: Kontseiluarekin ere konplizitate handia daukagu, eta, adibidez, hezkuntzaren inguruko dokumentuan ados gaude gauza inportanteenetan. Konplizitate horrek eragin ikaragarria dauka gure politiketan. Adostasunean oinarritutako politika publiko bat eraginkorragoa da beti.

Euskalgintzatik zer mezu datorkizu? Badago kezka geldialdiaz, nekeaz, prekaritatearen zamaz...

Diagnostikoan bat gatoz: gauza asko birpentsatu behar dira. Globalizazioarekin, gizartea asko aldatzen ari da. Gazteak beste mundu batean bizi dira, eta zelan harrapatu euskararako? Etengabeko elkarrizketan gaude, eta hortik eraikitako prozesu askok aukera gehiago dute arrakasta izateko.

Prekaritateari buruz, kontziente gara hori sendotu beharra daukagula. Hasi gara euskaltegiekin: gazte batek ikusi behar du modua euskaltegian karrera profesionala egiteko, baina, horretarako, baldintzak askoz hobeak izan behar dira; pauso bat eman dugu lan baldintzak hobetzeko. Beste lan baldintza batzuen inguruan ere hobetu beharra daukagu, eta eskatuko dugu behar den dirua. Behar-beharrezkoa da: jendeak ez baditu oinarrizko lan baldintza batzuk, ez da erraza lanean luzaro jarraitzea ilusioz eta motibazioz. Eta jende motibatua behar dugu.

Greba feminista ostegunean.

Kargu publikoa naizenez, lanera etorriko naiz. Baina oso argi daukat nire lanean banengo ez nintzatekeela lanera joango.

BERRIAn argitaratua (2018/03/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA