astekaria 2018/03/09
arrowItzuli

gizartea

Pestizidak, ibaientzat pozoi

Jon Ander De la Hoz

Pestizidak, ibaientzat pozoi

Pestizidaz josita daude ibaiak, Ekologistak Martxan erakundeak egin berri duen ikerketa lan baten arabera. Pesticide Action Network Europe erakundearekin elkarlanean egin du Ibai hormonatuak txostena. Azterlan horren arabera, ikertutako 104 ur laginetatik —Euskal Herrikoak, Herrialde Katalanetakoak, Galiziakoak eta Espainiakoak— 47tan atzeman dituzte pestiziden aztarnak. Asko da hori, Dolores Romano Ekologistak Martxan erakundeko substantzia kimikoen politiketako arduradunaren arabera: «Hain zuzen ere, laginen ia erdietan detektatu ditugu pestizidak». Romanok susmoa du, gainera, ibaietan aurki daitezkeen pestizida guztiak ikertuko balira emaitzak horiek «hutsaren hurrengo» liraketela.

Hamar ibai arrotako laginak aztertuta osatu dute txostena; analisia osatzeko datuak hamar ur konfederazioren azterketa programek eskainitakoak dira. Halako informazioa ematera behartuta daudela adierazi dute erakunde ekologistako ordezkariek. Aztertutako ibai arro guztietako laginetan aurkitu dituzte pestizida toxikoen arrastoak. Txostenaren arabera, intsektizidak %45 eta herbizidak %40 dira laginetan ugarien aurkitutako substantziak. Bada datu kezkagarri bat: horietatik %70 debekatuta daude, Ezin dira erabili, hain justu, «toxikotasun maila altua dutelako». Romanoren arabera, horien artean daude, besteak beste, lindanoa, DDTa, atrazina eta endosulfana.

Laginetan aurkitutako substantzien erdiak baino gehiago disruptore endokrinoak direla azpimarratu du Romanok; hormonak eraldatu ditzaketen substantziak dira. Horiek naturan eragin handia dutela azaldu du Romanok: «Pestizidek kutsatutako ur ekosistemek zuzeneko lotura dute intsektuen, anfibioen, arrainen eta hegaztien galerarekin». Txostenaren arabera, suntsitu nahi dituzten izurriteei ez ezik, bestelako organismo bizidunei ere eragiten diete. Degradatzen zailak direnez, zenbaitetan bizidunen organo jakin batzuetara iristeko gaitasuna ere badutela zehaztu du Romanok. «Horrek bizidunen osasunean kostu handia du».

Ekologistak Martxan erakundeak ondorioztatu du toxikotasun kronikoko arazo larria dagoela ikertutako hainbat ibaitan. Aztertu dituen Hego Euskal Herriko ibai gehienetan, hala ere, ez da halakorik gertatzen. «Kantauriko arroan, bereziki, ez dago nekazaritza intentsiborik. Horregatik, askoz urriagoa da pestiziden presentzia gainontzeko lurraldeekin alderatuta», onartu du Romanok. Euskal Herrian, Ebro ibaiaren inguruetan erabiltzen da pestizida gehien. Ulertzekoa da: tankera horretako lur langintza inguru horretan da, batez ere, ohikoa.

Lindanoa eta glifosatoa

Aztertutako ibai arroetan, hamarretik zazpitan aurkitu dituzte lindanoa, eta haren isomeroak; horiek dira Euskal Herrian ugarien aurkitu dituzten substantzia kaltegarriak ere. Romanoren esanetan, kutsadura mota hori «zaborren kudeaketa txarraren ondorio» izaten da sarritan. Hain zuzen ere, bereziki zabortegietan eta legezko kanpoko isuriak egin izan diren lekuen inguruetan aurkitu dituzte arrasto gehienak.

Arretaz aztertu beharreko substantzia horietako bat da lindanoa. «Txostenean azaldu dugu zein pestizida diren disruptore endokrinoak, eta lindanoa da horietako bat», nabarmendu du Romanok. Hormonen ohiko funtzionamendua aztoratzen duten substantzia horietako bat da, beraz. Arriskutsua da hori. «Gizakietan eta faunan gauza asko erregulatzen dituzte hormonek. Faunan, esaterako, disruptore endokrinoak lotuta daude ugalkortasunaren galerarekin, eta baita arrainen feminizazioarekin ere; horrez gain, metamorfosian interferentzia egiten dute». Bereziki uretako animaliei eragiten diete pestizidek, baina gizakiak ere ez daude horien eraginetik salbu: minbizia, fertilizazio arazoak eta arazo neurologikoak ekar ditzakete, bestelako gaixotasunez gain.

Guztira, aztertutako 55 substantzietatik hamazazpi atzeman dituzte Euskal Herrian. Horietatik hamalau disruptore endokrinoak izan daitezke. Lindanoaz gain, Euskal Herriko barnealdeko ibai arroetan glifosatoaren presentzia handia ere atzeman dute ikertzaileek; horixe izan da estatu mailan gehien aurkitu duten bigarren pestizida mota; herbizida toxiko horren erabilera handiaren seinale agerikoa da hori. Romanoren esanetan, ekintzarako deia berritu behar da datu horien aurrean. «Dagokien erakundeei pestizida horiek debekatzeko lan egin dezaten eskatu izan diegu sarritan». Eta horretan jarraitu nahi dute. Ideiak ere badituzte. «Egoera larriari» erantzuteko, bost neurri proposatu ditu erakunde ekologistak. Hasteko, egungo legea betetzea nahi dute, eta sistema endokrinoa aldatu dezaketen pestiziden erabilera debekatzea. Era berean, gainerako pestiziden erabilera drastikoki jaisteko neurriak ezartzeko eskatu du Romanok: «Erabilera murrizteko estatu mailako plan bat behar dugu».

Oroitarazi du pestizida toxikoak kontrolatzeko neurriak hartu izan dituztela beste hainbat herrialdetan, eta adibidetzat har daitezkeela. Frantzian eta Danimarkan egiten ari diren urratsak jarri ditu, esaterako, eredu gisara; Danimarkak pestiziden erabilera %40 jaistea lortu zuen 2011. eta 2015. urteen artean. Frantziak, aldiz, 2025. urterako pestiziden erabilera erdira murrizteko proposamena egin du. Alabaina, ez dira horretan diharduten bakarrak. Ur edangarriak babesteko plangintzak aurkeztu dituzte Suediako, Herbehereetako eta Alemaniako gobernuek. Pestizidak arautzea Europar Batasunari dagokio kasu batzuetan lindanoa, adibide, baina estatuen ardura da kasu gehienetan.

Egoera hobetzeko epe laburrean ezarri beharreko helburuen artean zerrendatzen du Ekologistak Martxan erakundeak hamar urtean pestiziden erabilera erdira murriztea. Halaber, gune publikoetan pestiziden erabilera debekatu behar dela uste du: «Ez da Europako Batasunari dagokion konpetentzia bat; estatuari eta autonomia erkidegoei dagokie. Horregatik, eskatzen diegu martxan jartzeko». Alabaina, debekuez gain bestelako formulak erabiltzearen alde agertu da Romano. Zimenduak jarri behar dira, etorkizun hobe baterako: «Esaterako, prestakuntza saioak eta aldaketak egiteko baliabideak eskaini behar zaizkie nekazariei».

Beste nekazaritza bat

Erakunde ekologistaren aburuz, pestiziden erabilera murrizteko ahaleginarekin lotuta dago nekazaritza eredu berri bat eskatzea ere. Txosteneko ondorioetako batean azpimarratu dutenez, «ekologikoki justuak diren lan egiteko erak aztertu behar dira». Romanok nabarmendu egin du eskakizun horren garrantzia. «Egun indarrean dauden ingurumen politikak aldatzera bideratu behar dira hurrengo pausoak». Bide horretan hainbat ekintza mota egin daitezkeela pentsatzen du, baina argi du, ondo bidean joan daitezen, baliabideak jarri behar direla nekazarien esku. «Nekazaritza ekologikoa bideratzeko esparru bat sortzeko era eman behar zaie».

Egungo eredua aldatzeko bidean, erakunde ekologistarentzat beharrezkoa da ingurumen araudia jakintza zientifikoaren arabera osatzea. «Ingurumena babestea bermatuko duen araudi berri bat» eskatu dute, eta jakintzak zedarritutako irizpideekin ehuntzeko eskatu dute. Hain zuzen ere, azken hogei urteetan ingurumen arloan landu diren ezagutza zientifiko berriak horretarako gako direla uste dute, eta aintzat hartu behar direla. Jakintza horien artean leudeke disruptore endokrinoek eta nahasketa kimikoek uretan dituzten efektuei buruz egindako ikerketak. Ezagutzen ez ziren ondorio askoren berri eman dute. Esate baterako, substantzia klase horiek ume jaioberrietan eta haurtzaroan duten eragina aztertzeko egindako azterketak badirela adierazi dute, eta kontuan hartu behar direla lege berriak egiteko garaian.

Romanok azaldu duenez, egoera aldatzeko asmorik ez dute azaldu Espainiako Gobernuak eta alorrean eskumena duten erakundeek. Aurkeztu duten ikerketarekin kontzientzia soziala eta politikoa piztu nahi dituzte.

BERRIAn argitaratua (2018/03/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA