politika
Lokatz arteko ondarea
Jon O. Urain

Izan ere, Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza atzo hasi zen Egin egunkaria zenaren dokumentu funtsak Euskadiko Artxiboko Historikora eramateko lanetan. Egunak beharko dituzte material guztia Bilbora eramateko, baina hasiak dira material horren zati bat kutxetan sartzen eta kutxak Bilbora eramaten. Jaurlaritzaren hitzetan, helburua da dokumentazioa «ez suntsitzea, eta ikertzaileen eta gainerako interesdunen zerbitzura jartzea».
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz itxi zituzten Egin egunkaria eta Egin Irratia, aurten duela hogei urte, eta Jaurlaritzak auzitegi horren baimena jaso ostean hartu du bere gain ondare horren ardura. Urrian eskatu zuten baimena, eta abenduan eman zieten. Jaurlaritzak azaldu duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren parte den Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kezka adierazi zuen hedabidearen argazki funtsaren eta dokumentu artxiboaren gainean, eta kezka horretatik abiatu zen agiritegia lekualdatzeko prozesua.
Kultura Ondareak funts horiek erabat ez suntsitzeko neurriak hartu behar zirela adierazi zuen, eta Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzeko aukera eskaini zuen; «behin-behinean» gordeko dira bertan. «Gure iritziz, Egin egunkariaren dokumentu funtsak interesa dauka, ondarearen ikuspegitik, batez ere ikertzaileentzat, historialarientzat... Zegoen moduan, suntsitzeko bidean zegoen, eta atzera bueltarik ez egotea gerta zitekeen; hori dela-eta, uste dugu interesgarria izan daitekeela behin-behinean Artxibo Historikoan gordetzea. Han, jatorri ezberdinetako hainbat funts daude, eta, zalantzarik gabe, leku egokia da horrentzat ere», Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariaren arabera.
Dena sailkatzeko, «denbora» beharko dute, Aizpururen hitzetan. Bertatik 1.000-1.500 kutxa ateratzea espero dute, «anabasa itzela» baitago erredakzioan, hormetan antolatuta dauden argazki fitxategiez gain: «Norbaitek karpetak atera eta lurrera botatzeko lana hartu du». Aizpururen kalkuluen arabera, dokumentu guztiek 500 metroko luzera har dezakete Euskadiko Artxibo Historikoaren apaletan...
Egun «gazi-gozoa»
Dokumentuen lekualdaketa abiatuta, IƱaki Sotok eta Mertxe Aizpuruak egun «gazi-gozoa» izan zela aitortu zuten, Gara egunkariaren izenean. Positibo-tzat jo zuten Jaurlaritzak ondarearen berreskuratze lanak bere gain hartu izana: «Utzikeria judizialak eta politikoak ondare horren parte handi bat galdu edo kaltetu izana eragin du, baina garrantzitsua da zati bat bederen berreskuratu ahal izatea». Halaber, salatu zuten kazetaren itxiera «ez-legezkoa, traumatikoa eta justiziarik gabea eta inoiz gertatu behar ez zuena» izan zela, eta «adierazpen eta prentsa askatasunaren aurkako bidegabekeria horren biktimak» ekarri zituzten gogora: «nagusiki», hedabideko irakurleak eta langileak: «Oroimenaren eta giza eskubideen urraketen gainean egin beharreko ariketaren barruan, bereziki gogoratu behar ditugu prozesu judizial gaizto hau eta zigor guztiz injustuak pairatu zituzten euskal herritarrak».
Bi hamarkada igaro dira jada, baina ekinaldi judizialaren ondorioak indarrean daude gaur egun, Sotok gogorarazi zuenez. Izan ere, Garzon epaileak Gara-ren bizkar utzi zuen Egin-ek Gizarte Segurantzarekin zuen zorra: 4,7 milioi euro. «Aurrena, egunkari bat legez kanpo itxi zuten; eta gero, kazetaritza proiektu berri baten garapena ekonomikoki baldintzatu nahi izan zuten». Hortaz, administrazioari eskatu diote alor horretan ere esku har dezala.
Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetzat jo zuen Egin-en itxiera, 2009an. Haren erredakzioan, liburu bat dago lurrean: Historia de la democracia. La aventura de la libertad (Demokraziaren historia. Askatasunaren abentura). Lokaztutako hitzen paradoxa.