astekaria 2015/12/11
arrowItzuli

bizigiro

Elkartasunezko elikagaiaren bidea

Nora Arbelbide Lete

Elkartasunezko elikagaiaren bidea

Elikagaien beste bizia da. 52 astez, asteko bost egunetan, xinaurri lanetan dihardute Baionako elikagai bankuko 80 bat laguntzaileak: 07:00etan hasi eta eguerdi arte.

Lan nagusia, elikagaiak urririk eskuratzea da, beharrean direnak laguntzen dituzten elkarteei berriz banatu ahal izateko. Eta, horretarako, hamaika bide daude. Lehenik elikagaiak aurkitzeko, eta, ondotik, berriz banatzeko. Batetik, berriki iragan den ohiko bilketaren asteburua. Nahi duen orok ematen ahal dizkie elikagaiak. Azaro bukaerako asteburuan iragan da aurtengoa. 96 tona dituzte jaso. Iaz baino zortzi gutxiago. Baliteke beste bilketa bat antolatzea, justuki, eskasia hori gainditzeko.

Emaileen artean egitura andana bat bada: industriak, kooperatibak... baita Europako Batasunak eta Frantziak emandako soberakinak ere. Supermerkatuak ditu emaile nagusia, dena den. Elikagaien %42tik gora Baionako eta inguruetako hogeitik gora supermerkatuetatik jasotzen du elkarteak.

Eta hori guztia bideratzeko, itzaleko lana, xinaurri lana, egun baterako argazki makina eta mikrofonoen aitzinean azaltzea onartu dutena Baionako elikagaia bankukoek. Joko hori onartu du baita elikagai hori beharrean direnei apailatzen dien Arratseko mahaia (La table du soir) elkartekoak.

1. SUPERMERKATUAN JASO

Kamioiari ez zaio zentimetro koadro bat libre gelditzen. Denetatik lortu dute. Fruitu eta barazki freskoez gain, Kinder txokolateak, zukuak, azukrezko opilak… Angeluko Carrefour supermerkatutik egin bidaia emankorrak poztu ditu elikagai bankukoak. Pierre Serres eta Georges Renaudie laguntzaileek gidatzen dute kamioia, baina kargatze eta deskargatze lanetan ari aldi honetan.

Pierre Serres duela urte bat sartua da elkartean. Hasieran, hain zuzen, biltzen zuten elikagaien kantitateak eta kalitateak harritu zuten gehien: «Buru gainean ibiltzen gara. Ordu arte ez nintzen jabetua zenbat xahutzen zen. Ekoizpen eder anitz biltzen ditugu». Eta Renaudie gibeletik mintzo da: «Produkzioa ibilarazi behar da».

Carrefourretik landa, Geant Casinon jasoa horren beste adibide bat da. Dozenaka Coca-Cola Zero botila dituzte eskuratu. sustapen baterako zernahi manatu eta, sustapena bururaturik, saldu ez den hori elikagai bankuari ematea erabaki du supermerkatuak. Metatzeak saihesteko aukera dauka horrela saltegiak, diru gutxi galduz. Ematen dutena ondotik beren zergetatik ken baitezakete supermerkatuek. %66 desgraba dezakete.

Iraungitze data da hor gako nagusia. Iraungitze data hurbildu ahala, gainditu baino lehen, elikagai bankuari ematea hobesten dute supermerkatuek. Debaldeko xahutzearen aurkako lege berriak, gainera, oraindik gehiago behartuko ditu horrelakoetara, heldu den urtetik goiti. Zikinontzietara botaz geroz, dirua galaraziko baitie legeak.

Anartean, «garrantzitsuena da ez botatzea», borobildu du Serresek. Baina elikagai bankua bera ez da zikinontzi bat. Haren lan nagusietako bat da bereizketa egitea, oraindik jangarria denaren eta ez denaren artean. Iraungitze data da hor ere gakoa. Aski zahartua izan behar badu supermerkatuarentzat, elkartearentzat aski fresko izaten segitu behar du. Elikagaia justuegi delarik, iraungitze data egunean berean delarik, elikagaia ez zaie egokia elkartekoei, eta botatzen dute. Ogia delarik, berriz, laborari batzuk heldu dira bila beren abereentzat.

«Gure arrangura nagusia da hotzaren katea ez haustea», esan du Renaudiek. Elikadura bidezko pozoitzea saihestea dute aldi bakoitzean jomugan: «Gu kalitate horren bermatzaileak gara. Berriz banatzen dugun elikagaiari begiratzea da gure eginkizun nagusia. Gure elkartearen irudia ere bada jokoan, bai beharretan direnei begira, bai eta supermerkatuei begira ere; baita, oro har, gizarteari begira ere».

Supermerkatuetan bertan hozkailuetatik dituzte elikadurak hartzen. Hortik, ondotik, hozkailu-kamioira doaz zuzenean. Kate osoan termometroarekin zaintzen dute dena. Arrautzak, jogurtak eta gisa horretako elikagaiak are hurbilago zaintzen dituzte. Horiei begira, baliteke gero hurbilean gauzak erraztea. Izan ere, lege berriarekin, baliteke gisa horretako ekoizpen hauskorrak oraindik zinez fresko direla helaraztea. Konkretuki, supermerkatuek saltegiko apaletan iraungitze data baino bost egun lehenago arte baizik ezin dute atxiki ekoizpena. Hortik at, sustapenak egin ditzakete, baina orduan ez badute saltzen, ezin diote eman ezta elikagai bankuari ere. Beraz, erabat galtzen dute ekoizpena, eta desgrabatzeko aukera. Hori dela eta, eta bereziki lege berriak estuturik, supermerkatuek iraungitze data baino lau egun lehenago ekoizpen hauskor andana bat errazkiago ematea espero du, hain zuzen, François Ribeton Elikagai Bankuko Baionako presidenteak. Haien lana erraztuz, bide batez.

2. DESKARGATZE LANAK

Supermerkatuetako kargak Baionako San Izpiritu auzoko lokalera eramaten dituzte elikagai bankukoek. Hori dute lokal handiena. Orotara, lau lokal dauzka elkarteak. Laurak lau eremutan. Bakarrean dena biltzea nahi lukete. Kasik lortu dutena, berriki. Lokal ideal bat lortzekotan ziren, aski handia eta behar den guztiarekin, hozkailuak barne. Euskal Kosta-Aturri hiriguneak zuen eskuratzekoa. Baina, orain dela hamabost egun, enpresa batek bereganatu du azken puntan, eta hiriguneak galdu. Beste zerbait atzemanen dietela hitzemana dute hautetsiek, baina elikagai bankukoek ez dutela berririk mementoko azaldu du Ribetonek.

Laguntzaileek argi dute gaur egun dituzten lokalak ez direla egokiak. Bereziki, San Izpirituko lokal nagusia: «Lan istripuaren mugan gaude», damu da Renaudie. Beste arrangura bat aipatzekotan, Renaudiek berak, laguntzaileen adina du. Renaudiek berak 65 urte ditu. Nahiz eta osasuntsu egon, kargatze eta deskargatze lanek indar anitz eskatzen diote. Ikusiz, gainera, erretretan direla laguntzaile gehienak, erretreta adina luzatu eta, ea nor geldituko ote den dauka duda Renaudiek. 65, 69 edo 70 urte arte luzatuko dutelarik erretreta, galdera egin du: «'Nor etorriko da?' 70 urtetan horrelako lanetan aritzea ere...».

3. BEREIZKETA LANAK

Argi gelditzen dena da laguntzaile guztien kemena. Batzuk egunero, besteak astean behin edo bitan, guztiak prest dira orenak pasatzeko lanean. Dela deskargatzen edo kargatzen, bereizketa lanetan, informatikan. Kontratua duen langile bakarra du elikagai bankuak Baionan: Elhadj Mbaye. Horren ondoan, zenbait badira denen onetarako lanak egitera auzitegiak kondenatu dituenak ere. Horiek dira gazteenak. Eta beste bakar batzuk, enpresa batzuk ordainduak hor lan egiteko, mezenasgo gisa.

Baina gehien-gehienak, hortaz, erretretan diren laguntzaileak. Hortxe daude lokal nagusian, Françoise, Michele, Maite, Claudette eta Gisele, bereizketa lanetan ari direnak... Kamioitik deskargatu, eta barazki eta fruituen artean, hondatuak direnak zikinontzira botatzen dituzte. Besteak plastikoetatik atera, eta kaxa ezberdinetan jartzen dituzte, elkarte anitzentzat banantzeko gisan. Gehien-gehienak emazteak dira. Gizonak kargatze eta deskargatze lanerako atxikitzen dituztela.

Atsedenerako tenorea dutela, kafe eta bixkotxak lagun, bi irrien artean prest daude galdera zenbaitzuei erantzuteko. Horiek, «bigarren bizi» baten gisa daukate elikagai bankuarena. Lokalera lanera etortzea jendea ikusteko aitzakiatzat daukate. Etxean aurki dezaketen bakardade bat saihesteko parada, laguntasun bat. Eta, aldi berean, baliosa den zerbait egiteak pozten ditu.

4. OTORDUA

Elikagai bankuak laguntzen dituen elkarte baten adibide da Baionako Arratseko Mahaia. Beharrean dagoenari gauero jatekoa eskaintzen dio elkarteak. Gose bazara, heldu zara, hori du lema. Guztiei irekia da lokala, eta ez du frogarik eskatzen. Baionako Grenet zubi gorriaren azpian dauzka prefabrikatuak, eguneko harrera gunearen parean.

Neguko plana hasten delarik, gauero hor da. Aurten, azaroaren 16tik hasi da, eta martxoaren 31 arte. Seiak eta erdi eta zazpiak eta erdi artean atea irekia dute. Elkarteak 130 bat laguntzaile ditu, nahiz eta zinez aktibo direnak 60 bat izan. Hor ere langile bakarrarekin funtzionatzen dute, zeinen lana bereziki janariaren kudeaketa baita. Elkartearen atea beti irekia denez, egunak joan egunak jin, aski zaila dute jakitea zenbat izanen dituzten afaltzeko. Batez beste 60 bat dira. Langileak antolatzen ditu menuak ere. Laguntzaileek dute apailatzen, haatik. Bakoitzak bere etxean. Baionako Herriko Etxeak prestatzen die lokala, baita ordaintzen argindarra eta ura ere. Baina bertan ez dute sukalde egokirik. Ez dute ez eta, janaria edo elikagaiak atxikitzeko leku egokirik. Artetik errateko, diru laguntza publikoak azkarki apaldu zaizkio elkarteari azken aldian. Horri begira, preseski, laguntzaile gisa egindako lan mardul hori ez ote litzatekeen botere publikoei egitera behartu behar galderari, honela erantzuten dio elkarteko presidente Annie Lahirigoienek: «Egia da egun batzuetan amorrua sortzen duela egoera horrek, baina segitzen dugu halere. Dena den, egun batez ezin izango dugu gehiago segitu, eta orduan geldituko gara». Baina, halere, guztiak uste sendoz dihardute larrialdi egoerari begira zerbait egin nahian.

Bezperan elikagaien bila lokalera jin eta egunean berean prestatzen dute afaria laguntzaileek. Batzuk salda, besteek jaki nagusia. Chantale Lataste eta Guillemette Ladevese sukaldariek, adibidez, aldi honetan salda dute prestatua. Kasik hiru oreneko lana eskatu die. Tupin handian 7,5 litro ur sartu, eta barazki guztiak moztu eta sartu: «Guk tarte hori baliatzen dugu gure artean solasean aritzeko», dio irriz Ladevesek. Adiskideak direnez, horrela aitzakia daukate elkar ikusteko. Salda ahal bezain goxoa izatea dute aldi bakoitzeko desafioa: «Ahate urina ezartzen dugu».

5. HARTZAILEAK

Egunero, 5.200 pertsonatik gora laguntzen ditu elikagai bankuak jasotako elikagaiek. Iaztik, 200 eta 300 behardun gehiago dira gehitu. Adin guztietakoak direla nabarmendu dute elkarteetan. Azkenaldian, gainera, errefuxiatuen kopurua ere igo zaie. Atherbearen bidez, adibidez, horietako zenbait elikatzen dituzte. Horri begira, arazo berri bat agertu zaie. Hau da, ohiko bilketaren asteburuan zenbaitzuek ez diete eman nahi izan elikagairik, errefuxiatuak ez zituztela lagundu nahi aitzakiatzat hartuta.

BERRIAn argitaratua (2015/12/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA