astekaria 2018/03/02
arrowItzuli

ekonomia

MIKEL ERKOREKA

«Behar politikoen menpe egoteak ez dio mesede egiten Kontzertuari»

Ivan Santamaria

«Behar politikoen menpe egoteak ez dio mesede egiten Kontzertuari»

Ekonomi Itunaren eta Foru Ogasunen Dokumentazio Agiritegian ikertzailea da Mikel Erkoreka (Bermeo, Bizkaia, 1989). EHUn sortu zen orain dela hamar urte, eta, Bizkaiko Aldundiaren laguntzarekin, kontzertuari, ogasunei, eta, oro har, finantza publikoei buruzko informazioa biltzen du. Kontzertuaren 140. urtemugaren harira jardunaldia antolatu du gaur, Bizkaia aretoan. Hizlarien artean izango da Erkoreka.

140 urte egin ditu Kontzertu Ekonomikoak. Bitarte horretan, forma ezberdinak izan ditu, baina zeintzuk dira beti mantendu dituen ezaugarri nagusiak?

Esparru fiskalean, kontzertupeko sistemak beti izan du izaera federala, baita frankismoaren garaian ere, Araban. Aldundiek autogobernu gaitasun oso zabala izan dute arlo fiskal eta finantzarioan. Bestetik, alde bakarreko arriskua nabarmendu behar da. Oparoaldian zein krisi garaietan -1929ko eta 2007ko krisietan enpirikoki ikus daiteke-, euskal ogasunek euren gain hartu dituzte haien erabakien eta arriskuen ondorioak.

2002an, izaera mugagabea aitortu zitzaion. Aro garaikideko aldaketarik garrantzitsuena da?

Munta handiko aldaketa izan zen. Sistemak 1878tik jasaten zuen aldian behingo ziurgabetasun egoera kronikoari amaiera jarri zion, nolabait. Franco hil ondoren sistema berriro ere hiru probintzietara zabaltzea sekulako lorpena izan zen, era berean.

Zerbaiten falta sumatzen duzu gaur egungo erredakzioan?

Testu artikulatua oso testu osoa da. Puntu garrantzitsu gehigarria litzateke euskal erakundeek ahots propioa izatea fiskalitateari buruzko nazioarteko foroetan. Aintzat hartu behar da hein handi batean euskal erakundeek estatuen pare funtzionatzen dutela esparru fiskalean. Itzelezko pausoa litzateke haien presentzia bermatua izatea Europako Batasuneko bileretan eta eztabaidetan.

Kontzertua mugagabea da, baina kupoa bost urtean behin berritu behar da. Hamar urtez blokeatu dira likidazioak. Posible da eragoztea alde batek halako blokeoa ezartzea?

Gaurko sistema egituratuta dagoen eran, ez. Organo teknikoen gainetik, euskal erakundeen eta Espainiako Gobernuaren arteko akordiorik gabe ezin da ez aurrera ez atzera egin. Parte positiboa ere badu: alor politiko-administratiboan ematen diren gorabeherekin alderatuta, sistemak berme handiagoak eskaintzen ditu.

Funtsean eztabaida teknikoa dena azkenean akordio politiko baten bidez desblokeatu ohi da amaieran. Laguntzen dio edo kalte egiten dio kontzertu sistemaren zilegitasunari Espainiako aurrekontuen onarpena bezalako testuinguru batean adostea?

Egia da, estetikoki gutxienez, ez dela oso itxurosoa. Akordioa, irizpide teknikoetan bainoago, unean uneko beharrizan politikoen menpe egoteak ez dio inolako laguntzarik ematen kontzertuari. Zer pentsatu ematen du aldebikotasunaren eraginkortasunari buruz. Bizitzea egokitu zaigun herrialdearen kultura demokratikoaren isla ere bada, era berean.

Krisiaren joanean zorroztu dira egonkortasun neurriak, defizit edo zorpetze muga, esaterako. Euskal erakundeen burujabetza ekonomikoa atzeko atetik mugatu da?

Dudarik gabe. Azken urteotan Europatik eta estatutik eratorritako neurri askok euskal erakundeen autonomia fiskal eta finantzarioa zedarritu dute. Ikusi besterik ez dago Nafarroak 2017ko ekarpenaren akordiotik eratorritako superabita erabiltzeko dituen mugak, gastu araua dela eta.

Zentzua du euskal erakundeei, eta, esaterako, Murtziari betebehar berak jartzea finantzaketa sistema ezberdinak badituzte?

Ez dirudi zentzuduna, ez. Distortsioak sortzen ditu gauza batzuetarako asimetriko eta beste batzuetarako simetriko izateak. Gobernu zentralak bide errazena aukeratu du: lurralde guztiei neurri berdinak ezartzea. Azpimarratu behar da, halaber, erabaki salomoniko hori ez dela soilik euskal erakundeen kalterako izan.

Azkenaldian iritzi kritiko ugari entzun dira, Espainiatik batez ere. Aurkako jarrera hori inoiz baino handiagoa da?

Harrigarria iruditu arren, ez dago ezberdintasun handirik XX. mende hasierako eta gaur egungo kritiken artean. Kontzertuaren pribilegio edo elkartasun faltarekiko erreferentziak non-nahi daude aurreko mende hasierako Espainiako egunkarietan.

Kontzertu Ekonomikoari insolidario edo pribilegiatu deitzen diotenei, zer esango zenieke?

Kontzertua erkidegoen finantzaketa sistema baino onuragarriagoa dela uste badute, deuseztatu beharrean, haien ereduaren oinarri gisa erabil dezatela. Baina ondorio guztiekin, alde bakarreko arriskua euren gain hartuta.

Kanpokoei ezagutza falta leporatzen zaie, baina euskal herritarrek badute ezagutza nahikoa?

Badago zer egin. Jaurlaritzak eta aldundiek zerga heziketa eskoletara eramateko ekimena martxan jarri berri dute. Unibertsitatean ezer gutxi dago eginda. Ez da ulergarria EHUko Ekonomia fakultatean, Irakasle Eskolan, edo Letra zein Gizarte Gaietako graduetan ez egotea zerga sistema propioari buruzko irakasgairik.

BERRIAn argitaratua (2018/02/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA