astekaria 2018/03/02
arrowItzuli

bizigiro

JOSUNE MURGOITIO

«Agintarien erreakzioek asko esaten dute margotutako hormez»

Maialen Unanue Irureta

«Agintarien erreakzioek asko esaten dute margotutako hormez»

Urtebeteko ikerketaren zati bat da Josune Murgoitiok (Arrasate, Gipuzkoa, 1985) Arrasateko Kulturaten jarri duen Margotutako hormak erakusketa; azaldu duenez, margotutako hormak «ulertzeak» eman dio lan gehien. Ikerketan sakontzeko asmoa du, baina, oraingoz, martxoaren 24ra arte egongo da erakusketa, eta liburua kaleratu nahi du Durangoko Azokarako. Bi tailer eskainiko ditu, gainera, «gogoeta kolektiboa» egiteko. Dokumentatu duen pintaketarik zaharrena 1945ekoa da.

Zer diote Euskal Herriko hormek?

Garaiaren arabera aldatzen joan dira. Margotutako hormak bi atal dauzka: muralismo politikoa, handiak direnak, eta pintaketak; niretzat, pintaketak dira Twitterreko mezuen modukoak, baina kalean egiten direnak. Desberdinak dira 1940ko, 1960ko edo 1980ko pintaketak, 2005ekoak edo gaur egungoak: mezuak aldatu egin dira.

Dokumentazio lan pixka bat eskatuko zizun, beraz.

Memoria historikoko elkarteekin aritu naiz: asko lagundu didate; batez ere, Intxorta 1937 elkarteak eta Arrasate Zientzia Elkarteak. Haien bidez lortu ditut argazki asko, eta baita herritarrek egindakoak ere.

Emakumeen parte hartzea landu nahi izan duzula diozu.

Niretzat oso garrantzitsua da: oso gutxitan agertzen da emakumea, eta hori nabaritzen da erakusketan.

Hutsunea ozena delako diozu?

Hori da, bai.

Zergatik margotutako hormak?

Margotutako hormak ezagutu, aztertu eta ulertzea izan da helburua: fenomeno oso normala da guretzat, baina ez da egon azalpenik, inork ez baitu aztertu. Kuriositatea neukan: euskaldun moduan, gura nuen ulertu zer dagoen margotutako hormen atzean; albistegietan ateratzen dira, batzuetan agintariek erantzun egiten diete...

Ikerketaren zati bat da erakusketa: zeintzuk dira beste adarrak?

Proiektuak lau hanka ditu. Argazki erakusketa -beste leku batzuetara ere eraman nahi nuke, Gasteizera, Donostiara, Bilbora, Durangora, baina oraindik ez da segurua-; martxoan egingo ditudan bi tailerrek osatzen dute beste hanka bat, Geuz-en lankidetzarekin antolatuta; liburua izango da hirugarrena, eta dokumental bat laugarrena, baina ez dakit azkenean egingo dudan.

Arrasateko hormetan oinarritu zara edo harago joan zara?

Harago joan naiz, baina Arrasate hartu dut abiapuntu gisa, tokikoa bertakoa izanik, errazagoa zelako herriko hormen eboluzio bat lortzea. Bilbora, Ondarroara, Lekeitiora (Bizkaia) joateko, edo Donostiara edo Gasteiza joateko baliabide gehiago behar dituzu. Arrasatetik abiatuta, ikerketa sakonagoa egitea da asmoa.

Zer aurkitu duzu?

Gasteizen, adibidez, badago beste mugimendu bat, muralismo publikoa: ikerketatik kanpo gelditu da, baina landu nahi dut, oso kuriosoa delako. Euskal Herrian, tradizioz, margotutako hormek aldarrikapen politiko edo sozialak egin dituzte, eta muralismo publikoa berria da.

Bestelako pintaketak egin ez daitezen egiten dutela uste duzu?

Ezin diot horri erantzun ikerketan oinarrituta, baina, nire iritziz, batzuetan hala da, eta, beste batzuetan, ez. Kontuan hartu behar da testuingurua, euskal gizartea moldatzen joan baita gertatzen den horretara, baita euskal gatazkara ere. Normala da muralismo publikoa orain agertzea.

Zein eboluzio nabaritu duzu, garaiak aldatu diren heinean?

Ikusi dut pintaketak ondo hartzen zituztela herritarrek frankismoan; gero, larderia eta mehatxuak izan ziren, eta, gaur egun, kexak ere izaten dira zikinkeria eta higieneagatik. Kontuan hartu behar da bi zentzu dituen fenomeno bat dela: gauza bat da ekoizpena, eta beste bat, harrera. Tailerrek, hain zuzen, harrera lantzeko balioko didate. Niretzat oso garrantzitsua da, margotutako horma batek mezu ez-konformista bat baitu atzean. Hitz egiteko beste modu bat da, baina hormen bidez.

Muralismo politikoa eta pintaketak bereizi dituzu: badute elkartzen dituzten ezaugarririk?

Niretzat, bi fenomeno oso desberdin dira, baina, era berean, harremana dute. Batzuetan, egile berak izan dituzte, garaiaren arabera.

Burlatan, zazpi lagun atxilotu zituzten torturen aurkako mural batengatik, nahiz eta gero aske utzi zituzten; oraintsu, Julen Ibarrola zigortu dute espetxearekin, errotulatzaile batekin pintaketa bat egitea egotzita. Zer irakurketa egiten duzu?

Ikertu dudanetik hitz egiten dut; ez dut nire iritzirik sartu, ikerketa zientifiko bat delako. Aipatzen duzunak harrerarekin du zerikusia, izan duten eraginarekin lotuta baitago: agintarien erreakzioek asko esaten dute margotutako hormez.

BERRIAn argitaratua (2018/02/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA