astekaria 2015/12/11
arrowItzuli

kultura

Durango, 'quattro stagioni'

Iñigo Astiz

Durango, 'quattro stagioni' Iñigo Astiz

Sakelako telefono bat balitz: flight mode. Hartza balitz, hibernazioa. Posta elektronikoa balitz: bidali botoia. Sukaldaria balitz, postre ostetik kontua eskatu arterainoko garbiketa unea. Zzzzzzzz rrrrrlrllllllrrrrrrp. Zineman albokoari amaitu berri zaion coca-cola edalontzia musika instrumentu bilakatzen hasten den une zehatza. 5, 4, 3, 2, 1... Espaziontzia jaurtitzeko atzerako kontaketa eta txaloen ondoren zain egotera pasatzen den ingeniaria. Garondoan hasitako laztan bat balitz, ezkerreko oineko behatz potoloa. Sei balako gaitasuna duen errebolberraz erruleta errusiarrean jokatzen dabilen seigarren jokalariaren txanda heltzen den momentua. Txokolatezko pastak amaitu zaizkion pasta kutxa. Zelula bat lokartzear. Oporretarako alokatutako apartamentuan berogailua off-ean. Futboleko aldageletara itzultzeko pasilloa. Jogurt bat balitz, plastikoa jotzeko baino balio ez duten koilarakada horien hasiera. Kontratua amaitu osteko langabeziako ilararako buelta. Ballet dantzaria dantzako zapatak kentzen. Platereko azken kroketa. Ez, ez, zuretzat. Ez, zuk jan. Ez, ez. Zuk. UPN, UPN, UPN, Podemos, Geroa Bai, EH Bildu... Hauteskunde mahaiko eleduna boto kontaketa amaitu osteko etxerako bueltan autoko irratian emaitzak entzuten. Bertsolariaren azken agurraren osteko eta lehen potearen aurreko errima oihartzunez betetako tarte hori. Edo sinple eta klasiko esan nahi bada: udazkena. Amaiera. Bukaera. Adio. Kitto. Akabo.

Eta azken hori, azken hori bakarrik, baina azken hori, hori ez da metafora. Udazkena da Durangon. Bost eguneko programa amaitzen denean, hori da azokaz geratzen dena. Zortziak jo, Landako guneak ateak itxi, eta azoka jendez erabat husten denean, haizearen edo bisitarien joan-etorrien kausaz orbelez betetzen dira erakusmahaien arteko tarteak. Orri artean orriak. Eta hala dakigu joan dela 50. urteurrena, eta 49 urte eta 11 hilabete geratzen direla 2065eko aldirako. Erronkak hori izan dezake epea. Izan ere, diagnosia badago, ekintzara pasatzea falta da, eta data borobilek balio dute horretarako. Bost hamarkada dauzkagu urtarorik gabeko euskal kultura bat sortzeko. Quattro Stagioni bat, alegia, pizza bat balitz.

BERRIAn argitaratua (2015/12/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA