astekaria 2018/03/02
arrowItzuli

bizigiro

XOSE MANUEL BEIRAS

«Atzerakada faxista bat bizi dugu»

Iker Tubia

«Atzerakada faxista bat bizi dugu»

Politikari eta ekonomialaria da Xoxe Manuel Beiras, Anova-Irmandade Nacionalistako koordinakunde nazionaleko kidea. Santiagon (Galizia) sortu zen, 1936an: «Fronte Popularrarekin sortu nintzen, iraun zuen denbora gutxi horretan». Klandestinitatean, elkarteetan zein politika instituzionalean militatzen eman du bizia. Patxadaz eta aho bilorik gabe mintzo da.

Beste trantsizioa izan duzue hizpide. Zein? Isildutakoa?

Ilargiak aurpegi bat itzalean duen bezala, trantsizioan badago ezkutuko alde bat. Trantsizioari buruzko pentsamendu zuzenaren arabera, eredugarria izan zen, baina, trantsizioa iruzur politiko bat izan zen, eta iruzurrezko ordezte bat. Proiektua haustura demokratikoa zen, erregimen frankistaren eraikuntza osoa bota, eta prozesu konstituziogile baten irekiera, aktore guziek Espainiako herrien autodeterminazio eskubidea onartuta. Prozesu hori goitik lehertu zuten.

Nola lehertu zen?

Espainiako herria, frankismoaren bukaeran, ez zen subiranoa izan; esku hartu zuten. Testuinguru jakin batean gertatu zen: Gerra Hotza. Portugalgo iraultzak AEBetan alarma piztu zuen: Iberiar penintsula gorri bat minbizia litzateke, eta hori ezin zuten onartu. Horrek bide eman zion traizioari. Sevillarren PSOE berria ezinbesteko pieza izan zen horretarako.

Galizian nola bizi izan zenuten frankismoaren bukaera?

Galiziaren trantsiziorik ere ez zen izan. Estaturik gabeko nazioa zen, baina frankismoaren botere sare guziak txaketa aldatu zuen; batzuk APn, besteak UCDn. Horrek ekarri zuen instituzio berrietan bertako indarrak hegemoniko ez izatea.

Nola bizi izan zenituzten 1978ko sanferminak Galizian?

Estatu terrorismoaren azken astindu ikaragarriak bizi izan genituen bezalaxe: Gasteizkoa, 1975ean hil zituztenak... Ezkerrak eta nazionalismoak indar handia zuten maila sindikal eta politikoan, baina indar hori ez zen islatu hauteskundeen emaitzetan, dena trukatu zutelako, eta frankismoaren botere sare sozialak kontrol handia zuelako. Galizian botoa ez zen askea. Nazionalismoaren parte handienak ez zuen trantsizioa onartu, beraz, haustura demokratikoa izan balitz, ezker sozialak hegemonia izanen luke.

Zergatik ez zen librea botoa?

Biztanleriaren %80 nekazaritza eremukoa zen, eta ez zen herrietan bizi, biztanleria entitate txikiagoetan baizik. Frankismoan sustraitutako kontrol sozialeko sare oso bat zegoen. Kazikeak ederki daki zeini ematen dioten botoa herrixka bakoitzean. Mehatxupean bozkatzen da, ondorioak dituelako lanean edo seme-alabengan. Eta, gero, hauteslekuetako tranpak daude.

Trantsizio deitzen den garaiko errepresioaren analogoa litzateke gaur egungoa?

Gertatu dena da behin betiko erregimena deuseztatuko zuen prozesu baten aurrean erregimena berrarmatu egin dela termino faxistetan. Gero, badago brunete mediatiko bat baino okerragoa den hori, hedabide konbentzional guziek monopolio ideologikoa dutelako. Goebbelsek nahiko lukeen bezala ari dira. Atzerakada faxista eta totalitarista bat bizi dugu.

Ezkerraren beste porrot bat da?

Nire belaunaldiarentzat argi dago; bigarren porrot historikoa da.

Piztu zen bezain agudo itzali da iraultzaren garra?

2016ko udazkenean, PSOEren azkenengo traizioarekin, azaleratzen ari zen ezker horren porrota gertatu da maila politiko-instituzionalean. PSOEk alderdi dinastiko izaten jarraitzea erabaki zuen, C's goratzen hasi da, eta mugimendu soziala desmobilizaturik dago. Zer da mantentzen den bakarra? Kataluniako prozesua, herritarra delako.

Behetik gora, hori da gakoa?

Galizian aitzindari gara horretan, Nunca Mais fenomenoa sortu genuelako. Nunca Mais ez da bat-batean sortzen, lehenagotik borrokan ari zen ehundura sozial bat bazegoen —nahiz eta ez ziguten kasurik egiten— eta orduan azalerazi zen.

Baina Katalunian ere ez dute hausterik lortu. Nola ikusten duzu?

Katalunian estatuak denetariko indarkeria erabiltzen du, eta estatuan ez dago hau faxismoa dela salatzen duen indar politikorik. Beraz, prozesua bakandurik dago. Estatuan ez da elkartasunik, eta ezkerra duda-mudan dabil. Baina, oraingoz, kontraesan nazionala da benetan funtzionatzen ari den bakarra.

Zertan geratu da ezkerra?

Geroz eta indar gutxiago gara haustura bidearen alde egiten dugunak. Ahal Dugu-k eta Ezker Batuak hartutako bideak eragina du Galizian, baina, hausturaren aldeko bideak jarraitzen du tokiko udaletan. Gizarte zibilaren borroka berpiztu behar da, ralentian ziren motorrak martxan jarri. Bestalde, estaturik gabeko hiru nazioen arteko ezkerren artean ez dago koordinazio plataforma egokirik, eta hori berreraiki behar da.

BERRIAn argitaratua (2018/02/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA