astekaria 2018/03/02
arrowItzuli

kirola

Itsasoaren ikuskizun kutuna

Aitor Manterola

Itsasoaren ikuskizun kutuna

Bi astetik behin, urritik maiatzera bitarte, joan deneko 74 urtean, itsasoak zeregin berezia dauka Zarautzen. Geratu egiten da malekoiko pareta ukitzera igo gabe, hondartza ikusgarri utziz futbolzaleen gozagarri. Aukera ematen die naturak itsasoaren bitartez hainbeste maite duten hori egiteko: futbolean jokatu. Trukean, Hondartzako Futbol Txapelketaren ikuskizunaz gozatu ahal izaten du itsasoak. Urak behean utzi, eta harmaila modukoa osatzen du, begira egoteko.

Zenbat ume eta heldu ez ote ditu ikusi 1944 hartatik, bakoitza bere ametsekin, bere ilusio eta desirekin, baloiari ostikoka hondar gainean. Horietako hiru dira Joxean Urbieta (Zarautz, Gipuzkoa, 1961), Maite Lizaso (Zarautz, 1983) eta Aitor Arregi (Getaria, Gipuzkoa, 1971). Hiru adibide baino ez askoren artean, baina hiru pertsona esanguratsu Zarauzko herriaren ikur hori zer den azaltzeko.

Urbieta antolakuntzan dabil orain, jokalari izan zen lehen, eta epaile ere bada. Lizaso jokatzen hasi da berriro denboraldi honetan, bere ibilbideari hasiera eman zion hondartzan, Lehen Mailan jokatu eta gero. Azkenik, Arregik ere dastatu zuen elitea, hondartzan aurreneko gozatuak hartu ondoren. Hirurek hitz bera erabili dute umetan hondartzako txapelketa jokatzea zer zen definitzean: «Amets bat zen».

Urbietak aitaren bidetik ezagutu zuen txapelketa, Imanol Urbieta zenaren eskutik: «7-8 urterekin hasiko ginen jokatzen, larunbat arratsaldetan, orduan goizetan eskola izaten genuelako. Gero, igandeetan, aita jokatzen ikustera joaten nintzen». Lizasok ere umea zela ekin zion, eta, orain berriz hasi denean hondartzan jokatzen, gogora zer etortzen zaion kontatu du: «Ikastolako lagunekin oroitzen naiz, haiekin hasi nintzelako». Arregik ere umea zela jokatu zuen Zarauzko hondartzan: «Ilusioz beteriko ume garaiak ziren», hasi da kontatzen: «Ba al dakizue zer zen Getariako kamiseta marroiarekin edo txuri-urdinarekin jokatzea? Amonak josten zidan Realeko armarri txuri-urdinean».

Hondartzan futbolak ez du agintzen, naturaren mende baitago kirola. Hura agintari, eta haren arabera osatu eta antolatu behar dena. «Zain egoten ginen noiz tokatuko hondartzan jokatzea, mareari begira», oroitu du Arregik. Ura gora zetorrenerako zer egiten zuten ere kontatu du: «Hondar tontortxoak egiten genituen, urak gora egin ez zezan eta zelaia ez estaltzeko». Urbietak ere kamisetaren gaia ekarri du solasaldira: «Talde osoak kamiseta berdinarekin jokatzea sekulakoa zen guretzat». Zenbakiekin oroitu da, berriz, Lizaso: «Finaletan, ikastolako kamisetei zenbakiak jartzen zizkieten, eta hori gauza handia zen guretzat». Arregik iraganeko kontakizunari beste egoera bat gehitu dio segituan: «Porteriak eraman egin behar izaten genituen hondartzara, eta nola txikiak ginen, zuloan sartzeko langatik zintzilik jartzen ginen». Ateak aipatu orduko, sareena atera da: «Finaletan bakarrik jartzen zituzten, eta zer-nolako ilusioa sareekin jokatzea. Baloia sarean geratzen zen, urrutira joan gabe», oroitu du, oraindik ere orduko ilusioa begietan duela.

Jokatu aurretik, baina, zelaiak egin behar izaten ziren, eta hori da hondartzako futbolaren beste bereizgarrietako bat. Urbieta, antolakuntzan dabilen aldetik, oraindik ere hor ibiltzen da bi astetik behin hondarraren gainean zelaia marrazten: «Soka hartu, eta zehatz egin behar lanak. Udaberri aldera, urtero-urtero, kanpotarrak harritu egiten dira, zertan ari garen galdezka. Futbolerako dela esan, eta oraindik gehiago harritzen zaizkigu».

Zenbat eta talde gehiago izan, orduan eta zelai kopuru handiagoa egin behar, jakina: «Bere garaian, hogei zelai ere izaten ziren», eta Arregi zirikatu nahian, hau esan dio: «Getariarrek nahiago izaten zuten aurrenekoa, Getaria aldera dagoena». Arregik azkar erantzun dio: «Alde ederrekoa izaten zen aurreneko hori hogeigarrenaren aldean, golf zelaiaren inguruko hura».

Zelaiak marraztuta, eta taldeak prest, epaileak falta, eta horretan ere badabilenez Urbieta, bere esperientzia azaldu du: «Betiko kexak izaten dira, denok dakigulako dena futbolean [barrezka]. Baina partida bukatu eta gero, dena ahaztu egiten dugu». Ez du egia osoa esan, baina. Behin edo behin, iskanbila handiren bat ere gertatua baita Zarauzko hondartzan: «Borrokaren bat edo beste, bai, baina gauza handirik ez», kontatu du, gaiari garrantzia kendu nahian bezala. Arregi sartu da tartean: «Getariarren eta oriotarren artean beti egon da lehia berezia, eta ez bakarrik futbolean». Hor utzi du kontakizuna.

Helduen aurtengo txapelketa Getariak irabazten badu, baliteke lehia horren berri kontatzea egunen batean, zehaztasun gehiagoz. Izan ere, liga erregularra bukatuta, Getariako taldea izan da lehen sailkatua. «Orain, final-laurdenak, finalerdiak eta finala etorriko dira», esan du Urbietak. «Badira urte batzuk getariarrok ez dugula txapelketa irabazi», aipatu du Arregik: «Uste dut orduko argazkia zuri-beltzekoa dela», esan du, erdi txantxetan.

Bertan azalduko dira getariarrak txapeldun, kopa eta guzti, sari banaketan gozatu ederra hartu ondoren, hori baitu berezitasunetako bat Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketak. Futbol munduko jende ezaguna joaten da sariak banatzera, umeen gozagarri gehienbat. Lizaso ere izana da sariak banatzen: «Polita izaten da umeei ilusio hori eragitea», kontatu du Realeko eta Athleticeko jokalari ohiak. Urbietak bitxikeria bat kontatu du: «Jose Angel Iribar beti etortzen da, eta umeek ez dute ezagutzen, baina umeen gurasoek bai, eta horiei umeei baino ilusio handiagoa egiten die Iribarrekin argazkia ateratzeak».

Helduena, kolokan

Hirurak dira saria jasotakoak txapelketan, eta ez edozein sari, gainera: jokalari onenak izendatuak izan ziren. Urbieta hirutan, Lizaso eta Arregi behin, oso une berezia dela kontatu dute.

Beste horrenbestekoa izango zen duela 24 urteko egun bat ere, txapelketaren 50. urteurrena ospatu zutenekoa, hain zuzen. «Guinness errekor eta guzti ospatu genuen», esan du Urbietak: «50 zelai egin, eta 100 talde batera jarri genituen jokatzen, ume eta heldu». Datorren urterako ere ari dira zerbait prestatzen, eta lantalde bat dabil horretan: «Errekor berria ezarri nahi da», aurreratu du.

Ekarriko dituzte orduan ere txapelketan jokatu duten jokalari ezagunenak, luzea baita zerrenda Zarautzen aritu eta gero elitean ibili zirenena, Lehen edo Bigarren Mailan. Arregik aitortza berezia egin du, Eibarren, Alavesen, Vila-realen eta Elxen jokatu arren: «Gehiago gozatu nuen hondartzan hor zeharreko zelaietan baino». Izan ziren jokalari on askoak hondartzan hasitakoak, eta izango ote dira berriak? Urbietak hartu du hitza: «Umeen txapelketan badu etorkizuna, eskolatik etortzen direlako. Helduena dago zalantzan, aurten hamaika talde bakarrik ari direlako. Izan ditugu askoz gehiago. Orain, 18 urtetik gorako gazteak ez du nahi hondartzan jokatu». Lizasok umeengan jarri du arreta, etxeko esperientzian oinarrituz: «Lau iloba dauzkat jokatzen, eta nire ilusio berarekin ikusten ditut».

BERRIAn argitaratua (2018/02/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA