astekaria 2018/03/02
arrowItzuli

gizartea

KEPA SARASOLA

«'On line' unibertsitatea egin ezean, kanpokoek beteko dute espazioa»

Garikoitz Goikoetxea

«'On line' unibertsitatea egin ezean, kanpokoek beteko dute espazioa»

Larunbatean egin zuen bilkura UEU Udako Euskal Unibertsitateak. Iñaki Alegria izan da zuzendari azken urteetan, eta lekukoa Kepa Sarasolak hartu du (Bilbo, 1958). EHUko Informatika Fakultateko irakaslea da, Alegriaren gisan; elkarren alboan dute bulegoa, izatez. Sarasola urteetan egon da UEUn: Informatika Saileko kide da 1980tik, eta hainbat taldetan aritu da. Datozen hiru urteetan izango da zuzendari.

Beste informatikari bat UEUko zuzendari. On line unibertsitatearen lehentasuna erakusten du?

On line unibertsitatea gai inportantea da, baina ez da horregatik izan. Agian hobe zen gazte batek hartzea kargua, baina ez da aukerarik izan. Galdetu zidaten tarte batean aritzeko animatuko ote nintzen, eta bai. Asko jaso dut UEUtik; asko sinesten dut UEUn.

Epea jarrita hartu duzu kargua?

Bai. Erretiroa daukat aurki. Zuzendari izan ostean talde eragilean egon behar da, lekukoa ondo pasatzeko; beraz, lau urte eta lau urte. Gehiegi. Hiru urte izango dira zuzendari, eta hiru talde eragilean. Atzetik badator jendea; orain guztiz animatu ez direnak animatuko dira hiru urte barru.

Gazteak ari dira sartzen UEUn? Unibertsitatean badago kezka gazteen egoera dela eta...

Unibertsitateko ibilbide akademikoa lotuta dago puntako argitalpenekin; UEUn egiten dena ez da gehien saritzen dena. Baina UEUk komunitatea eskaintzen du, kezka lokalak tratatzea, eta unibertsitateko jakintza gertukoan aplikatzea. Ez da curriculuma, baina interesgarria da UEUn egiten dena. Oso inportantea da komunitatea: bakarrik ez egotea. Indarrean dagoen eredu akademikoan, gazteak bere taldea egin behar du; pertsona gutxi batzuk ditu inguruan. UEUk komunitate zabalagoa eskaintzen du, eta lokalizatuagoa. Gazteak sartzen ari dira; Ikergazte da UEUk azken urteetan egindako gauzarik politenetakoa. Inoiz baino prestatuago daude gazteak, baina, askotan, hemen ez dute norekin komentatu. Kanal horizontal bat jarri da.

Ikergazterekin jarraitzeko asmo betea duzue, beraz.

Bai. 2019an Baionan egin nahi dugu. Txiotesia egingo dugu aurten: ikerketan ari diren gazteak zertan ari diren ezagutarazteko proiektua da. Aurten, gainera, asko landuko dira sailetako topaketak: informatikarienak, natur zientzietakoak, psikologiakoak...

UEUk ahalegin handia egin du On line unibertsitatea bultzatzen, baina ez doa nahi bezala. Berriro saiatzeko asmoa duzue?

Bai. Badira erreparo batzuk, eta ez da ulertzen. Beste unibertsitateek ikusten dute konpetentzia izan daitekeela, eta ez: orain lantzen ez dugun esparru bat landu nahi da. 25 urtetik gorako ikasleak, lanean ari direnak, heziketa osatu nahi dutenak, euskaraz. Gaur zer eskaintza dago? Batere ez. Horiek ez dira 18 urteko ikasle prototipikoak; ez die ikaslerik kentzen ohiko unibertsitateei. Hutsune bat dago: guk ez badugu sortzen orain, nazioartetik etorriko da. Guk sortzen ez badugu, litekeena da euskarak tren hori galtzea. Gainera, gero eta formazio gehiago ematen da horrela: bideo tutoretza bidez, Skype bidezko harremanak... Hori aldatzen ari da, eta euskaraz ez dago; egin dezagun. Bestela, kanpoko unibertsitateek beteko dute espazio hori. Estrategikoa da.

Beraz, beste unibertsitateek lehia gisa ikusten dute?

Bai. Lehen, ikasle gehiago zegoen demografikoki; jaitsi egin dira. On line unibertsitatea ikus dezakete ikasleak banatzeko beste elementu bat balitz bezala. Eta ez: bestelako ikasleak dira, helduagoak.

Zer asmo duzue? Harremanetan hasiko zarete unibertsitateekin?

Bai. Hori planteatzen dugu aurtengo. Batetik, formakuntza: UEUk urteak daramatza on line ikastaroak ematen, graduondoak. Ikasleak hartzeko zailtasunak izaten ditugu; gizartean landu behar da hori, zabaltzeko euskaraz ere egin daitezkeela halako ikasketak. Bestetik, foro bat antolatu nahi dugu, gaia planteatzeko. On line unibertsitatea ez da konpetentzia, aukera da: egin dezakegu, estrategikoki oso interesgarria da euskararentzat eta Euskal Herriarentzat, eta ez da oso garestia.

Foroa, noren artean?

Unibertsitate guztien artean. Eta badira beste eragile batzuk ere: administrazioa, Kontseilua...

UEU bera nola dago osasunez? Diru kontuekin kezka izan da...

Jaurlaritzak ematen zuen laguntza izenduna orain dela zazpi-zortzi urte galdu zen. Zerbait ematen du orain, baina ez lehengoa. Diru sail horrekin aitortzen zen UEU inportantea dela, ekarpen inportantea egiten duela, eta gutxieneko bat ematen zuen. Oso finantzaketa dibertsifikatua lortzen ari gara proiektuen eskutik. Uste dugu UEUk beste aitorpen bat eduki beharko lukeela. Finantzaketa egokiagoa edukita, komunikazioan inbertitu ahal izango genuke, eta azpiegituretan.

Bestalde, oso momentu onean gaude indarrez, UEUren lau zutabe indartsuetan. Lehenik, talde eragilea: oso ondo hornitua. Bigarrenik, sailak, eta hor indartsu gaude. Hirugarrenik, lantaldea, eta oso ondo ari da. Eta, laugarrenik, bazkideak: 1.200 bazkide. Datu bat: udako ikastaroetarako ideiak emateko deialdia egin da, eta 97 proposamen aurkeztu dira. UEU hori da: bizitasuna, gerria mugitu ahal izatea, ekarpena non egin daitekeen ikustea.

Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian pausoak ematen ari zarete.

Ikergazte Nafarroan egin zen 2017an, eta instituzioek Ezpeleta jauregia utzi ziguten udan. Azpiegitura badaukagu Nafarroan. Komunitatea aktibatzea da inportantea. Ipar Euskal Herrian oso mugimendu interesgarriak gertatzen ari dira, eta uste dugu garaia izan daitekeela hor aritzeko. Ez daukagu egoitza sozialik, ez horretara jarritako pertsonarik. Hori lantzeko modua izan daiteke 2019ko Ikergazte bertan egitea. Oso ekitaldi interesgarria da Ikergazte; Baionara eramanda, modua izan daiteke inguru horretakoak gurera ekartzeko.

Iñaki Alegriak erakutsi zuen kezka, sektore batzuetan UEU «pribatu» modura ikusten ote duten. Zuk ere kezka hori duzu?

UEUk oso garbi dauka irabazi asmorik gabeko erakundea dela. Ez ditugu titulu ofizialak ematen, horretarako ahalmenik ez daukagulako, baina EHUrekin eta beste unibertsitate batzuekin batera ematen ditugu tituluak. Bai, batzuek agian ikusi dute UEUk osagai ez-ofizial bat daukala. Baina UEU bide berriak urratzeko elementu inportantea da, irabazi asmorik gabea. Jendea da gure materialik onena: gauza berriak egiteko ilusioa daukan jendea.

BERRIAn argitaratua (2018/02/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA