astekaria 2018/03/02
arrowItzuli

kultura

MARIA REIMONDEZ

«Idazketa patriarkala desikasi egin behar izan genuen»

Amagoia Gurrutxaga Uranga

«Idazketa patriarkala desikasi egin behar izan genuen»

Lugo, atzo. Rosalia de Castroren (Santiago, 1837-Padron, 1885) jaiotza urteurreneko ekitaldian, Maria Reimondezek (Lugo, Galizia, 1975) ezinbestekotzat daukan idazle horren aldeko manifestua irakurri zuen, AELG Idazle Galegoen Elkartearen izenean.

Santiago, joan den hileko 27an. O Diario Galego egunkariaren aurkezpen ekitaldian, proiektuaren talde bultzatzaileko kideen izenean, Reimondezek auto-errepresentazioaren garrantzia nabarmendu zuen. «Beste batzuei gu errepresentatzeko eskumena ematen diegunean, munstro, biktima zein ekimenik gabeko pertsona gisa azaltzen gaituzte. Horregatik da ezinbestekoa geuk geure burua azaltzea». Galegoz. Esaldiak ematen ditu Reimondezen sortzaile, itzultzaile, ikerlari lanaren ardatzen zantzu zenbait.

Hamar bat urte joan dira Ciclo dos elementos (Elementuen zikloa) abiarazi zenuela. En vías de extinción nobela (Galbidean) izan zen lehen fruitua, 2012an. Duela hiru hilabete eman zenuen bigarrena: As cousas que non queremos oír (Entzun nahi ez ditugunak). Zein da lanon leitmotiva?

Ez da berariaz bilatutako zerbait, baina konturatu naiz zikloko gai nagusienetako bat dela norbere identitatearen —erro nolabait gatazkatsuak dituen identitatearen— kudeaketa. Lehen nobelan, bazterrekotasunaren alde positiboa ageri da, sustrai ezohikoak izateak hegemoniaren aurka borrokatzeko sormena eta indarra ematen duelako.

Bigarren nobela honetako protagonistak, berriz, bere burua gorrotatzen du. Ez da batere sinpatikoa; ezta neuretzat ere. Baina iruditzen zitzaidan interesgarria zela halako pertsonaia bat agertzea, nork bere identitatea kudeatzeko esperientzia batzuk ez direlako baikorrak, auto-gorrotoaren espazioan kokatzen baitira, jatorri, joera sexual, larru kolore edo dena delako jakin bat izateagatik.

Nola eusten zaio idazketaren tentsioari ito gabe, hain arnasa luzeko proiektu batean?

Argitaratzen hasi nintzenerako, istorioa osorik garatua behar nuen, pertsonaia guztiek beren tokia hartzeko. Hamar urte urte asko dira pertsonaia batzuei bizirik eusteko. Ez da prozesu erraza, baina oso dibertigarria bai, arrastoak uzten baititut liburuetan. Irakurlearekin eraikitako joko moduko bat da. Liburu bakoitza autonomoa da, baina ziklo osoaren irakurleak bakarrik aurkituko ditu ziklo osoko denbora ardatza, pertsonaien bilakaera eta batean eta bestean utzitako arrastoak.

Gainera, joko horretan pertsonaiak harrotu omen zaizkizu.

Bai. Berez, hiru pertsonaiarekin hasi zen proiektua. Hurrengo nobela hirugarren pertsonaiari buruzkoa izango da, baina, aurreko biak idaztean, pertsonaia batzuk hazi egin zaizkit, eta, azkenean, zazpi liburu izango dira.

Bazterrekotasuna, identitate gatazkatsuak ardatz hartuta. Bazterrekotzat jotako hizkuntza batean, galizieraz.

Gure hizkuntza bezalakoetan, irakurketa eta idazketa komunitateak sortzeko modu gisa ere ulertzen ditut, eta zikloaren proiektua ildo horretan sartzen da erabat; neure bizipenekin uztartzen da, gainera. Galegoz irakurtzen duten pertsona gehienak konprometituak dira beste arlo askotan ere, ikuspegi ez hegemonikoak dituzte bizitzako eremu askotan. Irakurketa eta idazketa, ondorioz, eraldaketarako espazio kolektibo bat dira. Horrek ez du esan nahi idazten den guztia ildo horretatik doanik, ezta gutxiago ere; baina sare oso trinkoa daukagu. Nik balio handia ematen diot horri; eta, zikloa, nolabait, nire bulkada hori literatur forma batera eramatea da.

Eraldaketa hitza aipatu duzu. Baita konprometitu ere. Zuri titulu hori ezarria dizute.

Nik ez daukat idazketarako dekalogorik. Ziklo hau bera ere, pertsonaia batzuk eta istorio bat azaldu nahi izatetik jaio zen. Istorio hori nire baitatik sortua da, jakina, eta nire kezkak eta ezaugarriak ditut. Ondoren, kritikoek tituluak ematen dizkizute, eta txarrerako, gainera. Feminista titulua, esaterako, txarra balitz bezala ezartzen dizute. Hala ere, nire lanik nabarmen feministenak, O club da calceta-k, 10.000 aletik gora saldu ditu 2007tik. Lan hori antzerkira eta zinemara eraman da, gainera. Dibortzio moduko bat dago, beraz: alde batetik, kritikak gutxiespenetik errepresentatzen zaitu, eta, bestetik, jendeak irakurri egiten zaitu. Azken batean, testuinguru patriarkal batean ikasi dugu idazten. Testuinguru horretan, eredu eta kritikari guztiak gizonezkoak dira, eta horren kontra ari gara. Eta O club da calceta-k erakusten du ikuspegi feminista batetik idazteak kalterik ez duela egiten. Mezu hori idazten hasi berri direnenganaino heltzea garrantzitsua da. Guk idazketa patriarkala desikasi egin behar izan genuen; ez dezatela berriek ere prozesu bera egin beharrik izan.

Sistema literario patriarkal horren itzalak Rosalia de Castro bera ere ilundu duela salatu duzu. Zein da ezkutatu diguten Rosalia de Castro?

Rosalia emakume erabat transgresorea zen, oso kultua; haren biografia hil-jantzitik atera duten feministei esker dakigu hori. Genero guztiak landu zituen, eta irakurketa anitzeko egilea da, oso konplexua. XXI. mendean hizpide ditugun gai guztiei buruz idatzi zigun XIX. mendetik: kolonialitatea, genero auziak, kritika antiklerikala, landa eta hiri eremuen arteko talka... Bere liburu guztiak emakume idazleei eskaini zizkien; bazekien zein testuingurutan eta norentzat idazten zuen, eta diskurtso feminista esplizitua eraiki zuen. Azken horri buruz ez dago zalantzarako tarterik. Hala eta guztiz ere, justu kontrako irudia helarazi digute. Zer ikasi ugari dugu desitxuratze prozesu horretatik.

Abertzaletasun patriarkalari egotzi izan diozu Castroren ekarpena desitxuratzea.

Bai. Abertzaletasun patriarkalak —zeina Galizian, definizioz, ezkerrekoa den—, biren arteko aukeraketa gisa planteatzen digu: «Abertzale edo feminista». Eta, nire ustez, batak ez du zentzurik bestea gabe. Horregatik interesatzen zait hainbeste Rosalia de Castroren figura, oso kritika globala egin baitzuen, eta neuk globaltasun hori baitut abiapuntu.

Galizian, hala ere, diskurtso feministak indartsu jo du sarrera, bai politikan, bai kultur plazan. Esaterako: 50 urtean, Galiziako Letren Egunak hiru emakume bakarrik goratu ditu, eta aurten Maria Victoria Moreno izango da protagonista.

Idazle horixe saritu zuen 2015ean kide zaren A Sega kolektiboak.

Bai, bada! Kolektiboa duela lau urte hasi zen Emakume Galegoen Letren Eguna antolatzen, sistema literarioa astintze aldera, eta Morenori ere egin genion gorazarre. Galegoa ez zuen ama hizkuntza, baina alfabetatu eta galegoz idaztea erabaki zuen, eta haur eta gazte literatura landu zituen. Portugesezko edo gaztelaniazko literatur sistemen tamainakoetan, sinestezina izan daiteke A Sega bezalako ekimen anarkiko batek halako eragina lortzea, baina gurean gerta daiteke. Txikitasunak halako abantailak ditu.

Egurra ere jasotzen du A Segak. Ez gutxi, gainera.

Bai, baina geu ere ematen ari garelako jasotzen dugu; espazio bat hartzen ari garelako.

Nola daude letra galegoak?

Ondo, baina desoreka latza daukagu letren sasoiaren eta egoera soziolinguistikoaren artean. Idazleok ezin dugu egin egitura politikoetan eta gizarteko beste eremu batzuetan egiten ez dena. Esate baterako, Ledicia Costas masa fenomeno literarioa daukagu oraintxe bertan, eta, aldi berean, hizkuntzarenganako giro erabat jazartzailea. Atzerakada izugarria ari da gertatzen, batez ere diskurtsoan. Galegoa berriro ere ezertarako balio ez duen hizkuntza bihurtu dute, ezjakinen kontua.

BERRIAn argitaratua (2018/02/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA