astekaria 2018/03/02
arrowItzuli

kultura

OLATUA HARTU DU KOMIKIGINTZAK

Miren Garate

OLATUA HARTU DU KOMIKIGINTZAK

Izaten du normalean ezaugarri bat komikizaleak: oso zalea izaten dela, leiala. Edo, Dani Fano komikigile eta Xabiroi aldizkariko zuzendariak dioen bezala, aktiboa, komiki azoketara joaten dena, gustuko komikilariaren sinadura lortu ahal izateko ilaran zain egoten dena. «Hori beti izan du komikiak; behin pozoi hori barneratuta, hor geratzen da». Fetitxe puntu bat baduela esateak ere ez du astakeria ematen. Beste arlo batzuetan hain purian dagoen paperaren krisiak ere, akaso, horregatik ez du hainbesteko kezkarik sortzen komikigintzan. Inprimatutako bertsiora jotzen du oraindik nabarmen komiki irakurleak. Eta, itxura batera behintzat, urte ederrak datoz haientzat nahiz zale berrientzat, ematen baitu hurrengo urteetan ere euskarazko argitalpen kopuru polit bat aterako dela urtero, bermatu samar dagoela hori.

Komikeri blogak egindako kontaketaren arabera, iaz, 30 argitaratu ziren. Orain urte batzuk sortu zuen plataforma hori Mikel Begoña komikilariak, komikiaren bueltako egitasmoen berri emateko. Kontuan hartuta aurreko urteetan dozenaren bueltan ibiltzen zirela argitalpenak, dezentekoa da gorakada. «Hemen ez daukagu komiki industriarik, Frantzian-eta bezala; baina, adibidez, Harriet argitaletxea hasi da urtero-urtero zenbaki batzuk argitaratzen, kalitatezkoak; Xabiroi aldizkaria ere hor dago; Astiberrik ere argitaratzen ditu euskaraz; eta, gero, beti daude zenbaki solteak ere», azaldu du Begoñak berak.

Fanok ere ez du uste iazko kopurua «gertaera puntual» bat denik. Orain urte batzuk ere izan zen halako koska bat gorantz. «Baina orduan ez nuen esaten loraldi bat zegoenik euskarazko komikigintzan». Lehen ikusten ez zituen «zantzu» batzuk ikusten ditu orain. Hauek aipatu ditu: argitaletxeak sortu direla; komikirik argitaratzen ez duen argitaletxeren bat ere hasi dela argitaratzeko asmo irmoa erakusten; Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak sortu dituela komikien sorkuntzarako; eta abar.

1975etik 1990era artekoa izan zen euskarazko komikigintzaren urrezko aroa; hurrengo hamarkadan, berriz, ia basamortu bihurtu zen egoera. Oraingo susperraldia zerk eragindakoa den azaltzeko, alde batetik, zerbait orokorra dela uste du Fanok: «Ez bakarrik Euskal Herrian, leku askotan lehen ez zeukan prestigio intelektual edo kulturala ari da izaten komikia». Kopuruak gora egiteak ez dakar ezinbestean kalitateari lotutako sendotasunik, baina uste du euskarazkoetan, azken urteotan, hala ari dela izaten: «Oso proposamen artistiko ezberdinak egiten dira, bai marrazkien bai tratatutako gaien aldetik, eta jende gehiagorengana iristen ari da».

30 argitalpen horien artean denetik zegoen. Adibidez, Ameriketako euskal artzainen ingurukoa da Begoñak eta Adur Larreak egindako Arditutakoak; euskaldunen egunerokoa «kronika satiriko» bihurtzen du Asisko Urmenetak Eusklabo Alaiak-en; Jaizkibel konpainiako gizon-emakumeen borrokaren historia irudien bidez kontatzen du Iñigo Goikoetxeak Jaizkibel konpainia. 20 urte komikian; familia baten gorabeherak ditu ardatz Xabiroik argitaratutako Santa Familia-k. Umeentzat da, berriz, Waluk. «Hor bazegoen mito bat: komikia umeentzako gauza bat zela, baina gainditu zen hori, eta orain umeentzat baino komiki gehiago ateratzen dira helduentzat», zehaztu du Begoñak. Era berean, azaldu du gerra aurretik Jon Zabalo Txiki-k eratu zuela euskal estilo bat, baina, gaur-gaurkoz behintzat, ez zaio iruditzen halakorik badagoenik: «Ezaugarri batzuk antzekoak izango dituzte, baina nik autoreen estiloa ikusten dut gehiago». «Zorionez», erantsi du Fanok. «Ze niri beldur pixka bat emango lidake horrek. Izango dugu gure kontatzeko modua, baina nik ez dakit hori nola definitzen edo identifikatzen den».

Behin kopurutan gora eginda eta dibertsitate horretara iritsita, gaur egun, merkatua sortzeak du lehentasuna Begoñarentzat, eta nabarmendu du hori ez dela argitaletxeen lana bakarrik. «Ulertu behar da komikigintza, liburugintza bezala, lehen mailako kultura mota bat dela, bederatzigarren artea. Bere ezaugarri propioak ditu: literaturatik gertu dago, baina ez da literatura; zinemarekin ere badu zerikusia, baina ez da zinema». Fanok bezala, Begoñak ere uste du azken urteetan prestigio aldetik aurrerapausoak eman direla, baina oraindik falta direla urrats batzuk. «Adibidez, BERRIA bekarekin sortzaileen gida atera zen, eta komikigileak ez ziren ageri. Komikia lehen mailako kultura izanda, halako kontraesanek hor jarraitzen dute. Produktua badago jada, eta orain merkatua da funtzionatu behar duena; sortu egin behar da merkatu hori, lagundu».

Jaurlaritzaren laguntzak

Nola lortu komikizale gehiago, lehen erantzuna argi du Fanok: «Komiki oso onak eginda». Sortzaileen lan baldintzek, ordea, ez dute askorik laguntzen. Lan handia eskatzen du komiki bat egiteak, denbora asko. Eta hori da gehiago ez argitaratzearen arrazoietako bat. «Ezin da edozein sartu horretan. Edo baduzu beste nonbait beste zutabe ekonomiko bat bermatzen dizuna asteburuetan edo ordu libreetan komikiak egitea, edo bestela oso zaila da halako proiektu bat martxan jartzea».

Eusko Jaurlaritzak iaz atera zituen aurreneko aldiz komikiak eta eleberri grafikoak sortzeko diru laguntzak. Erabaki zuen 15.000na eurorekin laguntzea lau proiektu. Aurrerantzean, deialdia urtero egitea aurreikusten da. Lehiaketan parte hartu ahal izateko baldintzak ez ziren denen gustukoak izan, baina. Oinarrien berri izandakoan, esaterako, EHUko Arte Ederretako komikigintza eta ilustrazioko irakasle batzuek gutuna bidali zioten Jaurlaritzako Kultura Sailari. Jon Mantzisidor irakasle eta komikilaria zen sinatzaileetako bat. «Gutuna igorri ostean bilera bat ere egin genuen, baina guk behintzat ez dakigu aurtengo deialdiko oinarrietan zerbait aldatuko den edo aurreko baldintzei eutsiko zaien».

Irakasle taldeak egindako kritiketako bat zen komikigintzara bideratutako laguntzak izan arren eleberri grafikoetara bakarrik mugatu zela laguntza jasotzeko aukera, hau da, bineta bakarrekoak, komiki zintak, orrialde gutxiko bildumak eta halakoak kanpoan utzi zirela. Deialdian gidoia eginda egotea eskatzen zenez gidoilarien lana ez zela kontuan hartzen ere azaldu zuten.

Aurkeztu ahal izateko beste baldintzetako bat zen argitaletxe baten babesa izatea lanak, hark argitaratzeko konpromisoa adieraztea kontratu edo eskutitz baten bidez. «Horrek komikigilea argitaletxeen eskuetan uzten du. Gure ustez, diru laguntza publikoak ezin dira enpresa pribatuen erabaki eta interesen esku utzi», jartzen zuen gutunean. Esaten zuten komikigintzaren historian garrantzi handia izan duten beste eredu batzuk baztertzea zekarrela horrek, esaterako, fanzineak, autoekoizpenak eta sarean argitaratutako komikiak. Era berean, irakasleen iritziz, baldintza horrek aukera gutxiagorekin uzten zituen gazteak, oinarrietan laguntzetako bat 30 urtez azpikoentzat izango zela jarri arren. «Puntu guztiak kontuan hartuta, oso zaila da egile gazteek aukeraren bat izatea; gehienbat argitaletxeekin harremanetan dauden egile profesionalei bideratuta dago deialdia», zioten, eta gaineratu zuten aztertu beharrekoa zela ea zer zen egokiagoa: 15.000 euroko laguntza jasotzea lau lagunek edo dirutan txikiagoak izatea laguntzak eta onuradun gehiagorengana iristea, arte plastikoetarako beste laguntza batzuetan bezala.

Jaurlaritzak erabaki zuen gidoi originala euskaraz aurkezten zuten obrei hamar puntu gehiago ematea. Euskarazko komikigintzaren egoera ona zela iritzita, ez zuen beharrezko ikusi aparteko deialdi bat egitea. Eskultura edo pintura proiektuei lotutako laguntzetan ere neurri berean hartzen da kontuan euskara. «Komikian hizkuntza ezinbesteko elementua da komiki mutuak ez diren beste kasu guztietan». Euskaraz sorturiko literaturak gaztelerazkoak baino zailtasun handiagoak dituela aipatu zuten gutunean.

Hain zuzen, iaz euskaraz 30 argitaratu arren, ez dira guztiak euskaraz sortuak: atzerriko hizkuntza batetik itzulitakoak dira horietako batzuk. Kontrako urratsa egitea, ordea, nekeza da oraindik. Ekonomian hain modan dagoen nazioartekotzean herren komikilariak ere. «Nik uste dut sekulako kalitatea dagoela hemen, bai marrazkien aldetik bai gidoien aldetik, edozein herrialdetan sal daitezkeela hemen egindako lanak, baina...». Baina «defizit» bat badagoela aitortu du Fanok. «Kamuts gabiltza, ez dugu behar beste ahalegin egiten gure sorkuntza nazioartera eramateko». Zaila dela aitortu du, «agente lana» delako, sortzaileek askorik ezagutzen ez duten jarduera. «Baina badugu eredu bat oso gertu: Astiberri. Orain hasi dira tantaka euskaraz sortzen edo behintzat lehen argitalpena gaztelaniaz eta euskaraz batera ateratzen. Baina sekulako eskarmentua dute beraiek sortutako katalogoa nazioartean saltzen; hizkuntza askotara itzuli dira haien lanak».

Itzul zitezkeen gehiago ere euskarara, baina Begoñarentzat orain artean bazegoen errezelo bat argitaletxeen artean: euskarazko komikia ez zela errentagarria. «Liburu arrunt bat argitaratzeak baino kostu handiagoa du komiki bat argitaratzeak, baina salmentak nahiko onak ari dira izaten, liburu batzuetan behintzat, eta uste dut badagoela modua euskarazko ekoizpena errentagarri izateko». Behetik hasteak ere abantailak badituela kontatu du. Merkatu frankofonoan beti izan du estimu handia komikiak, eta orain bestelako arazo bat dute han: gutxi dagoela konkistatzeko. Asko ekoizten da, eta hori gauza ederra da irakurleentzat, baina argitaraldiak errentagarri egitea asko kostatzen zaie argitaletxeei. «Ez dakit zenbat irakurle potentzial egongo diren Euskal Herrian, baina sabai horretara heltzeko oraindik badago bidea egiteko».

Hedabideei kritika

Komiki oso onak egitea da lehen baldintza. Ezinbestekoena. Baina behar-beharrezkoak dira beste faktore batzuk ere. Komunikabideekiko kritiko da Fano. «Komikigintzari buruzko erreportaje orokorrak egitea ondo dago, baina, horrez gain, zerbait berria ateratzen denean horri behar duen erantzuna ematea nahiko genuke». Hedabideak irakurleen atzetik doazela uste du. «Gu oso kontentu gaude salmentekin: ikusten dugu agortu egiten direla lehen eta bigarren argitalpenak, eta hirugarrenak ere ateratzen direla. Aldiz, komunikabideetan oraindik mantentzen dira azpikulturaren edo arte txikiaren sinergiak».

Begoñaren esanetan ere behar da giro bat, «komikiren bat argitaratzen denean, kritikak-eta egotea beharrezkoa da». Azaldu du, gainera, badagoela zer kontatua, mugimendu polita eratu delako euskarazko komikiaren bueltan. Begoñak sortutako Komikeri blogaz gain, E-gor blogak ere komikigintza du ardatz. Sortu dira komikiaren irakurle taldeak ere, maiztasun jakin batekin komiki bat komentatzeko elkartzen direnak. Ibarrako Udalak (Gipuzkoa) hamargarren aldiz antolatu zuen iaz euskarazko komiki lehiaketa. Azokak ere herri batean baino gehiagoan egiten dira. Pare bat ikerketa liburu ere argitaratu zituzten iaz, akademikoak. Donostiako Komikigunea komikiaren mundua kontsultatzeko eta ikertzeko guneak ere sendo jarraitzen du. Eta, berriki, Komikipedia sortu dute, euskal komikien datutegia.

Xabiroi aldizkaria da gaur egun maiztasun jakin batez euskaraz argitaratzen den bakarra. Aurten argitaratuko du, hain zuzen, 50. zenbakia. Aipagarria da harrobi moduan egiten duen lana. Sare egonkorra hogeiren bat sortzailek osatzen dute, baina 60k baino gehiagok parte hartu dute noizbait egitasmoan. Horrek egile horiei aukera eman die elkar ezagutu eta elkarrekin bestelako proiektu batzuetan murgiltzeko ere. Adar horietatik etor daitezkeen lanak dira baikortasunari eusteko beste motiboetako bat.

BERRIAn argitaratua (2018/02/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA