astekaria 2018/03/02
arrowItzuli

iritzia

Matraka eman gabe

Ana Malagon

Matraka eman gabe Ana Malagon

Ez naiz fededuna, baina bizitzan aurrera noan ahala, fededuna egingo naiz ziurrenik. Nire neurak nahiko ondo ezagutzen ditut. Momentura gerturatzen naizenean, badakit heriotzaren ondoren ezer ez egoteak antsietatea eragingo didala. Izango ez dudan pentsio baterako aurrezten (gr!) eta nire izaerara egokituko den erlijio baten bila nabil, eta ez dakit harremana ote duen, baina sekten eta muturreko liturgien inguruko informazioan korapilatzen naiz. Eta denbora aurrera doa.

XX. mendeko asmakizun bikaina da zientziologia. Artikulu kritikoak, dokumentalak eta kontrako taldeak agertu bazazkio ere, hor jarraitzen du, dirua egiten eta jarraitzaileen artean min ematen digun celebrity bat edo beste dutela. Elizabeth Moss eta Beck: zuei ari naiz, laztanak.

Going clear dokumentalari esker ezagutu nuen David Miscavige zientziologiaren buru gorena eta ez zait sortu zidan ezinegona oraindik pasa. Gaizkile izen hori du eta gaizkile aurpegia eta «zuloa» deituriko eraikin batean zigortu eta etengabe umiliatzen omen du jendea eta 2007tik ez du inork bere emaztea ikusi. Ez dakit, beharbada nire irudimenak bakarrik lotu dituen gauzak dira. BEHARBADA.

Arazo mentalen (absurdura heltzen den zentzu zabalenean) tratamendu bezala abiatu zuen L. Ron Hubbardek zientziologia baina badakizu New Age-ak dena kaltetzen duela, hasieratik oker dagoena batez ere, eta arimaz eta espiritualitatearekin hasi zen berehala. Erlijioen txapelketara salto egin zuen, zientzia-fikzioaren eskutik. Azken finean, Hubbard pulp aldizkarietarako zientzia-fikziozko istorioen idazle oparo bat zen. Horrela sortu zuen Xenu eta Konfederazio Galaktikoarena. Xenu estralurtar maltzurrak bahitutako gizakien ondorengoak garela dio doktrina honek. Zerk libra gaitzake oraindik gugan dagoen kutsaduratik? Zientziologia saio garestiek, zerk bestela.

Misoginian eta homofobian antzera dabil, baina ezin ukatu abentura intergalaktikoek eta auditoria deituriko meditazio/tratamendua egiteko makinei esker, erlijio nagusiek izan ez duten futurismo psikotropiko erakargarri bat duela zintziologiak. Meditaziorako eta orokorrean begiak itxirik egiten den edozertarako erabat inutila naiz tamalez.

Eliza kristau pentekostalaren sugeen hori ere hor dabil oraindik. Ez dakit zenbat predikatzaile hil behar diren suge bati helduz meza ematea mundu honetako eta beste munduko ideiarik onena ez dela onartzeko. George Went Hensleyri bururatu zitzaion XX. mende hasierako Tennessee-n, «Seinaleak Jarraika dituen Jaungoikoaren Eliza» sortu zuenean. Izen horrekin buruak eztanda egin dizu, badakit. Niri ere bai. Tipo zahar bizardun bat irudikatzen dut korrika eta bere atzetik, trafiko seinaleei heltzen dieten ero batzuk. Baina ez dut uste hori esan nahi duenik.

Hensleyek ez zekien irakurtzen; hala ere, Markosen testamentuko zerbaiten interpretazio oso literala egiteko gai izan zen. Literaleegia agian. Hori da testu erlijiosoen eta ez hain erlijiosoen tragedia: ez die inork neurria hartzen. Metaforak oso libreki edo hitzez hitz hartzen dira beti.

Suge hozkada baten pozoiak hil zuen Hensley baina sugeak heltzearen praktikak jarraitu zuen. Jaungoikoa zugan nabaritzeaz oso ziur bazaude bakarrik heldu diezaiokezu sugeari. Oso ziur. Berriz diot: OSO ZIUR. Zerbait gertatuz gero, elizak zugatik otoitz egingo du baina ez du ardura hartuko. Tira, erlijioek normalean beti egin izan dutena.

Katalogoa errepasatzen nabil oraindik. Pentekostalei edo spinning egiten dutenei ez bezala, ez zaizkit gauza intentsoak gustatzen; beraz, momentuz quakeroa izan nahi izango dudala uste dut. «Isiltasuna hobetu badezaket bakarrik hitz egin» betiko isildu baino lehen. Ahal den neurrian, inori dirua eskatu, inor pozoitu, inori matraka eman gabe.

BERRIAn argitaratua (2018/02/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA