astekaria 2018/03/02
arrowItzuli

gizartea

JAVI FRANCO

«Munduko edozein itsasotan azaltzen hasi dira plastikoak»

Iñaki Petxarroman

«Munduko edozein itsasotan azaltzen hasi dira plastikoak»

Urtean zortzi milioi tona plastiko iristen dira ozeanoetara. Mundu mailako ingurumen arazo larri bat bihurtu da itsasoan hondakin plastikoak pilatzea. Aztik arazoari aurre egiteko hainbat lan ildo ditu irekita, bakarrik edo beste erakunde batzuekin batera.

Hainbat erakundek diote, joerak ez badira aldatzen, 2050ean munduko itsasoetan plastiko gehiago egongo dela arrainak baino. Hain larria al da egoera?

Azkenaldian ikusten duguna da plastikoak, toki batean edo bestean ekoitzi arren, munduko edozein itsasotan azaltzen hasi direla. Zabor asko dago, gehiena plastikoa, kostetatik sartu den tokietatik urrunera iritsitakoa: Artikora, Antartikora, Atlantikoaren eta Ozeano Pazifikoaren erdira, batzuetan gertueneko kontinentetik 5.000 kilometrora dauden hondartzetara ere. Itsas hondoetan, ur zutabeetan, animalietan eta itsas ekosistemaren osagai guztietan daude plastikoak.

Zergatik iritsi gara horren egoera muturreko batera?

Plastikoaren ekoizpen industriala aurreko mendearen erdian hasi zen, baina osagai oso malgua eta erabilgarria da, eta erabiltzen da ia material guztietan. Edozein tokitara begiratzen duzula, plastikoak ikusiko dituzu, edozein sektoretan, besteak beste, deigarrien egiten zaigun elikadurarenean. Etxean hondakinak gaika bereizten ditugunok jabetzen gara nola poltsak betetzen dituzun ia ohartu gabe. Eta bitxia da, zeren hori janaria zen, kontua da gero eta ontzi gehiagotan etortzen ari dela. Material oso baliagarria izan zitekeen, baina arazo asko sortzen ditu, batetik, ez delako ondo kudeatzen haren erabileraren ondorengo zikloa; eta, bestetik, asko irauten duen materiala delako.

Ontzi arinen kasua aipatu duzu. Gehiegizko erabilerari aurre egiteko neurriak hartzen hasi beharko lirateke?

Bai, eta munduko herrialde batzuetan hasi dira mugatzen material hauek, esate baterako, plastikozko poltsak. Herrialde horiek erakusten digute posible dela egitea: Frantzian muga asko daude, Marokon ere bai, eta hemen ez hainbeste. Neurriak hartu behar dira eskala ezberdinetan, herrialde mailan eta nazioarteko itunen bidez. Plastikoen erabilera gehiegizkoaren aurkako zuzentarau bat ari dira aztertzen Europan, eta hori neurri zehatzagoetan mamitu beharko da.

Itsasoaren kasuan, nola iristen da plastikoa bertara?

Plastikoaren %80a lurretik dator; gainerako %20a itsasoan izaten diren jardueretatik, batik bat, arrantzatik, itsas zirkulaziotik edo gas eta petrolio ustiaketatik.

Zer kalte egiten du itsasoan?

Askotarikoak. Plastiko handiek itolarria eragiten diete animali askori, esate baterako, hegaztiei, fokei, dordokei edo baleei. Denok ikusi ditugu halako irudiak. Eta plastikoez ari garenean, ez dugu bakarrik pentsatu behar poltsetan, baizik eta material sintetikoz egindako material guztietan: botilak, sareak edo beste edozer. Itotzeaz gain, batzuek jan ditzakete plastikoak, adibidez, nahasten dituztelako euren elikagaiekin. Dordokek, esaterako, plastikoak marmokekin nahasten dituzte, eta sekulako kalteak jasan ditzakete haiek irensteagatik. Itsas ugaztun askok, baita baleek ere, plastiko pila eduki dezakete barruan. Itsas hegaztiek ere, berdin.

Mikroplastikoak ere arazo handia izaten dira, ezta?

Zalantzarik gabe. Horiek oso txikiak dira, eta, beraz, askoz zailagoak kudeatzeko. Horiek ez bakarrik organismoan, baizik eta organoetan eta ehunetan sar daitezke. Eta pilatuz joan, baita zelula eskala bateraino ere. Gainera, plastikoekin batera, eta zenbat eta txikiagoak izan are eta gehiago, bestelako kutsagai batzuk joan litezke, eta horiek partikulen azalerari lotu. Eta horiek, nanoplastikoekin nahastuta, irensten dituena material toxikoak ari da irensten.

Plastiko hondakina edozein tokitan da kudeatzeko zaila, baina are eta gehiago itsasoan. Zergatik?

Itsasoan sartzen den edozein material bertako itsaslaster nagusiek garraiatuko dute, eta hori ez dugu kontrolatzen. Ipar Pazifikoan, Hego Pazifikoan, Ipar Atlantikoan, Hego Atlantikoan eta Indiako Ozeanoetan bost biraketa nagusi daude, zurrunbilo moduan funtzionatzen dutenak eta material pilatze handia eragiten dutenak. Beraz, aipatu ditugun zurrunbilo horien erdian, itsaso bakoitzean, material plastiko pila ari da metatzen, zenbait hedabidetan uharte izenarekin ari dira aipatzen pilatze izugarri horiek.

Zer neurri hartu beharko litzateke berehala saihesteko hainbeste plastiko iristea itsasora?

Maila ezberdinetako erabakiak behar dira. Batzuek legegileek hartu behar dituztelakoan nago. Ekoizpena mugatzeko neurriak hartu behar dira, behar ez den plastiko asko ari garelako erabiltzen. Erabili eta bota filosofia hori eten egin behar da, eta plastikoa ordezkatu behar da beste material batzuekin, esate baterako, paperarekin eta osagai biodegradarriekin. Eta herritarrok ere badugu gure zeregina plastikoen erabilera eteten joateko. Kontsumitzaileek egindako presioaren ondorioz, hainbat enpresak kendu dituzte mikroplastikoak produktu batzuetatik, besteak beste, hortzetako pasta eta kosmetikoetatik. Herritarroi presio egitea tokatzen zaigu, eta bezeroak eta kontsumitzaileak badu bere aukera ere gauzak beste modu batera egin daitezen eragiteko.

Herritarrek pentsa dezakete egoera horrek guri ez digula eragiten, baina zer esango zenioke hala pentsatzen duen bati?

Ekosistemari eragiten dion guztiak eragiten digu guri. Gizakia bere ingurunean sartuta dago, eta, onerako edo txarrerako, egiten dugun guztiak eragiten dio inguruneari, eta eragiten digu guri. Egoera honek eragina du itsas ekosistemetan, organismoetan eta denean. Eta, azkenik, animalia batzuek jaten dituzten plastikoak ere gure organismora irits daitezke arrainak jaten ditugunean. Pentsa zer egoera penagarria!

Mundu mailako egoera aipatu duzu, baina zein da egoera gure gertuko itsasoan, Bizkaiko golkoan eta abarretan?

Egoera antzekoa da munduko bazter guztietan. Asia hego-ekialdean beharbada ari da sartzen beste eskualde batzuetan baino plastiko gehiago itsasora une honetan, baina gure inguruko egoera pareka daiteke Europako beste toki batzuetakoarekin. Kezkagarria da toki guztietan.

Zer lan egiten ari da Azti arazo honi aurre egiteko?

Eremu ezberdinetan espezializatutako jendea daukagu, eta ezagutza hori erabiltzen dugu, esaterako, ur masen garraioen simulazio eredu ezberdinak egiteko. Hala ikus dezakegu itsasora iritsi diren plastiko horiek zer tokitara joan daitezkeen errazago. Esate baterako, jakiteko nora joan behar den zabor plastikoa kentzera. Life Lema proiektuan gaude Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gipuzkoa eta Lapurdiko hainbat udalekin, arrantza sektoreko eragileekin, itsasoko plastikoak biltzeko asmoz. Ondoren ebaluazio bat ere egiten dugu, jakiteko zenbat plastiko diren eta zein diren. Ikerketa asko egiten ari gara jakiteko zer itsas zabor kopuru dagoen euskal kostalde pareko itsas plataforman. Halaber, hemengo hegaztiek zenbat plastiko dituzten aztertu dugu Ecoembesek finantzatutako proiektu batean. Hitzaldiak, konferentziak eta lanak egiten ari gara ikasleak eta herritarrak kontzientziatzeko.

BERRIAn argitaratua (2018/02/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA