astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

mundua

Parisko Akordioa, ezinean

Mikel P. Ansa

Parisko Akordioa, ezinean

Klima aldaketari eta beroketa globalari aurre egin nahi bazaio, aldaketa «azkar eta sakonak» beharko dira. Eta mende honetan lurrazaleko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez berotzea baldin bada helburua, aldaketa neurri horiek are eta azkarragoak eta sakonagoak izan beharko dute. Egoera «kritikoa» da: oraingo CO2 isurketekin eta garapen erritmoekin jarraituz gero, Lurrak 2040ko hamarkadan gaindituko du 1,5 graduen muga hori; eta ekosistementzat eta lur gaineko bizitzarentzat zein gizarteentzat, kalte batzuk «atzeraezinak» izango dira ordu horretan. 2015eko Parisko Akordioaren helburuak betetzea ia ezinezkoa izango da: 2100. urterako, Lurrazaleko tenperatura orokorra 2 gradu ez igotzea jarri zuten helburu akordio hartan, eta, ahal dela, 1,5 gradura ez iristea. IPCCk idatzi duen azken zirriborroak zalantzan jarri du helburu hori lortzeko garaiz ote dagoen Lurra.

Beroketa globalarentzat, erreferentzia gisa hartzen da Lurraren industrializazioari ekin aurreko tenperatura —XIX. mende erdialdeko batez bestekoak—. Lurraren tenperatura 2 gradu edo 1,5 gradu igotzeak zer kalte eragingo lituzkeen konparatzen du dokumentuak, eta emaitza larria da: ekosistementzat eta gizateriarentzat kalteak handiak lirateke tenperatura orokorra 2 gradu igoko balitz, eta zerbait arinagoak 1,5 gradu igoko balitz. Kontua da, IPCCren arabera, 1950etik aurrera, batez beste 0,17 gradu hazten ari dela lurrazaleko tenperatura hamarkada bakoitzean. Gorabeherekin, baina beroketa orokorra esponentziala eta jarraitua da; ez da eteten. Ondorioa: dagoeneko gradu bat berotu da planeta. Eta Lurreko biztanleen laurden bat batezbesteko horien gainetik dauden tokietan bizi da dagoeneko. Alegia, planetako puntu batzuetan 1,5 graduko muga hori dagoeneko gainditu dutela, «gutxienez urtaroren batean». Batez ere, planetaren ipar partean eta latitude altuetan gertatzen ari da hori. Baina urrunago doa dokumentua, alarma joz: gizateriak 2015eko isurien maila berarekin jarraitzen badu, datozen hamabi urteetan agortuko da atmosferara CO2 isurtzeko dagoen muga; ez bada «murrizketa drastiko bat» egiten, tenperatura 1,5 gradutik gora ez igotzeko helburua ezinezkoa izango da. Eta itsasoaren joera seinalatu du: edozein baldintzatan, itsasoaren mailak hazten jarraituko du, «mendeetan».

1,5 graduak, 2040an

Are gehiago: negutegi efektuko gas isuriak eten eta CO2a ezabatzeko neurriak hartzen ez badira, eta oraingo kontsumo erritmoan jarraitzen bada, espero baino bizkorrago gaindituko du planetak 1,5 graduko muga hori: 2040ko hamarkadan. Larriagoa dena: Parisko Akordioan adostutako isurketa mugak errespetatzea lortuko balitz ere —alegia, 2030erako zehaztutako helburuak beteko balira ere—, 2100ean 1,5 graduko igoerara iritsiko litzateke tenperatura orokorra. Dokumentuak ez du zalantzarik uzten: 1,5 graduko igoera gainditu, eta gero atzera egitea lortuko balitz ere, kalte batzuk «atzeraezinak» izango lirateke, espezie eta ekosistema batzuk hil egingo liratekeelako. Izan ere, Lurreko eskualde batzuetan, batez besteko tenperaturaren igoera hori hirukoiztu egingo litzateke; alegia, tenperatura 4,5 graduraino ere igoko litzatekeela eskualde batzuetan.

Zalantzarako tarterik ez du uzten IPCCren zirriborroak: «Parisko Akordioko erronkak lortzeko, emisioak sektore guztietan murriztu beharko dira». Hiru bide aipatzen ditu txostenak. Bat: energia gutxiago kontsumitzea beharrezkoa izango da (etxeetan, industrian, lurraldearen antolaketan eta nekazaritzan). Bi: negutegi gas gutxiago isurtzea (CO2, metanoa, hidrofluorokarburoak...). Eta hiru: atmosferatik karbono dioxidoa ezabatzea. «Ekintzak atzeratzeak edo epe motzean ahulak diren politikak egiteak» atzeratu eta zaildu egingo du 1,5 graduko helburu horretara iristea, IPCCren arabera.

Kritiko agertzen da dokumentua, Parisko Akordioa ezartzeko epea 2020 arte atzeratzeak berak ere kalte egiten duela aipatzen baitu; atzerapen guztiak dira atzeraezinak, urteotan egin gabe utzitakoa gero berreskuratzea zailagoa izango delako. CO2a pilatu egiten da atmosferan, eta haren eragina gehitu egiten da; horrek esan nahi du orain egin gabe utzitakoaren eragina desegiteko, etorkizunean, CO2a gutxitu egin beharko dela, 1,5 graduko helburu horretara iritsi nahi bada behintzat. Arazoa da CO2a biltegiratzeko edo desegiteko teknologiak oso ahul daudela oraindik, eta zientzialariek zalantza asko dituztela haien inguruan.

Ur eskasia Mediterraneoan

Dokumentuak arloz arlo aztertzen ditu Lurraren tenperatura batez beste 1,5 edo 2 gradu igotzearen eraginak, eta egoera beltzak aurkezten ditu: bero sasoi eta kolpeak ugaritzeko arriskua handiagoa izango da —Europa hegoaldea aipatzen du, tartean—, bero egun gehiago izango dira tropikoetan, ur eskasia handituko da —Europan eta, batez ere, Mediterraneoan—, uholde arriskuak handituko dira leku batzuetan eta lehorte sasoiak beste batzuetan, zikloi tropikalak bortitzagoak izango dira... «Ekosistema guztiei eragiten die beroketa orokorrak, kontinente eta itsaso guztietan».

Diferentziak badira tenperatura 1,5 edo 2 gradu igotzearen artean. Lurrean espezieen galera handiagoa izango da beroketa zenbat eta handiagoa izan: landareei, ornodunei eta zomorroei, guztiei eragingo die, eta tenperatura 2 gradu igotzen bada, espezieak galtzeko arriskua %50 handiagoa izango da, 1,5 gradura iritsita baino. Itsasoko urak ere bizkorrago igoko lirateke: 2100ean tenperatura 2 gradu igota, itsasoko uraren maila 0,1 metro gehiago haziko litzateke, tenperatura 1,5 gradu igota haziko litzatekeena baino.

Klima aldaketa ipar poloan eragiten ari den kaltea nabarmena eta ezaguna da; Groenlandiako eta Artikoko izotz blokeen galera betirakoa da, atzeraezina, eta hala izango da aurrerantzean ere, tenperatura 1,5 edo 2 gradu igota ere. Baina badira beste arazo batzuk: esaterako, itsaspeko koralak desagertzen ari dira beste ozeano batzuetan. Tenperatura 2 gradura igoko balitz, guztiz desagertzeko arriskuan egongo lirateke koralak. Itsasoetako ekosistemetako aldaketek eta uretako animalien desplazamenduek arrantzan, itsasoko zerbitzuetan, akuikulturan... eraginak izango dituela ere ohartarazi du IPCCk.

Eraginak gizarte egituretan

Ekosistemei soilik ez, gizarteei ere eragingo die klimaren beroketak, eta horiek ere zehazten saiatu da IPCCren dokumentua: osasunari, baliabideei, jatekoei, urari, segurtasunari eta azpiegiturei eragingo die. Produkzio eta kontsumo moduei ere bai; lehen sektorea eta turismoa propio aipatzen ditu zirriborroak. Kaltea handiagoa litzateke Lurraren tenperatura 2 gradura igoko balitz, baina sektore eta leku batzuek dute arrisku handiagoa: pobrezian edo bazterketa egoeran bizi direnak, kostan edo irla txikietan bizi direnak, nekazaritza jardueren mende bizi direnak... aipatzen ditu tartean. Infekzio eritasun batzuk zabaltzeko arriskua ere aipatzen du —malaria, dengea, Lymeren gaixotasuna...—. Eta gogoetarako datu larri bat ere bildu du dokumentuak: klima eta eguraldi desastreei lotutako desplazamenduak %90 ugarituko dira XXI. mendean (2001-2015 epean gertatutakoekin konparatuta).

Arrisku horiei aurre egiteko aukerak ez dira ugariak eta samurrak, IPCCren dokumentuak iradokitzen duenez. 2100. urtean batez besteko beroketa 1,5 gradutik gora ez joateko, CO2 isuriak «azkar» gutxitu beharko lirateke, eta XXI. mende erdialdean «zerora» jaitsi beharko lukete. Edozein atzerapenek urgentzia handiagoa eskatuko du gero, eta, gainera, CO2 isuriak ezabatzea. Helburua lortzeko, «energia sistemen, sistema urbanoen eta lurralde antolaketaren trantsizio azkar eta zorrotza» beharko da, beraz: «Beroketa globala 1,5 gradura mugatutako mundu batera egokitu, eta, hartara, trantsizioa egitea posible da, soilik, klima arintze eta egokitze ekintzak ugarituz eta bizkortuz, eta horiek garapen iraunkorreko ekimenekin batera garatuz».

«Energia trantsizioa» ere ezinbesteko jotzen du IPCCk. Energia kontsumo handiak dituen industriak —zementu fabrikak, energia ekoizleak, paper fabrikak...— eta nazioarteko garraio sistemek ez dute laguntzen negutegi gasak gutxitzen. Horregatik, kontsumo handiko tokietan energiaren per capita kontsumoa jaistea «kritikoa» da. Kontuan hartzeko zenbait gai aipatzen ditu dokumentuak, bide horretan: efizientzia energetikoa, etxeen isolamendua, industriaren kontsumoa, etxeetako kontsumoa, ibilgailu pribatuak, janaria zakarretara botatzea... Ildo horretatik, propio aipatzen ditu zero zabor politikak eta ekonomia zirkularra jarraitu beharreko adibide gisa, arlo diferenteen arteko sinergiak sortzeko izan dezaketen gaitasunagatik.

Ikatzik ez 2050erako

Energia sorrerari buruzko helburu batzuk ere xehatzen ditu IPCCren zirriborroak, 1,5 graduen helburu horri begira. Zehazki, aipatzen du elektrizitatea sortzeko ikatza erabiltzeari utzi beharko litzaiokeela 2050eko hamarkadan; urtero, %4-5 inguruko jaitsiera bat eskatuko luke horrek. Trantsizio bat hasi beharko litzateke, CO2 isuririk ez duten energia iturriak erabiliz, IPCCren arabera: energia berriztagarriak, «biomasa jasangarriak» eta energia nuklearrak energia iturrien %33 eman beharko lukete 2030erako; eta %66 izan beharko lukete 2050ean. Betiere, beroketa globalari 1,5 graduen bueltan eutsi nahi bazaio. Modelo gehienetan, adituek iritzi diote petrolioaren erabilerak ere jaitsiz joan beharko lukeela, eta gas naturala erabili beharko litzatekeela energia iturriak orekatzeko.

Elektrizitate kontsumo orokorrean ere jaitsiera handiak beharko lirateke, helburua lortzekotan: %39 garraioan, %28 industrian, eta %22 eraikuntzan. Dokumentuak zehazten du aldaketa horiek egiten ez badira edo atzeratzen badira, gero karbonoa harrapatzeko edo desegiteko politikak beharko direla, helburua lortu nahi bada. Arlo horretan, baso politiken garrantzia ere aipatzen du. Baita karbono dioxidoa lurpean biltegiratzeko teknologiak ere.

Beste hainbat ideia ere jartzen ditu dokumentuak mahaiaren gainean: landa eremuen garapena, ohiturak, dieta kontuak, gobernuen politikak, teknologiaren zeregina, pobreziaren aurkako borroka, finantzak... Baina, propio, inguru urbanoen gaineko gogoeta bat eransten du, bukatzeko: «Hirien trantsizio sistemikoa kritikoa da». Tenperatura orokorra behar baino 0,5 gradu gehiago igotzeak eragin handia izan dezake; 2050ean, 350 milioi pertsona egon litezkeelako «bero estresaren» mende, hirietan.

Itun historikotzat aurkeztu zen Parisko Akordioa 2015ean, baina IPCCren azken txostenak agerian jarri ditu egungo produkzio eta garapen ereduek eta gobernuen arteko botere gerrek zer zailtasun eta muga ekartzen dizkioten klima aldaketaren aurkako borrokari. Alde horretatik, AEBak akordiotik ateratzeko Trumpen erabakia eta «ikatz garbiaren» alde egin duen apustua mamu bat bezala agertzen dira zirriborroan, nahiz eta adituek ez dieten erreferentziarik egin zuzenean. Edozein moduz, aurrera begira jarraitu beharreko bideari buruz, ideia bat utzi du IPCCk: «Erantzun globala indartzeko, herrialde guztiek beren anbizioak nabarmen handitu behar dituzte, finantzabideak eta inbertsio patroiak aldatu, agintearen koherentzia hobetu, eta belaunaldien eta eskualdeen arteko ekitatera begira jarri».

BERRIAn argitaratua (2018/02/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA