astekaria 2015/12/11
arrowItzuli

mundua

Le Bourget-i bizkarra emanda

Adrian Garcia, Berriemaile berezia

Le Bourget-i bizkarra emanda

Erabaki guneetatik urrun dago ZAC Klimarentzako Ekintza Gunea. Parisko hainbat auzotan gizarte zibilak beste goi bilkura batzuk antolatu ditu klima aldaketaren inguruan. Zerikusi gutxi dute, ordea, Le Bourget hirian, Paris iparraldean, munduko agintariak gotortuta dauden gunearekin. Guztiz irekia da, eta klimaren gaia askotariko ikuspegietatik jorratzen dute bertan nazioarteko hamaika eragilek. Tokian tokiko komunitateekiko errespetua eta justizia soziala dute oinarri funtsezkoena.

130 elkartek osatutako Coalition 21 plataforma orain bi urte hasi zen prestatzen ZAC, ingurumenaren aldeko militanteen elkargune izateko COP21 bilerak iraun bitartean, ostirala arte. Paris iparraldeko auzune bateko kultur zentroan dute egoitza nagusia, Centquatre aretoan. «Hemen bildutako elkarteak oso pluralak dira: sindikatuak, elkarte ekologistak, hezkuntza elkarteak, nazioarteko elkartasuna sustatzen duten eragileak... Historikoki klima mugimenduan jardun dugun elkarteak batu gara», azaldu dio BERRIAri Coalition 21eko eledun Sabrina Caronek.

Ekintzaileen bilgune soila baino gehiago da ZAC. Hain zuzen ere, helburuetako bat da ahalik eta herritar gehien erakartzea. «Frantzian klimarekiko kontzientzia orain hasi da indarra hartzen. Horregatik erabat irekia nahi genuen ZAC, jendeak ez dezala pentsa soilik ezkerreko eragile batzuk daudela». 168 ekitaldi baino gehiago prestatu dituzte aste osorako. «Programazioa elkarteek antolatu dute, eta, horrenbestez, mugimenduak gaur-gaurkoz hausnartzen dituen gaiak islatzen ditu, kanpo eragileen esku hartzerik gabe». Alderdi politikoak eta enpresak dira gonbidapenetik at utzi dituzten bakarrak. «Bueltaxka bat ematera etorri nahi badute ongi etorriak dira, halere».

Azken hogei urtean NBEren babespean eginiko klimari buruzko goi bilkurek ez dute gas emari kutsakorrak murriztea lortu, eta handia da COP21ekiko mesfidantza. Ituna gela itxietan korporazio handien interesak kontuan hartuz fintzen denaren ustea oso zabaldua dago. «195 herrialde daude, eta bakoitzak boto bana du. Baina hori ez da nahikoa. Ez dugu espero haiek mundua aldatzea, mugimendu indartsu eta masiboetatik etorriko da hori», esan du Caronek.

Klima aldaketaren aurkako mugimendua ez da, gainera, COP21 goi bilkurarekin amaitzen. «Hau ez da hilaren 12an bukatzen, eta hurrengo bilkuran ikusi arte. Hurrengo asteetan eta hilabeteetan zer gertatuko den eztabaidatzen ari gara». Arreta ez dute La Bourgeten jarria, baina, zeharka bada ere, jarraipena egiten dute: negoziazio mahaian egunak emandakoa aztertzen dute arratsaldero batzar orokor batean.

Azaroaren 13ko atentatu sortak ekintzaileen planak hankaz gora jarri ditu, eta prestaturiko ekintza asko airean geratu dira. Edonola ere, COP21 ez da «negoziazio soilera mugatuko», Manuel Valls Frantziako lehen ministroak iragarri gisan. «Larrialdi egoerak ekintza ugari blokeatu ditu, baina gune honetako egitarau guztiak bere horretan jarraitzen dute». Mobilizazioak debekatu arren, larunbateko deialdiari eutsi diote antolatzaileek.

Euskal Herriko eragile ugari ere bildu dira ZAC gunean. Bizi elkarteak, esate baterako, Coalition 21 plataforman lan handia egina du. Elkarteak sustatutako Alternatiba egitasmoa Frantzian hedatu da, eta Parisen ere oso present egon da. Besteak beste, iragan asteburuan Montreuilen, Paris ekialdean, Alternatiben Herria antolatu zuten, klima aldaketaren aurka borrokatzeko egun eskura dauden irtenbideak ezagutarazteko.

EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna eta Bizilur elkarteetatik ere ordezkari talde bat iritsi da hiriburura, Via Campesina lantaldearekin batera jarduteko. «Via Campesinak parte hartzen duen ekintzen jarraipena egiten dugu», adierazi du EHNE Bizkaiko Oihana Orkolagak. «Interesgarria da oso, Via Campesinako barne hausnarketak jasotzeko aukera dugulako, eta Le Bourgeten gertatzen ari denaren inguruko ikuspegia ezagutu ahal izan dugulako».

Nazioarteko nekazarien bilgunetik aurreikuspenak ez dira baikorrak. «COP21ean betiko gauzak ari dira planteatzen, ez dituzte irtenbide errealak lantzen. Ez dute elikadura burujabetza aipatzen, eta, egiten dutenean, beti da nekazaritza industriala eraginkorragoa izateko xedez», dio Orkolagak. Hain zuzen ere, bestelakoa da Via Campesinak proposatzen duena: elikadura eta nekazaritza sistema goitik behera aldatzea. Alde horretatik, interesgarri deritzo Orkolagak ZAC guneari: «Ikuspegia zabaltzeko proposamenak egiten dituzte».

Egun osoan ekintzak

Asko dira egun osoan ZACen antolaturiko ekitaldiak: hitzaldiak, eztabaidak, bideo emanaldiak, erakusketak, jokoak, dantza ikastaroak... Yoga ikastaro batekin hasi dute hainbatek eguna, «klimaz gain gorputza ere berotzeko», irakasleak barrez dionez.

Paris inguruko auzune batetik ailegatu da Vimeney Martine. 50 urte inguru ditu, baina gaztetatik izan du ingurugiroarekiko kontzientzia. «Gure garaian uste genuen teknologiak konponduko zituela arazo guztiak. Zein erratuta geunden...». Ez du uste alderdi politikoek klimaren auzia bideratuko dutenik. «Ez dut goi bilkuraz ezer espero». Baina ZAC gunean nabaritu duen «indarrak» pozten du. «Gazteek jarduteko beste era bat dute. Gu ginena baino militanteagoak dira».

BERRIAn argitaratua (2015/12/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA