astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

ekonomia

«Bizitzeko ez duenari zer beldur sartuko diozu?»

Jon Fernandez

«Bizitzeko ez duenari zer beldur sartuko diozu?»

Haserrea ez da orain sortu. Lehertu egin da orain, baina erretiratuek eta pentsiodunek urteak daramatzate sumindura pilatzen eta gordetzen. Gehien-gehienek, isilean. Espainiako Gobernuak etxera bidali die gutuna, esanez %0,25 igoko dizkietela pentsioak aurten, inflazioa urtebetean %1,1 igo bada ere. Pentsiodunen erosteko ahalmena %6,5 txikitu da 2011tik, baina, egiaz, hori ez da arazo bakarra, horrez gain urritu egin baitzaizkie bestelako zerbitzu sozialak. Azken tanta baino ez dira izan etxean jasotako gutuna eta PPko kide batzuek pentsioez egindako adierazpenak, eta tanta horrek eragindako haserreak gainez eginda, trumilka atera dira erretiratuak kalera, euren eskubideen alde. Urtarrilaren 15ean egin zituzten lehenengo protesta jendetsuak Hego Euskal Herriko kaleetan, eta geroz eta jende gehiago bildu da astetik astera.

BERRIAk Gipuzkoako Duintasuna elkarteko sei kide elkartu ditu mahai baten bueltan, erretiratuen eta pentsiodunen egoera eta aldarrikapenak zuzenean ezagutzeko:

OLATU BAT SORTU DA





«Ikusita pentsioen erreformarekin zer ari garen sufritzen eta entzunda Madrilgo gobernuak zer adierazpen egin dituen, jendea sumindu egin da. Jendea altxatu egin da!». Itziar Usandizaga Galarraga bergararra da, 69 urte dauzka, eta indarrez azpimarratu du azken esaldia.

Urtarrilaren 15eko deialdia ez zuten egin pentsiodun elkarteek. Deialdi anonimo gisa zabaldu zen, Whatsapp bidez. «Lehen kontzentraziora denok joan ginen sorbaldak altxatzen», kontatu du Usandizagak. «'Zeinek deitu du?' galdetzen genion elkarri, eta 'Ez dakigu' erantzuten. Edonola ere, segituan hartu genuen dinamizatzaile rola». Azken sei asteetan sortu eta indartu den olatuaren haziak 2011n loratutako haserretuen M-15 mugimenduaren traza dauka: pentsiodunen mugimendu asanblearioa eta lokalista da, eta sare sozialen bidez hedatu da. Pentsiodun haserretuak dira, eta kolore politiko ezberdineko jendea atera da kalera, nabarmendu dutenez.

Duintasuna elkartea Gipuzkoako pentsiodunen elkartea da, eta gainontzeko lurraldeetan ere badira antzekoak: Pentsiodunak Martxan izena daukate Bizkaikoak eta Nafarroakoak, eta Pentsiodunak Lanean Arabakoak. Denen artean, Hego Euskal Herriko Eskubide Sozialen Aldeko Pentsiodunen Plataforma osatzen dute.

Azken asteotako protestetan eskaera zehatzak egiten ari dira Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei. Pentsioen balioaren igoera kalkulatzeko KPIa erreferentzia gisa berreskuratu nahi dute, %0,25eko igoera minimoaren ordez; gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea nahi dute, Europako Gutun Sozialaren gomendioari jarraituz; eta hori guztia gauzatzeko, eta etorkizuneko pentsioak bermatzeko, Gizarte Segurantza sistema propioa eskatzen dute.

EMAKUMEAK, OKERRAGO





«Ez gara bat-batean atera. Orain indartu egin gara, eta jende gehiago atera da kalera, baina urteak daramatzagu lanean», azaldu du Arantxa Corralez Gutierrez 60 urteko goierritarrak.

Pentsiodunen elkarteok urteak daramatzate pentsiodunen arazo ugari salatzen eta proposamenak egiten. «Jende askok bat egin du mugimenduarekin, urte askoan bizi izandako egonezinagatik. Donostian, esaterako, emakume pila bat geunden urtarrilaren 15eko kontzentrazioan», adierazi du Maria Serrano Mitxelena 67 urteko donostiarrak.

«Ba, Bergaran, adibidez, ez», erantzun dio Usandizagak. «Agian herria tradizionalagoa delako, emakumea ez zaizu ateratzen. Erretiratua eta 12:00etan, horren profila gizonezkoa da».

Pentsiodun askoren egoera ekonomikoki gogorra da, baina bereziki emakumeena da errealitaterik gordinena. 2016aren amaieran, adibidez, emakumeen batez besteko pentsioa 835 euro zen, eta gizonezkoena, berriz, 1.462 euro. «Gizon gehienek pentsio duina daukate, baina emakume gehienek, oso pentsio txikia. Sexuaren arabera, hor ere injustizia handia dago», dio Corralesek. «Emakume asko daude lan egin izan dutenak deklaratu gabe, etxeko lanak egin dituztenak, alargunak...», gogora ekarri du Xabier Oregi Etxeberriak, 65 urteko oñatiarrak. «Dena dela, esan behar da gizon batzuek dituztela pentsio oso onak, ez denek», gaineratu du Serranok.

Datuak eta datuak daude, errealitateak eta errealitateak. Gizarte Segurantzaren azken datuen arabera, esaterako, Hego Euskal Herrian 1.138 eurokoa da batez besteko pentsioa.

«Zenbaki bat da, baina ez da errealitatea», Corralesen ustez. Azaldu du badirela pentsio oso onak, sarri metalurgian eta funtzionario aritutakoei dagozkienak, baina errealitatea hori baino gordinagoa da. Gipuzkoan, esate baterako, 184.630 pentsiodun daude -biztanleen %26 dira-, eta %58k 1.100etik behera kobratzen dute. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kontuan hartuta, bestalde, hilean 700 eurotik beherako pentsioa jasotzen dute 249.579 pentsiodunek. Pentsio txiki horiek DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez osatzen dira, gehienez ere 732 euroraino.

Bereziki emakume aurpegia dauka prekaritateak zaharren artean ere. Batetik, Gipuzkoan alarguntza kobratzen dutenen %90 emakumeak dira -743 euroko batez besteko pentsioa daukate-. Bestetik, DSBEa jasotzen dutenen %27 pentsiodun pobreak dira, eta horietatik %67, emakumeak.

Gaur-gaurkoz, betikotzeko zantzu guztiak ditu emakume nagusien prekarizazioak, Usandizagak dioenez. «Gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala 7.500 eurokoa da orain. Erretiroa hartzen dutenean, berriz ere baldintza txarragoetan erretiratuko dira emakumeak; horregatik dira pentsioak hain txikiak». Soldata arrakala, hala, pentsio arrakala bihurtzen da ezinbestean.

ZERGATIK 1.080 EURO?





Amildegi hori txikitzeko modu bat litzateke, Duintasuna elkartearen arabera, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, DSBEaren ordainketa osagarrirako minimoa 732 eurotik 1.080ra igota.

«Komeni da esplikatzea zergatik 1.080 euro. Jende askok galdetzen digu: 'Zergatik ez 1.100 edo beste kopuru bat?'», dio Oregik. Buruarekin baietz egiten dio Jose Martin Altuna Elizondo 73 urteko donostiarrak. Berak azaldu du Europako Gutun Sozialak ezarritako kalkulu formula batetik sortua dela kopurua. Pentsiodunak pobrezian ez erortzeko gutxieneko pentsioa ezartzen du, tokian tokiko baldintzak aintzat hartuz.

«Tokiko batez besteko soldata hartzen da kontuan. Hego Euskal Herrian 2.000 eurokoa da. Horren %60 kalkulatzen da, eta hori litzateke gutxieneko soldata duina, pobrezian ez erortzeko. Gure kasuan, hilean 1.200 euro. Bada, pentsio duin minimoa litzateke gutxieneko soldataren %80: 1.080 euro».

Milaka sinadura bildu, eta Hegoaldeko bi legebiltzarretan HEL herri ekinaldi legegile bana aurkeztu zuten 2015ean, 365.000 pentsioduni sariak duintzeko. Eusko Legebiltzarrak berehala bota zuen atzera: mahaian tramitazioaren aurkako botoa eman dute EAJk, PSEk eta PPk, eta aldekoa EH Bilduk. Nafarroako Parlamentuak ere atea itxi zion iaz, UPNren, Geroa Bairen, PSNren, PPren eta Ezkerraren aurkako botoarekin. Hori bai, Nafarroako Gobernuak lege bat onartu zuen 22.000 pentsio txiki osatu eta gutxieneko soldatarekin parekatzeko, zerga kenkarien bidez.

SENDAGAIEN ORDAINKETA





Ezezkoak jaso arren, elkarteek lanean jarraitu dute, eta uste dute aukera ona dela berriz ere aktibatzeko 1.080 euroren aldeko beste HEL bat, eta baita menpekotasun lege propio baten aldeko beste HEL bat ere. Kalean gero eta indartsuagoa da pentsiodunen protesta, eta uste dute piztu berri den haserrea baliagarria izan daitekeela erretiratuen gainontzeko gabezia eta aldarrikapenen bideak ere sustatzeko.

«Pentsiodunen errealitate gordina hor egon da beti: orain, 2012an [Duintasuna elkartea sortu zutenean], eta aurretik ere hor zegoen». Nagusien prekarizazioa ez dela bat-batean gertatu ohartarazi du Jose Antonio Amundarain Arana 70 urteko oñatiarrak.

Gogoan du zelan ibili izan den herrian erretiratuei laguntzen sendagaien berrordainketaren harira. Izan ere, 2012an 425 sendagai atera zituzten Gizarte Segurantzaren babes sistematik kanpora, eta harrezkero erretiratuak behartuta daude sendagaiok osorik pagatzera, merkatuko prezioan. Batez ere pertsona nagusiei eta gaixotasun kronikodunei eragin zion erreformak. Gainontzeko sendagaietarako, pentsiodunek %10 pagatzen dute, eta gobernuak diru hori bueltan ordaintzen dio, baldin eta urtean 18.000 eurotik beherako diru sarrerak badituzte. «Horren aldeko kanpaina guk hasi eta eraman genuen aurrera», azpimarratu du Serranok.

Arazoa da sendagaien diru hori ez dela automatikoki itzultzen: pentsiodunak berak egin behar du eskaera bat dirua bueltan jasotzea eskatzeko. «Zergatik jarri zaio adineko jendeari obligazio bat eskaera orri bat betetzeko? Zergatik?», haserre ari da Amundarain. «Eusko Jaurlaritzari ari natzaio: gure datu guztiak dauzkate, datu fiskalak, badakite zein den zein, eta zer kobratzen duen bakoitzak. Zergatik ez dute ordainketa partekatuaren dirua bueltatzen automatikoki? Zenbat diru aurreztu ote du hemengo gobernuak pentsiodun askok sendagaien dirua bueltatzeko eskaera orriak bete ez dituztelako? Jakin nahi nuke diru hori nora joan den. Ez dago eskubiderik horretarako. Askotan Madrili botatzen diogu errua, baina ez da hangoa bakarrik; hemen ere badaude erantzukizunak».

Corralesek hari berari jarraitu dio. «Jaurlaritzak, 2013an, lehen urtean, 18 milioi euro jarri zituen aurrekontuetan, sendagaien dirua bueltatzeko pentsiodunei. Baina, jendeak zailtasun pila bat zeukanez eskaera orria betetzeko, diru horren erdia baino gutxiago bueltatu zen; diru hori aurreztu egin zuen Jaurlaritzak». Kopurua txikituz joan da harrezkero, Altunak adierazi duenez: «Nola lehen urtean 18 milioi jarri eta gutxi gastatu zen, hurrengo aurrekontuetan diru gutxiago jarri zuten: 11 milioi. Eta txikituz joan da harrezkero». Urtero pentsiodunak ugaritu arren, aurten, adibidez, Jaurlaritzak 6,6 milioi jarri ditu pentsiodunei sendagaien dirua bueltatzeko.

KONTZIENTZIA POLITIKOA





Amundarain behin eta berriz dator auzi berera, sendagaien berrordainketaren harira ikusi dituen injustizietara eta arazoetara. «Han ikusten genuen jendeak zer laguntza gutxi daukan. Etxean bakarrik zeuden. Bazituzten euren seme-alabak, baina bakoitza bere etxean bizi zen eta abar... Laguntza hori behar zuen, eta jende hori pentsio txikiko jendea da. Eta hori urteetan hor egon da isil-isilik».

Amundarainen jarioak ez du etenik, eta adi begiratzen diote kideek, baieztapen keinuekin. «Eta orain zer pasatu da? Etorri da nonbaitetik haize bat, eta haize horrek astindu du. Jende asko ari da aktibatzen orain, eta isilik egon diren asko ere bai. Baina beste jende askok isilik jarraituko du oraindik ere».

Jende zahar asko bakarrik bizi dela ikusten dute elkarteetan, pobrezian bizi ere, Usandizagak dioenez: «Asko hitz egiten da hirugarren adinaz, baina laugarren adina ere hor daukagu, 80 urtetik gorakoena. Garai bateko alarguntasuna eta pentsioa badaukate, nola urtero galtzen-galtzen joan diren, orain oso diru sarrera txikiak dauzkate. Pentsa, 31.000 pentsiodunetik gora bizi dira hilean 300 euro baino gutxiagorekin. DSBEarekin 732 eurora ailegatzen dira».

Horregatik, elkarteak udaletan eskatzen ari dira Pertsona Nagusien Behatokiak sortzeko, herri eta hiri bakoitzean zerbitzu sozialek jakin dezaten zein egoeratan bizi den biztanleria nagusia. Pentsiodunen elkarteen beste aldarrikapen bat da pentsio sistema propio bat izatea, eta Gizarte Segurantza propioa sortzea, eskumen osoa ekarrita Madrildik Euskal Herrira.

«EAJ ere horren alde dago: hala jasota dauka txosten batean. Guk gure indarra jarriko dugu, baina haiek ere erantzuna eman behar dute», dio Serranok. «Gizarte Segurantza propioa defizitarioa litzatekeela esango dute batzuek, baina gainontzeko eskumenez ere gauza bera esaten zuten, eta eskumenak ekarri ahala frogatu da kontrakoa».

Eten egin du Amundarainek: «Hori horrela da. Badakizu zer falta zaigun?», bota du galdera. Eta erantzun egin dio bere buruari: «Falta zaigu pentsiodunok kontzientzia politikoa edukitzea, eta ez dago».

«Guk politika egin behar dugu», jarraitu du. «Dena da politika», esan dio Oregik. «Baina hori ez da egiten», Amundarainen esanetan. «Pentsiodun asko joaten dira erretiratuen etxera musean jokatzera, eta listo. Guri aurpegira botatzen digute: 'Zuek politikan sartzen zarete'. Eta hor dago gaitza».

Baina ez al dute nabari kontzientzia politikoa pizten ari dela azkenaldian pentsiodunen artean? «Baina hainbeste urteetakoa da etsipena...», esan du, hasperen batean, Usandizagak. «Erretiratuen etxeek euren rola jokatu dute, eta hori indartu du EAJk. Aisialdira bideratu ditu, ez aldarrikapenera. Urteetan hori irensten-irensten, azkenean sinetsi egin du jendeak. Eta orain ari gara horri buelta ematen».

Serranok, ostera, kontzientzia falta baino gehiago, beldurra ikusten du nagusi: «Esaten ari dira ez dagoela dirurik, pentsioen kutxa hutsik dagoela, eta igual pentsioen ordain bat kenduko digutela. Beldur hori hor dago».

Bizi erantzun dio Amundarainek: «Baina bizitzekorik ez daukanari, zer beldur sartuko diozu? 600-700 eurotik behera jasotzen duen alargunak zer beldur eduki behar du?».

Autoestimu falta dagoelakoan dago Serrano. «Jende asko dago pentsio txikiekin, diru gutxirekin, eta ez da ausartu indibidualki aldarrikapenak egitera. Baina orain, talde gisa aterata, aitortuta sentitzen dira, indartsuago. Jendea ilusioz dago: behar zuen kalera atera, autoestimua hartu».

Ados dago Amundarain, baina ekintza eskatu du. «Jendea konturatu behar da erretiratuen etxera joan, sofan eseri eta periodikoa leituta bakarrik ez dagoela zereginik. Hori ere egin behar da, aisialdia oso inportantea baita, baina bestea ere bai. Ez bada aldarrikatzen, ez dago aukerarik aisialdirako: erosotasunik ez da egongo ongizaterik ez badago».

BERRIAn argitaratua (2018/02/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA