astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

kirola

Beste tximista bat

Julen Etxeberria

Beste tximista bat

Bazen kezka handia, Usain Boltek erretiroa hartutakoan atletismoa ez ote zen beheraldian sartuko. Ulertzekoa zen ezinegona; izan ere, hainbeste eman zion atleta jamaikarrak atletismoari, eta hainbeste urtetan jarraian, ezen nahi eta nahi ez geratuko baitzen zulo sakon-sakona.

Hainbestekoa zen presa eta premia Bolten lekukoa norbaiti emateko, non topatua baitzuten oinordeko bat jamaikarrak iaz Londresko Munduko Txapelketan agur esan aurretik. Wayde Van Niekerk zen. Hautagai aproposa zen, hegoafrikarrak handia egin baitzuen urtebete lehenago Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan (Brasil): 400 metrokoan irabazitako urrezko dominari munduko marka ikusgarria gehitu zion: 43,03. Hamazazpi urte ziren inork ez zuela itzuli batean horren azkar korri egin. Van Niekerkek hamabost ehunenekoren hozkada eman zion Michael Johnson AEBetako atleta handiaren esku zegoen munduko markari.

Hala ere, hegoafrikarra apal aritu zen Londresen, Bolten azkeneko lehiaketan; aurreikuspenetatik urrun. 400 metrokoan ez zuen huts egin; irabazi egin zuen, baina bere munduko markatik ia segundo batera geratu zen (43,98). 200 metrokoan, berriz, Ramil Guliyev turkiarrak ezustean harrapatu zuen, eta zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuen. Hori nahikoa ez, eta Londresen lehiatu eta bi hilabete eskasera zabaldu zen berria: Van Niekerkek eskuineko belauna txikitu zuen lagunarteko errugbi partida batean, eta zazpi eta bederatzi hilabete artean egon beharko zuen lehiatu gabe. Albiste benetan txarra zen, eta are gehiago izar berri baten premia larrian zegoen atletismoarentzat. Nork beteko zituen harmailak? Nork erakarriko zituen babesleak? Beltza zen panorama.

Hilabete batzuk pasatu dira ordutik, eta orduko laino beltz horien artean argi printza bat ageri da orain. Christian Coleman da argi printza hori. 21 urteko atleta estatubatuarrak —22 urte egingo ditu bi aste barru— 60 metrokoen munduko marka hobetu zuen joan den astelehenean, Alburquerqueko txapelketako finalean (AEB). 6,34ko marka egin zuen, eta bost ehunenetan ondu zuen 2001ean haren herrikide Maurice Greenek lortutakoa.

Handia izanagatik, Colemanek egindakoak inor gutxi harrapatu du ustekabean. Denbora zeraman kronometroari astinduak eman eta eman. Hilabete lehenago, adibidez, 6,37ko denbora egin zuen; hots, bi ehunenetan hobetu zuen Greeneren munduko marka. Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF), ordea, ez zuen ontzak jo, Clemsonen (AEB) erabili zituzten irteerako takoak ez zirelako elektronikoak, eta horrek irteera faltsuak ez atzematea eragin zezakeelako. Hilabete geroago atera du arantza Colemanek, ondo atera ere, are gehiago jarri baitu erlojua dardarka.

Bolten aldean, txikia eta isila

Colemanen loraldia, ordea, ez da aurtengo kontua bakarrik. Hilabeteak daramatza oso azkar korrika. Iaz, esaterako, aldi batean urteko azkarrena izan zen 60 (6,45), 100 (9,82) eta 200 metrokoan (19,85). Londresko Munduko Txapelketan, 100 metrokoan eta 4x100 metroko txandakakoan lehiatu zen, eta bietan irabazi zuen zilarrezko domina. Banakakoan Justin Gatlin herrikideak hartu zion aurre, baina Coleman gai izan zen Bolti gailentzeko —finalerdietan ere irabazi egin zion—. Txandakakoan, berriz, Erresuma Batuak utzi zuen urrezko dominarik gabe, ezustean.

Bi aste barru izango du aukera lehen titulu handia bereganatzeko. Pista estaliko Munduko Txapelketa jokatuko da Birminghamen (Erresuma Batua), eta, ondo bidean, berarentzat beharko luke dominarik preziatuenak 60 metrokoan. Ikusteko dago garaipenari munduko marka gehi diezaiokeen edo ez.

Oso azkar egiten duela korrika, eta 21 urterekin jadanik munduko marka baten jabe dela: horra zertan duen antza Colemanek Boltekin. Bestelakoan, eguna eta gaua bezalakoak dira: batetik, 1,75 metro luze da atleta estatubatuarra, hots, jamaikarra baino 21 zentimetro txikiagoa; bestetik, arreta osoa bereganatu nahi zuen Bolten aldean, isila da Coleman, eta baita lotsatia ere. Nahiago du isil-isilik egon, oharkabean pasatu eta pistan hitz egin. Ozen ari da aspaldian.

BERRIAn argitaratua (2018/02/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA