astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

bizigiro

Harriak historiaren mezulari direnekoa

Iker Tubia

Harriak historiaren mezulari direnekoa

Gazteluko plaza batean zulo bat eginez gero, logikoa da gaztelu bat agertzea». Horrelako sinplea da Iruñean berriki gertatu dena. Joseba Asiron alkatearenak dira hitzok. Izan ere, Gazteluko plazan gaztelu bat agertu da. Ez edozein gaztelu, gainera: plazari izena ematen diona, hain zuzen ere. Luis Hutin erregearena, 1308. urtekoa, eta Nafarroan ezagutzen den zaharrena. Ez da harritzekoa, beraz, aurkikuntza albiste ontzat jo izana.

Dorre bat eta harresi puska bat agertu dira. Dorrearen diametroa 13 metro da, eta Gazteluko plazako 16 eta 17 atarien soto guzia okupatuko luke, hau da, Eslava kasinoa eta Fitero taberna. Gainera, egoera oso onean aurkitu dute; 3,8 metroko harresia ez hainbeste. Tropikana tabernaren sotoan aurkitu dituzte arrastoak, eraikina bota baitute, taberna eta etxebizitzak egiteko. Enpresak sanferminetarako bukaturik nahi ditu lanak, baina geldirik daude.

«Iruñea herri zaharrak bere historiarekin egin du topo, eta hori berri ona da. Gainera, egungo historialariek badute ikertzeko eta haien teoriak egiteko eremu berri bat», azaldu du Asironek, gazteluaren aurkikuntzaren harira. Arrastoek hasierako planak aldatzera behartu dute eraikuntza enpresa. Iruñeko Udalak esku hartu du, badaezpada ere, plaza horretan bertan duela hamabost urte gertatutakoa errepikatzea ez baitute nahi.

Iruñeko alkatea historialaria ere bada, eta ezin izan du ezkutatu aurkikuntzarekin kontent dela. Hasiera batean Fernando Katolikoaren gaztelua izan zitekeela pentsatu bazuten ere, ez, azkenerako konfirmatu dute Luis Hutinena dela. «Hori are albiste hobea da, esan nahi duelako hau dela jatorrizko gaztelua, plazan eraiki zen lehenbizikoa», azaldu du Asironek. «Ez da Nafarroaren konkistatzaileek eraikitakoa, baizik eta guztiz Nafarroako eran altxaturikoa, XIV. mendean».

Orain afera da zer egin aurkikuntzarekin eta hor egin behar zen proiektuarekin. Alkateak azaldu duenez, lagin arkeologikoak hartzeko baimena eskatua zuten obraren egileek, baina ez zuten indusketarik egiteko baimenik. Hala ere, aurrera egin zuten. Horretaz ohartzean, udalak lanak berehala eteteko agindu zuen. «Bermatuta dago arrasto hauek kontserbatuko direla, hemen duela hamabost urte gertatutako suntsiketa arkeologikoa ez da gertatuko, eta hori berri ona da», esan du. Gogoratu behar da, Yolanda Barcina alkate zela, Gazteluko plazaren azpian agertutako arrasto arkeologikoak suntsitu egin zituztela aparkaleku bat egiteko. Protesta handiak izan ziren, baina, azkenean, UPNk aparkalekuari eman zion bide, harri gutxi batzuk auto artean utzita.

Eraikinean txertaturik

Gaur egun, EH Bildu dago udalean, eta bestela jokatuko dutela adierazi du alkateak. Aztarnak kontserbatu eta eraikin berrian txertatuko dira, baina ez gehiago: «Historialari gisa, nahiko nuke erakusketa gune bat izatea, publikoa, guziei irekia eta plazan dagoena ulertzeko balioko lukeena, baina jarduera pribatua da, eta hemen alde gehiago daude jokoan». Dagoeneko eraikuntza lanean ari den enpresak proiektu bat aurkeztu du. Juan Urrutia arkitektoak eman ditu xehetasunak: dorrea kafetegiaren sarreran legoke, baina sarbidea izanen luke Espoz y Mina kaletik. «Publikoari irekia izatea nahiko genuke, eta bisita gidatuak antolatu».

Carlos Martinez ere mintzatu da aurkikuntzaren inguruan. Vianako Printzea instituzioko Ondare Historikoko zuzendaria da Martinez. Hain zuzen ere, instituzio horren baimena beharrezkoa dute eraikuntza lanek aurrera egin ahal izateko. «Saiatu behar gara kontserbazioa ehuneko ehun egiten. Hori ez den guziak arazoak ematen dizkigu guri. Ondarearekin beti saiatu behar gara balioa ematen eta zabaltzen, eta bi aferak kontziliatu daitezke; baina aztertu behar da», esan du.

Haren aburuz, arrastoak garrantzitsuak dira: «Bisualki ez nahiz eta baduen bere zera, ikuspegi historikotik». Azaldu duenez, gaztelua laukizuzena zen, La Perla hoteleraino ailegatuko litzateke gutxi gorabehera. Alboan, plaza zuen. «Alboan tokia utzi behar zuten merkatuarentzat, baita lehenbiziko zezenketak eta odol justak egiteko ere». Datu horiek ezagunak ziren, baina ez gaztelua zehazki non eta nolakoa zen. «Hori da ederrena, orain ireki diren inkognitei erantzuna ematen hasi beharko gara. Erronka bat dugu esku artean».

Eraikin berri bat egiteko lurra zulatu eta azpian arrasto arkeologikoak aurkitzean bi alde nabarmen bereiz daitezke: arkitektoaren lana eta arkeologoarena. Askotan arazoa izan liteke, eraikuntza geldiarazten delako edo proiektua aldatu behar delako. Dena den, bi aktoreek bat egiten dute horrelakoetan. Patxi Txokarro Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko presidenteak azaldu duenez, Iruñeko Alde Zaharrean jarraipen arkeologikoa egin behar da lur azpia erabili behar denean. «Aurretik arkeologo batek txosten bat egin behar du, eta, obrak hastean, pertsona horrek bertan egon behar du».

Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi zientzia elkarteko idazkariak gogorarazi du arkeologo taldea eraikuntza enpresak aukeratu dezakeela. Kasu honetan, lanean aritu den enpresa duela hamabost urte Gazteluko plazan aritu zen bera dela ohartarazi du. Agirre bera peritu gisa aritu zen 2003an Gazteluko plazako lanak ikuskatzen, baina epaileak hala aginduta. «Orain, legea bete dute, prozedura bete dute, baina Gazteluko plazan gertatu zena ikusita, ez legoke gaizki Iruñeko Udalak prebentzio neurriak hartzea. Adibidez, prospekzio geofisikoaren bitartez, obrak egin behar diren tokietan azterketak egitea, azpian dauden aztarna handiak aurreikusteko. Ez da lurra altxatu behar horretarako». Aranzadiko arkeologoak ez luke nahi plaza horretan gertatu zena berriz ere gertatzerik: «Garai hartan, Iruñeak aukera historiko bat galdu zuen lur azpian zegoenarekin historia kontatzeko, Bartzelonan egiten den bezala: gainean egungo bizimodua mantentzen da, baina azpikoa museo bihurtu dute, aparkalekuak egin ordez».

Etorkizunerako erronka

Horregatik, aurretiko neurriak beharrezkoak direlakoan dago. «Bat-bateko aurkikuntzen aurrean, bat-bateko irtenbideak ematen dira. Baimen guztiak emanda daudenean, horri buelta emateak suposatzen du diru publikoa; dirutza». Horregatik, lizentziak eman aurretik edo baldintzatutako lizentziak emanda, erakunde publikoek negoziatzeko aukera handiagoak izanen lituzkete.

Gisako kasuetan garrantzitsuena: egiten dena egiten dela ere, atzera egiteko aukera egon dadila. Hala uste du Agirrek. Gogoetarako deia egin du: «Iruñeko hiriak egin behar du planifikazio edo gogoeta sakon bat: hemendik aurrera lur azpiko aztarnekin zer eginen dute? Oraindik asko geratzen da lur azpian, nahiz eta guzia ezin den balioetsi». Uste du horrelakoak museo bihurtuz gero hiriari beste balio kultural bat ematen zaiola. Bartzelona jarri du adibide. «Iruñea da Euskal Herriko Barcino».

Hiriburuko aurkikuntza berriaren kasuan, seguruenik, dorrea eta harresia eraikin berrian txertatuko dira. Txokarroren aburuz, gisa horretako aurkikuntzak «sekulako poza» dira arkitektoentzat: «Arkitektoarendako erronka bat da aurkikuntza arkeologikoa espazioan txertatzea, elementu oso indartsua baita». Hala, arkitektoa «oso kontent» izanen delakoan dago. «Jabeari ez dio grazia handirik egiten, normalean, kostu handiagoa dakarrelako», esan du. Haren aburuz, arkitektoarendako arazoa sortzen da aurkikuntzak eraikinaren egiturari eragiten dion kasuetan.

Dena dela, Txokarrok uste du ondarea kontserbatu beharra dagoela, eta gogora ekarri du Baluarte jauregiaren azpian dagoen harresia: «Lur azpiko erakusketa areto bat da, eta ikusgarria da». Berari antzeko egoerarik tokatu zaionean, atsegin handiz egin du lan: «Bi mila edo mila urte dituen zerbait aurkitzeak errespetu handia sortzen dit, oso delikatua da, eta maitasun osoz landu behar da».

Baina arrastoak eraikinean txertatzearekin aski da? Txokarrok uste du arrastoek «erakargarri» egiten dutela eraikin berria. Agirrek, berriz, uste du kasu batzuetan balioa galtzen duela. Adibidez, arrastoak aparkaleku batean uzten direnean: «Donostiako Bulebarreko harresiak ez dira ia-ia ulertzen. Gainera, autoen kearekin-eta, nortasun guztia galtzen dute. Ondare aldetik egokiena izaten da aurkikuntzei balioa ematea, bisitagarria den gune batean».

BERRIAn argitaratua (2018/02/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA