astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

kirola

Neguko lubakietara berriz

Julen Aperribai. Aitor Manterola

Neguko lubakietara berriz

Bi lan izan zituen arraunlariak herenegungo entrenamenduan: ohikoa, entrenatzaileak edota prestatzaileak jarritakoa egitea, eta larunbat gaueko jan-edanak botatzekoa. Asteburu berezia izan zutelako ia denek aurrekoa. Batetik, traineru estropada jokatu zuten, eta hori ez da ohikoa izaten garai honetan; eta, bestetik, igandean jai izan zuten, ohitura delako Orioko Traineru Jaitsieraren ondoren, afari-pasa egitera joatea sagardotegira, askoren kasuan.

Astelehen berezia, beraz, herenegungoa, eta korrika saio eta gimnasioko jardun astunean beste hitz-aspertu bati heltzeko aukera ere bai: Orioko emaitzen inguruan solasa. Ez baita alferrik izaten neguko traineru estropaden artean garrantzitsuena. Gehienek erabiltzen dute erreferentziak hartzeko, eta orain arteko lanari neurria hartzeko.

Urtetik urtera, ontzi saldo ikusgarri handia elkartzen da Oria ibaian, maila guztietakoak. 94 itsasontzi izan ziren aurreko larunbatean, eta atera kontuak zenbat arraunlari batu ziren arraunerako. Neguko testa izanagatik, banderak ere egoten dira jokoan, eta senior emakumezkoetan, San Juanek astindu zuen bandera, Orio, Arraun Lagunak eta Hibaika atzean lagata, 4.000 metroko lana egin ondoren. Gizonezkoetan, Hondarribia izan zen azkarrena, Zierbenari, Oriori eta Urdaibairi aurrea hartuz, 6.000 metroko ibilbidean.

Zenbateko garrantzia daukate, baina, garai honetako emaitzek udako lehiari begira? Urteroko zalantza izaten da arraunzaleen artean: batzuentzat, udan ikusiko denaren aurrerapena izaten da Orioko estropada; beste zenbaitentzat, aldiz, ez.

Arraunlariei beraiei galdetuta, denetariko iritziak izaten dituzte hauek ere. Irati Larrañaga San Juango arraunlariaren ustez, «jaitsiera honek erakusten du uda zer izan daitekeen. Baina garbi dago, aldi berean, uda bitartean gauzak alda daitezkeela ere, urruti dagoelako oraindik traineru denboraldia». Saray Camaño Arraun Lagunaken ari da arraunean, eta harentzat ere neurri ona ematen du jaitsierak udara begira: «Gaurko emaitzek zerikusia izaten dute udan, gutxi asko talde bakoitza non dabilen ikusteko balio izaten duelako. Hala ere, lan asko dago oraindik egiteko, eta uretan ordu pila bat dauzkagu sartzeko uda bitartean. Garbi daukat talde guztiok egingo dugula hobera hemendik eta uda bitartean».

Gonzalo Carrionek, Hondarribiako arraunlariak, uste du garai honetan aurrean ibiltzen diren taldeak udan ere hor nonbait ibiliko direla: «Jaitsiera hauetan ikusten da zein dabilen goi-goian, baina gero udan zein izango den bakoitzaren postua ez da orain ikusten. Orain ezin dugu esan zein talde izango den gero aurrenekoa, zein bigarrengoa, eta zein hirugarrengoa». Estropada hauetan aurrean ibiltzea «garrantzitsua» dela dio, baina oso garbi dauka asko falta dela uda iristeko: «Luzea da oraindik lehia hasi arteko bide hau».

Asier Hernandez Zierbenakoaren ustez, estropada hauek, eta bereziki Oriokoa, probak egiteko dira onak: «Entrenatzaileentzat, aukera ona izaten da arraunlariak elkarrekin lanean ikusteko, eta probak egiten dituzte. Prestakuntzari begira, oso egokia izaten da entrenatzailearentzat eta medikuarentzat».

Burua eta gogoa, udan

Aterako zituzten denek beraien ondorioak, eta larunbatekoa lehia izan zen aldetik, lehia orotan gertatzen den bezala, batzuk gustura geratu ziren egindakoarekin, eta beste batzuk ez hainbeste.

Lau arraunlari hauen kasuan, laurak ibili ziren goian sailkapenean. Larrañagak azaldu duenez, gozatu egin zuten estropadan: «Arazoak ari gara izaten talde osoa entrenamenduetan elkartzeko, eta Orion denok batera aritzeko aukera izan genuenez, gozamena izan zen». Uda begira jarrita, hau esan du: «Iazko bizkarrezurrari eusten diogu, eta orduko mailatik ez gara asko jaitsiko». Camaño ere aldarte onean zen lanak bukatu ondoren: «Ondo ibili gara, gustura. Gogoz gaude, oso motibatuta, hobetzeko asko daukagula garbi izanda».

Carrionek esan du «denaren bila» joan zirela Oriora: «Oso gustura gaude egindakoarekin, eta udara begira, lanean ondo ari garela erakusten du. Taldean bi arraunlari falta zaizkigu iaztik, eta harrobikoekin ordezkatu ditugu. Erronka polita daukagu aurrean, eta motibatu egiten gaitu horrek». Hernandezek ere azaldu du estropada ona egitera joan zirela: «Ondo ibili gara, eta ondo gabiltza. Uda ona egingo dugu».

Bideoa: Oriaren traineri jaitsiera (Julen Aperribai, BerriaTB).

BERRIAn argitaratua (2018/02/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA