astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

ekonomia

Kooperatiben lege berrian arrastoa utzi du Fagor Etxetresnen porrotak

Ivan Santamaria

Kooperatiben lege berrian arrastoa utzi du Fagor Etxetresnen porrotak

Eusko Jaurlaritzak prest du Kooperatiben Legea eguneratzeko aurreproiektua. Eduki tekniko handiko moldaketak nagusi badira ere, zaila da aldaketaren atzean ez ikustea Fagor Etxeretresnen porrotak utzitako itzal luzea, mugimendu kooperatibo osoa astindu zuen lurrikara. Bazkideen ardura ekonomikoak argitzeko, antolakuntza malgutzeko, profesio- nalizazioa handitzeko, eta kooperatiben parte hartze instituzionala errazteko neurriak jasotzen ditu testu artikulatu berriak.

Gobernantza arau berriek derrigortuta, Eusko Jaurlaritzak atzo igorri zion legearen aurreproiektua Eusko Legebiltzarrari. Berez, Lan eta Justizia Sailaren asmoa da urteko azken lauhilekoan proiektua bera onartzea, eta ondoren ganberan tramitazioa abiatzea. Bezperan, aldaketaren nondik norako nagusiak argitzeko jardunaldia egin zuten saileko arduradunek kazetariekin.

Fagorren porrotari lotutako auzibideetan behin eta berriro agertu da bazkideen erantzukizun ekonomikoa. Aurreko legeak, 1993. urtekoak, bi artikulutan arautzen zuen, baina horri buruz egin diren interpretazioak saihesteko, erredakzio berri bat egingo zaio. Lege berriak ezarriko du kooperatibak izandako galeren ardura kooperatibaren beraren ondareari dagokiola, eta, bazkideei dagokienez, kapital soziala dela haien erantzukizun bakarra. Hots, ezin zaiela exijitu euren ondare pertsonalarekin erantzutea, galerak eta zorrak baldin badaude.

Salbuespen bat du legeak. Bazkide batek kapital sozialetik haragoko ardura bere gain hartuko balu —kreditu bat eskatzeko berme gisa, esaterako— «espresuki» agertu beharko da onartutako kontratu edo eginbeharretan.

Kooperatiben emaitzan galerak daudenean, bazkideen artean banatzeko prozedurak sortu izan du nahasmena. Horretan ere galera horiek ezartzeko muga bazkideak egindako ekarpena dela dio proiektuak, eta, diru horrekin nahikoa ez balitz, kapital handitzea egin ahalko dela falta den kopurua berdintzeko. Bazkide batek ekarpen berria kitatuko ez balu, kooperatibatik atera beharko litzateke, baina ez luke inolaz ere bere ondare pertsonala horretara bideratu beharko.

Menpeko ekarpenak

Kooperatibak finantzatzeko tresnak urakanaren erdian jarri ditu krisiak. Eroskik eta Fagorrek jaulki zituzten menpeko ekarpenen auziak hautsak harrotu ditu, eta oraindik auzibidean dago. Ez dagokio Jaurlaritzari halakoen erabilera arautzea. Berez, lege aurreproiektuak jasotzen ditu, finantzabidea lortzeko iturri modura, beste bide batzuekin batera, baina jaulkipen horien kontrola CNMV Espainiako burtsa ikuskatzaileari dagokio. Jaurlaritzaren eskumena ez bada ere, halako ekarpena erosiko dutenei informazio gehiago emateko beharra jaso nahi dute.

Legea «behar den neurrian liberalizatu» dutela defendatu du Jon Azkue Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak, kooperatibak kapital sozietateen egoerara hurbiltzeko asmoarekin. Mugimendu kooperatiboak egindako eskaerei erantzun zaie. «Adostasunean eginiko testua da», ziurtatu du Azkuek.

Antolakuntza malgutzeko borondate hori neurri ezberdinetan islatu da. Hala, enpresek lanaren %30 bazkide ez diren bestelako langileekin betetzeko aukera. Orain arte, kopuru hori %25 zen, eta soilik lan elkartukoentzat. Aurrera begira zerbitzu kooperatibek ere aukera hori izango dute. Kontratu edo eskaera zehatz bati erantzuteko kopurua handitzea beharko balute, posible lukete, baina hiru hilabeteko mugarekin. Denbora luzeago baterako izanez gero, Jaurlaritzak berariazko baimena eman beharko die.

Kooperatibak eraldatzeko, bestelako enpresekin bateratzeko, edota zatitzeko moduak gehiago arautu dira. Negozioaren parte bat kooperatibatik atera eta bereizteko aukera propio agertzen da lehen aldiz legean. Hots, posible litzateke negozio unitate batzuk saltzea, edo, saldu gabe, kapital sozietate bihurtzea. Kasu horretan, baliabide propioetan unitate horrek duen partea aztertu beharko litzateke, banaezinak diren funts kooperatiboen zein parte dagokion zehazteko.

Enpresa batek kooperatiba izateari utzi eta bestelako forma juridiko batekin aurrera egin nahiko balu, orain arte existitzen ez ziren bitarteko batzuk eskaintzen zaizkio. Esaterako, posible luke galerak ordaintzea banaezinak diren funtsekin. Aktiboek izandako balio galtzea ere funts banaezin horiekin kitatzeko aukera legoke, beti ere auditore independente baten aldeko txostena balego.

Kapital sozietateen 2014. urteko lege berriak gobernantzan finkatu zituen aldaketa batzuk ere islatu dira aurreproiektuan. Profesionalizazioa xede dute moldaketa horiek. Administratzaileei ordaintzea aurreikusten du, eta ordain horrek enpresako beste soldatekiko «proportzioa» gorde beharko duela esaten da. Kontseilu nagusiari dagokionez, kideen heren batek kontseilari kargua izan ahalko dute bazkide kooperatibista izan gabe. Orain arte laurden bat ziren.

Kooperatiben izaerari dagokionez, bi eredu berri agertuko dira legean. Batetik, junior kooperatibak daude. Ikasleek ikastetxean jasotako heziketa modu praktikoan erabiltzea bideratu nahi da formula horrekin. Bestetik, garraioari lotutakoak arautu dira, bi formula ezberdinekin: lan elkartukoak eta garraio zerbitzuetakoak. Era berean, eraikuntzan etxebizitza kooperatiben formula iruzurrean erabili dituzten kasuak amaitzeko, horren baldintzak zorroztuko dira.

Kooperatibak, eragile

Kooperatibak «gizarte eragile» izendatzea aurreikusten du lege asmoak, eta, horren barruan, Eusko Jaurlaritzak indarrean dituen ekonomia, hezkuntza eta gizarte alorreko organoetan parte-hartzea «sustatuko» da. Mugimendu kooperatiboak aspaldi egindako eskaera da, baina polemikoa ere bai. Patronalak eta sindikatuak beti agertu dira kooperatibak lan harremanei lotutako erakundeetan egotearen kontra. KES Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak gizarte eragile izendapena bera ere errefusatu zuen, aurreko legealdian egindako lege proiektua aurkeztu zitzaionean.

«Ez doa inoren aurka», argitu du Azkuek, baina eztabaida sakona espero du, eta adostasun bat erabakitzeko kooperatibek non egon behar duten eta non ez. Orain dela gutxi SPRIko organoetan sartu dira, esaterako. Osalanen ere badira. «Gizarte elkarrizketaren mahaian ez ditugu ikusten», onartu du sailburuordeak.

BERRIAn argitaratua (2018/02/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA