astekaria 2015/12/11
arrowItzuli

gizartea

Euskararen bidean berunezko zapatekin

Ion Orzaiz

Euskararen bidean berunezko zapatekin

Iragan osteguneko Euskararen Nazioarteko Egunaren arrimura, Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzionala argitaratu zuen. Agirian, «hizkuntza eskubideak bermatzearen garrantzia» azpimarratu zuen, eta euskararen erabilera alor guztietan ahalbidetzeko konpromisoa berretsi. «Hiztunen komunikazio beharrak asetzen segitzeko, euskarak tokia behar du gizarte modernoan: hedabideetan, teknologia berrietan, goi mailako ikasketetan, kultura produktuetan edota aisialdian», zioen agiri ofizialak.

Hala ere, adierazpen instituzionalak gauza bat dira, eta eguneroko jarduna, berriz, oso bestelako bat. Eta euskararen aldeko apustua ez da neurri berean islatzen batean zein bestean. Hori uste du, behintzat, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak.

2016ko aurrekontu proposamenean, esate baterako, Uxue Barkosen gobernuak euskalgintzari eta hizkuntzaren normalizazioari eskaintzen dien tartea «oso eskasa» dela diote Kontseiluko arduradunek. «Ez da euskalgintzak behar duen aldaketa; hizkuntzaren beharretatik oso urrun gelditzen da», esan zuen Paul Bilbao idazkari nagusiak, aurrekontuen zirriborroa aurkeztu zen egun berean. Ez da funtsik gabeko baieztapena, kritikaren oinarrian ikerketa sakona baitago: departamentuz departamentu, arloz arlo, gobernuak euskara sustatzeko eman dituen «eta eman ez dituen» pausoak zorrotz aztertu ditu Kontseiluak.

Oro har —eta aurrekontuetan Euskarabideari emandako diru kopuru absolutuei soilik erreparatuta—, agerikoa da gobernu berriak handitu egin duela euskararen normalizaziorako inbertsioa. Zehazki, 2016an 4.045.220 euro emanen dizkio gobernuak Euskarabideari: aurrekontu osoaren %0,1. Aurreko urteetan emandakoa baino dezente gehiago da hori; batez ere, kontuan izanda 2013tik aurrerako partida garrantzitsu asko ez zituela ordaindu UPNren gobernuak. Hala ere, euskararen normalizazioa bermatzeko, «UPNk kendutako diru sailak berreskuratzea baino askoz gehiago» egin behar dela dio Kontseiluak: «Aurrekontuaren %0,1 kopuru irrigarria da, ez da inolaz ere aski, eta ez du hausten lehenagoko politika ekonomikoa, oso txikia baita tartea».

Kontuak sailka aztertuta, ordea, kezkak handitu baino ez dira egiten. Euskarabidearen eskuduntzatik at gelditzen diren alor askotan, adibidez, neurri gutxi hartu dira euskararen presentzia bermatzeko, eta hori salatu du Kontseiluak. Hona hemen txostenean aletzen diren kasu aipagarrienetako batzuk.

EUSKARABIDEA

Pastelaren zati handiena, egitura ordaintzeko

Kontseiluaren irudiko, Euskarabideak duen egitura ez da asko aldatu UPNren garaiekin alderatuta: «Gastu ardatz gehienak mantentzen dira, epigrafeak aldatuta, eta ez da ondorioztatzen politika berritzailerik. Gehiago ala gutxiago, baina orain arte indarrean egondako irizpideak mantendu dira».

Aurrekontu txikia du Euskarabidea institutuak, eta horrek paradoxa bat sortzen duela nabarmentzen du Kontseiluak: «Diru gutxi izanda ere, aurrekontuaren zatirik handiena Euskarabideak berak behar du bere egitura ordaintzeko. Erdia baino askoz gehiago etxean bertan gelditzen da». Zehazki, lau milioi euroko aurrekontutik, ia hiru milioi erabiliko dira Euskarabidearen egiturazko gastuak ordaintzeko: azpiegitura, soldatak... «Horrekin ez dugu esan nahi egitura txikitu beharko lukeenik edo langile gutxiago izan beharko lituzkeenik. Aitzitik, aurrekontua handitu beharko litzateke, behar guztiak ase ahal izateko», dio Bilbaok.

EUSKALTEGIAK

UPNk duela bost urte emandakoa baino gutxiago

Euskalgintzan diharduten eragileen artean, helduen euskalduntze eta alfabetatzearen sektoreak pairatu du egoera latzenetako bat. Sortzetik beretik, zailtasun ekonomiko handiak izan dituzte euskaltegiek, eta herritarren bultzadari esker egin dute aurrera. Horrek ondorio latzak izan ditu kasu askotan: irakasleen iraunkortasunik eza, lan baldintza eskasak, ikasleak erakartzeko eta baliabide pedagogikoak lortzeko zailtasunak...

Egoerari aurre egiteko, 300.000 euroko diru partida proposatu du aldaketaren gobernuak, baina Kontseiluarentzat oso eskasa da kopuru hori. «UPNren gobernuak, 2010ean, 394.381 euro inbertitu zituen sektorean, krisiaren unerik gordinenetako batean». Eta denboran atzerago eginez gero, aldea are handiagoa da: 400.000 euro 2009an, eta 510.000 euro urtebete lehenago.

Kontseiluko ikerketan azaltzen denez, konparazioa «bereziki mingarria» da helduen euskalduntzeari emandako diruak ingelesa ikasteko laguntzekin alderatuz gero: «Gobernu berriak, CNAIren bitartez, 412.446 euro inbertitzen ditu irakasle eta funtzionario helduek ingelesa ikas dezaten; gehiago inbertitzen da ingelesaren irakaskuntzan, herri mugimenduak sustatutako euskaltegietan baino».

HEDABIDEAK

Erregimenak utzitako zuloa estali besterik ez dute egin

Euskaltegien egoera bertsuan dira Nafarroan euskaraz diharduten hedabideak. 2008. urtean, 310.000 euroko diru saila ezarri zuen UPNk horiei laguntzeko, baina bidea tranpaz josi zuen: gaztelania hutsean argitaratzen diren hedabideek ere zabalik zuten deialdira aurkezteko atea, eta irizpide nagusia irismena izanik, Diario de Navarra-k eskuratzen zuen laguntzarik handiena, astean behin orrialde bakarra euskaraz argitaratzeagatik. 2009an, diru sail hori kentzeko imintzioa egin zuen gobernuak (9.500 euro eman zituen), baina, presioen ondorioz, berreskuratu egin zuen 2010eko eta 2011ko aurrekontuetan. Ordutik, baina, ez du euro bakar bat ere eman euskara hedabideetan sustatzeko.

Orain, diru sail hori berreskuratu du Nafarroako Gobernu berriak 2016ko aurrekontuetan; eta aurkeztutako zirriborroaren arabera, 250.000 euro banatuko ditu hedabide guztien artean. Zuloa tapatuko dute, beraz. Kontseiluko kideen ustez, baina, sektoreak «ezin du bere burua garatu diru inbertsio eskas horrekin». Halaber, gobernuak ez du aurreikusi diru sailik euskara hutsezko hedabide espezializatuak sortzen laguntzeko, ezta langileen formaziorako eta berrikuntzarako ere.

OSASUNBIDEA

Euskarak osasun alorrean aurrera egiteko baliabiderik ez

Beste hainbat departamentutan gertatzen den bezala, Osasunbidean herritarrekiko arreta euskaraz bermatzeko neurririk ez du planteatu gobernuak. «Oro har, osasun sistemaren euskalduntzea bildu beharko lukeen programarik ez dago». Halaber, hizkuntza paisaia egokitzeko edo profesionalak eta gaixoak hizkuntzaren arabera identifikatzeko proposamenik ere ez du egin.

Arazo larrienetako bat euskararen Nafarroako mendialdeko arreta zerbitzuetan antzeman du Kontseiluak: «Euskararen arnasguneetan oinarrizko arreta euskalduntzeko plangintza egin ahal izateko, aurreikuspena behar da, eta halakorik ez dago; hortaz, euskarak nekez eginen du aurrera».

HEZKUNTZA

D ereduaz harago, euskara sustatzeko planik ez

Orain arte, hezkuntzarena izan da UPNk, PPk eta PSNk hautatutako ahariburua, gobernu berriaren aurka jotzeko. PAI ingelesa ikasteko programak «berriz ebaluatzeko» eta D eredua eremu ez-euskaldunera ere zabaltzeko konpromisoek hautsak harrotu dituzte erregimena babestu duten alderdien artean. Konpromiso horiez harago, baina, neurri «ausartagoak» behar direla uste du Kontseiluak. Gabezia handiak antzeman baititu sektorean.

Administrazioaren barruan, adibidez, ez dago irakasle elebakarrak euskalduntzeko programarik, «eta ez da halakorik aurreikusten». Unibertsitatearen alorrean gauza bera gertatzen da, ez baitago euskalduntzean sakontzeko diru sailik. «Hutsaren hurrengoa da unibertsitate publikoak euskaraz duen eskaintza, eta horrek gazte euskaldun nafarrak exodora zigortzen ditu», gogoratu du Kontseiluak.

Euskalgintzaren beste aldarri historiko bat lanbide heziketarena da. Euskararen presentzia oso urria izan da betidanik esparru horretan, eta hala ere, Nafarroako Gobernuak ez du diru sailik aurreikusi eskaintza handitzeko, irakasleak prestatzeko edota testu liburuak euskalduntzeko. Euskaraz ikasteko aukera herrialde osora zabaltzeko plangintzarik ere ez da existitzen.

GAINONTZEKOAK

Zehar lerro izaerarik ez zaio aitortzen euskarari

Aipatutako guztiez gainera, ondoko departamentuen aurrekontuak ere aztertu ditu Kontseiluak: Justizia, Segurtasuna, Ogasuna, Enplegua, Immigrazioa, Landa Garapena, Kirola eta Gazteria. Guztietan, baina, ondorio bera atera du: ez da diru sailik aurreikusi departamentu horietan euskara sustatzeko, ez departamentuen barruan —langileak euskalduntzeko laguntzak, informazioa eta euskarriak euskaraz argitaratzeko plangintzak, eta abar—, ezta erabiltzaileekiko arretari dagokionez ere. «Ez dira baliabideak aurreikusi plangintzak abiatzeko ezta euskararen zirkuituak eratzeko ere, eta horrekin, plangintzen lan ildoa guztiz baldintzatuta gelditzen da», adierazi dute euskalgintzako kideek.

Sail bakoitzean hizkuntza politika egiteko baliabiderik adjudikatu ez izana «akats larria» dela uste du Paul Bilbaok, horrek ez baitu euskararen «zehar lerro izaera» bermatzen. «Baliabide guztiak Euskarabidean kontzentratzen dira, eta horrek kolokan utzi ditu gainontzeko sail guztiak, euskarari dagokionez».

Oker horiek guztiak zuzentze aldera, laguntza eskaini dio Kontseiluak Nafarroako Gobernuari. «Ausartak badira eta euskararen aldeko apustu irmoa egiten badute, aldamenean izanen gaituzte, babesa adierazten». Aldaketaren kontzeptua euskararen esparrura ere irits dadin, eta euskarak azken urteetan arrastaka eraman dituen berunezko botak behin betiko erantz ditzan.

BERRIAn argitaratua (2015/12/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA