astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

bizigiro

«Hautsi egin behar dugu»

Maialen Unanue Irureta

«Hautsi egin behar dugu»

Aulki pila bat BERRIAren atari nagusian, eta batere ez jangelan, bilera gela txiki eta handietan. Diseinu taldekoak eskaileretan gora eta behera, aulkiak eraman eta ekarri: hurrengo igandeko Harian-a Euskal Elkargoari buruzkoa zen. «Egunero halakoak egingo bagenitu, galduko genituzke kilo batzuk...», dio, txantxetan, Maixa Olano BERRIAko diseinu arduradunak. Horixe baita Igandea-ren azalak egitea: izerdi pixka bat botatzekoak dira batzuk, eguneko argazki bati lotuak beste batzuk, buruari ahitu arte eragitekoak zenbait, erraz erditzen direnak besteak... Eta, batzuetan gertatzen da, kazetaritzaren ajeak direla tarteko, egindako lana pikutara joatea, eta horixe gertatu zen horrekin: Joseba Sarrionandia idazlearen elkarrizketa sartu zen azken orduan.

Iazko hogei azal hautatu eta irakurleek gustukoenak bozkatzeko aukera emango du gaurtik aurrera BERRIAk, hilaren 28ra arte; #2017koIgandeak traola erabiliko dute sarean. Boto gehien lortzen duten hiru azalen lamina eta asteburuko BERRIAlagun harpidetza urtebeterako zozkatuko dituzte partaide guztien artean, saridunarentzat edo hark nahi duenarentzat; martxoaren 1ean jakinaraziko dituzte irabazleak.

2014ko ekainaren 1ean argitaratu zen lehenengo Igandea, aktualitateari lotutako gaiak eguneroko martxak uzten ez duen sakontasunarekin lantzeko erdi egunkari erdi aldizkaria. Gure Esku Dago ekainaren 8an egitera zihoan giza kateari buruzkoa izan zen lehenengo hura. Gogoan dute eguna Olanok, Olatz Muñoa diseinatzaileak eta Mikel P. Ansa eta Jakes Goikoetxea editoreek: Baionako ordezkaritzako buru Aitor Renteria Txato lankidea hil zen bezperan, eta Igandea-ren lehen azal horretan eman zuten haren heriotzaren berri.

Azal bakoitzaren atzean, gutxienez, astebeteko talde lana dago, batetik, eta azal horien ondotik eskaintza periodistiko berri bat, bestetik. Bi erritmo, egunerokoa eta astekoa, lantalde beraren bizkar gainean. «Egunerokoetan, gaiaren arabera, ahalegin bat egin behar izaten dugu, baina Igandea-n zer edo zer gehiago ekartzen saiatzen gara», nabarmendu du Olanok.

Asteroko «erronka txikia»

Astelehenetan dago koska: orduantxe biltzen dira Olano, Goikoetxea, P. Ansa eta Harian-a lantzen ari den saileko koordinatzailea eta kazetaria. «Panorama orokorra ikusten dugu: zenbat orri izango diren, nola antolatuta... Eta hor egiten dugu galdera: 'Zein da gure hipotesia edo ideia nagusia?'», azaldu du Goikoetxeak. Izan ere, beharrezkoa baitute galdera hori erantzutea «funtsera, muinera joateko». Hortxe hasten da ideia zaparrada. Batzuetan ideia argi batekin bukatzen dira bilerak, eta beste batzuetan, ez hainbeste. «Batzuetan, hauek hasten dira pelikula bat muntatzen [barreak], ia ematen du komiki bat egin behar dela... Abstraktu samarrak diren horiei gaseoso deitzen diegu gure sailean», gehitu du Olanok. Asteroko «erronka txikia» da, Goikoetxearen esanetan.

Izan ere, Igandea-ko azalak bizpahiru segundoan harrapatzeko modukoak izatea bilatzen dute. «Saiatzen gara lehenengo kolpean irudi zuzen bat edo gauza sinple bat transmititzen, jolas bat egiten irakurlearekin», azaldu du Olanok. Igandea-rekin hasi zirenetik gaur arte, garapen bat egon da azaletan, sinpletasunera joz, Goikoetxearen ustez: «Azalik sinpleenaren atzean, xehetasun asko, lan asko dago, baina ideiak zerbait soila izan behar du, garbia».

Gai oso konkretuak direnean sortzen dira zailtasunak, maiz. «Nola ilustratzen duzu haurdunaldi subrogatua?», galdetu du Goikoetxeak. Azaldu duenez, «oso galduta» daudenean, inspirazio bila aritu izan dira Interneten, gai hori nola irudikatua izan den ikusteko: «Baina, askotan, ez digute balio ideia horiek, ez dutelako gure ildoarekin bat egiten». Batzuetan, pare bat ideia desberdin garatzea erabakitzen dute, Muñoak azaldu duenez: «Gero, bietako bat baztertzen dugu, edo, beste batzuetan, ideia batekin hasi, eta zeharo aldatzen da, nahiz eta jada osteguna izan, esaterako».

Baliabideak direnak dira: ez dago aparteko lantalde bat azalak egitera dedikatzen dena, ohartarazi du P. Ansak: «Ondo pentsatu behar ditugu gauzak, zeren gauzak probatzen debalde hastea... Nahiko lan badute diseinatzaileek egunerokoarekin, bestela ere». Dezenteko lanketa eskatzen duen bide bat proposatzeak «erreparo pixka bat» ematen dio Goikoetxeari, gerta baitaiteke azken momentuan atzera botatzea, lankideek garbi ikusten ez badute. Askotan, ordea, probak egitea beste aukerarik ez da izaten, Muñoaren esanetan. Lantalde bat eta bakarra dago azalak diseinatzeko, eta horrek dakartzan beste lanak egiteko, gehitu du Goikoetxeak: «BERRIA gara: azalak pentsatzen eta diseinatzen dituen jende berak bukatzen du katiluak garbitzen».

Krak egitea, literalki zein ez

Iazko urriaren 8an argitaratutako Igandea-ren azalaz ari da. Espainiaren autonomien bidezko egituraketari erreferentzia egiten zien bai irudiak bai izenburuak -«Hoztu da 'denontzako kafea'»-, horren mapa kafez betetako katiluekin irudikatuta eta Kataluniari zegozkionak hautsita. Zenbat katilu beharko ziren kalkulatu, kafe termoa prestatu -agortutakoan, kola freskagarriarekin bete-... «Batzuetan, estu ibiltzen gara, baina bizipoz puntu bat ere badu: diseinatzaileek beti harritzen gaituzte erredakzioan gauza bitxiekin dabiltzanean, 1917ko iraultzaren mendeurrenerako igitai eta mailu banarekin ikusi genituenean bezala», gogoratu du P. Ansak.

Barack Obamaren agintaldiaren amaierari buruzko Igandea-ren azalak, 2016ko azaroan, mugarri bat ezarri zuen azalak egiteko moduan. «'Koadroa bota beharko da, eta hautsi', esan zuen Jakesek, eta arrazoi zuen: ez da gauza bera kristal hautsien efektua Photoshopekin egitea, edo benetan koadroa puskatzea: krak bat egin genuen», azaldu du P. Ansak. Izan ere, horrek «beste zerbait» ematen dio, Muñoaren esanetan. Orduan hasi ziren materialekin lan egiten, eta, askotan, hausten. «Ez zizuten behin esan beti gauzak puskatzen ari ginela?», gogorarazi dio, barrez, Olanok P. Ansari.

Hortik aurrera, hausteari ekin zioten, literalki. Orduan hasi ziren gauzak fisikoki puskatzen, baina 2014tik daramate egunkari azalen ohiko itxurarekin hausten. «Batzuetan asmatzen dugu, beste batzuetan ez: igual batzuei ez zaie eredu hori gustatuko, baina egin dugu bide bat», nabarmendu du Goikoetxeak.

Botoa emateko, klikatu BERRIAren lotura honetan.

BERRIAn argitaratua (2018/02/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA