astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

kirola

ANE SANTESTEBAN

«Oso gogorra izan da istripuak ekarritako ondorioei aurre egitea»

Eñaut Agirrebengoa

«Oso gogorra izan da istripuak ekarritako ondorioei aurre egitea»

Iazko martxoaren 16an tunel beltz batean barneratu zen Ane Santesteban. Istripua izan zuen egun hartan, entrenatzen ari zela. Nola ez daki, gertatu zitzaionaz ez baita oroitzen; haatik, ederki asko gomutatzen du geroztik pasatutako kalbarioa. Buruko minak, ikusmen arazoak eta neke handia ekarri zizkion ezbeharrak, eta argia zekusala uste zuenean, zulora jausi zen berriro, abenduan izaniko eroriko arin baten karietara. Pasatu zitzaion burutik bizikletatik jaitsi eta amore emateko ideia, baina ekinaren ekinez lortu du tuneletik irtetea. Denboraldiari ekitear dago. Hala ere, kirol helburuen gainetik, berriro txirrindulari sentitzea du lehentasuna.

Datorren astean ekingo diozu sasoi berriari, Valentziako Itzulian. Nola zaude?

Nahiko galduta nago, ia geldi izan bainaiz sei hilabetez. Abuztuan, denboraldia amaitzea erabaki nuen. Urrian, berriro entrenatzen hasi nintzen, baina abenduan beste eten bat egin behar izan nuen. Hilaren hasieran, talde egonaldi bat izan genuen Calpen [Alacant, Herrialde Katalanak], eta erorketa arin bat izan nuen bertan. Ez zen ezer larria izan, baina martxoan izandako istripuaren ondorioak berritu zitzaizkidan.

Gurutze bide baten modukoa izan zen zuretzat joan zen denboraldia. Nola bizi izan zenuen?

Gaizki. Laguntza psikologikoa eskatu behar izan nuen. Oso gogorra izan da istripuak utzitako ondorioei aurre egitea. Bazirudien ez zela kontu larriegia, baina berriz ere betiko martxari ekiterakoan, buruko minak eta ikusmen arazoak etorri zitzaizkidan. Hasieran nahiko ondo eraman nuen, baina behin eta berriro gelditu behar izan nintzenez, azkenean gainezka egin zidan egoerak. Laguntza eskatu nuen. Orain lasaiago nago jada.

Istripuaren ondorioak, beraz, psikologikoak izan ziren batik bat. Akaso, hobe da hezur bat apurtzea, buruan halako arazoak izatea baino.

Bai. Burua oso konplexua da. Hezur bat apurtzen baduzu, badakizu zer datorkizun: hainbat astez geldirik egotea. Nire kasuan, ordea, eperik ezin zidaten jarri. Egia da neurologoak hasieratik esan zidala urtebete inguru beharko nuela guztiz osatzeko. Ordea, normal entrenatzen hasten zara, zeure burua ondo ikusten duzu, eta ahaztu egiten zaizu medikuak esandakoa. Pentsatzen duzu: «Ni txirrindularia naiz, eta azkarrago sendatu naiz». Baina ez zen hala izan. Gogorra izan da, ez nekielako nora jo eta zer egin. Asko sufritu nuen.

Ia denbora gehiago igaro zenuen mediku artean, tropelean baino, ala?

Egunero mediku batekin izan nintzen. Neurologoak, osteopatak, fisioterapeutak... Espezialista pila probatu ditut. Orain osteopata galiziar batekin nabil, eta ematen du bera izango dela azkena. Izan ere, harekin nabarmen egin dut hobera.

Istripuaren nondik norakoak argitu al dira?

Ez. Ez zegoen ez lekukorik, ez kamerarik; beraz, zaila da ezer argitzea. Kasua itxi egin dute, ezin baita inora iritsi. Onena ahaztea izango da. Hasieran buelta asko ematen nizkion buruari. Benetan gertatutakoa jakin nahi nuen. Baina kito. Ez du merezi gehiago tematzea.

Pasatu zenuena pasatu eta gero, eta osatuta zinela ematen zuenean, eroriko arin batek mamu zaharrak berpiztu zizkizun. Ez da sinestekoa.

Calpen oso pozik nengoen taldearekin. Kilometro pila egin genituen hamar egunez. Kalitatezko entrenamenduak izan ziren, gainera. Ondo sentitzen nintzen, buruko oinazerik gabe. Erorketa azken egunean izan nuen, taldekide batzuekin. Ez zen ezer izan, barrezka aritu ginen. Bada, hurrengo egunean nekatuta esnatu nintzen. Normala zela pentsatu nuen, kontzentrazioaren lan karga hor baitzegoen. Ordea, okerrera egin nuen egunetik egunera. Oso kolpe gogorra izan zen. Pozarren nengoen, ustez osatuta nengoelako, eta berriz ere gelditu egin behar izan nintzen. Abendutik urtarrilera arrabolako lana egin nuen bakarrik, errepidera irten gabe. Asko sufritu nuen hilabete hartan.

Nola da posible eroriko arin batek martxoko istripuaren aztarnak berritzea?

Azaldu didatenez, burua ez zegoen erabat sendatuta, eta kolpea hartzean, gogoratu egin zituen istripuaren ondorenak. Sintoma berak izan nituen.

Ibili zinen bezala ibilita, medikuz mediku eta konponbidea aurkitu ezinik, uneren batean sentitu al zenuen erretiroa hartzeko bulkada?

Bai, askotan pentsatu dut. Dena okerrago ikusten duzu gaizki zaudenean. Neguan erorketa eduki nuenean, dena uztea pentsatu nuen. Psikologikoki gaizki nengoen, etsita erabat. Neure buruari galdetzen nion: «Merezi al du horrela egotea?». Orduan laguntza eskatu nuen, eta oso ongi etorri zitzaidan. Pixkanaka-pixkanaka, buelta eman diot egoerari, eta, orain, ematen du hobeto nagoela.

Oztopoak oztopo, iaz gai izan zinen emaitza onak lortzeko; esaterako, seigarren izan zinen Durango Sarian, hamabigarren Emakumeen Biran, eta hogeigarren Giroan. Berezko handia duzun seinale.

Lasaitasun handia eman dit horrek. Oraindik badut beldurra, bueltatutakoan zer pasatuko den. Ez dakit nola itzuliko naizen, baina lasaitu egiten naute iaz lortutako emaitzek. Itzuli, eta seigarren egin nuen Durangon. Gero laugarren izan nintzen Plumelecen, Giroan postu ona lortu nuen... Ahazteko modukoa izan zen denboraldia, baina emaitzak ez ziren txarrak izan.

Konponbidea osteopata galiziar bat izan dela aipatu duzu. Zer tratamendu ari zaizu eskaintzen?

Buruko osteopatia egiten dit. Urtarrilean Galiziara joan nintzen, eta ordutik nabil harekin lanean. Buruan eta ahoan aplikatzen dit tratamendua. Oraingoz, astean behin ari naiz harengana joaten. Eta etxean ariketa batzuk egiten ditut, begiekin eta. Oraintxe ondo nago, baina batzuetan min apur bat izaten dut buruan eta ezkerreko begian. Erabat osatzea da ariketen helburua. Poliki-poliki, hobeto nago.

Oraindik beharko duzu denbora indarberritzeko. Zer fasetan zaude orain?

Entrenamendu arruntak egiten hasia naiz. Hiruzpalau orduko entrenamendu saioak ari naiz egiten, eta joan zen astean jada intentsitate dezente sartu nuen.

Taldearen babesa sentitu duzu hilabete hauetan guztietan?

Hasiera-hasieratik. Istripua izan eta gero, ospitalean esnatu, eta mezu bat neukan, esanez lasai egoteko, sasoi honetarako jada kontratua banuela, eta aurrena pertsona gisa osatu behar nintzela, gero txirrindulari gisa osatzeko. Horrek asko lagundu zidan aurrera egiten. Bestela, buruhauste ugari izango nituen, kontratuaren harira, eta abar. Presio horrek ez zidakeen batere onik egingo.

Jada laugarren denboraldia duzu Ale Cipollinin. Taldeko ikurretako bat al zara?

Tira, gero errepideak bakoitza bere lekuan jartzen du, baina laugarren urtea dut jada taldean, eta oso gustura nago, egia esan. Familia baten modukoa da niretzat. Txirrindulariari ez diote inolako presiorik sartzen. Lasterketa bat gaizki ateratzen denean, ez dituzte ezer leporatzen. Hori oso garrantzitsua da niretzat. Gainera, talde gisa oso ondo funtzionatzen dugu. Hemen jarraitzeko asmoa dut.

Movistarren edo Bizkaia Durango-Euskadi Muriasen eskaintzarik jaso duzu?

Bai, baina nik kontratua sinatua nuen, eta ezin nuen ezer egin.

Eta kontratua sinatu gabe eduki izan bazenu, zer egingo zenukeen?

Ez dakit. Bere garaian Ale Cipollinirekin sinatzea erabaki nuen, eta kito. Ez dut inoiz bestelakorik pentsatu. Oso pozik nago taldean.

Hortaz, ez zara damutzen?

Ez, ez. Oso gustura nago, eta ikusi beharko da datorren urteari begira zer gertatzen den.

Zer iritzi duzu proiektu berri hauen inguruan?

Oso garrantzitsua da halako proiektuak egotea. Movistarri dagokionez, uste dut Euskal Herrian eta Espainian halako talde bat behar genuela. Bere garaian, kanpora joan behar izan ginen Anna Sanchis, Sheyla Gutierrez eta neroni. Pauso oso garrantzitsua eman da orain.

Zer helburu izango duzu denboraldi honetan?

Aurreneko helburua, guztiz sendatzea da. Hortik aurrera, kirol arloan normalean helburu berberak jartzen ditut: Ardenetako klasikoak, batetik, eta Emakumeen Bira, bestetik, etxeko lasterketarik garrantzitsuena izaki. Aurten, gainera, World Tourreko egutegiaren parte izango da aurrenekoz, beraz, ederra izango da bertan lehiatzea.

Oraingoz, Bizkaia Durango-Euskadi Muriasek eta Sopelak ez dute gonbidapenik jaso Emakumeen Biran parte hartzeko. Zer deritzozu?

Pena handia ematen dit bi euskal talde horiek Biran ez egoteak. Euskal Herriko taldeak izanda, ez zait ondo iruditzen bertako lasterketarik onenera ez gonbidatzea. Hemengoei aukera hori eman behar zaie. Haientzat, oso garrantzitsua da Biran izatea. Ez zait ondo iruditzen zerrendatik kanpo utzi izana.

Bestalde, zer moduz doazkizu enpresa ikasketak?

Ondo. Karreraren bigarren mailan nago orain. Lehen lau-hilekoko azterketak egin ditut jada, eta denak gainditu ditut. Zaila da ikasketak eta goi mailako txirrindularitza uztartzea, baina ikasketak bukatzeko asmoa dut. Murtziako Unibertsitatean nago [Espainia], eta haiek asko laguntzen didate, adibidez, lasterketak azterketekin bateragarriak izan daitezen.

Etorkizunean halabeharrez duzu pentsatu beharra.

Hala da. Emakumezkoen ziklismoak egunean bizitzeko ematen dizu, besterik ez. Etorkizunean nahitaez pentsatu behar da. Oraingoz, 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoak iritsi arteko zikloa jarri dut epe bezala, eta gero ikusiko dut zer egin. Orain, berriro txirrindulari sentitzea dut buruan.

BERRIAn argitaratua (2018/02/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA