astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

mundua

Diplomaziaren jokoak

Olatz Urkia

Diplomaziaren jokoak

Seuldik bi ordura trenez, Neguko Olinpiar Jokoek aurrera jarraitzen dute Pyeongchang-en. Kirolak izan beharko luke protagonista, baina beste behin ere, gatazka geopolitikoek itzal egin diete Olinpiar Jokoei. Otsailaren 9an hasi zirenetik, protestak izan dira sarritan, bai Ipar Korearen parte hartzearen aurka, baita alde ere. Zalaparta handia, hortaz: inaugurazioaren egunean kirolari hegokorearrekin batera bandera bakar baten azpian desfilatu zuten 22 atleta korearrek.

Inaugurazioaren egunean, Pyeongchangen zirkulaziorako itxita zeuden kale txikiak, hegokorearrak eta atzerritarrak neguko arropa jantzita paseatzen ari ziren, eta ez ziren kezkatzen protesten ondo-ondotik pasatzen zirenean. Azken urtean, hegokorearrek astero egin dituzte protestak, eta, gainera, patruilatzen ari diren ehunka poliziak egoera kontrolpean dutela sinetsarazi diete.

Kalearen alde batean, adin ertaineko 100 bat emakume eta gizonek bandera hegokorear eta estatubatuarrak astintzen dituzte perkusioaren erritmoan. Alde hemendik, edo Stop programa nuklearra diote beren pankartek. Ipar Korearen kontrako muturreko manifestariak dira, Washingtonek Piongiangi zuzenean eraso egin eta Kim Jong-un lider iparkorearra boteretik kentzea nahi dutenak. Kirolari iparkorearrek jokoetan lehiaketa bat duten bakoitzean ateratzen dira kalera protestatzera.

Izenik eman nahi ez duen 60 bat urteko gizon hegokorearra da horietako bat. Bere iritzia emateko prest dago, ordea: «Ez lukete hemen egon behar, ez ditugu hemen nahi. Ipar Koreak guztia kutsatzen du. Ez ditugu hemen ikusi ere egin nahi, gutxienez, beren programa nuklearrari amaiera eman, eta Hego Koreari eta mundu osoari mehatxu egiteari uzten dioten arte».

Manifestazioaren ondoan, gizon bat bandera estatubatuarrak oparitzen ari da. 50 bat urteko emakume bat gerturatu zaio. Ondo hitz egiten du ingelesez: «Orain, jokoekin bakerantz goazela dirudi, baina ez naiz fio. Ziur nago Ipar Koreak bere delegazioak hona bidaltzeko ezkutuko arrazoiak dituela. AEBei dagokienez, talde berean gaude».

Hego Koreako herritarren zati bat, gehienbat aurreko presidente Park-Geun-hyeren aldekoak —eskuinekoak—, estatubatuarren presentzia militarraren aldekoak dira. Baina atzerriko militarren paternalismoak protesta asko sortu ditu Hego Korean; batez ere, azken urtean, misilen kontrako ezkutuaren instalazioa dela eta. Errusiak eta Txinak ere asko kritikatu dute Washington; beren ustetan, AEBetako armadak Koreako penintsulan duen interesak beste leku batean du oinarria: haien ustez, Txinaren base militarrak zelatatu, eta etsaitzat duten herrialdea inguratuta edukitzea da AEBen helburua.

Kirolari iparkorearrak nahi ez dituztenak perkusioaren erritmoan murgilduta dauden bitartean, kale berean, pare-parean 200 bat gazte dantzan ari dira, zuri-urdinez jantzita, beren mezuak erakutsiz: Korea bakar bat da beren pankartek esaten dutena.

Gazte bakezale horiek uste dute penintsulako gatazka leundu eta bi herrialde bizilagunak gerturatu egingo direla, kirolari iparkorearren parte hartzeari esker. Seeun da manifestari horietako bat: «Oso pozik gaude etorri direlako, oso positiboa da. Harro gaude kirolari iparkorearrez».

Muga gatazkatsuenetakoa

Pyeongchangen iparraldean, 80 bat kilometrora dago Ipar Korea eta Hego Korearen arteko muga. 38. paralelo famatua, DMZ eremu desmilitarizatua. Hor soldadu hegokorearrek eta iparkorearrek, metro gutxira ikusten dute elkar egunero. Eta Nazio Batuen Erakundeko militarrak ere han daude oraindik. Kontrol zorrotza dela-eta itxura lasaia duen arren, munduko leku gatazkatsuenetariko bat dela esaten dute. Danniel Macshane Nazio Batuen Erakundeko jenerala da; bost urte daramatza muga zaintzen, eta eremu ustez desmilitarizatuaren militarizazioaz dihardu: «Eremu desmilitarizatua enigma moduko bat ere bada; ez da desmilitarizatua inolaz ere, kontrakoa: munduan gehien militarizatuta dauden eremuetariko bat da, eta, oraindik, hemen inguruan, zelai hauetan bi milioi mina daude. 1953. urtean sinatu zuten armistizioa militarren arteko akordio bat izan zen».

Helburua zen behin-behineko su-etena lortzea, gobernuek bake akordioa sinatu ahal izateko. «Eta hemen gaude ia 70 urte geroago, oraindik bake akordiorik sinatu gabe. Horregatik esaten dute hain sarritan, teorian Ipar Korea eta Hego Korea gerran daudela oraindik, ez baitago inolako bake akordiorik. Historian izan den su-etenik luzeena da hau».

Mugatik gertu dauden herrixketan erraza da aurkitzea beren bizitzetako istorioaren hasiera mugaren beste aldean duten zaharrak. Jong Yeol Leek 90 urte ditu. Egunero joaten da herriko topagunera, beste erretiratu batzuekin telebista ikustera edo berbatan aritzera. Mugatik hain gertu dauden arren, lasai dirudite; izan ere, gerra beren bizitzetan betidanik egon da. «24 urte nituela egin nuen ihes Ipar Koreatik, gerra hasi eta urtebetera. Ez nuen gerran parte hartu nahi; horregatik egin nuen ihes. Baina Hego Korean soldaduek harrapatu eta indarrez soldadu egin ninduten, Ipar Korearen aurka borrokatzeko. Iparraldean nire senideak galdu nituen, bakarrik nire emaztea eta semerik txikiena ekarri nituen nirekin hona, hegoaldera. Ez dakit besteak bizirik dauden edo ez, ez dut inoren berririk izan orain arte. Gerrak beldurra ematen dit. Bakea eta bi Koreak elkartzea nahi dut. Bi Koreek berriz bat izan behar dute noizbait».

Bi Koreen arteko gerra 1950. urtean hasi eta 1953. urteraino luzatu zen. Alde batean, Hego Korea eta AEBak zeuden; bestean, Ipar Korea eta Txina, SESB Sobietar Batasunaren laguntzarekin. Gerra odoltsua izan zen: Ipar Koreako biztanleriaren %15 hil ziren hiru urte haietan. Familia asko banandu zituen gerra ere bada; oraindik gaur egun, 38. paraleloak banandu zituen familiak beren senideen bila dabiltza oraindik.

Ipar Koreatik ihes egin zutenak ere asko dira, dagoeneko 31.000 baino gehiago. Sarritan, «iheslari herria»esaten diote Ipar Koreari.

Zaintzaile eta iheslari

Ahn Myeong-Chull da iheslarietako bat. Urteetan Ipar Koreako kontzentrazio esparru bateko zaintzaile izan zela kontatu du; orain Seulen sortu duen GKE Gobernuz Kanpoko Erakunde baten bidez iheslariei muga gurutzatzen laguntzen die. Berak egin zuen bezalaxe, duela 23 urte.

Starbucks batean kafe espresso bat eskatu du; katilu handia. Beltzez doa jantzita, ilea ondo moztuta, betaurreko karratuak. Serioa da, hasieran haserre dirudi. Baina galderak zuzen-zuzenean bota eta guztiei lasai-lasai erantzuten die, tortura eta antzeko hitzekin ezer asaldatu gabe. Zeharka aritu gabe kontatzen du bere istorioa.

«Hego Koreara iritsi nintzenean shocka oso handia izan zen. Seulek ez zeukan iparraldean kontatu zidatenarekin inolako zerikusirik. Autoak hainbeste ziren! Eta jendeak zoriontsu zirudien, iparraldean baino askoz gehiago». Kontzentrazio esparruan lanean zegoenean burua «ideia okerrez beteta» zeukala esan du. «Itsu-itsuan sinesten nuen presoak pertsona txarrak zirela; entrenatzeko boxeo zaku moduan erabiltzen nituen, eta ez nintzen inoiz ere errudun sentitu. Postuz aldatu eta kamioian preso berriak ekartzen hasi nintzenean sortu zitzaizkidan lehenengo zalantzak. Zer egin zuten galdetu, eta txundituta ulertu nuen presoen %90ek ez zutela krimenik egin. Gehienak beren guraso edo aitona-amonek egindakoengatik ordaintzen ari ziren».

Izan ere, Ahnek kontatu duenez, Ipar Korean oraindik belaunaldi batetik bestera pasatzen dira krimenengatik ordaindu beharreko zigorrak. Dioenez, norbaiti kartzela zigorra ezartzen badiote, posible da beren seme-alabek edota beren bilobek ordaindu behar izatea. Sistema zorrotza, egun batetik bestera edonoren kontra egin dezakeen sistema, hain zuzen ere. Eta Ahn Myeong-Chulli ere iritsi zitzaion: aitak bere buruaz beste egin zuelako, familia osoa kartzelatu egin zuten bat-batean.

«Aitak pozoia erabiliz bere buruaz beste egin zuen; amari, nire bi arrebei eta niri kartzela zigorra ezarri ziguten horregatik. Bat-batean, neure burua istorioaren beste aldean ikusi nuen; urteetan, presoak kontrolatzen eta zelatatzen egon zen guardia zena preso bihurtu zen. Izugarrizko hutsunea sentitu nuen barnean. Hainbeste urteetan, gobernuan itsu-itsuan sinesten igaro ondoren, erregimenak bizkarra eman zidan. Orduan erabaki nuen ihes egitea. Hego Koreara iristean, bidegabekeria hori guztia geldiarazteko zerbait egin behar nuela pentsatu nuen; horregatik sortu nuen North Korean Watch erakundea».

Orain, Ahn Myeong-Chull erakunde horretan dabil lanean. Dioenez, 2003. urtean sortu zuenetik dagoeneko 600 iheslari baino gehiago ekarri ditu Hego Koreara.

Elkarrizketa amaitzean, Starbucksetik atera, eskerrak eman, eta eskua astindu du: bere eskua Seuleko negu hotz honetan, beroa. Ahn Myeong-Chullek trabarik gabe kritikatzen du jaioterria, baina berak ere bakea nahi du Koreako penintsulan. Pentsatzen du bakea lortze aldera ez dutela ezer onik ekarriko ez Kim Jong-unek, ezta Donald Trump AEBetako presidenteak ere.

Borroka pertsonalez gaindi

2017. urtean tentsioa handitu egin da; Washingtongo eta Piongiangeko liderrak norgehiagokan ibili dira; bai Trumpek, bai Kimek ere gerra ireki baten aukera jarri dute mahai gainean. Baina liderren borroka pertsonaletatik harago, Koreako herriak bakea nahi du. Eta, agian, Neguko Olinpiar Jokoek gatazka baretzeko bultzadatxo bat emango dute. Izan ere, kirolaren haritik bai Seulek, baita Piongiangek ere elkarri gerturatzeko aurrerapauso historikoak eman dituzte hilabete honetan: Kim Yo-jong Ipar Koreako liderraren arreba da Seulera bisita egin duen Kim dinastiako lehena. Otsailaren 10ean Moon Jae-in Hego Koreako presidentearekin elkartu eta hurrengo egunean, gonbidapen ofiziala egin zion Piongiangera bidaiatu eta Kim Jong-unekin biltzeko, duela hilabete gutxi, nazioarteko komunikabideak gerra posible batez hitz egiten ari zirenean, Korean pentsaezina zirudien zerbait.

BERRIAn argitaratua (2018/02/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA