astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

bizigiro

NIEVES ZARZA

«Jaiotzearekin batera kirol zapatilak oparitu zizkidaten»

Aitor Biain

«Jaiotzearekin batera kirol zapatilak oparitu zizkidaten»

Eguerdiko ordu bata da. Gasteizko El Prado parkea. Berdeguneari bueltaka ari dira zenbait gazte, erlojuari begira batzuk, ufaka beste hainbat. «Gasteizko korrikalarien epizentroa da». Han entrenatu ohi dira lasterkari asko. Galderei erantzun aurretik egin du berea Nieves Zarzak (Gasteiz, 1967). Arabako korrikalaririk esanguratsuenetarikoa da Zarza. Goi mailan aritua, errekor eta marka askoren jabe izan da. Lasterka eman du bizitza osoa, eta ez du aldatzeko asmorik. «Korrika egiteak ongi sentiarazten nau. Dagoeneko nire baitako zerbait da, bizitzeko modu bat. Gorputzak uzten didan bitartean lasterka egiten jarraituko dut».

Nola hasi zinen atletismoan? Zein oroitzapen dituzu?

Ikastetxean hasi nintzen, nire anai-arrebekin batera. Kirol ugari probatu genituen: judoa, eskubaloia, baita atletismoa ere. Azken horrek erakarri ninduen, baina, eta han eman nuen izena. Beti gustatu izan zait lasterka egitea. Jaio nintzenean kirol zapatilak oparitu zizkidatela esan ohi dut, kar-kar. Eta, hala, gaur arte. 40 urte baino gehiago daramatzat korrika egiten.

Zerk erakarri zintuen, bada?

Atletismoa bakarkako kirola izaki, egia esan, ez ninduen hasieratik erakarri; hori ere hala da. Baina, entrenamenduak taldean egite genituen, eta giro ezin hobean. Bidaiatzeko aukera ere eman zigun txikitatik, naturarekiko kontaktua... Kros zalea izan nahiz beti. Ez dakit zergatik kateatu ninduen, baina gustura sentiarazten ninduen zerbait zuen, gaur arte iraun duena.

Aurrera klubeko kide izan zinen. Han hasi ziren maila handiko beste hainbat korrikalari ere: Martin Fiz, Maite Zuñiga eta Blanca Lacambra...

Bai, hala da. Eta oroitzapen ederrak ditut; nire kirol ibilbideko unerik ederrenetarikoak igaro nituen han. Talde ederra genuen, primeran pasatzen genuen entrenatzen. Lasterketa desberdinak egiten genituen, izan krosak, iraupen luzekoak, abiadurazkoak... Bakarkako kirola baino gehiago taldekoa zen guretzat, eta izugarri lagundu ninduen horrek hastapenetan. Gero bakoitzak bere bidea hartu zuen, baina abiapuntu ezin hobea izan zen.

Atletismoa kirol gogorra da, sakrifizio handiak eskatzen ditu.

Bai, noski. Nik hasieran joko moduan hartzen nuen. Korrika egitea gustuko nuen, eta disfrutatu egiten nuen, besterik gabe. Txikia nintzenean, ez nituen lasterketak irabazten, baina berdin zitzaidan; ongi pasatzen nuen, eta, niretzat, hori zen garrantzitsuena. Familiakoekin eta lagunekin joaten ginen lasterketetara; egun-pasa ederrak izaten ziren igande haiek.

Urteekin hori aldatu zen?

Ez, gerora ere asmo eta helburu berdinekin joaten nintzen. Egia da, sekula ez naizela %100 kirolari izan; alegia, nire lanarekin uztartu izan dut beti. Ordu asko eskaintzen nizkion atletismoari, hori egia da. Neure buruari jartzen nizkion helburuak betetzeko gai nintzela ikusteak motibatu egiten ninduen, eta aurrera jarraitzeko lagundu. Lehia gustuko izan dut beti; lehiatzeak izugarri erakartzen nau.

Zure lanarekin uztartu duzu atletismoa, baina goi mailako kirolaria izan zara. Hori sekulako sakrifizioa da, ala?

Bai, bai, eliteko kirolak sakrifizio handiak eskatzen ditu: ez bakarrik forma onean egotea, helburuak bete ahal izateko ordu eta inplikazio handia behar da. Eta hori egunerokoarekin uztartzea oso zaila da.

Kirolari profesional izateko aukera eskaini zizuten...

Bai, entrenatzaileak Madrilera joateko gonbita egin zidan. Beka batekin %100 atletismoan zentratzeko aukera eman zidan. Asko pentsatu nuen, izugarri. Lana uztea eskatzen baitzidan, eta, horrekin batera, nire herria, ingurukoak, lagunak, eguneroko bizimodua... eta hori asko da. Ez nuen onartu, eta hemen entrenatzen jarraitu nuen: ez naiz damutzen hartutako erabaki hartaz.

Inoiz pentsatu duzu Madrilera joateko gonbita hura onartu izan bazenu, zer lortzeko gai izango zinatekeen?

Bai eta ez. Gauzak gertatzen dira gertatu behar dutelako. Hala pentsatu izan dut beti. Erabaki hura konbentzituta hartu nuen, eta uste dut bide egokia hautatu nuela. Hemen, pozik nintzen. Nolanahi ere, kirolari profesional izatea oso zaila da, eta, garai hartan, zer esanik ez. Areago emakumeentzat.

Emakume izateak eraginik izan zuen horretan?

Garai hartan, emakumeentzat are zailagoa zen kiroletik bizitzea, noski. Gogoan dut lasterketak irabazten nituenean gizonezko irabazlearen diru sariaren erdia ematen zidatela. Emakumeen errekorrik ere ez zegoen, gizonezkoenak soilik balio zuen... Baina horrek ez zuen eraginik izan hartutako erabakian; ez nuke halakorik esango.

Errekorrak aipatu dituzu. Bere garaian Arabako hamabost errekor ondu zenituen. Erraz esaten da.

Errekor horien atzean sekulako lana eta esfortzua dago, inork ez baitit ezer oparitan eman. Lehiakorra izan nahiz beti, baina ez dut sekula markarik hausteko lasterka egin. Nolanahi ere, errekorrak ontzeko daudela uste dut. Nire kasuan, lortu nituen askok urte luzez iraun zuten, eta hori ez da ona. Zenbatek irauten duten oraindik ez dut gogoan, baina jakin badakit aurten bi behintzat ondu dituztela, eta pozten nau.

Geratzen direnak norbaitek ontzea gustatuko litzaizuke, beraz.

Bai, bai, noski! Albiste ona litzateke, atzetik gazteak datozenaren seinale.

Nazioartean ere lehiatu zara. Japonian izan ziren Espainiako selekzioarekin. Zein oroitzapen dituzu?

Sari bat izan zen niretzat; inoiz ahaztuko ez dudan une bat. Mugan aritu nintzen urte askoan, marka lortu, ez lortu. Deitu zidatenean ezin nuen sinetsi.

Zein helburu dituzu orain?

Ekainean, Gasteizen izango den Espainiako pista estaliko master kategoriako txapelketara heldu nahiko nuke. Uste dut bertan erantziko ditudala lehiatzeko zapatilak. 50 urte egin berritan, garaia badudala uste dut.

Master kategorian parte hartu izan duzu aurrez ere. 2005ean, Donostian. Zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu zenituen.

38 urte nituen ordu hartan, eta gogoan dut beterano hitzak lehia handirik egongo ez zela pentsarazi zidala. Baina sekulako maila zegoen, harrituta geratu nintzen. Oroitzapen ederrak ditut, esperientzia ederra izan zen.

Baduzu oroitzapen bereziak gogorarazten dizkizun lasterketarik?

Bat aukeratu beharko banu, Euskadiko txapeldun geratu nintzen lasterketa esango nuke. Gasteizen izan zen, gainera; ederra izan zen. Oroitzapen bereziak ditut, baita parte hartu dudan maratoi bakarra izan delako ere. Donostian izan zen, eta gogoan dut asko sufritu nuela. Nire lehenengo maratoia izan zen. Aitak beti esaten zidan distantzia luzeko korrikalaria naizela eta kasu egiteko, maratoian lasterketa txukuna egingo nuela. Minbizia diagnostikatu zioten orduan, eta elkarrekin tratua egin genuen bakoitzak bere lasterketa gaindituko zuela: nik maratoia eta hark gaixoaldia. Aita bidean hil zen, eta ez ninduen maratoia amaitzen ikusi. Pena hori dut.

Beste maratoirik egiteko asmorik ez duzu inoiz izan?

Bai, baina ez dut tarterik izan. Prestaketa handia eskatzen baitute. Gustatuko litzaidake, hori bai, semea apur bat helduagoa denean elkarrekin New Yorkeko maratoia egitea.

Uste duzu zure lorpenek behar adinako aitorpena dutela?

Maitatua sentitu izan naiz beti, eta horrekin gustura nago. Ingurukoen babesa izan dut une oro bidelagun, eta nahikoa izan dut horrekin. Lorpenak aintzatetsi dizkidate, eta izugarri eskertzen dut, baina hori gutxienekoa da.

Esker oneko kirola da atletismoa?

Bai, oso. Esfortzu eta sakrifizio handiko kirola da, baina esker onekoa ere bai.

Lasterka egitea modan jarri da egun. Zer iritzi duzu?

Albiste ona da jendeak kirola egitea. Dena den, bereizi beharko genuke lasterka egitea eta lehiaketetan parte hartzea. Jendea gero eta lehiakorragoa da, gero eta proba gehiago dira, eta primeran ikusten dut. Baina ezin dugu ahaztu prestaketa egokia behar dela halakoetarako.

Behobia-Donostia lasterketa, esaterako?

Bai. Behobia maratoi erdi bat da, eta lasterketa gogorra. Prestaketa eta entrenamendu jakin batzuk eskatzen ditu; hori kontuan hartu beharko genuke.

Zer behar da korrikalari on bat izateko?

Gogoa, batez ere. Eta egiten duzunarekin disfrutatzea. Pasioa ezinbestekoa da.

Eta teknika?

Beharrezkoa da baita, baina bigarren maila batean geratzen da.

Entrenatzaile ere bazara orain.

Bai, 50 bat laguneko taldea entrenatzen dut. Elurtarrak du izena. Korrika egitea gustuko duen lagun talde bat da, eta helburu jakin bat ez dutenak dira gehienak. Arratsaldero elkartzen gara parkean. Taldean lasterka egitea baino gauza hoberik ez dago. Sarritan esaten dugun moduan, mundua konpontzeko gai gara korrika ari garen bitartean!

BERRIAn argitaratua (2018/02/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA