astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

iritzia

Banksy Azpeitian

Iñigo Aranbarri

Banksy Azpeitian Iñigo Aranbarri

Irudi bat horman, gauak utzia: lepotik lotutako ume bat. Inork sinatu gabe, begien ehiztari. Ez edonon, Azpeitian. Ez edonoiz, inauterietan, sokamuturrerako berotzen dabilela mundua. Nekez duzu herri zezenzalegoarik aurkituko Euskal Herri berdean. Ume bat, soka lepoan. Atoan ezabatu du beste esku anonimo batek.

Azken urteetan agertu izan da besterik, paperean itsatsiak edo txantiloiz eginak, Bartzelonako Ravalen edo Erromako Trasteveren nola. Street art hutsa. Hasierakoak Banksyren lan ezagunen kopia moldatuak ziren; bestelako indarra dute bere-bereak direnek (pena sotanapean ligeroa erakusten zuen apaiza ere ezabatu izana).

Sokako umea 2016ko urrian agertu zen aurrena. Bi egun iraun zuen. Urtarrilaren 26an azaldu zen berriz. Lau egun eutsi zion. Hirugarren bertsioak, astelehen karnabalez egindakoakoak, nobedadea zekarren, nolabaiteko dinamika aldaketa: kartoizko zezen-buru bat zeraman umeak. Hurrengo goizean, falta zen umea eta falta zen burua. Fotokopia bat itsatsi zuen orduan zentsuratuak horman. Inkisizioaren zigilua zen, euskaraturik dioena: «Jaiki zaitez, Jainko jauna, eta defenditu zure kausa».

Gerra txiki bat baino ez da, bere txikian artearen sustraietara garamatzana. Efemeridez ere bermatu eta apaindu denean usadioa, «Azpeitiko sokamuturrak 500 urte», sokako umea ikusleari begietatik sartu eta barruan lehertzen zaion bonba da, pankarten hizkeratik urrun sortua, eta zorionez, sokamuturraz eta Azpeitiaz harago jotzen duena. Umetatik tradizioari loturik, fatalismo kulturalari ezartzen dion galdera da horma-irudia, Antton Lukuk inauteriaz dioena artera ekarrita, ezerrana erratea duena misio. Tabuen kontrako borroka. Halatsu mintzo da Bel Olid idazle katalana ere: «Sortzaileen ardura da mezu normatiboak haustea».

Eta susmoa dut, daramagun bizimoduarekin, zer jarri franko dugula oraindik ere Inkisizioak isilduaren ituan.

BERRIAn argitaratua (2018/02/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA