astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

ekonomia

IRUZUR ERRENTAGARRIA

Iosu Alberdi

IRUZUR ERRENTAGARRIA

Behin-behineko hainbat kontraturen atzean iruzurra egon ohi da. Langileei behin betiko kontratuak egiteak dakarren kostua ez ordaintzeko kontratu irregularrak erabiltzen dituzte hainbat enpresak. Gasteizko fabrika nagusietako bitan, Mercedesen eta Michelinen, agerian geratu dira halako iruzurrak, eta Lan Ikuskaritzak langileen kontratuak aldatzera behartu ditu.

Langabezia tasak behera egin du 2017an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %10,6an kokatu da, INEren datuen arabera, baina behin-behineko kontratuen bidez egin du, eta horrek beste hainbat arazo jarri ditu agerian. EHUko irakasle Sara de la Ricak hiru lurraldeetako enpleguaren inguruko txostena zuzendu du, eta oraintsu argitaratu dituzte datuak. Irakaslearen ustez, behin-behinekotasunaren hazkundea «kezkagarria» da, 2017ko urte amaieran enpleguaren %26,1era iritsi baitzen, %2,6 gora eginez. Espainiako Estatuko datuen parera iritsi da, beraz, EAE Euskal Autonomia Erkidegoa, orain arte tasa baxuagoa izan ostean. Espainiako Estatuko behin-behineko kontratuen batezbestekoa %26,7 da. Nafarroan, ordea, kasua bestelakoa da, behin-behinekotasun tasa apalagoa du —%23,13—, eta beheranzko joerarekin: %1,7 jaitsi da, 2016ko datuekin alderatuz gero. EB Europako Batasuneko batezbestekoa, ordea, urrun dago. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen datuen arabera, EBko lan kontratuen %14,2 ziren behin-behinekoak 2016an.

Batzuetan, behin betiko kontratu baten aurrekoa izaten da behin-behinekoa. Izan ere, iaz Espainiako Estatuan eginiko behin betiko hamar kontratutik lau behin-behinekoetatik iritsi ziren. Halere, halako kontratuak luzatuz joateko aukerak iruzurrerako joera hartzen du batzuetan, behin-behineko kontratuak behin eta berriz lotuz, edo zuzenean langilea kaleratu eta berri bati kontratu bera eskainiz.

Iruzurrezko kontratu horien aurkako borrokan, halakoak erabiltzen dituzten enpresei zigorrak gogortzearen alde agertu da Espainiako Enplegu Ministerioa. «Iruzurrezko behin-behineko kontratu bakoitzaren atzean langile bat dago, eta haren eskubideen urraketa bat», azaldu zuen Espainiako Enplegu ministro Fatima Bañezek.

Egun, enpresek isun bakarra jasotzen dute, kontratu irregular kopuruaren, iruzurraren epearen eta enpresaren tamainaren arabera. Espainiako Gobernuak indarrean jarri nahi duen araudi berriaren bitartez, ordea, kontratu irregular adina isun jasoko lituzkete enpresek.

Sindikatuak aspaldian ari dira horrelako neurriak aurrera eramateko eskatzen, horien ustez ia doan ateratzen baita iruzurrezko behin-behineko kontratuak erabiltzea. Egun, iruzurrezko kontratuak erabiltzen dituzten enpresentzako isunak 626 eta 6.250 euro artekoak dira.

LAB sindikatuak pausoak eman beharra azpimarratu du. Sindikatuko kide eta Gasteizko Michelin fabrikako langile Asier Ruiz de Arbulori egokia iruditzen zaio zigorrak gogortzea, baina, orain arteko lana ikusita, gerta daitekeenaren zain daude: «Urte asko igaro dira gaia mahai gainera ateratzeko, eta hori tristea da». ELA ere zigorren aldaketaren aldekoa da, Mercedeseko langile batzordeko presidente Igor Guevararen esanetan, ezinezko behar luke langile batekin edo milarekin eginiko iruzurrak zigor bera izateak: «Egun, berdin dio zenbat langilerekin edo zenbat aldiz egiten duzun. Mercedes eta halako enpresa handi bati errentagarri ateratzen zaio iruzur egitea, eta horregatik egiten du».

Izan ere, iruzurrezko kontratuak erabili dituzten enpresetako bi dira Gasteizko Michelin eta Mercedes. Bi multinazionalek Araban dituzten lantegietan 8.000 langiletik gora ari dira lanean, eta bien artean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordinaren %5 ordezkatzen dute.

Arazo zabaldua

Halere, arazoa ez da berria, ezta enpresa jakin batzuetara mugatua ere. Espainian 500.000 kontratu irregular baino gehiago atzeman dituzte 2012tik. Espainiako Lan ikuskaritzak eginiko lanaren ondorioz, milioi erdi kontratu horietatik 350.000 behin betiko bilakatu dira.

2017an, Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzaren ikerketan ere garrantzi berezia eman diote behin-behineko kontratuen gaineko iruzurra aztertzeari, eta erakundeak 1.979 kontratu aldarazi ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aztertutako kontratuen %13 dira horiek. Gehienak behin-behinekoak ziren eta behin betiko dira orain; beste hainbat lanegun erditik osora aldatu dira. Behin-behineko kontratuen iruzurrak ikertzeko garaian, 310 ikuskapen egin dituzte, eta 4.000 kontratutik gora aztertu. Ikerketa horien ondorioz, bederatzi zigor espediente ireki dituzte, eta 115 zuzenketa errekerimendu egin.

Ruiz de Arbuloren arabera, ordea, administrazioaren lana ez da nahikoa izaten ari: «Uste dugu enpresei erraztasunak ematen dizkietela, euren beharren arabera kontratatzeko, eta ez legeen edo produkzio egoeraren arabera». LABeko kidearen ustez, kontratazio berrien arrazoia egoera ekonomiaren «gorakada» da, ez erakunde publikoen lana.

Diskriminazioa sufritzen

Gurpilak egiten dituen enpresaren kasuan, behin-behineko langileak lantaldearen %15 inguru dira, baina sartu berriek «sufritzen duten diskriminazioa» arazo bihurtu da. Ruiz de Arbulok azaldu duenez, hitzarmena adosteko orduan, enpresak «puska handia» atera zuen langile berrien kontratuen trataerarekin: «Obra eta produkzio egoerari lotutako kontratuak dira. Gure kasuan, ordea, lanpostuak estrukturalak dira». Izan ere, enpresek irizpide jakin batzuen arabera erabil ditzakete behin-behineko kontratuak, eta horiek justifikazio bat behar dute.

Mercedes enpresak, behin-behineko kontratuak egiteko, argudiatu ohi du langileen beharra produkzio egoera jakin baterako. Fabrikako langileen %20 ingururi eragiten die horrek. ELAko kide Igor Guevararen esanetan, ordea, enpresaren produkzio mailak kontuan izanik, behin betiko langile gehiago behar dira: «Enpresak eta administrazioak adostu dute langileen %20k behin-behineko egoeran jarraitzea, hori justifikatzen duen inolako arrazoirik gabe. Beraz, 1.000 langilek arriskua dute behin-behineko egoeran jarraitzeko betiko».

Guevarak adierazi du lan merkatuaren egungo egoerak iruzur egiten jarraitzea errazten diola enpresari: «Badaki lan merkatuan dagoen egoera zein den, eta jendea ez dagoela salatzeko prest; esperantza mantentzen dutela kaleratuta ere hilabete gutxira berriz kontratatuko dutelakoan. Hori aprobetxatzen dute legea ez betetzeko». Salaketak izan dira, ordea, eta Gasteizko epaitegiek zazpi sententziatan arrazoia eman diete langileei, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ere.

Legearen arabera, behin-behineko kontratuak ezin dira urtebete baino gehiago luzatu, baina enpresek hala egiten zuten. Orain, beste «tranpa bat» erabiltzen dutela esan du ELAko kideak: «Langilea kaleratzen dute, eta lan bera egiteko beste bat kontratatu. Iruzur bera da, baina detektatzeko zailagoa».

Michelinen kasuan, langile berriak sei hilabeteko kontratuarekin sartu ohi dira, ondoren luzatuz joateko, bi urteko epera iritsi arte. Epea igarotakoan behin betiko kontratua eskaintzen zaiela adierazi du Asier Ruiz de Arbulok, «klausula mordoxka bat betetzen badituzte».

Egoera horrek «ezegonkortasuna» sortzen du, LABeko kidearen ustez: «Lan estrukturala egiten ari zara, baina ez dakizu kalera botako zaituzten edo ez». Horri soldaten arteko arraila gehitzen dio sindikalistak. Egun, behin-behineko kontratuarekin sartzen direnek hasierako soldata bera 30 hilabetez mantentzen dutela dio, duela hiru urte jasotzen zena baino 400 euro txikiagoa: «Orduan, sartu eta sei hilabetera beteranoen soldata bera zuten».

Administrazioaren rola

Lan Ikuskaritzak 137 kontratu aldatzera behartu zuen Michelin 2017an, iruzurrezkoak zirelako. Salaketa hark, ordea, ez du arazoa konpondu, ez behintzat Ruiz de Arbuloren ustez: «Orduan, behin-behineko langileen kontratuak berritzeari utzi zion enpresak, eta sei hilabete geroago kontratatzen». Horren jakitun, salaketa jarri zuten, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak arrazoia eman zion enpresari, «hitzarmenik hausten ez duelako».

Kopurua are handiagoak da Mercedesen. 550 langile ingururen kontratuak aldatu behar izan ditu. Halere, Guevarak uste du Lan Ikuskaritzaren lana motz geratzen dela, «eta hori enpresa markatua dela». Asko iruzurrezko direla oraindik ere salatzen dute langileek.

Langile horietako bati arrazoia eman diote epaileek, oraintsu. Kaleratua izan ostean, salaketa jarri zion enpresari, Gasteizko auzitegian, eta epaileak arrazoia eman zion, kontratua iruzurrezkoa zela argudiatuta. Mercedesek errekurtsoa jarri zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiak lehen erabakia berretsi zuen ostiralean. Beraz, enpresak berriz kontratatu beharko du langilea.

Administrazio publikoa enpresa handiei aurre egiteko gai ez dela ere salatu dute. «Badakite iruzurra dagoela, baina beldurragatik ez dute ezer egin nahi», dio Guevarak: «Klase politikoa hemen azken urteetan eginikoaz konturatzen denean, jada berandu izango da jende askorentzat».

BERRIAn argitaratua (2018/02/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA