astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

bizigiro

EDU BARINAGA

«Nahieran zerbitzua hobetuko dugu; dirua jarriko da horretarako»

Urtzi Urkizu

«Nahieran zerbitzua hobetuko dugu; dirua jarriko da horretarako»

2014ko uztailean izendatu zuten ETBko zuzendari Edu Barinaga (Bilbo, 1956). «Oso harro nago ETBren zuzendaria izateagatik, nire herriko telebista delako», aitortu du. «Beldurtuta nago egunero; erantzukizun handia da, baina bizitza profesionalean egin dudan gauzarik garrantzitsuena ere bai».

Urtarrilaren 26an, topaketa bat egin zenuten Bilbon, hainbat ekoizpen etxerekin. Euskarazko fikziozko bi proiektu sortzeko asmoa azaldu duzue: telesail bat ETB1erako, eta Olentzeroren inguruko telefilm bat. Zer ezaugarri izango dituzte?

Ideia originala eta erakargarria izatea funtsezkoa da, baita ekonomikoki bideragarria izatea ere. Atzean egongo den lantalde teknikoa ere aintzat hartuko dugu. Bermeak behar ditugu. Olentzeroren pertsonaia gaur egungo egoera batean kokatu nahi dugu. Telesail berriari dagokionez, istorioak Euskal Herrian kokatuta egon behar du, hemengo gakoak izan. Ikusleek pertsonaiak identifikatu behar ditu bizi garen gizarte honetan.

Telesail berria noiz hasiko zarete grabatzen?

Aurtengo udazkenean, edo, askoz jota, 2019aren hasieran.

Ordura arte, fikzioan Go!azen egongo da. Zer balantze egiten duzu telesailak aurten lortu dituen datuez?

Go!azen fenomeno bilakatu da. Telebistan eta komunikazioan, askotan ez dakizu zergatik funtzionatzen duen produktu batek eta zergatik ez. Kasu honetan, lortu da gaiak interesgarriak eta erakargarriak izatea haurrentzat. Bazegoen horren beharra. Emaitza oso onak lortu ditugu, zurrunbilo bat. Ordutegiarekin ere asmatu genuen, nahiz eta zalantzak izan genituen. Inbertitu dugun dirurik hoberena izan da Go!azen-ena. Gainera, Pausokak eta lantaldeak jakin izan dute telesailak dakarrena kalean zabaltzen. 360 graduko produktu bat sortu da; proiektua borobildu egin da. Lortu dugu gurasoak haurrekin batera egotea, eta telebista publiko batek egin behar duen zerbait da hori. Kohesio lana da.

Badago aukerarik Go!azen-ekin eta Herri txiki, infernu handi-rekin lortu duzuen arrakasta beste formatu batzuekin lortzeko?

Aurreko batean, Eusko Legebiltzarrean esan nuen telebista munduan proiektuen %80ek huts egiten dutela. Horrek esan nahi du ETBn hamar proiektutik zortzik kale egiten dutela? Ez. Baina horrek esan nahi du askok eta askok huts egiten dutela. Espainiako kate batzuek dirutza jartzen dute telesail batean, eta, agian, hiruzpalau urtean ez dute estreinatzen. Asmatzea konplexua da. Herri txiki, infernu handi-rena prozesu bat izan da: hasieran datu batzuk zituen, eta orain askoz hobeak dira. Formatua herrietan hedatu da, eta aurkezleak hazi egin dira saioa egiten. Pozik nago ETB1en prime time-n ditugun datuekin; Ur handitan-en emaitzak onak dira, baita Gailurra Xtreme saioarenak ere. Publiko ezberdinei zuzendutako saioak ditugu; emaitzekin pozik gaude, eta haziz joango dira.

Eusko Jaurlaritzak 2018an iaz baino 4,8 milioi euro gehiago emango dizkio EITBri: 130,9 milioi guztira. Zertan inbertituko dira 4,8 milioi horiek?

Ehuneko handi bat inbertsioetarako izango da. Egokitu egin behar dira platoak, kontrolak berriztu. Inbertsio teknologikoetarako diru gutxirekin egon gara azkenaldian, eta gehiena horretan jarriko dugu.

Eusko Legebiltzarreko kontrol batzordean, oposizioko taldeek kritikatu zuten ekoizpen etxeei egindako adjudikazioak gardenak ez izatea. Webgunean argitaratuko dituzue prozedurak?

Bai, martxorako egingo dugu hori. Prozedurak zehatz-mehatz nolakoak diren argitaratuko dugu, ekoizpen etxeek jakiteko hautaketak nola egingo diren. Orain arte, formalitateak mantendu ditugu ekoizpen etxeekin, eta haiekin harremana irekia eta zabala da. Karguan nagoenetik, eskua sutan jartzen dut inori ez zaiola ezetzik esan profesional ikuspegi batetik ez bada. Urtean hiru pitching saio egiten ditugu, eta ditugun beharrak planteatzen ditugu. Saio bat martxan jarri, eta gerta daiteke emaitzak onak ez izatea. Ezin duzu modu horretan bost hilabetez mantendu. Arintasuna behar da. Eguneroko saioa bada, hiru ekoizpen etxeri eskatzen zaie proiektu berri bat aurkeztea.

Zeren arabera aukeratzen dituzue hiru ekoizpen etxe horiek?

Antzeko formatuetan duten eskarmentuaren arabera. Bestetik, atzean dagoen lantaldea asko baloratzen dugu. Formatu batzuk, bestetik, imajinaezinak dira aurkezle jakin bat gabe. Zuk imajinatzen duzu Herri txiki, infernu handi Pagadizabal eta Gurrutxaga gabe? Modu garden batean esan nuen derrigortuta zaudela haiekin lan egitera, haiek baldintzatzen baitute formatua. Bestalde, prime time-ko eguneroko saioetarako, bi ekoizpen etxeri bi proiektu eskatzen dizkiegu.

Legebiltzarreko saioan esan zutenez, Miramongo zentroan ekoitzitako orduak 1.000 izan ziren 2017an, eta 1.500 izango dira 2018an. Zer motatako saioekin egingo duzue hori?

500 ordu gehiago horiek egiazkoak dira. Adibidez, Atera kontuak saioa sortu dugu, eta egunero platoan egiten da. 3txulo berria konplexuagoa izango da, fikzioa ere edukiko baitu. Pausokaren eta Baleukoren artean egingo dute. Herriz herri joango gara, gaztetxoekin hautaprobak egiten, musikari eta dantzari bila. Musika talde berri bat sortzea da asmoa. 12-15 urte ingurukoak izango dira taldeko kideak. Ekoizpen ordu dezente izango ditu 3txulo berriak.

ETBko albistegiei dagokienez, talde politiko batzuek zein ikusle batzuek salatu izan dute alderdikoiak direla eta Jaurlaritzarekin oso lerrotuak daudela. Pluralagoak izan daitezke? Ez al dira pluralak?

Datu objektibo bat dago: bost urtean jarraian, ETB2ko Teleberri liderra izan da. Gainera, Teleberri eta Gaur egun batu behar dira, eduki berak baitira. Bost urtez liderrak izan badira, zerbaitegatik da. Gure gizartean sentsibilitate ezberdinak daude, eta gogoz ikusten dituzte gure albistegiak. Talde politikoei esango nieke begiratzeko gure albistegietako eskaletak, eta ikus dezatela zer proportzio dauden taldeen artean. Ez dago kortse bat, aktualitatea baita nagusi. Baina, urte osoa aintzat hartuta, hori orekatuta dago. Bestetik, gobernuak gauza asko egiten ditu, agerraldi asko, eta horiei ezin zaie uko egin.

LAB sindikatuak, txosten batzuetan, aipatu izan du ardura postuetan gaitasuna eta aukera berdintasuna bermatu behar direla, goi kargudunak nahieran hautatu beharrean. Zer diozu?

Askotan, gehienetan, eskatzen denean ardura postu bat hartzeko, inork ez du bere burua aurkezten. Bestetik, nahiko nuke LABek esatea nork ez duen curriculumik betetzen duen kargua betetzeko. Denak dira urte luzez EITBn lan egindakoak. LABek esaten du derrigortu egin behar dela jendea karguak hartzera. Zuk uste duzu derrigortutako norbaitek ondo beteko duela bere lana? Zalantzak dauzkat. Sindikatuek askotan planteamendu oso klasikoak dituzte. Errealitatera jo beharko genuke, eta errealitatea da jendeak ez duela ardurarik hartu nahi izaten. Zailtasunak izaten ditugu.

Zergatik dira gaztelaniazko albistegiak euskarazkoak baino luzeagoak, bereziki asteburuetan?

Ez dago agindu bat gure aldetik euskarazkoak laburragoak izan daitezen. Ez dut uste hainbesteko aldea dagoenik, baina begiratuko dut.

Logikoa litzateke iraupena bera izatea?

Bai, bai. Harritzen nau denboran aldea egoteak.

Azkeneko asteetan, Julian Iantziren argazki handiak ikusi dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, El Conquis sustatzeko. Euskarazko saioentzat zergatik ez dira egiten horrelako marketin kanpainak?

Ni karguan nagoenetik, lehen aldia da hori egiten duguna. Pentsatu genuen bazela garaia kanpaina bat kalean egiteko, beste publiko batzuengana iristeko. Urtarrilean El Conquis hastekoa zen, eta, lortzen dituen ikusle datuen arabera, oso saio indartsua da. Proba hori egin nahi genuen. Orain balorazioa egingo dugu. Ona baldin bada, halako kanpainak ETB1eko saioekin ere egingo ditugu.

Denboraldia bukatu bitartean, zer beste erronka dituzue ETBn?

ETB1en bost marka sendo behar ditugu. Euskarazko formatuen kontsumo joerak ikusita, saiatuko gara bost formatu horiek sustatzen: Ur handitan erreportajea dela, Bago!az eta Go!azen ikuskizuna eta fikzioa direla, Herri txiki, infernu handi umorea dela eta Gailurra Xtreme reality-a dela -proba egin genuen Izan Invictus-ekin, eta sekulako jipoia jaso genuen. Euskaldunok modu bateko reality-ak nahi dituzte: esfortzua bai, baina elkarbizitza gutxiago-. Bestalde, udazkenean umorezko saio berri bat izango dugu.

Fake news saioarekin saiakera egin zenuten. Ez da hori izango umore saioa?

Ez. Pausokakoei ere eskas iruditu zitzaien. ETB1eko umore saio berria platokoa izango da, eta Miramonen grabatuko dugu. Urteetan umorea egiteko modu bat egon da ETB1en, Anjel Alkainekin-eta. Horrek bere bidea egin du, eta orain beste zerbait sortu behar dugu. Umoregile berriak behar ditugu. Artista eta antzezle berriak.

ETB2rako telesail bat egingo duzuela iragarri zenuen legebiltzarrean. Nolakoa izango da?

Drama bat da, herentzia kontuekin, Euskal Herrian girotuta. Mediaprorekin eta TeleMadridrekin batera egingo dugu. Gu ez gara fikzio horren bila ibili: bidean sortu da. Mediaprok proposamena egin zuen; TeleMadridek ez zuen baldintzarik jarri, eta berdin zaie Euskal Herrian grabatzea. Faktura handiko telesail bat egin ahal izango dugu. Atal bakoitzak 200.000 euro baino gehiago kostua izango dute.

Euskarazko telesailen atal bakoitzak, berriz, 90.000 euroko kostua du. Zergatik alde hori?

Guk 90.000 euro baino gutxiago jarriko dugu ETB2ko telesailaren atal bakoitzean. Netflix bihar etorriko balitzaigu esanez atal bakoitzagatik 60.000 euro jartzeko ekoizpen garestiago bat egiteko, tontoak izango ginateke ezezkoa emanda. Mediaprok esan zigun gaztelaniaz lehiatzeko 250.000 euro inguru behar dituela atal bakoitzak. Guk argi esan genuen 70.000 euro baino gehiago ezin dugula jarri.

Netflix aipatu duzu. Handia filma egin aurretik saldu zioten plataformari, eta maiatzean izango dute katalogoan. Nola kokatzen da ETB egoera berrian, Netflix, HBO, Amazon eta Sky operadoreak merkatuan daudela?

Gu ez gara horretan partaideak. Guk egin dezakeguna da ekoizpen etxeei gauzak erraztu. Mahai gainean zinemako proiektu interesgarriak baditugu, eta finantzaketa bidaide berriak, gu hor egongo gara. Handia-rekin, hasieratik egon gara dirua jartzen. Estatuko telebista autonomiko bakarra gara zinemarako %6 jartzeko akordioa betetzen duena. Urteko bost milioi inguru jartzen dugu zineman. Aurreko batean, bati zera irakurri nion, ikusita Moriartikoek zer arrakasta izan duten Loreak eta Handia filmekin, ea zergatik ETBk ez dien eskatu telesail bat egiteko. Eskatu genien, proiektu bat bazuten, baina lanpetuta daude. Lehentasunak dituzte.

Kontsumitzaileak Netflixera eta halako webguneetara ohitzen ari dira. EITB Nahieran aldatzeko asmorik baduzue?

Bai. Lantalde bat jarriko dugu transformazio digitalean lanean. Aurtengo helburuetako bat izango da. Nahieran zerbitzua hobetu nahi dugu, eta diru bat jarriko da horretarako. Eztabaidetan, iraganeko telebisten inguruan ari gara. Telebistaren erronka handiena ez da administrazio kontseilua, nola aukeratu zuzendari nagusia: erronka da lauzpabost urte barru pantailaren erabilera zeharo aldatuko dela. Zer-nolako langile profilak beharko ditugun, zer formatu beharko ditugun. Edukiak egokitu beharko ditugu. Digitalizazioak gure mahai gainean egon behar du gure lan egiteko moduan. Hori da eztabaidatu behar duguna.

Etorkizunean nolako ETB nahiko zenuke, kargua uzten duzunerako?

Gustatuko litzaidake telebista bideratuta uztea aurretik aipatu dudan erronka berriari erantzuteko moduan. Horretarako, giza harremanak eta baliabideak egokitu behar dira. Langileek ere argi eduki behar dute kazetaritza eta telebista egiteko moduak aldaketak ekarriko dizkiela. Arduran egongo direnek hori erraztu beharko dute. Gu ezin gara oztopo izan.

ETBk zer rol jokatu behar du euskal gizartearekiko?

Komunikabideak gizarte baten isla gara, eta ETB ere bai. Telebistak ezin du gizartea konpondu, ez dago horretarako, baina lagundu dezake. Telebistan gertatzen dena gizartean gertatzen den gauza bera da. Audientzia hitza aipatzen dugunean, ez da kontzeptu estralurtar bat. Ikusle datuen atzean, euskaldunak daude, euskaraz ez dakitenak, euskaraz ulertu baina hitz egiten ez dutenak, gazteak, adinekoak, herri txiki batean bizi direnak... Horiek guztiak dira gure audientzia. Eta ETBk egin behar duena da komunitate bat sortu, kohesioa sortu, eta horretan gabiltza. EITB euskararen normalizaziorako sortu zen, baina gizarteak normalizatuta egon behar du, eta hor dauden arazoak guk ere badauzkagu. Euskara gehiago egon behar du ETB2n? Bai, eta Bilbon, eta Donostian... Jendeak erosi egin behar du euskaraz bizitzeko gogoa. Bestetik, informazioarekin herri bat egiten dugu. Ez bagara liderrak informazioan, beste batzuk izango dira, eta ez dira hemengoak izango.

BERRIAn argitaratua (2018/02/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA