astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

iritzia

Euskalkiak, batua eta eskizofrenia

Idurre Eskisabel

Euskalkiak, batua eta eskizofrenia Idurre Eskisabel

Esango nuke inauterien bertutea ez dela inoren egiazko ni-rik azalaraztea, baizik eta bizimoduak kateatutako ni zamatsuei izkin egin eta berriak entseatzea. Horregatik gertatzen dira bestela, egunerokoan, ezinezkoak diren bizipen eta enkontruak. Adibidez, taberna zulo batean, mozorroen anparoan, irakasle batek eta ikasle batek beren buruak berdinduta ikustea; are, muinean harreman hori definitzen duen boterearen noranzkoa itzulikatutzea, eta irakasleak ikaslearen aitortza-lezio-errieta jasotzea.

Itzulikatze horietako batean azaldu dit Gipuzkoako oso eremu euskaldun bateko oso ikasle euskaldun batek beldurrez eta amorruz bizi duela euskara batua. Beldurrez, estandarrean ez moldatzeko kezkagatik komunikazio arloko unibertsitateko ikasketak gazteleraz hasteraino. Amorruz, hasierako hautua zentzugabea iritzita, euskarazko lerrora itzuli denean, irakasleren batek kalifikazioa jaitsi diolako noizbait jendaurreko aurkezpena estandarrean ez egiteagatik. Halaber, agertu dit betidanik etxean zein kalean euskara duela hizkuntza nagusia «bueno, euskalkia», zehaztu du, eta eskolan «piskanaka» ikasi duela batua «bueno, idazten, hizketan sekula ez». Inor estandarrean aritzera behartzea askatasunaren kontrakoa dela azpimarratuz bukatu du aitortza-lezio-errieta. «Demokraziaren kontrakoa», azken epaia.

Enkontru horretatik ordu gutxitara, aspaldi ikusi gabeko lagun batekin egin dut topo. Sortzez Gipuzkoako oso eremu euskaldun batekoa hura ere, baina urte asko daramatzana Bilbon, eta alaba han ari dena hazten. Hain justu, alaba nerabezaroa estreinatzen ari dela kontatu dit, bere burua eraikitzen eta definitzen sumatzen duela: feminista omen, bereziki oso sentibera arrazakeriarekin... hots, lagunarentzat eta biontzat pozerako motiboak. Baina ezpainak zertxobait okertu eta honako hau erantsi du: «Euskaldun izatea, ordea, gorabeheratsu zaio. Batuaz aritzea, tira... baina euskalkian... guk etxean euskalkian egiten dugu, baina kanpoan neuri ere ez dit lagatzen. Lotsatu egiten da, gehiegizko euskalduntasuna erantsiko balio bezala».

Lagunaren azken azalpenekin gertatu da sinapsia nire burmuinean. Euskalduntasuna, edo, zehatzago, euskalduntasunaren eraikuntza posibleen arteko talka da, orain 50 urte Arantzazun batuaren inguruan izan zen bataila odoltsu hartan bezala oraingo euskalkia vs batua revival banderizoaren muinean dagoena. Euskalduntasun posibleen talkak, egungo gazteetan haragi eginda.

Izan ere, bere testuinguru soziolinguistikoa aintzat harturik, nago aitortza-lezio-errieta egin didan ikasleak eskolan ikasi duela gaztelera bai, kalean ere bai, baina, batez ere, eskolan. Nago ahalegin handi bat egin duela hizkuntza hori bere egiteko, eta unibertsitate ikasketak hastean batuak adinako beldurra eragiten ziola gazteleraz moldatu beharrak. Nago inposatu egin zaiola gaztelera, gaztelera estandarizatu bat, objektu zuzenez, zeharkakoez, v-z, b-z, eta tildez josia. Baina, nago inoiz ez duela bizi izan hori guztia ahalegin moduan, are eta gutxiago, askatasunaren kontrako zer gisa, inola ere ez demokraziaren kontrakotzat. Nago inoiz ez duela amorrurik sentitu acabau esan eta acabado zuzendu diotenean, edo bere s eta r gogorrak burlaize barkaberaz hartu dizkiotenean.

Halaber, nago oso euskalduntzat duela bere burua, ez daukala euskara saltzeko. Gehiago oraindik: mirariz XXI. menderaino iritsi den izate partikular, berezi eta bitxi baten gordailutzat daukala bere burua, halakotzat dituela ingurukoak. Eta izate horri eustea premiazkoa zaiola, finean, bere buruari eustea delako. Eusten diola etxean, lagun artean, kuadrillan, herrian... Baina, nago sentitzen duela beste izate baten premia: orokorragoa, noranahikoa, mundurakoa, unibertsala. Eta nago hori gazteleran bilatu duela, ustezko neutraltasunaren tranpan, hizkuntza horrekin duen harremanaren nolakotasunaz inoiz bere burua galdekatu gabe.

Era berean, nago euskalkiari «euskalduntasun gehiegizkoaren» marka eransten dion Bilboko nerabea, batua tolerableagoa zaiona, partikularitate zehatz hori astindu nahian dabilela, orokorraren, noranahikoaren, munduaren eta unibertsalaren bila. Eta, jakina, batuaz harago gazteleran aurkitu duela hark ere.

Hau da, bi gazteok txanpon beraren bi aldeak baino txanpon beraren alde bera direla, eta, horrenbestez, euskara vs euskalkiak eztabaida menderatutako hizkuntza eta herri bateko hiztun eta herritarron jardun eskizofrenikoak sortutako falazia.

BERRIAn argitaratua (2018/02/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA