astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

mundua

Blokeoari izkin egiten

Ricard Gonzalez

Blokeoari izkin egiten

Neguko eguzki atsegin batek argitzen du Dohako Suq Waqif azoka zaharreko kale nagusia. Bazkaltzeko ordua da, eta jatetxe batzuetako terrazak goiko hondoraino beteta daude. Hango merkataritza guneak ere hala egongo dira gauean, haren skyline-a kolorezko collage bat bihurtzen denean, eta kirol autoek etorbide nagusiak betetzen dituztenean. Inork ez luke esango Qatar, Persiar golkoko petromonarkia txiki bat, haren bizilagunek ezarritako lurreko, aireko eta itsasoko blokeo bat jasaten ari denik iazko ekainetik.

«Prezioak asko igo ziren lehenengo asteetan. Kezka handia zegoen. Baina gero jaitsi egin ziren berriro, eta bizitza lehengora itzuli da», azaldu du Ahmed al-Bakrik, Al-Jazeera katearentzat lan egiten duen analista egiptoarrak. Hura bezalako atzerritarrak naziotasunaren eta kalifikazioaren arabera mailakatuta daude, eta penintsulako 2,5 milioi herritar ingururen %90 dira. «Supermerkatuetan denetarik topa daiteke, baina produktu askoren markak aldatu egin dituzte blokeoaren erruz, eta orain beste herrialde batzuetakoak dira», deitoratu du Tunisiako herritar batek, Sanak. «Setioaren» beste eragozpen bat da Europa mendebalderanzko bidaiak ordubete inguru luzatzea, Egiptoko eta Saudi Arabiako aire eremuak debekatuta daudelako, eta, hortaz, bide luzeagoa egin behar da Turkia ekialdetik mendebalderaino gurutzatuta.

«Blokeoak ez dio kalterik egin ekonomiari, eta hura %2,5 hazi da. Merkataritzarako bideak aldatu ditugu, orain Kuwaiteko eta Omango portuak erabilita. Gainera, ez da bertan behera utzi eraikuntza proiektu bakar bat ere; ezta, esate baterako, 2022ko Munduko Koparakorik ere», azaldu du Lolua al-Khatek, Atzerri Ministerioko bozeramaileak. Nader Kabbani ikertzaileak ere nabarmendu du Qatarko ekonomia oso ongi ari zaiola aurre egiten egoerari. «Blokeoak huts egin du erregimenaren kapitulazio bat edo aldaketa bat behartzeko orduan», azaldu du AEBetako Brookings Instituzioa think tank-aren Dohako zentroko ikertzaileak. «Zer lortu du, Qatarrek mendekotasun ekonomiko gutxiago izatea bizilagunekiko. Eta, hain zuzen, haiek galdu dute gehien: merkatu txikia bazen ere, garrantzitsua baitzen».

Al-Khat oso kritikoa da Saudi Arabiarekin, eta matxinada bat sustatzea leporatzen dio. «Armak banatu zizkieten gure mugan bizi diren tribuei. Eta erreformez eta aurrerapenaz mintzo dira. Zer egin nahi zuten horrekin?», esan du, keinu serio batez. Fronte politikoan ere, Qatarko erregimenak seguru ikusten du bere burua. AEBek Persiar golkoan duten aire baserik handiena hartzen du herrialdeak, eta Turkiako errefortzu militarrak jaso zituen blokeoa hasi eta hurrengo egunetan —aliaturik fidelenetakoa du—. Donald Trumpek, berriz, ekainean iradoki zuen Doharen aurkako zigor neurriak babesten zituela, baina orain, emirerri txikiak dirutza bat ordaindu ondoren lobby-ei eta Washingtoni armak erosten, irtenbide negoziatu baten alde egiten du.

Abertzaletasun olatua

Kurioski, krisiaren arrazoietako bat izan zen Qatar ez zetorrela bat Irani modu irekian aurre egiteko politikarekin —Saudi Arabiak zuzentzen duen politika—. Baina blokeoak are gehiago hurbildu ditu Doha eta Teheran. Bestalde, krisiak sortu du abertzaletasun olatu bat Qatarko herritarren artean, eta Al-Thani emirraren zuri-beltzeko profilaren marrazki estilizatuak nonahi ikus daitezke: etxe orratzen aurrealdeetan, kamisetetan, autoen kristaletan... Oraintxe bertan, erregimen aldaketak kimera bat dirudi.

Krisia hasi eta egun batzuetara, hamahiru eskakizuneko zerrenda bat aurkeztu zioten Qatarri blokeoa kentzeko, eta eskakizunen artean zegoen Anaia Musulmanen kide erbesteratuak kanporatzea, Al-Jazeera telebista katea ixtea eta «talde terroristen finantzaketa» bukatzea. «Guk ez dugu talde terroristarik finantzatzen. Ezta Al-Qaedaren Siriako adarra ere. Siriako matxinoei ematen genien babesa beste herrialdeekin koordinatzen genuen; AEBekin edo Saudi Arabiarekin, esate baterako», ziurtatu du Al-Khatek.

Atzerri Ministerioko bozeramaileak onartu du Kuwaitek duela hilabete batzuk egin zuen bitartekaritza ahaleginaren ondoren, gatazka erabat trabatuta dagoela, eta ez dagoela irekita komunikaziorako biderik arerioen artean. «Qatarrek esertzeko eta eztabaidatzeko eskaintza egin die blokeoaren herrialdeei», esan du Kabbani ikertzaileak. Hala ere, Riadek eta Abu Dhabik, oraingoz, amore emate bat baino ez dute onartuko. Duela aste batzuk, egoera larritzeko arriskua nabarmen azaleratu zen Arabiar Emirerri Batuen eta Qatarren artean, Qatarren gerra hegazkinek Arabiar Emirerri Batuetako hegazkin zibil bat atzeman baitzuten penintsulako aire eremuan.

Bin Salmanen politika

«Gatazkak jarraitzeak arriskuan jartzen du eremuko segurtasuna. Golkoko Lankidetzarako Kontseiluaren bidez eremurik egonkorrena izan da zurrunbilo garai honen erdian, baina fabrikatu egin dituzten hainbat krisirengatik, Libanokoa edo Yemengoa, adibidez, segurtasun hori hondatzen ari da», ohartarazi du Al-Khatek, Mohammad bin Salman Saudi Arabiako erregetzarako oinordekoaren atzerri politikari kritika zuzena eginez. Printze gazte eta handinahia Riadeko lider indartsu bihurtu da, eta Saudi Arabiak azken urteotan egin dituen apustu arriskatuen atzean dago. Horien artean, Qatarren aurkako blokeoa; baina, oraingoz, badirudi hori gaizki atera zaiola.

BERRIAn argitaratua (2018/02/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA