astekaria 2018/02/23
arrowItzuli

gizartea

Geldialdi zantzuak D ereduan

Garikoitz Goikoetxea

Geldialdi zantzuak D ereduan

Euskarazko irakaskuntzako aurrematrikulazio datuek ez dute aho zapore onik utzi Nafarroan: iaz baino izen emate gutxiago izan dira D ereduan. Ez da berealdiko jaitsiera izan, eta lehen ere izan dira gisa horretako gorabeherak, baina kezka sortu dute. Denera, 3 urteko 1.758 haurrek eman dute izena D ereduan; iaz baino ehun ume gutxiago dira. Kontuan izatekoa da, hala ere, jaiotza tasa baxuaren ondorioz, ikasle gutxiago dagoela oro har: 5.886 ume dira denera, iaz baino 200 gutxiago. Portzentajeetan, txikiak dira aldaketak: D ereduan %29,9k eman dute izena —iaz, %30,5ek—. Beste bi eredu nagusiek, A eta G ereduek, gora egin dute. D ereduak azken urteetan zekarren gorakada eten egin da. Baina kontuan izatekoa da duela hiru urtetik atzerako datuei begiratuta goitik dagoela aurtengoa.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak aste honetan plazaratu ditu aurrematrikulazioko datuak. Sare publikoaren gorakada nabarmendu du, ikasle berrien %62 sare publikoan ariko baitira.

Zenbakiak xeheago aztertuta, gorabehera batzuk badira euskarazko irakaskuntzan. Batetik, eskola publikoetan, jaitsiera dago: 1.338 ikasle, iaz baino 80 gutxiago —portzentajean, %22,7 aurten, eta %23,3 iaz—. Euskarazko aurrematrikulazio hori bi adarretan bereizita dago arlo publikoan: batetik, ohiko D eredua, eta, bestetik, PAI ingelesez ikasteko programako D eredua —ingelesez dituzte ikasgai batzuk—. Jaitsiera azken horretan gertatu da, euskarazko PAI adarrean. Demografia kontu bat du oinarrian horrek, Hezkuntzako zuzendari Roberto Perezen arabera. «Eskola gutxitan eskaintzen da eredu hori, eta Buztintxurik eta Sarrigurenek pisu handia dute; haietan, adin piramideagatik, eskolan hasteko ume gutxiago daude, eta horrek eragina du». PAI programaren barruko D ereduan 243 haurrek eman dute izena aurten —298k eman zuten iaz—.

Ohiko D ereduan ez dute halako jaitsierarik sumatu. Kopuruetan badago jaitsiera —1.120 ikasletik 1.095era—, baina, portzentajean, igoeratxo bat, 0,2 puntukoa. «Aurreko urteetan hazkundea izan dugu, eta aurten mantendu egin gara, aldaketa esanguratsurik gabe», azaldu du Mikel Larrazak, NIZE Nafarroako D ereduko ikastetxeetako zuzendarien elkarteko arduradunak. Hala ere, uste du urte bateko baino gehiagoko joerari erreparatu beharko zaiola norabideari buruz aritzeko.

Itunpeko arloari begiratuta, ikastolek soilik eskaintzen dute euskarazko irakaskuntza Nafarroan. Jaitsiera izan dute haiek ere. Atzo, hain justu, datuak zuzendu zituzten, Hezkuntza Departamentuak emandakoak okerrak zirela eta: 431 izen emate izan dituzte, iaz baino 30 gutxiago. Espero gabeko datuak izan dira, NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Pello Reparazek azaldu duenez: «Beherakada espero genuen lekuetan igoera izan dugu, eta sorpresa izan dugu beste batzuetan». Ezusteko baikorra Sakanan eta Lizarran eduki dute batez ere, esperotako datuen gainetik baitaude. Iruñerrian, ezkorra: hiru ikastoletan 219 ikasle bildu dituzte, iaz baino 46 gutxiago. Postuak baino izen emate gehiago izan ohi dituzte haietan, baina aurten San Fermin ikastolan sei postu hutsik geratu dira, Reparazek azaldu duenez. Alde on bat nabarmendu du: aurten baino 11 ikasle gehiago eskolatuko dituzte —iaz lekurik gabe geratu ziren 40—.

Eremu ez-euskalduna

Datuak eskuan, ez du balantze baikorra egin Mikel Arregik, Euskarabideko zuzendariak: «Espero zitekeen azken urteetako goranzko joera errepikatzea, baina jaitsiera ageri da». Azterketa xehea egin beharko dela uste du. Ez du ezusterik hartu, aldiz, Sortzen elkarteko ordezkari Sergio Iribarrenek: «Antzeko portzentajeak lortzen ari gara urte dezentean». NIZEko ordezkariak dio espero zutela pauso handiagoa eremu ez-euskalduneko sare publikoan D eredua eskainita. «Lege aldaketarekin itxaropen handia genuen. Kontuan izan behar da, halere, D eredua jartzen ari direla eskola gehiago urtero». Irailean, beste bi herri sartuko dira multzo horretan: Azkoien eta Barasoain.

Nafarroa hegoaldean arazoak izaten ari dira euskarazko taldeak osatzeko; Tuteran, adibidez, ez dute lortu. «Gehiago kostatzen ari da. Hainbat herritan ikastolak daude, tradizioa dute, eta D ereduaren aldekoek hor dute proiektu bat», adierazi du Perezek. Nafarroa hegoaldeko ikastoletan ez dute asko nabaritu lege; Tafallan, adibidez, legea aldatu aurreko kopuruak dituzte. Reparazek dio «ahulak» direla publikoan sortutako taldeak, «ekosistema erdalduna» dutelako ikastetxean.

Hain justu, Nafarroako Gobernuaren kanpainarekin ez dira gustura geratu ikastolen elkartean. «Ikastolak ez dira aipatu». Bi arlotatik egin du kanpaina gobernuak. Batetik, Hezkuntza Departamentuak, eskola publikoaren aldekoa; bestetik, Euskarabideak, D ereduaren aldekoa. Perezek defenditu egin du jokabidea: «Departamentuak ez du eredu baten edo bestearen alde egiten. Normalean egiten dena egin da aurten ere». Emaitzak jarri ditu lekuko: publikoan matrikulazioa igo egin dela. Itunpekoan, gutxitu, eta horrekin lotu du ikastoletan izandako jaitsiera ere. Reparazek dio ikastolak «hirugarren sare» gisa hartu beharko lituzketela, ez gainerako itunpekoen multzoan.

Euskara zerbitzuak

Euskarabideak egindako kanpainari dagokionez, Arregik dio jauzi bat eman dutela aurten, herrietako euskara zerbitzuekin aritu baitira. «Nabaritu da euskara zerbitzua duten herrietan. Baina ikusi behar dugu zer hobekuntza egin daitezkeen». Sortzen-ek egin du kanpaina aurten ere, EgunOn lelopean. Gobernuaren jardunean hutsunea ikusten du Iribarrenek, ekimen handiagoa behar dela. «Bada garaia. Espero genuen gobernu berriarekin lortuko zela». Euskarazko irakaskuntza hedatzeko plangintza bat eskatu du.

Beste faktore bat ere bada, pisua baduena: oposizioaren jarrera. Euskararen aurkako mezuak etengabeak dira. Arregik ohartarazi du «mezu bortitzak» ematen ari direla oposizioko taldeak, eta «jendea uxatzea» dakarrela horrek. Sortzen-eko ordezkariak adierazi du gurasoak beldurtuta sumatzen dituztela: «Jendeak galdetzen digu zer gertatuko zaien UPN gobernura bueltatzen bada. Beldurrezko mezu horiek heldu egiten zaizkie herritarrei».

Aurten umeak euskaraz aurrematrikulatzeko pausoa eman duten gurasoei eskerrak emateko, Erriberrin ekitaldi bat egingo du Sortzen taldeak, apirilaren 15ean.

BERRIAn argitaratua (2018/02/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA