astekaria 2018/02/16
arrowItzuli

bizigiro

Ikus-entzule edo lekuko?

Maialen Unanue Irureta

Ikus-entzule edo lekuko?

Zenbat hatz punta erreko ote ziren, duela ez hainbeste urte, talde batek kantu lasai bat jo eta jendeak supiztekoak erabiltzen zituenean, hunkituta? Gaur egun, ez dira supiztekoak ikusten: telefonoek ordezkatu dituzte. Argazkiak, bideoak edo audio grabazioak; gordetzeko, lagunei bidaltzeko edo sare sozialetara igotzeko. Besoak ahalik eta gehien altxatu eta momentua hilezkortu: horixe azken urteetako joera.

Zenbateraino da, kasu horretan, ikus-entzulea ikus-entzule? Zenbateraino lekuko? Zenbateraino bizi du kontzertu bat etengabe argazkiak ateratzen edo bideoak grabatzen ari denak? Hala egin dio erreferentzia momentu oro lekuko izateko beharrari Berri Txarrak-ek Infrasoinuak diskoko Dardararen bat kantuan: «[...] Etorriko al da norbait, azkenean, gure bila? / Eta hala bada esan zein abiadan / denborarik dugun orain artekoa ahazteko / eta zer dugun eskaintzeko / ezpada beste inon egoteko gogoa / eta erakuskeria hau, ezpada / lekuko izateko kondena, epaia ezagun denean».

Antza, zer pentsatua eman diote Jack Whiteri galdera horiek, eta ez du telefonorik ikusi nahi apirilean abiatuko duen Boarding House Reach lan berriaren biran. Urte hasieran iragarri zuen halakoa izango dela maiatzaren 1ean Texasko Revention Center aretoan emango duen kontzertua, baina handituz joan da telefonorik gabeko emanaldien kopurua.

Nola eragotziko du, ordea, jendeak telefonoa erabiltzea? Yondr zorroekin. Aretora sartzean, bana jasoko dute ikus-entzuleek: telefonoa hor sartu, itxi, eta ezingo dute atzera ireki, aretotik irten arte. Kontzertuarekin batera iragarri zuen bere erabakia: «Uste dugu ondo pasa dezakezula bista zure gailuetatik altxatuta tarte batez, zuzeneko musika eta gure musikarekiko zaletasuna esperimentatuz lehenengo pertsonan. Gure argazkilariek sarean jarriko dituzte argazki eta bideoak: goza ezazu telefonorik gabeko giza esperientziaz zuzenean».

Belakoko kideak gogaitu samar daude publikora begiratu eta telefonoak altxatuta ikusteaz, musikari zein ikus-entzule gisa. «Ez da polita: guri gustatzen zaiguna da jendea dantzan edo pozik ikustea, eta ez denbora guztian telefonoarekin grabatzen edo argazkiak ateratzen ikustea», azaldu du taldeko bateria jotzaile Lander Zalakainek, denen izenean. Joera hori nabarmenagoa da, haren esanetan, musika jaialdi handietan: «Milaka lagun biltzen dira, eta asko, ziurrenik, ez ziren zu ikustera joango, edo ez zaituzte gehiegi ezagutzen».

Maiteago dituzte, horregatik, aretoetako kontzertuak. Airean dauden telefonoak gustuko ez badituzte ere, ez lituzkete debekatuko. Norberak egin beharreko hautua dela uste dute: «Sarrera ordainduta, emanaldi osoa telefonoarekin pasatzea ez zait oso normala iruditzen: 12-15 euro ordainduta, ez dut ulertzen nola jendea ez den guztiz sartzen kontzertuan».

Ohartaraztea, denen esku

Ikus-entzuleen eta artisten esku dago, Zalakainen ustez, joera hori moztea: «Kontzertu lasai baten erdian norbait builaka hasiko balitz, ingurukoek esango liokete zerbait, eta, kasu honetan, berdin izan beharko luke». Hori, eta errespetua edukitzea musikariei, gainontzeko ikus-entzuleei eta saioari, kontzertuari. Saioen hasieran telefonoak itzali edo isiltzeko eskatzea aukera bat dela uste du, antzezlan edo pelikulen aurretik egiten den bezala.

Iritzi artikulu bat idatzi zuen 2015eko Entzun! aldizkarian Ion Etxebarria Kortabarriak, kontzertu batetik «haserre» samar atera ostean, telefonoen harira. Hala Bediko Hiru Kortxea saioko kidea da, baita Muinoko Hotsak egitasmokoa ere. Neurri «nahiko martzianoa» iruditzen zaio Etxebarriari Whitek hartutakoa, baina, musikaria ere «halakoa denez», ez du gehiegi harritu.

Ados dago Zalakainekin: ez luke telefonoa erabiltzea debekatuko; bakoitzak jakin beharko luke neurria hartzen. «Sakelakoak erabiltzea nahiko masiboa da batzuen partetik: argazki bat, bi, hiru ateratzea ondo ikusten dut, baina hortik aurrera, zertarako behar dituzu hainbeste argazki? Beti sortzen zait galdera bera». Bada beste joera bat Etxebarria kezkatzen duena: kontzertu osoa hitz egiten pasatzen duen jendea. «Horretarako ordaindu duzu sarrera bat? Badaude tabernak lasai-lasai kontu kontari aritzeko».

Zalakainek bezala, Etxebarriak uste du joera hori nabarmenagoa dela makrojaialdietan, eta Azkena Rocken ikusitakoak jarri ditu adibide. «Ez dakit jendea kontzertuak ikustera doan edo parranda egitera: askotan erabiltzen da postureo hitza, eta egia da: jendea joaten da argazkiak atera eta lagunei esateko 'hemen nago eta zu etxean edo lanean zaude'».

Gutxi batzuen praktika

Telefonorik gabeko kontzertuak planteatu baditu, nahiko «gogaituta» eta «nekatuta» egon behar du Whitek, Gotzon Uribe Bilboko Kafe Antzokiko programazio eta kontratazio arduradunaren ustez. Baina atzean bestelako asmoren bat ere antzematen dio: «Susmoa dut bere figuraren marketinarekin lotutako zerbait dela...». Uriberen arabera, musikariek ez diote aipatu izan telefonoen gehiegizko erabilera sumatu dutenik han emandako kontzertuetan. «Epe laburrean ez dut ikusten halako neurri bat hartzeko beharrik: ez dira horrenbeste telefonoa etengabe erabiltzen dutenak, artistei molestatzeraino».

Gomendagarriena telefonoa «zentzuz» erabiltzea dela uste du Uribek; bakoitzak jakin behar luke zer egin. Etxebarriaren antzera, sarrera ordaindu eta kontzertu osoa hizketan pasatzen dutenez hitz egin du: «Egoten da jende bat sarrera ordaindu eta kontzertu osoa barran pasatzen duena hizketan, etengabe: imajinatu zer-nolako kontraesana den hori, baina suertatzen da».

EOSen kontzertuetan, beheko jarlekuetan egon ohi da Joxe Inazio Usabiaga: isilduta bada ere, telefonoa beti izaten du aldean, lanean dagoelako, EOSeko zuzendari teknikoa baita. Kontzertuen alde ez-artistikoaz arduratzen da: dena behar bezala ateratzea da haren lana, baita ezustekoren bat gertatuko balitz hura konpontzeko modua bilatzea ere.

Telefonoak itzaltzeko edo soinua kentzeko eskatzen diete ikus-entzuleei, aurrez grabatutako mezu baten bidez. «Azken urteetan, telefonoena gogaikarria da: lehen, eskuko programetan, ohar batzuk jartzen genituen, jendea kontzertuetara denbora pixka batekin joateko, telefonoak itzaltzeko, karameluekin zaratarik ez ateratzen saiatzeko... Gero kendu egin genituen denak, telefonoena salbu, despisteren bat gerta daitekeelako».

Eta gertatzen da, hala ere: telefonoek jotzen dute EOSen kontzertuetan, baina okerragoa izan zitekeen, Usabiagaren esanetan. «Lau hiriburutan 7.000 abonatu baino gehiago ditugu, eta kontzertu ziklo batera 8.000 pertsona etor daitezke: hainbeste izateko, telefono gutxik jotzen dute». Oso gutxitan gertatu da, Usabiagak gogoan duenez, telefono batek kontzertu betean jo eta pieza hasieratik hastea. Ez da erosoa, baina bai egin beharrekoa: «Pentsatu behar dugu artista dagoela bere diskurtso musikala eraikitzen, eta, eten garrantzizko bat gertatzen bada, deskontzentratu egin daiteke, eta beharra ikus dezake mozteko eta berriz hasteko».

Errespetu kontua

Muturrera jotzea iruditzen zaio Xabi Solano Esne Beltzako abeslari eta trikitilariari Whiten erabakia. «Egia da jende asko obsesionatuta dagoela argazkiak ateratzearekin eta bideoak grabatzearekin, kontzertu asko galtzen dituztela arreta handiagoa jartzen diotelako telefonoari, kontzertuaz gozatzeari baino». Baina ez du uste gehienen kasua hori denik, eta, horregatik, ez dago ados telefonoei betoa jartzearekin: «Gustuko dut ikustea jendeak argazkiren bat edo bideoren bat egiten duela eta kontzertuaz gozatu aldi berean: gero, sare sozialetan igotzen dituzte, eta ilusioa egiten du».

Ondo iruditzen zaio telefonoak isilarazteko eskatzea ikus-entzuleei kontzertuen aurretik. «Oso itsusia da telefonoak jotzea justu abesti batetik besterako tartean edo abesti lasai bat jotzen ari garenean: errespetu falta da». Musikariek eurek itzali egiten dituzte sakelakoak kontzertuen aurretik: «Kamerinoan uzten dugu, eta gurea egitera joaten gara, momentua ondo dastatzeko».

BERRIAn argitaratua (2018/02/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA