astekaria 2018/02/16
arrowItzuli

gizartea

Hogei urte 110. Streeteko geltokian

Samara Velte

Hogei urte 110. Streeteko geltokian

Zein da irakurri duzun azken liburua?». «Ez dut gogoan. Eskolan derrigortutakoren bat». Duela hilabete inguru BERRIAko kazetari baten eta 20 urteko bi futbolariren arteko elkarrizketa laburra da. Halako patxadaz formulatutako egia gordina irakurrita, eskuak burura eramango zituzten, ziurrenik, hainbat gurasok eta irakaslek. Arazoa bertatik bertara ezagutzen dutenentzat, ordea, ez da kontu berria: haur eta nerabe askok ez daukate irakurtzeko ohiturarik.

Galtzagorri elkarteak urteak daramatza eskoletan irakurzaletasuna sustatzeko ahaleginetan. Hango kide da Castillo Suarez idazlea (Altsasu, Nafarroa, 1976): «Liburuek ez dituzte irakurzaleak sortzen besterik gabe». Gustuko irakurgaietara iristeko eta haiekin gozatzen ikasteko, haurrek bitartekariak behar dituzte. Horregatik, arreta irakasleen trebakuntzan jartzen duen programa bat abiatu du Galtzagorrik, liburuoi etekina ateratzeko estrategiak lor ditzaten: «Motibatuta dauden bitartekariak lortzen baditugu, transmitituko dute irakurzaletasuna, eta txikitan irakurzalea bazara, gerora ere izan zaitezke, eta bihur zaitezke kulturaren transmisore».

Gauza bat argi baitago: irakurzalea ez den irakasle batek ezin du irakurzaletasunik transmititu. «Ikasleek arrazoi guztiarekin ez dute irakurtzen: ereduek ez diete balio», uste du Asier Serranok (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Idazlea eta musikaria izateaz gain, haurren euskara irakasle aritu da urte askoan, eta, gaur egun, irakasleak trebatzen ditu Donostiako Irale zentroan. Harentzat, ikasgelak gizartearen «termometroa» dira: «Ni haserretu egiten naiz irakasleek diotenean irakurri egiten dutela: gezurra da. Horretarako, honelako lekuetatik pasatu behar da». Irale zentroko liburutegia seinalatu du: eskolako lanetatik liberatutako irakasleek urte askoan zapaltzen duten «lehen liburutegia» da maiz. «Soinketako irakasleak 200 kilo baditu, erretzailea bada eta erdi alkoholikoa, eta ikasleei potroa saltatu behar dutela esaten badie, ez da oso koherentea. Bada, gure kasuan berdin gertatzen da: predikadorea ez da egokiena».

Ibon Egañak (Urnieta, Gipuzkoa, 1981) beste perspektiba batetik begiratzen dio egoerari: irakasletzako ikasleen irakasle da EHUn, euskara eta literaturako espezialitatean. Azaldu duenez, literaturarekin harreman txikia izaten dute irakaslegaiek fakultatean: ikasgai erdi bat hirugarren mailan, eta hautazko bat laugarrenean. «Hasieran, urruti daude haur literaturatik; uste dut, neurri batean, gizartearen ispilu direla. Gutxi dira irakurtzeko zaletasuna daukatenak, eta daukatenek gaztelaniazko liburuetara edo best seller-etara jotzen dute». Gaia lantzeko aukera ematen zaienean, baina, «beste mundu bat» topatzen dute. «Ikasle batek baino gehiagok esan izan dit unibertsitatea dela, bere orain arteko ikasle bizitzan, gutxien irakurri duen garaia; irakurri dituzte artikulu akademikoak, baina irakurketa literarioa bigarren mailan geratzen da, ez duelako balio edo ez daukalako isla zuzena irakaskuntzan».

Esperientzia antzekoak ikusi ditu Serranok, maisu-maistrei literaturarekin harremanetan jartzeko denbora eman dienean: «Gaur egungo irakaslea paper-ontzitik dator: burokraziaz betetako proiektuak, denborarik ez, metodologia aldaketak etengabe... nekatuta dator. Hemen [liburutegia seinalatu du], literaturak denbora ematen dio hausnartzeko, bere ikasleei begietara begiratzeko eta jakiteko zer den irakurri behar dutena; zer eta nola». Irakasleak haurraren «bidaide» izan behar duela uste du: «Ikasle bakoitzaren gustua identifikatu behar du, zein momentutan dagoen, zer behar dituen. Lan nekeza dela? Niri ez zait iruditzen. Niri iruditzen zait munduko lanik ederrena dela».

Hain zuzen ere, horixe da Galtzagorriren egitasmoaren funtsa: irakasleei bitartekaritza lana erraztea. Urtero, argitaratu diren liburu guztiak aztertu eta aukeraketa bat egiten du elkarteak. «Galbahe lana» da, Suarezen hitzetan: «Irakasleek ez dute denborarik izaten hori egiteko». Ohartarazi du, dena den, guztia ez dagoela irakasleen esku: «Gurasoak ere hor daude». Ados dago Egaña: «Ematen du arazo bakarra dela irakasleak ez daudela prestatuta, baina badira egiturazko arrazoiak eta erabakietan oinarritzen direnak: non jartzen duen hezkuntzak lehentasuna, edo zein baliabide jartzen diren irakurzaletasuna bultzatzeko». Ikastetxeetako liburutegi asko, esaterako, desagertzen ari dira: «Arduradunak kendu dituzte, edo lanaldi osoan zeudenak erdira pasatu dituzte».

Horitutako orriak bueltaka

Bitxia irudi lezakeen arren, duela hogei urte DBH ikasten ari zen edonori ezagunak egingo zaizkion izenburuetako batzuk ageri dira oraindik ikasleen irakur zerrenda derrigortuetan. Serranoren ustez, inertziazko eskaintza horrek kalte egiten du: «Beti irakurri izan direlako aukeratzen dira liburu batzuk; adibidez, daukan kalitatean sartu gabe, 110. Streeteko geltokia [1985]». Gainera, zerrendotan «gauza asko nahasten» direla uste du: «10-12 urteko bati Jon Miranderen Haur Besoetakoa ematen zaio, inolako filtrorik gabe».

Liburu horietako asko, gainera, ez datoz bat haur eta nerabeen gustuekin. Argi du Suarezek: «Gaztetxoek bildumak irakurtzen dituzte nagusiki; hor dago, esate baterako, Alaine Agirrek orain atera duen saga, edo Jasone Osororena». Horregatik, eskoletako literatur eskaintza ere urtez urte moldatu nahi du Galtzagorrik programa berriaren bitartez, ez daitezen izan urtero errepikatzen diren liburuak: «Klasikoak badaude, baina baita azkenaldian argitaratutakoak ere, ez dadin izan inertziaz erabakitzen den zerbait».

Serranoren ustez, irakasleei «ahaztu» egin zaie «umeei begietara begiratzea»: «Haurrei ez zaie galdetzen zer den irakurri nahi luketena; ez dago kontsentsurik. Helduen literaturan badago enkargu bidezko literatura bat: jendeak hau eskatzen du; ondo, Patria emango diogu; eta jendeak irakurri egiten du. Haurrei ez zaie galdetzen zer irakurri nahi duten». Egañaren arabera, berriz, haur literaturari begiratzeko moduan dago okerretako bat: heziketarako tresna gisa erabiltzen da, gozamenerako erabili ordez. «Eskoletan badago ideia hori: 'Ez dakit zein liburu irakurriko dugun ingurumena lantzeko, edo familia ereduak lantzeko'. Ondo, gai askotaz hitz egin daiteke literatura erabilita, baina helburua ezin da izan irakurketa literarioa lotzea lanketa jakin batekin. Kostatzen da literaturaren dimentsio estetikoari, gozamenarekin lotura daukanari garrantzia ematea». Haurren irakurgaiak aukeratzeko, arau sinplea betetzeko gomendatu du: «Istorio batek aspertu bazaitu, pentsatzekoa da ume bati ere berdin gertatuko zaiola. Baina horrek eskatzen du irakurtzea, pixka bat kontrolatzea zer argitaratzen den, eta hortik proposatzea haurrek irakurtzeko liburuak».

Bat dator Serrano: haurrei askatasuna utzi behar zaie euren irakurgaiak aukeratzeko, «eta irakasleak irakurri egin behar du liburu hori». Norbaitek ihardetsi lezake: baina, orduan, maisu-maistra guztiek izan behar dute literaturan aditu? Serranok argi du: «Bai, bai, bai. Denok sinetsi behar dugu hizkuntza irakasle garela. Eta horren inguruko kexarik daukanak autoazterketa bat egin behar luke, autokritika bat, eta, ziurrenik, hezkuntza utzi. Sufritzen badu hezkuntzak eskatzen eta eskaintzen duen mirarizko mundu horrekin, utz dezala». Bere lantoki izandako ikastetxe batean gertatutakoa ekarri du gogora: «Euskara mintegian sei-zazpi lagun ginen. Bakoitzak bere arabera ulertzen zuen irakurzaletasunaren kontu hori, ez zegoelako kontsentsurik. Euren artean partekatzen zituzten 110. Street-eko geltokia, Tobacco Days eta horiek. Azken egunean, ordu eta erdiko bilera bat izan genuen. Ordu eta erdi horretan ez genuen hitz egin ikasleek ea irakurri ote zuten, edo bestelako gai akademikoez: kontua zen Bernardo Atxagaren alaba hurrengo urtean 1. mailara zihoala, eta euren arteko eztabaida zen zeinek ote zeukan meritu gehiago haren euskara irakasle izateko. Baina gero, ikasleek zer irakurri behar zuten, zer gomendatu, bidaide lan hori... ez zen egiten. Aukera zeukaten Atxaga berriak sortzeko, eta ez zuten aprobetxatu».

Liburu azterketak?

Serranoren ustez, ikasle bakoitzak bere momentua dauka irakurtzeko: «Ez zaio behartu behar, baina erakutsi behar zaio nola». Elkarrizketatutako aditu guztiak bat datoz: liburuei buruzko azterketak egitea kaltegarria da irakurzaletasunarentzat. «Gauza bat da irakurmena, eta beste bat irakurzaletasuna», nabarmendu du Suarezek: «Irakurmenean, gaitasuna da neurtzen dena; eta hori era askotako testuak erabilita landu liteke». Serranoren ustez, betiko azterketa zurrunek liburua modu berean ulertzera behartzen dituzte haurrak: «Ikasle bakoitzak testuinguru jakin bat dauka, eta liburu bat mila modutan interpreta dezake».

Galtzagorrik hainbat metodologia proposatu ditu azterketa klasikoa ordezkatzeko: besteak beste, ahots gora edo taldean irakurtzea. Liburuen testuingurua lantzea ere gomendagarria dela uste du Suarezek; esate baterako, idazlea gonbidatuta eta hari buruzko informazioa bilduta: «Azkenean, jakin-mina piztea da helburua, liburuan agertzen diren tokiei buruz, lanbideei buruz... Ikasleek, finean, hizkuntzazko input bat jasotzen dute liburuaren bitartez». Serranok irakurle klubaren formatua proposatu du: «Liburu bat gelan denek irakurtzen badute, izan dadila irakurle talde batek emango liokeen erabilera emateko».

Egaña ados dago azterketei dagokienez, baina zalantzak agertu ditu ikasleei utzi beharreko askatasunaren inguruan: «Irakurketak esfortzu bat eskatzen du: ikasi egin behar da irakurtzen. Zaila da oreka bilatzea: irakurtzeak ezin du bihurtu langai aspergarri bat edo zigor bat —hori da egin behar litzatekeen azkena—; plazerarekin lotuta egon behar luke, norbere buruarekin konektatzearekin, baina ahaztu gabe irakurtzen ere ikasi eta irakatsi egin behar dela». Horrek literatur testu geroz eta konplexuagoak ulertzeko gaitasuna ere esan nahi du: «Helburua ez da mundu guztia derrigorrez irakurzale izatea, baina bai izan nahi duenari horretarako aukera ematea, eta horrek esan nahi du gai izan behar dutela».

BERRIAn argitaratua (2018/02/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA