astekaria 2018/02/16
arrowItzuli

gizartea

«Arazoak ez ditu hezkuntzak bakarrik konponduko»

Jon Ander De la Hoz

«Arazoak ez ditu hezkuntzak bakarrik konponduko»

IƱigo Salaberria (Hondarribia, Gipuzkoa, 1976) Heize Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko lehendakariordearen arabera, hezkuntza proposamenaren dokumentua abiapuntu egokia da, baina gabeziak ere baditu: «Diagnostiko bat egitea falta zaio».

Hezkuntzako zenbait eragilek prozesuan parte hartu dute. Nola baloratzen duzu?

Euskal Herria akordio gune bat da. Hala den heinean, eseri egin behar dugu mahaian, errealitate anitz ditugulako. Bai hezkuntza sareen artean, bai eta sareen barruan ere. Lan ildo honetan, bada kontu bat aintzat hartu behar dena: gizartea interpelatua dagoela. Guk badugu informazioaren zati handi bat, profesionalak garelako, baina guk adinako informazioa duten eragileak ere badaude, eta haiek ere bildu egin behar dute ezinbestean.

Zeintzuk dira eragile horiek?

Gurasoak, sindikatuak, hurbileko administrazioa...Elementu horiek gure zentroen egunerokotasuneko euskarriak dira. Gero, zentroek euren arteko sareak estutu behar dituzte; ez du zentzurik Lezoko proiektuak zerikusirik ez izateak Errenteria, Oiartzun edo Hondarribikoarekin. Hori guztia ez badugu harilkatzen, oso tokian tokiko erantzunak emango ditugu, eta ez dugu erantzun estrategikorik emango.

Erantzun estrategikoa aipatu duzu. Ikastetxeen arteko aldeak murriztea ere hor kokatzen da?

Datuek bere horretan hitz egiten dute. ISEI indize baxuko 141 ikastetxeetatik 122 sare publikokoak dira, eta 19, itunpekoak. 2015eko argazkia da hori, eta beheranzko bilakaera baten ondorioa da. Errealitate horren aurrean ostrukarena egin eta gizartearen erabakia dela esan dezakegu, baina, gure ustez, hori ez da erreala.

Zer egin daiteke hori aldatzeko?

Neurriak hartu eta tresnak jarri behar dira, akordioetan oinarrituta. Egoera hau birbideratu beharra dago. Ekitatean eta gizarte kohesioan oinarritzen da dokumentua. Hori da bere zeharlerroa, berrogei aldiz agertzen baita dokumentuan. Islatuta dakartzanez, dokumentuak adierazten du behar horiek existitzen direla.

Zeintzuk dira aipatu dituzun tresnak?

Arreta hobea eskaintzeko baliabideak. Egun dauzkagun baliabideek egungo egoerara eraman gaituzte. Baliabide gehiago behar dugu, eraginkorragoak eta zentzuzkoagoak. Arazoak ez ditu hezkuntzak bakarrik konponduko; hori pentsatuz gero gaizki ari gara. Egoera bideratuko dugu baldin eta elementu ezberdin guztiak aktibatzen baditugu: osasuna, justizia, administrazioa, eragiletza publiko nahiz pribatua... Horiek guztiek modu estrategikoan plangintza bat adosten badute, egoera bideratu dezakegu.

Ebaluazio eredu egokia sustatzen du dokumentuak?

Ados gaude duela gutxi aurkeztu den hezkuntzako ebaluazio sistema propioarekin. Dokumentuan sarri aipatzen da ebaluazioen arrazionalizazio kontzeptua; izan ere, errealitatetik oso gertu idatzita dago. Ebaluazioak arrazionalizatzea, antolatzea eta kanpo ebaluazioei buruzko diskurtso positiboak sozializatzea aipatzen ditu. Horiek gauzatuz gero, gure gizartearen onurarako izango da zalantzarik gabe. Ebaluazioek datu emankorrak eman behar dizkigute, gure jarduna hobetzeko. Horretarako, ebaluazioen ugaritasunak ez du batere laguntzen. Ebaluazio esanguratsuen kultura sustatu behar dugu, eta ebaluazio sistema propioaren ideia onuragarria da horretarako.

Proposatzen den eredua balekoa iruditzen zaizu?

Ikusiko dugu zer ematen duen, baina aurrekoa baino askoz arrazionalagoa da. Koherenteagoa da dugun egoerarekin.

Hezkuntza sisteman, zer-nolako garrantzia izan behar luke eskolen autonomiak?

Ez dakit ikastetxe batzuei onik egingo dien autonomia bere horretan aplikatzeak, bestelako laguntzarik eduki gabe. Onik ez badie egiten, ikastetxeen arteko arrakala zabaldu dezake. Autonomia efektiboa behar dugu. Antolakuntzari dagokionez, ditugun beharrei modu ezberdinetan erantzun behar zaie.

Ikastetxe bakoitzak bereak dituelako?

Bai, bakoitzak bere auzoari edo bere herriari erantzuten diolako. Komunitate bakoitzak berariazkoak diren elementuak ditu, eta haietara egokitu behar da. Hori bai, ezin da ahaztu berdintasun ekitatibo minimo bat mantendu behar dela, bestela dokumentuaren zeharlerroaren aurka joango ginatekeelako: zentro batzuk oso potenteak lirateke, eta besteek bestelako errealitateak lituzkete.

Dokumentuak bikaintasunaren bila aritzea aipatzen du.

Arrakasta duten esperientzia guztiek lan giro egokia eta komunitatearekin lotura sendoa dute egunerokoan. Hori elkarbizitza behatokiaren bidez, euskararen eta ahozkotasunaren sustapenaren bidez, eskola kirolaren kudeaketa hezitzailearen bidez, jangelaren kudeaketa zuzenaren bidez eta abarrez lantzen da. Kultura hori barneratua duten ikastetxeak bikainak izan ohi dira. Lana ondo egiten dute, familiak entzunak sentitzen dira, eta ikasleak babestuak.

Horretan datza eredu integrala?

Bai. Berezitasunak berezitasun, Euskal Herriak eredu hori barneratu dezake, duen dimentsioarengatik. Zentroek dituzten elkar loturak garrantzitsuagoak dira bakoitzak dituen berezitasunak baino.

Eredu horretan, parte aktibo lirateke irakasleak. Pisu handia jartzen da haiengan?

Konponbidea kapsulatuta landu eta plan orokor estrategikoa finkatzen ez bada, denbora alferrik pasatuko da. Irakaslea elementu nuklearra da, baina fokua batzuengan soilik jartzen badugu, osotasunaren perspektiba galduko dugu. Gizarte osoa da interpelatua; puntualki aplikatu beharko dira neurri batzuk, baina diskurtso estrategiko koherente bat osatu behar da lehendabizi.

BERRIAn argitaratua (2018/02/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA