astekaria 2018/02/16
arrowItzuli

kirola

KEPA ARRIZABALAGA

«Denbora behar nuen; nire bizitza zehaztuko zuen erabakia zen»

Haritz Gallastegi

«Denbora behar nuen; nire bizitza zehaztuko zuen erabakia zen»

Kepa Arrizabalagak zeresan handia eman du azken hilabeteetan. Txikitatik dohain handiak erakutsi ditu, eta gorengo mailan denbora gutxi behar izan du zer egiteko gai den erakusteko. Mundu mailako talde indartsuenen arreta bereganatu du, eta Athleticek indartsu egin du haren alde apustu taldean mantendu ahal izateko. 2025eko ekainaren 30era arte berrituta, hurrengo urteetan ondo zainduta izango du atea talde zuri-gorriak. Kepak arrastoa utziko duela dirudi. Beraz, aurrera begiratzeko unea da. Hurrengo erronka Europa ligako final-hamaseirenak dira. Athleticek Spartak Mosku izango du zain bihar, Errusiako hiriburuko hotzean.

Zure etorkizunak egoneza eragin zuen Athleticen, eta zuretzat ere ez zen egoera erraza izango. Behin dena argituta, lasaiago zaude?

Bai. Kontratua luzatu eta zelaietara itzultzeak mesede egin dit. Las Palmasen kontrako emaitza ez da pozik egoteko modukoa, baina nik ondo ikusi nuen neure burua. Lesioa ahaztuta dut dagoeneko. Pozik nago jokatzeko aukera izan nuelako.

Mutil lasaia zara. Zelai barruan zein kanpoan patxada handia erakusten duzu. Hala ere, ez zen samurra izango egunero-egunero futbol zale guztien ahotan egotea.

Ezohiko egoera izan da. Jokalari gutxik bizitzen duten egoerari aurre egitea egokitu zait. Berdegunean erantzuteko prestatzen gaituzte, baina ez gaude gertu gure mugimendu guztiak lupaz begiratuak izateko. Nik gauzak amaitu arte ezer ez esatea erabaki nuen. Madrilgo hedabideetan asko hitz egin zen nire inguruan, eta luze egin zitzaidan. Horrelako egoeretatik ikasi egiten da.

Txarto pasatu al duzu?

Ez. Egoera berezia izan da. Une batzuetan, lekuz kanpo ikusi dut neure burua, baina ikasgai ona izan dela uste dut. Pertsona moduan hazteko balioko dit.

Zure kirol ibilbidea eta neurri handi batean zure bizitza bideratu duen erabakia izan da. Alde handia dago Athleticekin beste zazpi urterako kontratua izenpetu edo beste talde batera joatearen artean.

Erabakiak hartzeko denbora behar izaten dut. Nik aurrean izan dudan egoera berezia izan da. Nire bizitza zehaztuko duen erabakia hartu behar nuen. Erabaki oso garrantzitsua izan da. Nire kirol ibilbidea nondik joango den aukeratu dut. Eta pozik nago.

Argi daukazu bide egokia hartu duzula?

Gauzak argi izan ez banitu ez nuen kontratua luzatuko. Urte askorako hitzarmena sinatu dut Athleticekin.

Eskaintza oso onak izan dituzula esan duzu: Real Madril, PSG, Juventus… Europako talde indartsuenak aipatu dira. Real Madrilena izan omen da apusturik garbiena zu fitxatzeko. Duela urtebete pasatxo Athleticeko hirugarren atezaina zinela kontuan hartuta, dardarka egiteko eskaintzak izan al dituzu?

Aukera oso onak izan ditut mahai gainean. Eta aukera horien artean Athletic ere gogor borrokatu da nire alde.

Atzera egiteko aukera izanez gero, zerbait aldatuko zenuke?

Ez.

Athleticeko jarraitzaileek galdutzat eman zuten Kepa, eta talde zuri-gorriarekin akordioa lortu zenuenean sekulako poza hartu zuten. Helarazi dizute poz hori?

Bai. Igarri dut. Kalean zaleekin elkartzen naizenean babes handia erakusten didate. Garrantzitsu sentiarazten naute. Las Palmasen kontrako lehian ere harrera oso ona egin zidaten. Eskertzekoa da.

Jose Angel Iribarren ondorengoa izango omen zara. Langa oso goian jarri dizute.

Iribarren ordezkoa naizela esatea asko esatea da. Jose Angel zer izan den Athleticen historian ez dago azaldu beharrik. Nik neure bidea egin gura dut. Ea noraino ailegatzen naizen. Lana da sekretua.

Noraino ailegatu gura duzu?

Athleticekin aurrean egon gura dut. Egunen batean Gabarra ateratzea da gure helburua. Zale guztiok daukagu amets hori.

Behin kontratua luzatu eta jokatzen hasita, Errusiako Munduko Kopa gertuago ikusten duzu?

Helburuetako bat da. Erronka polita da. Ondo jokatzen ahaleginduko naiz hautatzailearen zerrendan egoteko.

Ez zara zu izan azken asteotan zeresana eman duen zuri-gorri bakarra. Neguko merkatua oso mugitua izan da Athleticen, horrenbeste ezen denbora gutxian zure kontratu luzatzea bigarren mailan geratu baita.

Hala da. Jokalari oso garrantzitsu batek utzi du taldea [Aymeric Laporte] eta maila oso oneko futbolari bat fitxatu du klubak [Iñigo Martinez]. Gaur egun, horrelakoa da futbolaren merkatua. Athleticen udan bizi izan ditugu horrelako egoerak azken urteotan, baina inoiz ez neguko merkatuan. Horren aurrean, taldeak bere bidea egin behar du. Gaudenok egin behar dugu aurrera, eta kito. Eskas ari gara jokatzen, baina talde gogorra gara, eta oso ondo hartzen dugu elkar.

Jokalari garrantzitsu bat iritsi dela esan duzu. Ondarroan nola bizi izan da zuk kontratua luzatzea eta Iñigo Martinezek Athleticen alde egin duen apustua?

Ondarroan gehienak pozik daudela uste dut. 8.000-9.000 laguneko herri batek Athleticen bi jokalari izatea pozgarria da. Herrian Realeko zaleak ere badaude, eta horientzat gogorragoa izan da Iñigok hartu duen erabakia. Guk babes osoa erakutsiko diogu, bai beretzat, eta baita guretzat ere erabaki onena izan baita. Futbolari oso ona da, eta asko lagunduko digu.

Lasai ikusten al duzu?

Bai. Kanpotik lasai dagoela dirudi. Hartutako erabakiaz ziur da. Beretzat onena dela uste du, eta gu oso pozik gaude hartu duen erabakiagatik.

Realean «historia» da Iñigo. Bere elastikoak aldatzeko aukera eman du klubak. Zer iritzi daukazu?

Ez dakit bada. Nik ez nuke egingo. Gaur egungo futbolak horrelakoa da. Guri ere oso futbolari garrantzitsu bat joan zaigu, eta gure klubak ez du horrelako ekimenik egin. Argi dago min egin diela euren kapitainetako batek Athleticera etortzea erabaki izanak.

Taldera itzulita, egiten ari zareten jokoak kritika zorrotzak jaso ditu azken asteotan. Jarraitzaileak hasi dira pazientzia galtzen. Ez da hobekuntzarik ikusten. Zer falta zaio taldeari?

Erasoan argitasuna falta zaigu. Bestalde, erabakiak hartzerako orduan ez dugu asmatzen. Baloia dugunean zer egin asmatu behar dugu. Neurketaren zenbait momentutan presaka jokatzen ari gara. Barrura begiratu eta buelta eman behar diogu egoerari. Gu gara erantzuleak. Ez gara ondo jokatzen ari. Ligan hurrengo bizpahiru partidek esango digute non egongo garen denboraldiaren amaieran. Europan, berriz, erronka garrantzitsua daukagu. Asko kostatu zaigu gauden lekura ailegatzea. Aurreko sasoian zazpigarren sailkatu ginen ligan, ondoren uda hasieran kanporaketak jokatu behar izan genituen... Daukagun guztia emango dugu. Spartak kontrario gogorra izango da. Txapeldunen Ligan aritu da aurretik, eta beraz, aintzat hartzeko taldea da. Sentipenak onenak izan ez arren, ondo prestatua joango gara.

Konpromiso handiko neurketa daukazue bihar. Konfiantza aldetik ez zaizue indartsu ikusten, aurkaria ona da eta neurketaren inguruko baldintzak ez dira samurrak izango. Hotz handiarekin jokatuko duzue.

Kanporaketa oso gaitza da. Baina Europan aurrera egiteko kontrario gogorrak gainditu behar dira. Moskun hotz egingo du, baina guk aurre egin beharko diogu.

Europa ligan Iago Herrerinek jokatu du orain arte. Bihar jokatzeko esperantzarik badaukazu?

Jokalari guztiok hasierako hamaikakoan egoteko egiten dugu lan. Gustuko dugu partida garrantzitsuetan parte hartzea. Moskukoa oso erakargarria da. Nik jokatzea gura dut, baina entrenatzaileak hartuko du erabakia. Ni prest nago.

Athleticek hobetu egingo du hurrengo hilabeteetan edo gurutze-bidea izango da sasoi bukaerara arteko bidea?

Hobetuko dugu, ziur. Guk horretarako egiten dugu lan. Denboraldiaren azken txanpara sailkapenean ondo kokatua ailegatu behar gara.

Zer egingo duzue Moskuko hotzean?

Atea hutsean mantendu eta golen bat sartuta konforme nengoke.

BERRIAn argitaratua (2018/02/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA