iritzia
Istantak
Maddi Ane Txoperena Iribarren


Horretatik pixka bat badu Iturengo inauterietan iaz sortu eta aurten are gehiago elikatu den polemikak. Animalia hilak erabili behar ote diren ala ez gorabehera, herrian kameren presentziak dakarrena ekarri baitu azalera. Eta berdin gertatzen da postalerako moduko inauteriak dauzkaten gainontzeko herrietan ere. Eguna iritsi, eta kamerei adi egon behar izaten gara jantzi, eraldatu eta munduaren aurrean beste nor izan nahi dugunean ere. Eta itxura bakarrik ez; gauzak aldatu egiten dira. Ez baita gauza bera mozorrotu, lagunekin egon eta momentua bizitzea parean hiru kazetari eta lau objektibo baldin badauzkazu zuri begira. Aldatzen duzu irribarre egiteko modua, postura, eta baita, ikusi denez, batzuetan mozorroa ere; eginen duzun astakeria lau haizeetara zabalduko den beldurrez.
Horregatik dira hain ederrak harrapatu ezin diren istantak. Egunkarietako azaletarako merezi ez dutenak; itxuraz hutsalak direnak; gerorako ardurarik gabe orain eta hemen bizi dituzun sentimendu, hitz eta usainak. Ezin direnak Whatsappetik bidali, baina uzten dutenak arrasto bat hurrengo eguneko aho zaporean. Teknologiak eginen ditu oraindik aurrerapausoak, baina zaila izanen du istant horiek harrapatzea. Gure esku altxorraz kontziente izan eta horrelako istantak baloratzea.