astekaria 2018/02/16
arrowItzuli

ekonomia

JOSE RAMON FERNANDEZ DE BARRENA

«Baten bat kuota galtzen ari da, denok ezin baitugu irabazi»

Xabier Martin

«Baten bat kuota galtzen ari da, denok ezin baitugu irabazi»

Irungo Uvesco taldea %8 hazi da 2017an, eta azken urteetan goranzko bidea baino ez du ezagutzen. Jadanik 4.500 enplegu ematen ditu, iaz 500 sortu ondoren; lanpostuen %80 Hego Euskal Herrian daude. Hamar urtean, Madrilen 50 supermerkatu irekitzeko asmoa dauka, iaz hasitako hedatze planari jarraikiz. «Ezin gara geldirik egon», esan du BM eta Super Amara supermerkatuen taldeko zuzendariak.

Dena emanda doa Uvesco. Madrilera zabaltzen ere hasi zarete. Ez al zarete ezeren beldur?

Beldurrik ez dugu; zuhurtzia bai. Badakigu besteek baino hobeto egin behar ditugula gauzak beti. Geldirik geratzen bazara, ezker-eskuinetik aurreratuko zaituzte. Beraz, gure erronka da lehiakideak baino lehiakorrago izaten jarraitzea.

Krisiaren gordinean, produktu freskoen kalitatearekin lotutako eredua ezarri zenuten BM eta Super Amara supermerkatuetan. Egun, hori bera da lehiakide askoren apustua. Eta orain zer?

Lehen errazagoa zitzaigun bereiztea, egia da. Lehiakide asko saiatu dira gure eredura hurbiltzen. Produktu freskoen kalitateaz ari gara, tokiko produktuez, profesional trebatuen zerbitzua jasotzeaz. Baina gu abantailaz ari gara, profesionalak ez baitira egun batetik bestera trebatzen. Tokiko ekoizle onenekin akordioak edukitzea ere ez da berehala lortzen.

Madrilera hedatzen hasi zarete, eta apustu horretan inbertsio handiak datoz. Eroskik ere hegoaldera zabaltzeko apustua egin zuen bere garaian, eta emaitzak aski ezagunak dira...

Ez da kasu bera. Beste egoera bat da; gu gure eremuan eroso baikaude. Hemen, gero eta zailagoa da leku egokiak aurkitzea handitzen jarraitzeko. Gure eredua zabaltzeko leku berrien bila hasi ginen, eta Madrilera joateko erabakia hartu genuen; baina argi, inbertsio hori oso mugatua da guretzat. Tenperatura hartzeko balioko digu hamasei supermerkatu erosi izanak han; estrategia baten zubia baino ez da izan erosketa hori. Bi urte barru ikusiko dugu asmatu dugun ala ez. Lehen erantzuna oso ona izan da, %20ra ari garelako hazten.

Nola azaltzen da hilabete batzuen buruan Espainian lortu duzuen hazkunde maila Euskal Herrian duzuena baino askoz handiagoa izatea?

Gure ereduari lotutako aldeketek eragin handia izan dutelako han, batik bat produktu freskoen aldeko apustuak. Dendak zaharberritu ditugu, eta gure produktu sortak egin du gainontzekoa. Dena den, hau dena tenperatura hartzeko baino ez da, berriro diot, datorrenak oinarri bat izan dezan.

Esaterako Dia supermerkatu katearen eredutik oso urrun dago zuena; alegia, erosteko ahalmen jakin bat behar dute zuen bezeroek. Madrilen ere topatu dituzuela ematen du.

Baita Avilan ere. Erositako hamasei supermerkatu horien artean bi Avilan zeuden. Supermerkatu bakoitza errentagarri izatea begiratu behar da, ez besterik.

Produktu freskoez hitz egiten da, erosotasunaz, tokiko hornitzaileez, baina ez al da salneurria oraindik ere banaketaren lehiaren funtsa?

Salneurria, gaur egun, beste aldagai bat da; gaur egun, banatzaile handi gehienok tankerako salneurriak ditugu atal askotan. Lehiakideek elkarri begiratzen diogu etengabe, bakoitzaren prezioak ezagutzeko; horrek merkatuan egotea ahalbidetzen digu. Salneurriak ez du berez aldea egitea, produktuaren izaera baizik. Gai freskoetan dago alde handiena.

Erosteko ahalmen handiagoa duten bezeroak dira zuenak?

Gure supermerkatuan sartu nahi duen edonor da gure bezeroa, baina, seguruenera, gure bezeroak erosteko ahalmen handiagoa izango du discount eredu baten alde egiten duenak baino. Gero, kontuan hartu behar da batzuek oporrei ematen dietela garrantzia, eta beste batzuek, egunero kalitatezko produktuak jateari. Zaila da bezeroaren profilaz aritzea maila ekonomikoari lotuta. Euskadin, gainera, jateari garrantzi oso handia ematen diogu. Hori ere ikusi dugu Madrilgo jarduerarekin alderatuta.

Eroski, Mercadona, Carrefour, Lidle, Dia, Auchan... Ba al dago lekua denentzat? Bezeroa erotzen hasia dago hainbesteko eskaintzarekin...

Supermerkatu bat ez da irekitzen besterik gabe. Denda bakoitzaren errentagarritasuna begiratu behar da beti. Bere kabuz errentagarri dela uste badugu, zabaldu egiten da, taldeari egingo dion ekarpenaz aparte. Lehia handiagoa dela? Bai, zalantzarik gabe, eta bi urte barru are handiagoa izango da, baina sektorea horrela dago. Eta argi dago: baten bat kuota galtzen ari da, denok ezin baitugu irabazi kuota eta errentagarritasuna.

Mercadona Euskal Herrian ezarri da. Mamua al da, esaten zen moduan?

Ez, baina lehiakideek zabaltzen duten edozein dendak bere eragina izaten du; gure ereduak desberdinak dira. Beti daude bezero batzuk denda batera baino gehiagotara etortzen direnak, baina ez da mamua guretzat.

Eroskiren ereduaren musika zuenaren antzekoa da. Hura al da zuen lehiakiderik handiena?

Kokaturik gauden eremuan, kuota irabazteko lehiatzen gara, eta Eroski da sarriago aurkitzen dugun lehiakidea gure esparruan. Euskadin kuota handiena duena da, eta gu gara hurrenak.

Produktuak bakarrik ez, enpresa bera ere saltzen jakin behar dela erakutsi du Mercadonak, ordaintzen dituen soldaten berri emanda. Zuenak baino hobeak al dira?

Gure soldatak herrialdeko hitzarmenek ezartzen dutenaren gainetik daude, eta itun horiek sektoreko onenak dira, gure lehiakide askoren soldaten gainetik, alegia. 4.452 langile dauzkagu taldean, eta aurten beste ehun enplegu sortzeko helburua dugu.

Donostiako bus geltokiko supermerkatuak igandeetan ere irekitzen du, sindikatuen nahien aurka. Zer egin behar duzue?

Rapid hori geltoki batean dago, astelehenetik iganderako jarduera duen geltoki batean, eta hango bezeroentzat da, eskaintza oso jakinarekin. Irekita jarraituko du.

Horrelako gehiago zabaltzeko asmorik bai?

Ez.

Nahi beste plastikozko poltsa ematen dituzte BMn eta Super Amaran, doan. Europako Batasunean plastikoaren aurkako egitasmoak hasi dira. Berdin jarraitu behar al duzue?

Bezeroei ematen zaion zerbitzuaren barruan dago poltsak eskaintzea. Dekretu bat dago martxan, zeinak poltsak doan ematea galarazten duen; martxoan jarri behar zuten indarrean, baina uztailerako atzeratu da. Badakigu azkenean poltsak kobratzen hasi beharko dugula, edo emateari utzi, baina derrigortuta egingo dugu.

BERRIAn argitaratua (2018/02/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA