astekaria 2018/02/16
arrowItzuli

gizartea

FELICIANO VILLAR

«Sexualitatea ez da itzaltzen pertsona bat egoitza batean sartzean»

Arantxa Iraola

«Sexualitatea ez da itzaltzen pertsona bat egoitza batean sartzean»

Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da Feliciano Villar psikologoa (Zamora, Espainia, 1970). Zahartzaroarekin lotutako gaiak lantzen ditu bereziki, eta ikerketa bat burutu berri du 152 zahar etxetan -ia autonomia erkidego guztietakoak dira; bost, Euskal Herrikoak-, profesionalei galdetuta nolako baliabideak izaten dituzten egoiliarren sexu eskubideak aintzakotzat hartzeko garaian. Oihartzuna izan du, eta lehengo hilean Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan zen hura aurkezten.

Ikerketak ate bat ireki nahi du gutxi landu den eremu batean...

Gutxi ikertutako gaia da. Orain bost urte, azterketa kualitatibo bat egin genuen. Profesionalei eta egoiliarrei egin zitzaien orduan galdera. Gaiak mamia zuela ikusi genuen, eta ikerketa berria da oraingoa: handiagoa. Asmoa izan da ikustea nola ikusten duten gaia egoitzetan diharduten langileek.

Zer diote profesional horiek?

Gehienek erantsitako arazo baten gisan ikusten dute: lehendik duten lan kargari erantsitako arazo bat da. Egunean eguneko martxa ez da erraza: usu ez dira ondo ordaindutako lanak, eta txandakatze handia eskatzen dute. Eta zenbait langilek diote: «Orain, gainera, kezkatu behar dut norbait masturbatzen delako edo bikote batek erlazio bat hasi duelako?». Orduan, askotan, begiak ixtera egiten da. Laztan, musu eta horrelakoen aurrean paternalismoa agertzen da sarri: «Zer maitagarriak». Horrexek, funtsean, diskriminazioa erakusten du; adineko pertsonei goitik behera begiratzea. Sexu portaerak esplizituak direnean, edo alzheimerra edo antzeko gaitzen bat duen norbaitek egindakoak direnean, aldiz, ez da esaten: «Zer maitagarriak!». Alarmak pizten dira askotan. Kasu horietan, sexu portaera gaixotasunaren sintomatzat hartzen da sarri, ez pertsona horrek duen behartzat.

Hein batean, pertsona horiek babestea ere bilatuko da horrela, ezta? Gaitasun kognitiboa apalduta, kalteberagoak dira...

Bai, baina zenbaitetan babes gehiegizkoa dakar. Badaezpadakoa. «Arazotsua izan daiteke, eta, familiarekin arazorik ez izateko, moztu egingo dugu». Jarrera murriztaileagoak hartzen dira halakoetan. Besterik ezean sarritan: jakin gabe zein den egoera.

Zein sexu portaera agertzen dira sarrien egoitzetan?

Ohikoena masturbazioa izaten da, batez ere gizonetan; baina emakume batzuetan ere bai.

Nola eman daiteke erantzun egoki bat pertsona horien sexu eskubideak errespetatzeko?

Pertsona bakoitzaren bizitzaren historia ezagutzea oso garrantzitsua da: haren balioak, zaletasunak... Horien barruan, sexualitatearen gaia aintzakotzat hartzea ere beharrezkoa da. Izan ere, zenbait pertsonak guztiz utzita izango dute, eta errespetagarria da hori; baina beste batzuek jarraitu egin nahi dute. Horri buruz ere hitz egitea zinetan garrantzitsua da; jakina, seguruenera lehen egunean ez duzu gai hori jorratuko; horregatik, garrantzitsua da konfiantza erlazioak lantzea.

Ikerketan agertu da profesionalen kezken artean daudela zenbaitetan egoiliarren partetik jasaten dituzten abusuak ere...

Bainatzen dituztenean eskua sartzen diete batzuek, exhibizionismo kasuak ere izaten dira... Arazoa da egun profesional bakoitzak bere erara erantzuten duela halakoetan, eta printzipio komun batzuk jarri behar dira. Errezetarik ez dago, baina bi printzipio nagusi daude. Ulertu behar da sexualitatea beharra eta eskubidea dela, eta ez dela itzaltzen pertsona bat egoitza batean sartzean. Baina besteen eskubideak ez dira urratu behar. Horiek oinarri, kasuan kasuko erantzunak behar dira.

Langileentzako gida bat egin duzue. Trebakuntza urria da?

Falta da. Alorreko ikasketa planak aztertu ditugu, eta sexualitatea ia ez da agertzen, edo agertzen da irizpide oso biologikoekin. Etengabeko trebakuntzaren bidez sustatu behar da gaiaz hitz egitea, lantaldeetan jorratzea. Trebakuntza ere sustatu behar da familien eta egoiliarren artean. Egoiliarrek usu aski era garratzean joka dezakete besteen sexu portaeren aurrean; asko sexualitatearen ikuspegi oso kontserbadorea izandakoak dira, eta egoitza bat toki oso itxia da: dena jakiten da. Logelak ere sarri partekatuak izaten dira, eta zuresi bat ere ez da izaten sarri egoiliar bakoitzaren eremua bereizteko... Ikerketetako batean, egoiliar batek kontatzen zuen soilik tapakien azpian lortzen zuela intimitatea. Hori sarri gertatzen da ospitale baten antza izan ohi dutelako egoitzek, ez bizitoki batena.

Heteroarautik irteten diren kasuei zer erantzun ematen zaie?

Gertatu izan zaie zenbait egoiliarri, egoitza batera bizitzera joan, eta berriz armairuan sartu beharra. Aniztasuna onartu behar da. Baina ikerketa kualitatiboa egin genuenean, askok esan zizkiguten halakoak: «Inoiz ez nuke logelarik partekatuko gay batekin...». Bueno, hitz gordinagoak erabiltzen zituzten horixe esateko... Profesionalek, jakina, ez dute horrelakorik esango. Baina buenismotik aparte, ezjakintasuna dago usu gaiaren inguruan, beste aldera begiratzeko joera... Batek esan diezazuke halako kasu baten aurrean: «Psikologoari esango nioke, eta kito». Sexualitatearekin lotutakoak burla artean ere aipatzen dituzte zenbaitetan. Ez mundu guztiak, eta sarri intentzio txarrik gabe, baina trebakuntza falta da.

BERRIAn argitaratua (2018/02/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA