astekaria 2018/02/16
arrowItzuli

gizartea

«Publikotasunaren inguruko eztabaida falta izan da»

Ibai Maruri Bilbao

«Publikotasunaren inguruko eztabaida falta izan da»

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria (Barakaldo, Bizkaia, 1966) «pozik» dago hezkuntza legea osatzeko Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako prozesuarekin. «Parte hartzaileagoa izan zitekeen, baina, eragileok hainbeste izanda, ondo antolatu dutela uste dut». Nabarmendu du «prestigio handiko jendeak» parte hartu duela, «ikuspegi guztietakoak».

Baikor atera zinen Eusko Jaurlaritzak atondutako akordiorako dokumentuaren aurkezpenetik. Zer gustatu zaizu?

Gogoeta prozesu honetan publikotasunaren inguruko eztabaida falta izan da, eta horrek berebiziko garrantzia zuen. Baina, horretaz aparte, azpimarratu behar da dokumentuaren lanketan parte hartu dutenek gure hezkuntza sistema oso ondo ezagutzen dutela, eta hori nabaritu da. Talde bakoitzak landutakoa ikusita, elementu positiboak ikusi ditugu. Gure hezkuntza sistema eraldatzeko abiapuntu ona izan daitekeela uste dut. Adibidez, euskararen lan taldeak B2 maila jarri du lehen aldiz helburu modura. Ez da aipatzen hori lortzeko zer egin behar den, baina helburu bezala agertzea bada beste pausu bat. Bistan da egungo hizkuntza ereduarekin ez dugula lortuko.

Dokumentuak aipatu ez arren, hizkuntza ereduen sistema aldatu behar dela uste bada, legeak jaso beharko luke, ezta?

Noski, hori argi dugu; agiriari egin diogun ekarpenetako bat da. Bidearen erdia egin da soilik. Ezin da planteatu ere egin A ereduko ikasle batek DBH bukatutakoan euskaraz B2 maila lortzea. Eredu orokor bat sortu beharko da, murgiltze ereduan oinarrituta.

Zein beste eduki gustatu zaizu?

Ebaluazio sistema propio baterako oinarri sendoa ipini dute. Autonomian ere, konpetentziez egiten da berba. Gure ikastola eredua horretan oinarrituta dago: euskal curriculuma eta konpetentziak. Eta dokumentuan oso argi zehaztu dute aurrerantzean konpetentzietan oinarritu beharko dela irakaskuntza prozesu osoa. Atalez atal, abiapuntu baikorra dela uste dugu. Eta zergatik abiapuntu? Oraindik lehen fasean gaudelako. Orain ekarpenak etorriko dira. Oraindik bilerak egin behar dira eragileekin. Ondoren, Eskola Kontseilutik eta Eusko Legebiltzarretik igaroko da proiektua. Guk ohartarazi dugu gure hezkuntza sistema oso egoera kritikoan dagoela. Eta lozorrotik ateratzeko bide bat izan daiteke hau. Aprobetxa dezagun.

Zergatik uste duzu hezkuntza lozorroan dagoela?

Adierazle asko daude. Ez du behar beste euskalduntzen: azken ebaluazio gehienetan ikusi dugu beheranzko joera dagoela. Oraindik konpontzeko dago jangeletako auzia. Eskolaratzearen arloan, ez dakigu nola lortu oreka. Euskal curriculuma nola ezarri behar den ere ez dago argi. Ikastetxeek ez dute ia autonomiarik. Gabezia asko daude. Gure ustez, hezkuntza eragileok asko egin dezakegu administraziorik gabe ere. Gure artean eztabaidatu behar dugu, eta ikastolok hori bultzatzeko asmoa dugu. Kontseiluaren ikasle eleanitzen proposamena eta Hik Hasiren proposamena babesten ditugu, adibidez. Baina gobernuak tresna bat ipini du mahai gainean, eta hezkuntza eragile guztiok aprobetxatu beharko genuke. Dokumentuak ez gaitu erabat asebeteko, baina eztabaida dezagun.

Eskolaratze orekatua lortzeko, elkarbizitza proposatzen du, adibidez. Herrialde bakoitzerako bulego bakarra aipatzen da. Ikastolok nola hartu duzue?

Hausnarketa sakonagoa falta da. Oker gabiltza gakoa lehen urtea dela pentsatzen jarraitzen badugu. Guk esaten dugu bigarrenari erreparatu behar zaiola. Bigarren urtean gurasoek badaukate aukera seme-alabak beste edonora eramateko. Onartzen dugu ikastetxeek eskuzabalak izan behar dutela. Gasteizko adibidea txarrena da, baina Gipuzkoan egoera ezberdina da, eta hori ez da aipatzen. Gipuzkoako herri askotan ikastola izaten da etorkin gehien dituen eskola.

Zertan da ezberdina Gipuzkoan eta Gasteizen egiten dena?

Egia da Gipuzkoan herri ertain asko daudela. Etorkinak herrietan banatuago daude. Horrek errazten du. Baina errealitatea hori da. Are gehiago: Gipuzkoan, DBHn, itunpeko ikastetxeetan sare publikoan baino ikasle etorkin gehiago daude.

Zergatik uste duzu Jaurlaritzak kanpoan utzi duela publikotasunaren auzia?

Bertigo politikoagatik. [Cristina] Uriartek [Hezkuntza sailburua] esan du beste arlo batzuetan akordioa lortu ondoren helduko zaiola horri. Guk bestera egin behar zela uste dugu: lehenengo sistemaren arkitektura eraiki, eta gero beste guztia zehaztu. Espero dugu eztabaida hori zabalduko dela. Zer egin erabaki behar da: edo Espainiak eta Frantziak duten eredu jakobinoari eusten diogu, non publikoa administrazioaren jabetzakoa baino ez den, edo Europako beste herrialde batzuen eredurantz jotzen dugu, zeintzuetan zerbitzu publikoak definitzen duen zer den publikoa.

Eragileok iritzi kontrajarriak dituzue. Akordioa posible da?

Eragile batzuek oso argi dute eredu jakobinoa ezin dela ukitu, eta hortik mugitzea ez da erraza. Guk uste dugu hobea litzatekeela beste sistema bat, zerbitzu publikoan oinarritutakoa. Ikastetxeen autonomia landuz etor daiteke konponbidea. Estonia edo Letonia izan daitezke eredu: administrazioarenak izan edo ez, ikastetxeek autonomia itzela dute.

Autonomia handiagoa proposatu du dokumentuak. Nahikoa?

Herren geratzen da. Esaten du ikastetxeek langileak hautatzeko autonomia izan behar dutela, baina horrek talka egiten du Espainiako funtzio publikoaren egiturarekin. Guk ikastoletan beste eredu bat daukagu. Zergatik ez du balio sare publikorako?

BERRIAn argitaratua (2018/02/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA