astekaria 2018/02/16
arrowItzuli

gizartea

TXARO ARTEAGA

«Ez bagara iristen sinbolikora, ez badugu aldatzen, itsuan ari gara»

Arantxa Iraola

«Ez bagara iristen sinbolikora, ez badugu aldatzen, itsuan ari gara»

Aste honetan 30 urte bete ditu Emakundek. Erakunde horretako lehenengo zuzendaria izan zen Txaro Arteaga (Donostia, 1944). «Ez zuten aurkitzen inor kargurako, eta ni nola irratiko feminista nintzen, nirekin akordatu ziren». Hain justu, ordurako izen aski ezaguna zen, ahots maitatu eta errespetatua: Donostiako Herri Irratiko esataria. Proposamenak ezustean hartu zuela kontatu du sarri. «Ausarta izan nintzen; xalo puntu bat ere beti izan dut». Baietza eman zuen. 1988tik 2005era izan zen karguan. Ez du hartutako erabakiaren damurik izan inoiz. Berdintasunaren bide luzean «katebegi» baten gisan ikusten du bere burua: katearen hasieran.

30 urte. Zer-nolako azalpenak eman behar izan zenituzten hasiera haietan? Horiek oroitzeak akaso balio du ordutik egin den bideari neurria hartzeko?

Askotan, jendeak entzuten du: «Emakunde, feminismoa, emakumeen ez dakit zer...». Baina ni ohartzen naiz esaten diren gauza asko azalean geratzen direla: oso gutxi dakigu horiez. Feminismoan ez da sakondu, beti geratzen da azalean, eta jendeak ez dauka erremintarik: ez daki horri buruz, ez daki non kokatu. Adibide bat, esaten denean: «Zer egin dugu oker gauzak gaizki egoteko?». Eta ni geratzen naiz pentsatzen: ari gara hartzen neurriak, baina ez doaz sinbolikora, eta sinbolikoa da, finean, egiturak sortzen dituena. Azalean ari gara gauza batzuk egiten, eta ondo, egin behar dira, baina ez bagara iristen sinbolikora, eta hori ez badugu aldatzen, itsu-itsuan ari gara.

NBE Nazio Batuen Erakundeak berdintasun faltaz ohartarazteko 1970eko eta 1980ko hamarraldietan plazaratutako mezuei lotuta, Emakunderen sorrerak eta antzeko beste hainbat instituziorenak berekin ekarri zuen mezu feministak erakundetzea.

Hori da. Agenda politikoan jarri ziren emakumeen eskakizunak, eta estrategia horien artean zegoen gobernuek antolatzea zerbait hori lantzen hasteko; hortik atera ziren Emakunde eta antzeko institutuak. Ez zegoen erreferenterik. Nola egiten zen hori erakunde batetik? Gobernu batetik? Gutxi ginen, eta gutxi horiek asmatzen ari ginen. Eta nik uste dut ondo asmatu genuela. Benetan. Alde batetik, asmatu genuen gauza batekin. Bi estrategia zeuden. Bat zuzenekoa zen, zuzenean lan egitea emakumeekin. Bestea zeharlerrokoa zen: horrek zekarren gizarte osoak egin behar zuela emakumeen alde. Eta bide zailena hartu genuen: horren alde jarri behar genituen erakunde guztiak -gobernua, aldundiak, udalak...-. Eta inork ez zekien hori zer zen. Ez hori bakarrik: kontra ere bagenuen jendea. Intentzio onenarekin ari zirenek ez zekiten zertaz ari ziren, eta txarrarekin ari zirenek, ba, pentsa... Lehen gauza izan zen administrazioa egituratzea: urteak behar izan genituen horretarako. Gero, garrantzitsua izan zen jendea trebatzea: jende askok ez zekien zertaz ari zen. Pentsa, oraindik ere askotan ez dakigu zeri buruz ari garen; hain aldaketa sakona da! Nik neuk zalantza asko ditut posible izango den benetan aldatzea gizartea. Lehen esan dut: sinbolikoa aldatzen ez den bitartean, egiturak ez dira aldatzen. Eta egiturak aldatzen ez diren bitartean, ez dugu ezer aldatuko. Begira, orain horrenbeste hitz egiten da lana eta familia bateratzeaz... Pila bat teorizatu dugu. Baina nola egiten duzu hori, ez badira aldatzen egiturak? Adabakiak jartzen ari gara. Eta jarri behar dira, e?

Baina harago egin behar da...

Zera ulertu behar da: botere erlazioez ari gara, eta, botere erlazioetan, baita nazioen artekoetan ere -nik antz handiak ikusten ditut bi prozesuetan-, boterea duenak... Ni, esaterako, azpiratutako herri bateko parte sentitzen naiz. «Zu abertzalea zara?» galdetzen didatenean, nik zera esaten dut: «Ez, ni erresistentea naiz. Nazionalista zu zara, zeurea inposatu nahi didazuna». Eta berdintasunerako bidean, ba, gauza bera. Nik nahiko nituzke gauza batzuk, baina badakit errealitatea zein den, eta ezin dut hori gainditu.

Orain dela 30 urte entzuten zenituzten kritika eta erresistentzia mezu batzuk gaur egun baztertutzat eman daitezke?

Baztertutzat ezer ere ez, zeren eta sinbolikoan ez gara sartu ere egin. Egituretan ere, gutxi gorabehera orain dela 30 urte bezala dago antolatuta gizartea. Zer gertatzen da? Emakumeok kanpoko eta etxeko lanak ari garela egiten. Lan bikoitza daukagu oraindik: hori datuek erakusten dute. Gizonezkoak ez dira pasatu oraindik, ez dut esaten harrikoa egitera; hori gaur egun askok egiten dute, gazteek. Baina horrek ez dauka garrantzirik... Niri ez zait inporta harrikoa egitea, baina neure buruaren jabe banaiz, eta neure buruaren jabetzak uzten badit hori egiten inolako mendekotasunik gabe. Eta lehen ere halaxe esaten nuen: gauza ez da batek egitea besteak egiten duena. Gauza da bakoitzak egitea egin nahi duena, ahal den neurrian. Jakina, horrek eskatzen du sozializazio prozesuan generoaren harira eraikitako guztia deseraikitzea, eta horrek eskatzen du asko sakontzea feminismoan, eta feminismoak ematen dizkizun estrategietan.

Mezu toxikoak ere badira...

Oraindik mezu toxiko asko dago. Orain dela 30 urte esaten ziren gauzak nik jaso ditut duela urtebete baino gutxiago. Feministak itsusiak garela... Mezu hori entzuten da oraindik, eta ustez prestatua den jendearen hitzetan! Asko esaten dira horrelakoak. Edo adibidez: «Ez feminismoa, ez matxismoa; biak dira txarrak». Hori da ez jakitea zer den feminismoa. Eztabaida horietan onena da jada maila bat eskatzea; bestela, txotxolokeria handiak entzuten dira.

Finean, erresistentziak dira...

Nola ez dira, ba, egongo? Batez ere, botereaz ari bagara. Nola ez .

Baina aurrera ere egin da, ezta?

Bai, batez ere sentsibilizazioan. IƱaki Azkuna Bilboko alkateak esaten zidan: «Zuek esajeratu batzuk zarete...». Badakizu nolakoa zen hura. Esajeratu batzuen moduan ikusten gintuzten. Behin, telebista saio batean ere horixe esan zidaten, ETBn. Orduan azaldu nuen: «Presio eltze bat irekitzen hastean bezala gaude orain; irekitzen hasi gara: ez dakigu zerekin topo egingo dugun». Maiz oroitzen naiz irudi horrekin. Bada, orain irekita daukagu eltzea, badakigu irakiten dagoela, baina ez dakigu nola sartu hor... Jakina, jarri ditugu adabakiak. Eta guk hori ongi egin dugu.

Ongi egin da lan hori. Baina erakundentzeak dakarren arriskua da berdintasun faltsuaren ideia zabaltzea. Alde horretatik, alerta guztiak dira gutxi, ezta?

Noski. Zer gertatzen zaigu gure herrian ere? Nolabait ere, jende bat oso lasai dago euskal gobernu bat daukagulako, eta horrek ez digu uzten ikusten beste pauso bat eman behar dela: helburua dela gu izatea independente... Ba, gauza bera gertatzen da berdintasunaren bidearekin. Garai hartan, feminismoan eztabaida hori ere bazegoen. Sartu behar dugu erakundeetan edo kanpotik lan egin behar dugu? Nik beti izan dut garbi bi tokietatik egin behar dela lan.

Eta tandem hori ona izan da?

Nik uste dut baietz, dezente. Nik uste dut, zenbaitetan, kontra egiten zutenean ere, gurekin hitz egiten zutela, eta konturatzen zirela... Oso garbi nuen biak behar zirela, eta orain ere biak behar dira. Batak bestea bultzatu behar du, baina bultzatu behar du zintzotasunez. Politikan egiten den bezala; orain, hemen ez da egiten ez politika eta ez ezer; bata bestearen kontra aritzea da, bata kentzeko eta bestea jartzeko. Baina ez da hori. Intentzio onarekin benetan jokatzea da, zintzotasunez. Bai alde batean, bai bestean. Eta egin dugun gauza guztietan kontatu izan dugu haiekin.

Berdintasun legea aurrera atera zenuten. Atera zaio zukurik?

Ez, ez, ez... Askok ez dute irakurri ere egin. Eta, gero, ez da konplitzen. Zeinen errua da hori? Ba, aizu, bultzatu. Nik ja ezin dut gehiago egin... Tresna hor dago, eta irakurtzen bada, ikusiko da badaudela gauza batzuk... Legeari ez zaio inolako etekinik atera. Jakina, legeak oso orokorrak dira. Bueno, eta Irun eta Hondarribiko alardeen harira, esaterako, propio hartu zen kontuan hor gertatzen ari zena, baina ez da bete. Baina, hala ere, tresna bat da. Eta hori zen gure lana, tresna ematea, eta jendea prestatzea; zeren eta udal bakoitzean baldin badago Emakunde txiki bat... Gu bultzatzaileak izan gara: orain pertsonek atera behar dute hori aurrera.

Erakundetzeak berdintasun faltsuaren arriskua ekarri du. Agintariek berdintasunaren aldeko mezuak beren burua zuritzeko erabiltzea ere bai, ezta?

Bai, jakina, eta jakin gabe zeri buruz ari diren. Zeren eta hasten zarenean zehazten, orduan hasten dira kontra. Niri hori gertatu zait askotan... Horregatik, horretarako behar dituzu argudioak. Feminismoan sakondu behar da.

Greba deialdia eginda dago martxoaren 8rako. Zer harrera egin diozu protesta dei horri?

Niri halako gauzak beti ongi iruditzen zaizkit. Hainbatek esango dute: «Txorakeria bat da». Bada, egia da: ez da ezer gertatuko. Batzuek bezperan prestatuko dute bazkaria, eta eginda utziko dute... Ez zait inporta. Azkenean, inporta duena da zer mezu zabaltzen den horrekin, eta konturatzea emakumerik gabe, emakumeek egiten duten lanik gabe, munduak ez lukeela pauso bakar bat emango. Niretzat hori da inportanteena: horretaz konturatzea.

Zaintza lanak erdigunean jarriko ditu deialdiak. Alde horretatik ere nabarmengarria da, ezta?

Jakina. Lehengoan gaude: egiturak ez dira aldatuko sinbolikoa ez bada aldatzen.... Eta igual norbaitek esajeratu ere egingo du. Baina niri ez zait inporta esajeratzea. Zeren eta beste aldetik esajeratu da hainbeste... Niri denak balio dit. «Zuk hau egin nahi duzu? Iruditzen zaizu honekin zerbait lortuko duzula? Bale». Azken batean, zeure buruaren jabe izan behar duzu, eta hori lortzeko bidean gauza asko dituzu aurka: egitura, alor sinbolikoa, ondoan daukazun senarra, era berean asko maite duzun hori... Eta horien aurrean egin behar duzu zeure burua kokatu. Eta beste gauza bat: ez galdu denborarik merezi ez duten gauzekin. Baina horretarako jakin egin behar da. Ikasi egiten da.

Sinbolikoaz ari zara etengabe. Horren adibide da Irun eta Hondarribiko alardeen harira sortutako auzia ere, ezta? 22 urteren ostean, konpontzeko dago. Emakunden egin zenituen urteek utzitako arantzetako bat da?

Bai, baina arantza asko ditut. Alardearena da ikusten den gauza bat, baina, azken batean, etsenplu bat da. Horrenbeste gauzarekin gertatzen da hori!

Baina oso bortitza izan da...

Hala izan da, eta hala da. Niri oraindik esaten dizkidatenak; herri horietan askok oraindik nitaz duten irudia harrigarria da. Esan izan didate: «Nik ez nekien halakoa zinenik». Baina adibide horrek ongi erakusten du nola alor sinbolikoak mugitzen duen dena.

Hezkuntzaz hitz egiten da usu berdintasunaz jardutean, eskolaz. Ez da falazia bat konponbidea eskolan dagoela esatea?

Jakina. Zuk esaten duzu: «Heziketa eta ez dakit zer, eta badakit zer». Baina zein dago hezita honen inguruan? Irakasleak eta gurasoak ez daude prestatuta. Kontua da argi uztea munduan zaintza lanaren zamaren zati handi bat emakumeen esku dagoela, eta horrek eragozten diela beste hainbat gaitasun garatzea. Eta gizonentzat ere aski mugatzailea da... Etengabe nekatu nintzen hori azaltzen. Behin eta berriz. Eta egin behar genuke gizarte osoa aldatu: goitik behera. Eta nik uste dut denoi interesatzen zaigula. Orain gutxi irakurri nuen Mary Wollstonecrat sufragistaren esaldi bat: «Ez dut espero emakumeek botererik izaterik gizonen gain; beren buruaren gain baizik». Hortxe dago gakoa. Ahalduntzeaz ere erruz hitz egiten da gaur egun; eta ematen du andre bati bi edo hiru gauza esatearekin aski dela... Hor, gainera, zera ikusi dut, eremu asko daudela. Emakume bat, esaterako, ahaldunduta egon daiteke soziologikoki, psikologikoki ere bai akaso... baina ahaldundu gabe egon daiteke emozionalki, eta alor horixe gailendu dakioke. Oso-oso konplexua da, baina, zorionez, egin dugun bide honek tresnak ematen dizkigu jarraitzeko; hori da inportanteena. Eta, gero, munduko zein tokitan bizi garen. Ez da gauza bera Ugandan, edo... Horrek ere eragina du; nik toki askotako emakumeak ezagutzeko era izan dut, eta eragina du. Baina funtsean, sinbolikoan, eta egituran, emakume guztiak gara mendeko. Batzuek atera dute eskua, besteek pikutara bidali dute tratu txarrak ematen dituen gizona... Baina sinbolikoan eta estrukturalean denok gara mendeko; gaur, gizarte honetan.

BERRIAn argitaratua (2018/02/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA