astekaria 2018/02/09
arrowItzuli

mundua

JEAN-GUY TALAMONI

«Denbora gutxi daukagu»

Ander Perez Zala

«Denbora gutxi daukagu»

Jean-Guy Talamoni (Saumur, Frantzia, 1960) Korsikako nazionalismoaren aurpegi ezagunenetariko bat da. Independentista sutsua eta Corsica Libera alderdiko buruzagia da, baita Korsikako Legebiltzarreko presidentea ere, bigarrenez jarraian. Kolektibitateko bulegoan hartu du BERRIA.

Duela bi urte izan zineten lehenengoz Parisen, Frantziako Gobernuarekin negoziatzeko; Manuel Vallsekin izan zenuten bilera. Zer mezu eman zizuen gobernuak?

Mezua oso itxia izan zen. Parisera joan ginen hauteskundeak irabazi eta hilabetera, eta Vallsek gogor egin zuen gure aldarrikapenen aurka. Erantzun hori jaso arren, lanean jarraitu genuen, gai batzuetan aurrerapausoak egin behar genituelako derrigorrean. Adibidez, kolektibitate bakarraren auzian. Beste gai guztiak blokeatuta geratu dira: presoena, adibidez. Guretzat oso garrantzitsuak dira, gure lagunak dira. Ez da irtenbide politikorik izango presoak kontuan hartu gabe.

Bi urteren ostean, berriz itzuli zarete Parisera, baina, horren aurretik, Barne ministroaren alboko ministro Jacqueline Gourault Ajaccion izan zen zuekin.

Bai. Konstituzioaren aldaketaren auzia ondo hartu zuen, eta desblokeo bat izan zen gai horren inguruan. Horren ostean, ordea, gauzak ez ditugu hain argi ikusi, batez ere Parisen izan ginenean. Edouard Philippe lehen ministroak, esaterako, oso tonu kontserbadorea izan zuen. Ez da espero genuena; ez ginen gustura atera, eta horregatik erabaki genuen manifestazioa antolatzea.

Lehen ministroarekin izaniko bileratik ateratzean, esan zenuten desadostasun handiak zeudela koofizialtasunaren inguruan.

Zailak izango dira negoziazioak. Hizkuntza teologikoa da han. Iraultzatik garatu den ideologia da, eta errotuta dago toki guztietan. Oso-oso zaila izango da, Parisek sentsibilitate berezia duelako. Pentsa, inbestidura saioa korsikeraz egin nuen, eta histeriaz erantzun zuen Parisek. Ez dugu onartuko gure hizkuntza desagertzea.

Frantziako Asanbleako presidente François de Rugyk asteazkenean esan zuen beharrezkoa dela Korsika konstituzioan sartzea eta hizkuntza aitortzea. Jarrera hori izan zuen Parisen?

Oso irekia izan zen, eta atzoko adierazpenak hori erakusten du. Interesatzen zaiguna, ordea, Macronen iritzia da. Keinu bat egin behar digu, eta egiazko elkarrizketa bat abiatzeko nahia adierazi.

Hori espero duzu etziko bisitaz?

Keinu baikor bat nahi dugu: denbora gutxi daukagu. Erreforma seihileko honetan egingo da, eta epe horren menpe gaude. Eskatzen ari garena ez da kapritxo bat, ez da sinbolikoa: beharrezkoa da korsikarren eguneroko auzietan aurrerapausoak emateko.

Nola konbentzituko duzue estatu jakobinoa?

40 urteko gatazka bat izan dugu, eta horren ondorio da egungo egoera. Mugimendu nazionalistaren ideiak errotu egin dira gizartean, hori ikusi da bozetan, eta Korsikako Legebiltzarrak ideia horietako askoren alde bozkatu du, gehiengo osoa ez genuenean ere. Korsikako gizarteak eboluzionatu egin du, klase politikoak ere bai, eta badirudi FLNC ohartu dela estrategia oso eraginkorra dela gizartea eta politikariak proiektu nazional baten inguruan elkartu izana.

Elkarrizketetan, prest zeundekete kontzesioak egiteko?

Badakigu eskatzen duguna korsikarren beharren araberakoa dela. Mahai gainean jarriko ditugu gure aldarrikapenak, eta ikusiko dugu zer esaten duten. Ohartuko dira eskaintza errealistenak gureak direla, korsikarren egunerokoa hobetzeko helburua baitute.

Deszentralizazioari buruz aritu denean, Macronek askotan esan du Korsikako auzia «esperimentu» gisa har dezakeela. Hori entzunda, badirudi ez duela hain serio hartzen Korsika.

Hitz hori zentzu baikorrean har dezakegu, eta erakutsi Korsikako esperientzia eredugarria izan daitekeela, ez soilik Frantzian, baita munduan ere. Denok elikatzen gara, politikan, atzerriko esperientziez. Esperimentuaren nozioa, niretzat, ez da ezkorra. Korsika ezin da Frantziako eskualdeekin konparatu, baina martxan jar ditzakegun neurri eta dinamikak eredu bilaka daitezke eskualde horientzat.

Konstituzioaren erreforma onartzeko, Frantziako Kongresuaren hiru bostenen aldeko botoa beharko du Macronek. Ez da iristen zenbaki horretara. Ari zarete gainontzeko diputatuak konbentzitzeko lanetan?

Bai. Ezkerreko zein eskuineko diputatuekin izan gara, eta batzuk alde agertu dira.

Frantziak banan-banan aztertuko ditu euskal presoen kasuak, Euskal Herrira hurbildu ala ez erabakitzeko. Aurrerapauso bat izan daiteke zuentzat.

Pauso baikor bat da zuen presoentzat, poztekoa. Gure lagun euskal herritarrekin urteak dira lantzen dugula gai hori, eta argi dagoena da batek aurrera egiten badu pauso hori ona izango dela besteontzat ere.

Hain justu, aste honetan erabaki dute Yvan Colonnak DPS estatusa [bereziki zaindua den presoa] izango duela aurrerantzean ere.

Azpijoko bat da. Ez dago arrazoirik justifikatzeko DPS estatusarekin jarraitu behar duela, kartzelan izan duen jarrerak kontrako eragina izan behar bailuke. Oraindik ere DPS da haren hurbilketa oztopatu nahi dutelako. Presoak hurbiltzea legea aplikatzea da.

Kataluniako prozesuak eraginik izan du zuen asmoetan?

Korsikarrek badakite ez gaudela une berean. Independentziaren eztabaida alde batera utziko dugu hamar urtez. Bitartean, egonkortasuna eman nahi diogu gure herriari, eta hor sartzen da bete-betean autonomia.

BERRIAn argitaratua (2018/02/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA