astekaria 2018/02/09
arrowItzuli

gizartea

Erreforma bat dena aldatzeko

Eneko Etxegarai Urain

Erreforma bat dena aldatzeko

Baxoa berritu, eta, bide beretik, lizeoa bera. Horra zer asmo duen Jean Michel Blanquier Frantziako Hezkuntza ministroak 2021erako. Oraingoz, gobernuak Pierre Mathiot unibertsitateko irakasleari eskatu txosten publikoak biltzen ditu hipotesi nagusiak. Blanquierrek heldu den asteazkenean aurkeztu behar du, zehatz, Emmanuel Macronek lehendakaritzarako aurkeztu programan sartzen zen neurria. Erreformaren egitura nagusia plazaratuko du, eta hiru aste izango ditu ministroak gobernuaren proiektua irakasle sindikatuei eta irakaskuntzako ordezkariei helarazteko. Aurkezpen egunak errango du zenbatekoa izan den negoziaziorako tartea.

Ez da lehen aldia Frantzia baxoa aldatzen saiatzen dela. Besteak beste, 2005ean François Fillon azterketa kopurua apaltzen saiatu zen, lizeoko ikasleen mobilizazioen ondorioz atzera egin zuen arte. Xavier Darcoseri gauza bera gertatu zitzaion 2008an. Luc Chatel ministroak egin zuen azken aldaketa, 2010ean; gaur egungo Hezkuntza ministroa Eskolako Irakaskuntzako zuzendari nagusia zen orduan. Sail zientifikoan, Historia eta Geografiako azterketa azken ikasturtetik lehenera pasatu zuen, ikasleak azken urtean arreta ikasgai zientifikoei eskaintzeko. 2012an, ordea, Alderdi Sozialistak deuseztatu egin zuen neurria. Azken hamarkadari begira, beraz, oraindik ikustekoa da aldaketa gertatuko den, eta zenbat iraungo lukeen, gertatuko balitz.

TRESNA BERRIA







Gobernuak urtarrilaren 15ean martxan jarri du plataforma digital berria: Parcoursup du izena. Egun hartan bertan ordezkatu zuen aurrekoa, APB plataforma. Lizeoan diren ikasleentzat goi mailako irakaskuntzarako sarbide izatea du helburu. Ordura arte, baxoa zen goi mailako ikasketetara iristeko baliabide bakarra. Hortik goiti, eskuratu diplomez gain, ikasleari buruzko informazio anitz eskainiko duen txosten bat ere izanen da. Honako informazio hauek aurkitzen ahalko dituzte unibertsitateek zein beste irakaskuntza egiturek: orientazio proiektua, notak eta irakasleen zein lizeoko zuzendariaren iritziak. Gobernuak aurreikusten duenez, sistema berrian eskakizunak betetzen ez dituzten ikasleek «mailara iristeko laguntza» jasoko dute. SNES lizeoko irakasleen sindikatu nagusia erreformaren atal horren kontra manifestatu da jada, otsailaren 1ean; baita baxoaren moldaketaren kontra ere. «Hautaketa mozorrotu bat» salatu dute. Gobernuak dio lekurik ez den karreretan «zozketa sistema desagerraraztea» dela asmoa, eta lizeo ondorengo lehen urtean orientazio lanaren porrot tasa apaltzea -%60koa da-.

SAILEN DESAGERTZEA







Baxoaren azterketarekin bat doa sailen desagertzea, eta kezka asko eragin ditu. 1993an sortu adar zientifiko, literario eta ekonomiko-sozialaren desagertzea ekarriko du erreformak. Horren ordez, lizeo modularra sortu nahi dute, ikasketa programa malgu bat eta bederatzi ibilbide posible dituena. Hiru ikasturte dira. Bigarreneko lehen seihilekoan bederatzi ikasgai komun izango lituzkete ikasleek; bigarren seihilekoan, zazpi. Eta hirugarrenera arte emendatuz joango den espezializaziorako ikasleak lehen aukerak egin beharko ditu. Bi ikasgai nagusi eta bigarren mailako bat hautatu beharko ditu. Oraindik argi ez bada ere, badirudi lehenetik azken ikasturtera bi ikasgai nagusietariko bat aldatzen ahalko duela ikasleak, eta, bigarren mailako bi ikasgaiez gain, bigarren mailako hautazko bat ere hartu beharko duela. Gobernuak dioenez, sistema horrekin goi mailako ikasketen erritmoa eta lizeokoa parekatu nahi ditu. «Ohartu behar dugu ikasleak benetako espezialistak izateko prestatzen ditugula», azaldu du Mathiotek. Bestelakoa da, ordea, aurkariek diotena. Besteak beste «hiperespezializazioa» salatzeaz gain, jada azpimarratu dituzte sortuko dituen ezberdintasunak.

Lehenik eta behin, ikasgaien artean «lehia eta klasifikazioa» sortuko duela salatu dute. Ikasgai batzuk gutxietsiko direlakoan daude, eta nabarmendu dute desagertzeko aukera dutela. Horrez gain, ikasleen ingurune sozialen arteko ezberdintasunak oraindik gehiago markatuko dituela diote, «familia aberatsenek orientazio erabakiak egiteko erraztasun gehiago dituztelako».

BAXOAREN MOLDAKETA







Macronen gobernuak aldaketa sakonak ekarri nahi dizkio 1808an sortutako baxoari. Bi azterketa egingo lirateke lehen mailan, frantsesa tartean. Azken horrek nota orokorraren %10 izango luke, eta hori baxo berrituaren ibilbide guzientzat izanen litzateke. Azken ikasturteko udaberrian, ikasleek bi ikasgai nagusien azterketa idatzia pasatuko lukete. Ekainean, beste bi azterketa; bietako bat filosofiako proba litzateke. Frantseseko azterketak bezala, nota orokorraren %10 luke. Ekaineko bi azterketa horiekin batera, gobernuak ahozko handia deituriko proba jarri nahi du plantan. Baxoak idatziak zein ahozkoak betidanik izan baditu ere, erreformak garrantzi handia jarri nahi dio ahozko azterketa berriari: ekainean egingo litzateke, 30 minutu iraungo luke, eta hiru epailek izango lukete nota jartzeko ardura. Ikasleak bere ibilbide pertsonalizatuan aukeratu duen ikasgai nagusiari lotutako proiektu bat aurkeztu beharko du, diziplinartekoa. Azterketa horren notak baxoko emaitza globalaren %15 ordezkatuko luke. Gaurko sistemarekin, ikasle batek 10-15 azterketa egiten ditu baxoa eskuratzeko.

Horrez gain, ebaluazio jarraituak baxoko azterketan duen pisua %40ra igo nahi du erreformak, eta, oraindik finkatua ez bada ere, hiru sistema aurreikusten dituzte horretarako. Lehen hipotesian, lehen eta azken urteetako noizean behineko azterketak kontuan hartzea proposatzen dute. Bigarren hipotesian, noizbehinkako azterketez gain, lizeoko azken bi urteetako noten agiriari ere garrantzia ematea espero dute, nahiz eta proportzioa ez duten oraindik argitu. Azken hipotesian, lehen eta azken ikasturteko noten agiriak lirateke soilik ebaluazio jarraituaren oinarriak. Bukatzeko, erreformak baxoa gainditu ez dutenentzako bigarren azterketa kentzea aurreikusten du.

IRAKASLEEN ORDUTEGIAK







Gaur egungo lizeoko sailen antolaketan, 1950ekoa da irakasleen ordutegiak arautzen duen sistema. Urte hasieran 36 lan asteko ordutegia jasotzen dute, eta egitaraua ez da kasik aldatzen. Bigarren mailako irakaskuntzako gaitasun agiria duen irakasle batek hemezortzi ordu ematen ditu astean; atxikitako irakasleek, berriz, hamabost. Mathiotek errandakoaren arabera, erreformak ez luke aldatuko egin beharreko ordu kopurua. Sindikatuek kontrakoa diote: antolaketa berriarekin, 20.000 lanpostu desagertzen ahalko liratekeela.

BERRIAn argitaratua (2018/02/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA