astekaria 2018/02/09
arrowItzuli

gizartea

Ikasleen erdiak, euskaldundu gabe

Garikoitz Goikoetxea

Ikasleen erdiak, euskaldundu gabe

Hezkuntza ezinbesteko zutabea da euskara biziberritzeko bidean, baina hutsuneak ere eduki ditu: ez du lortu ikasle guztiek euskaraz jakitea. Ondorio hori atera du Euskal Herrian Euskaraz taldearen enkarguz egindako azterketa batek. Aztikerrek egin du. Batetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hizkuntza ereduen bilakaera aztertu dute, eta, bestetik, euskararen egoerari buruzko azterketen datuak. Gurutzatu egin dituzte. Hara: ereduen sistema martxan jarri zenetik eskolatik pasatutako 206.000 lagunek diote ez dakitela euskaraz. Etxean euskaraz ikasitakoak kenduz gero (82.000 lagun), eskolara joanikoen erdiek badakite; erdiek, ez.

Hezkuntza lege berria egiteko prozesua martxan jarria du Eusko Jaurlaritzak. Hain justu, herenegun aurkeztu zuen lege horretarako lehen oinarria, «abiapuntua»: 40 bat adituk ondutako gogoeta dokumentua. Bost lantalde aritu dira oinarri hori taxutzen, eta hizkuntzari buruzkoa da horietako bat. Hizkuntza helburuak zehaztea proposatu dute adituek: derrigorrezko eskolaldia amaitzean euskarazko B2 maila izatea ikasleek. Hizkuntza ereduei buruzko aipamenik ez dute egin dokumentuan, baina bistakoa da gai hori mahai gainean jarriko dutela orain, hizkuntza helburu horiek ez baitira betetzen kasu gehienetan —Jaurlaritzak berak duela hamar urte egin zuen ikerketa bat—.

Eztabaida horri buruz galdetuta, aurreragorako utzi du Cristina Uriartek, Hezkuntza sailburuak. «Etorkizunean nahi dugun hezkuntza sistemaz ari gara, zein izan behar diren oinarriak. Ikusiko dugu zelako aldaketak egin behar diren». Euskadi Irratian hitz egin zuen atzo Uriartek, eta adierazi zuen B2 mailara heltzea helburu bat dela, eta «progresiboki» lortu beharko dela, tokian tokiko errealitatea aintzat hartuz.

Euskarazko ereduak, gora

Eztabaida horretarako beste osagai bat jarri nahi izan du EHEk azterketa horren bitartez: Hezkuntza esparrua eta euskalduntzea EAEn (1983-2016). Egoera nabarmen aldatu da 33 urteko bidean. Hau zen panorama 1983-1984ko ikasturtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: bost ikasletik lau gaztelaniazko ereduan zeuden eskolatuta (%78), A eta X ereduetan —A ereduan, ikasgaia da euskara; X ereduan, hori ere ez—. Bilakaera agerikoa da: erdarazko ereduak lekua galduz joan dira —A ereduaren lehen urteetan izan ezik; izan ere, X eredua salbuespenetarako soilik jarri zutenez, hango ikasle multzo bat A eredura igaro zen—. Bost ikasletik bat eskas ari da A ereduan. Paretsu dabil B eredua: lau puntu irabazi ditu urteotan, baina jaisten ari da 2007-2008tik.

D ereduak, bai, gorakada ikusgarria izan du urteotan: laukoiztu egin da euskarazko hezkuntzan ari direnen portzentajea. Ia hiru ikasletik bi ari dira D ereduan. Ñabardurak badira, hala ere. Batetik, herrialdea: hiruretan proportzio bertsuan hazi da euskarazko eredua, baina ez da egoera berbera —Gipuzkoan %79 ari dira D ereduan; Bizkaian, %58; eta Araban, %47—. Bestetik, ikastaldia: zenbat eta maila handiagoa, euskarazko ereduak leku txikiagoa du. Haur Hezkuntzan %78 ari dira euskaraz, eta Lanbide Heziketan, %23.

Euskarazko irakaskuntzaren gorakada horren oinarrian familien eskaria dagoela nabarmendu du EHEko ordezkari Urko Aierbek. «Familiek eginiko hautuari zor zaio aurrerapauso handiena».

Gazteen olatua

Hezkuntzan D eredua gailentzen joan den aldi berean, euskararen ezagutzak ere aurrerapen nabarmena eduki du hiru herrialdeetan. Gazteen eskutik etorri da gorakada: 10-24 urteko adin taldeetan, hirukoiztu edo laukoiztu egin da euskaraz badakitenen ehunekoa. Zenbat eta gazteago, igoera handiagoa horretan ere: 10-14 urtekoetan %84 dira euskaldunak, mapa soziolinguistikoaren arabera, eta 20-24 urtekoetan, %58 —bi adin taldeetan %19 ziren euskaldunak 1981ean—. Eskolaren ekarpena erakusten dute datu horiek.

Ñabardura bat badute, halere. Bost urtean behin kaleratzen dute mapa soziolinguistikoa, eta, hortaz, modua jartzen du belaunaldi berberak adin talde desberdinetan dagoenean zer egoera daukan aztertzeko. Galera bat ikusi dute. Adibidez: 2001ean 10-14 urte zituen adin taldean %66k esan zuten euskaraz bazekitela; talde horrek berak, 2006an, 15-19 urterekin, antzeko datua zuen (%68); baina 2011n, 20-24 urtetan, baxuagoa (%58). Bi hipotesi aipatu ditu Aztikerreko kide Asier Etxenikek. Batetik, biztanle mugimendua: migratzaile erdaldunak sartu izana talde horretan, eta datua apaldu izana. Bestetik, euskararen egoera: behin eskola garaia bukatuta, gaitasuna galduz joaten direla gaztetxoak, erabilerarik ezagatik.

Eskolaren mugak agerian jartzen ditu norabide horrek: «Gauza asko egin behar dira zama osoa hezkuntza sisteman ez jartzeko», ohartarazi du Etxenikek. Bidenabar, eskolakoa «irabazi egonkorra» ote den jarri du dudan. «Zer gertatzen den aztertu behar da».

Bidean geratuak

Hezkuntzak berak euskalduntzean nolako zerikusia izan duen jakiteko, inkesta soziolinguistikoaren datuak hartu dituzte oinarri. Ezagutzaren aldagaiarekin batera, beste bat ere jasotzen du inkestak: zein den hiztunen lehen hizkuntza, etxean jasotakoa. Hortik kalkula daiteke zenbat euskaldunek ikasi duten etxetik kanpora, eskolan edo euskaltegian. Zenbaki horiek gurutzatuta ikusten da aurrerabidea. 16-24 urte artekoak hartuta, adibidez, hara: 1991n, lehen hizkuntza erdara zutenen %8 ziren euskaldunak; 2016an, %58.

Nabarmena da gorakada, baina bidean zenbat gelditu diren ere kalkulatu dute: ereduen sistema jarri zutenetik zenbat ikasle atera diren euskaraz ez dakitenak. Lau tipologia sortu dituzte: etxean euskaldunduak —lehen hizkuntza euskara—; etxean eta eskolan euskaldunduak —lehen hizkuntza euskara eta erdara—; eskolan euskaldunduak —lehen hizkuntza erdara duten euskaldunak—, eta euskaldundu gabeak. 1977tik aurrera jaiotakoak hartu dituzte kontuan, haiek eskolatu baitziren ereduen sistema martxan zelarik.

Seitik bat, %17, etxean euskaldundua da. Badago beste multzo bat, %9, etxean bi hizkuntzak jaso dituena eta eskolan ikasia. Etxean euskararik jaso ez dutenei begiratuta, hara: herenek, %32k, euskara eskuratu dute eskolan, baina gehiago dira (%42) euskara jakin gabe atereak. 2001eko inkesta soziolinguistikotik aurrerako datuak erabili dituzte, ereduak hasi zirenean eskolatutakoek 24 urte beteak zituztelako. Etxean euskaldundutakoak kenduta, beraz, erdiak daude euskaldundu gabe.

Inkestaz inkestako bilakaerari erreparatuta, halere, bada bilakaera bat. 2001ko datuetan, %52 ziren euskaldundu gabeak, erdiak baino gehiago; 2016an, %29. Eskolan ikasiak, berriz, %28 ziren mende hasieran, eta, orain, %39.

Aldaketa eske

Euskara jakiteari soilik ez, beste aldagai bati ere erreparatu diote: gaitasun mailari. Ebaluazio diagnostikoek jaitsieratxo bat erakutsi dute azken ikerketetan euskarari dagokionez —Jaurlaritzaren txostena egin duten adituek ere ohartarazi dute horretaz—. Euskarazko B2 maila lortzeari dagokionez, Jaurlaritzak orain hamar urte egindako ikerketa hartu dute oinarri: B ereduan %28k gainditu zuten proba, eta %57k D ereduan. Matrikulazioaren bilakaera ikusita, kalkulatu dute parean egongo dela portzentajea orain: %51k lortuko lukete B2 maila, eta %49k ez. Adituek maila hori jarri dute DBH amaieran eskuratu beharrekotzat.

Euskara mailak badu lotura euskaraz egiteko erraztasunarekin. Eta erosotasunak zuzeneko lotura du euskara erabiltzearekin. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, 16-24 urterekin, bostetik bik erosoago egiten dute erdaraz (%40), eta batek euskaraz (%18).

Ondorio horiek eskuan, aldaketak eskatu ditu EHEk. Ereduen sistemak «porrot» egin duela nabarmendu du Urko Aierbek, taldeko ordezkariak. Euskaldundu gabe geratutako 200.000 pertsona horiei euskara ezagutzeko eskubidea «urratu» diete, EHEren iritzian. «Era berean, euskararen normalizaziorako izugarrizko zama ezartzen du». Erakundeek zegokien «erantzukizuna» hartu ez izana deitoratu du, bidenabar.

Legea egiteko prozesua abian dela, emaitzei buruzko gogoeta egiteko eskatu du EHEk, eta murgiltze eredua zabaltzeko. «Ez da aski hezkuntzako ordu gehienak euskarazkoak izatea. Belaunaldi berriei, hizkuntzarekin batera, euskalduntasun osoa transmititu behar zaie». Oreka aldatzeko aukera badela dio EHEk: 200.000 herritar horiek euskaldunduta, euskaldunak erdiak baino gehiago izango liratekeela erkidegoan.

BERRIAn argitaratua (2018/02/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA