astekaria 2018/02/09
arrowItzuli

iritzia

Ertzaintza eta tortura

Xabier Makazaga

Ertzaintza eta tortura

Urkullu lehendakariak dio harro dagoela Ertzaintzaz inoiz ez dutelako ertzainik kondenatu torturatzeagatik, baina hori ez da egia. 1988an Jaime Gonzalez Pachecok jasandako torturengatik kondenatu baitzuten Deban Ertzaintzaren inspektoreburu zen Juan Loyola Esnaola. Auzitegi Gorenak 1992an zigorra berretsi zuenean, Juan Mari Atutxa Barne sailburuak halaxe onartu behar izan zuen Eusko Legebiltzarrean.

Ertzaintzaz harro egoteko beste motibo bat ere aipatu du Urkulluk. Lehendakariak dio Ertzaintzaren ezaugarri nagusia tortura prebenitzea izan dela, baina hori guztiz gezurtatzeko nahikoa da ikustea zer gertatu den Ertzaintzak hartutako neurri prebentibo garrantzitsuenarekin. Atxilotu inkomunikatuen grabaketekin, hain zuzen.

Legebiltzarrarentzat 1999an egindako txostenean, orduko Arartekoak, Xabier Markiegik, tortura prebenitzeko neurri oso erraz bat hartzea gomendatu zion Ertzaintzari. Segurtasun arrazoiengatik polizia-etxeetako pasilloetan zeuzkaten kameren irudiak grabatu eta gordetzeko. Hain erraza zenez, Ertzaintzak ezin egin izan zion uko eta 2000. urteko txostenean Ararteko berriak, Mertxe Agundezek, Barne Sailak agertu zion onespena jaso zuen.

Grabatzen hasi zirenean, ordea, salbuespen esanguratsu bat egin zuten. Nahiz eta Arartekoaren gomendioa atxiloketa inkomunikatuei zuzendua izan, haiexek izan ziren, hain zuzen, grabatzen ez zituztenak, Arartekoak urtez urte hala eskatuagatik bere txostenetan.

IƱigo Lamarca Ararteko berriak garbi salatu zuen gertatzen ari zena 2004ko txostenean. Bertan jaso zuenez, urte hartako abenduaren 16an Ertzaintzak Arkautin duen eraikinean izan zen eta bertan esan zioten, inkomunikatuen kasuan, «atxiloketak irauten zuen bitartean, kameren irudiak une oro ikusten zituztela», baina «sistema informatikoak irudi haiek grabatzeko aukera eman arren, ez zutela halakorik egiten».

Beraz, Barne Sailak Arartekoaren gomendioa beteko zuela agindu eta lau urte luzera, muzin egiten jarraitzen zuten jada jarriak zeuzkaten kameren irudiak grabatu eta gordetzeari, nahiz eta teknikoki inongo eragozpenik ez izan horretarako.

Azkenik, neurri ezin errazago hura hartzea erabaki zutenean, 2006ko martxoan, honela azaldu zuen orduko sailburuak, Javier Balzak, gertaturikoa: «Ertzaintzak dituen ziegen %95ean jada grabazio sistemak jarriak zeudenez, bada, konpromiso politikoa hartu ahala agindu genuen inkomunikaturiko atxilotuak grabazio sistema zuten ziegetan sar zitzaten».

Balzak argi utzi zuen, halaber, zergatik egin zioten ordura arte uko neurri hura hartzeari. Hitzez hitz esan zuenez, tortura prebenitzeari ordez, «ikerketaren eraginkortasunari» eman ziotelako erabateko lehentasuna inkomunikaturiko atxilotuen kasuan.

Argiago ezin zezakeen hitz egin. Hain erraza bazen, zergatik ez zuten lehenago egin? Arartekoaren gomendio xumea berehala bete ordez, zergatik eman zituzten hainbeste urte neurria oztopatu eta atzeratzeko ahal zuten guztia eginez?

Gainera, Ertzaintzak inoiz ez ditu bete Arartekoak 1999tik eskatu dituen gutxiengo bermeak neurri prebentibo hori eraginkorra izan dadin. Bereziki, grabazioak gordetzeari dagokiona. Arartekoak beti oso argi utzi baitu grabazioak luzaz gorde behar direla. Bereziki, tortura salaketak daudenetan.

Rodolfo Ares Barne sailburu izendatu zutenean, berme horiengatik galdegin zioten legebiltzarrean, eta erantzun zuen haiek kontuan ez hartzearen arrazoia izan zela aurretik, Javier Balzaren garaian, ez zirelako «beharrezko ikusi, eta neu ere ados nago beharrezko ez direla esateko orduan». Eta jeltzaleek berriro Ertzaintzaren ardura hartu zutenean bermeei muzin egiten jarraitu zuten.

Arartekoak hala nabarmendu du Ertzaintzaren polizia-etxeetara inspekzioak egitera joan den bakoitzean. Urtez urte, salaketa berbera errepikatu du bere txostenetan: ez dutela inolaz ere bermatzen grabazioak nahikoa denbora gordetzea, Arartekoak eskatzen duenaren kontra, eta horrek murriztu egiten duela nabarmen neurri prebentibo horren eragina.

Horren harira, azpimarratzekoa da 2010ean gertaturiko kasu bat. Ertzaintzak Ondarroa eta inguruetan atxiloturiko bederatzi gaztek torturak salatu zituztenean, Arartekoak atxiloaldiko grabazioak ikustea eskatu zuen. Alfer-alferrik eskatu ere, eta azkenik oso ebazpen gogorra plazaratu zuen esanez baliozko inongo arrazoirik ez ziotela eman grabazioak ikustea ukatzeko. Geroago, berriro eskatu zituen eta orduan zera erantzun zioten: «iraganda dago jada grabazioak gordetzeko gutxieneko epea [hiru hilabete] eta grabaturiko materiala suntsitu egin dugu».

Urte batzuk lehenago, ordea, oso bestelako azalpena eman zioten halako kasuetan egiten zutenari buruz. Arartekoak 2006ko txostenean jaso zuenez, Barne Sailak esan zion «susmoa, kexa edo salaketa zegoenetan» ertzainek grabazioen kopia bat egiten zutela eta «gorde ikerketak irauten zuen bitartean». Kasu hartan grabazioen kopia egin eta gordetzeko arrazoiak begi bistakoak ziren, baina ez zuten halakorik egin.

Horregatik, 2010eko txostenean Arartekoak azpimarratu zuen gertaturikoak oso argi utzi zuela grabazioak gordetzeari buruz eskatzen ari zen bermearen garrantzia, baina, hala ere, Barne Sailak uko egiten jarraitu dio berme erraz hori hartzeari.

Ikusten denez, Arartekoaren txostenek ez dute inolaz ere erakusten Ertzaintzaren ezaugarri nagusia tortura prebenitzea izan denik, Urkulluk dioen moduan. Erakusten dutena da agintari jeltzaleek torturaren aurkako neurri prebentiboak hartzeko orduan izandako jarrera ez dela batere eredugarria izan, tamalgarria baizik.

Berandu baino lehen onartuko al dute!

BERRIAn argitaratua (2018/02/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA