gizartea
«Abiapuntu bat» osatu dute EAEko hezkuntza legerako
Aitor Biain

Dokumentua aurkezteko bilera egin zuten atzo Gasteizen Eusko Jaurlaritzak eta hezkuntzako eragileek. Irailetik martxan den prozesuaren barruko bilkura izan zen, eta 30 bat eragile elkartu ziren. Uriarteren esanetan, «zoru komuna» osatzea da dokumentuaren helburua. Denera 40 bat adituk osatu dute, bost ardatzetan: hezkuntzaren modernizazioa, bizikidetza, hizkuntza, ikastetxeen autonomia eta ebaluazioa. Lantaldeetan aritu dira, eta adostu dituzten oinarriak txertatu dituzte dokumentuetan. Jendaurrera atera dute, eta ekarpenak egiteko aukera zabalik dute eragileek zein herritarrek; otsailaren 21era arte jarri dute epea.
Behin ekarpenak bilduta, Euskadiko Eskola Kontseiluaren eskuetara pasatuko da agiria, han eztabaida dezaten. Ondoren, gobernuak Eusko Legebiltzarraren esku utziko du proposamena, hezkuntza legea egitea hango taldeei baitagokie. Jaurlaritzak legealdi honetarako lege asmoen artean jarria dauka hezkuntzakoa.
Abiatzeko oinarria
Atzo aurkeztutako txostena abiapuntu «ona» dela nabarmendu du Uriartek, oinarri «sendo eta finkoa» dela. «Hezkuntzan zein gure gizartean gertatzen ari diren aldaketek hausnarketa eta egokitzapena eskatzen dute. Helburu komuna aintzat hartuko duen hezkuntzaren aldeko akordio berri baten beharra dago. Elkarrizketa, hausnarketa partekatua, akordioa... Oinarri horien gainean eraiki dugu gure hezkuntza sistema, eta aldaketa ere horien gainean oinarritu behar dugu. Herri erronka baten aurrean gaude».
Adituen txostenean hezkuntza eredu «propioa eta eleaniztuna» proposatu dute; euskara izango da «ardatz nagusi», eta eskolatze «inklusiboagoa eta orekatuagoa» bermatu nahi dute. Hezkuntza sistemaren modernizazioa ere oinarrizko printzipiotzat jo du, eta horretarako beharrezkotzat jo dute irakasleak «ahalduntzea» eta haiei «prestigioa» ematea. Bizikidetzari dagokionez, aldiz, «sustatu beharreko balio gisa» hartu behar dela esan dute, ez «oztopo» gisa. Ezinbestekotzat jo dute, halaber, ikastetxeei autonomia gehiago ematea, haien berezitasunen araberako hezkuntza proiektuak garatzeko.
Beste gai batzuk
Hezkuntzako eragileek begi onez hartu dute txostena, nahiz eta gehienek aitortu duten «ezinbestekoak» diren gai batzuk falta direla. Nolanahi ere, azterketa «sakonak» egingo dituztela adierazi zuten atzo, bileratik irten ondoren. Besteak beste, hezkuntzaren finantzaketaren eta ituntze ereduari buruzko puntuak falta dira.
Baliabideei buruz ohartarazi du, hain justu ere, gehiengo sindikalak —ELA, LAB eta Steilas—. Kritiko agertu dira prozesuarekin, «bermerik» ez duelakoan. Lan gatazka betean dira sindikatuak eta Jaurlaritza sare publikoan.