astekaria 2018/02/09
arrowItzuli

kultura

<b>ARGIA</b> IKUSTEN DA

Miren Garate

<b>ARGIA</b> IKUSTEN DA

Sortzaileen lan baldintza prekarioak. Diru laguntzen mendekotasuna. Kultura estrategikotzat jotzeko borondate politiko eta sozial falta. Horiek dira antzergileek aipatzen dituzten kezketako batzuk. Lainoak ez dira desagertu: hor jarraitzen dute. Alabaina, orain dela urte batzuetako egoerarekin alderatuta, euskaraz aritzen diren antzerkigileek argi izpi batzuk ikusten dituzte. Loraldi bat igartzen dela diote, edo loraldirako aukera bederen badagoela, eta horren seinale da gero eta emanaldi gehiago egiten direla, eta gero eta hobeak. Bada itxaropena eragiten duen beste aldagai bat: publikoa ere erantzuten ari dela.

Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE) da urtean euskaraz estreinatutako obra kopurua zenbatzen duten elkarteetako bat. Argazki hau euskaraz mintzo da liburuan aipatzen duenez, 2016-2017 sasoian 38 obra berri egin ziren euskaraz. Duela urte batzuetatik hona, agerikoa da gorakada. «Uste dut uzta oso oparoa dugula, eta ondo ari garela, ibilbide ona egiten. Denok ari gara bidean hobetzen; prozesuaren hasieratik normaltasunez egiten dugu lan euskaraz, eta, horiek kontuan hartuta, esango nuke ondo goazela», azaldu du Tanttakako Mireia Gabilondok.

Badirudi baikor egoteko modukoa dela ikuskizun kopurua urtez urte gehitzea. Ba ote dago mugarik? Zenbait adituren ustez, bai: uste dute euskaraz askoz ere obra gehiago eginez gero, ez legokeela eskaerarik publikoarengandik, eta programatzaileek ere ez luketela datarik izango guztiei lekua egiteko. Gabilondoren ustez, muga non dagoen galdetuz gero ezin da huts-hutsean erantzun. «Zer egiten den eta nola egiten den: hori ikusi beharko da». Antzeko iritzia du Tarteaneko Patxo Telleriak ere. «Johann Sebastian Bachi ere esan zioten ez saiatzeko musika berririk egiten, dena asmatuta zegoela». Adierazi du ez dela gauza etorkizunean gerta daitekeenaz hitz egiteko. «Baliteke orain beherakada bat etortzea, edo gero eta antzezlan gehiago eta hobeak egitea, auskalo».

Euskaraz 38 obra estreinatu izanak erakusten du «badela behar bat», Le Petit Theatre de Paineko Ximun Fuchsen ustetan. «Baina, hiru milioi biztanleko lurralde batean, 38 ez da asko niretzat. Horietatik zenbatek egiten dituzte itzuliak? Hiri batean zenbat ikusten ahal dira?». Ipar Euskal Herriko balantzea egin zuen, eta ondorioztatu zuen desoreka oso handia dela. «Kasik 200 antzerki ikusten ahal dira frantsesez, eta euskaraz, berriz? Hamabost, hogei?». Muga bat egon ote daitekeen, nabarmendu du gai bat planteatzea ezinbestekoa dela: ikustea zer leku eman nahi zaion antzerkiari, edo zertarako balio izatea nahi dugun, alegia. «Aisialdiko denbora pasatzeko soilik baldin bada, aski da urtean behin edo bi aldiz, danborrada bezala».

Antzerkiak, ordea, aisialdi funtzioa baino askoz gehiago «oparitu» dezakeela gaineratu du: «Belaunaldi guztiei, eta batez ere gazteei, parada opari diezaieke elkarrekin euskaraz amesteko, adierazteko, pentsatzeko; euskal komunitateari existitzeko oparia egin diezaioke antzerkiak, eta arteak oro har. Mendebalde guztia antzerkiaren inguruan eraikia izan da ».

Euskararen urratsei segituz

Zenbatu egin daitezke antzezlanak, eta objektiboa da estreinatutako obra kopuruak gora egin duela azken urteetan. Kalitatea neurtzea konplexuagoa izan daiteke, baina antzerkiaren bueltan aritzen diren gehienek uste dute alde horretatik ere aurrerapausoak egon direla. Hobekuntza zertan igartzen den galdetuta, Gabilondok «profesionaltasuna» aipatu du. «Nik esango nuke profesionaltasun handiagoa dagoela: urteetan egindako lanaren poderioz, aktoreak antzerki eskoletan gero eta lehenago hastearen ondorioz, eta abar». Eta uste du jendea gero eta prestatuago egote horrek laguntzen duela gauzak behar bezala egiten, bakoitzak pentsatzen duen bezala lan egiten. «Horrek ez du esan nahi duela 30 urteko ikuskizunak kalitatezkoak ez zirenik».

Euskararen bilakaera ere kontuan hartzeko faktorea iruditzen zaio. «Gu antzerkia egiten hasi ginenean, etxean eta beste hainbat tokitan euskara erabili arren, kosta egiten zen antzerkiak duen zuzenekotasun horretan gauza asko ulertzea». Gizarteak euskarari dagokionez izandako ibilbidea eta antzerkiak izandakoa «elkarri eskua emanda» joan direla azaldu du.

Telleriak ere hizkuntzaren aldagaia aipatu du. Hasierako urte haietan, Maskarada konpainian aritzen zen. Euskaraz sortzen zituzten antzezlanak, baina salbuespena ziren, konpainiek bertsio elebidunak prestatzen baitzituzten normalean. «Eta gaztelaniaz askoz aukera gehiago egoten ziren emanaldiak egiteko. Orduan, nahi edo ez nahi, euskarazkoari arreta gutxiago eskaintzen zitzaion, eta hori igartzen zen aktoreen segurtasun mailan-eta».

Gaur egun, asko dira prozesu osoa euskaraz egiten duten konpainiak. «Tontakeria ematen du, baina ez da hala, igarri egiten da. Horrek, aldi berean, lehia ere ekarri du, eta lehiak gauzak hobeto egitera behartzen zaitu». Pastela gehiagoren artean banatu beharrak konpainien egoera zaildu badu ere, azaldu du onurak dakarzkiela ikusleari eta antzerkiari. Fuchs da aurrerantzean euskaraz bakarrik lan egitea erabaki duen beste antzerkigile bat; anaia Manexekin batera mugimendu berri bat sortu du: Axut!

Ulergarriak izatea eskatu izan zaie askotan euskarazko emanaldiei. Baina Telleriak uste du hori ere aldatzen ari dela. «Garai batean, bazirudien, euskarazko antzezlan bat egin behar bazenuen, derrigorrez komedia izan behar zuela, eta ahal bazen komedia hutsala, herrikoia eta topikoz betea». Kontatu du programatzaileak ere konturatu direla euskal publikoa gauza dela gauza ausartagoak, berriagoak, bestelako umorea edota lengoaia berriak ikusteko. «Azken finean, hau hiri bat da, euskal hiria».

Gabilondok nabarmendu du ez dagoela publiko guztia zaku berean sartzerik: «Batzuek nahiago izango dute gauza sinpleagoak ikusi: komedia, jende ezaguna edo dena delakoa. Baina beste batzuek kontrakoarekin gozatzen dute». Eta eskerrak, dio: «Bestela gauza batzuk bakarrik egongo lirateke. Nik beti esaten dut beste publiko horrentzat ere gauza asko daudela egiteko».

Bestalde, Fuchsek adierazi du euskarazko antzerkia ezin dela sinplea izan. «Euskal ekoizleek hil ala biziko obra bat egin behar dute. Eta egiazko antzerki herrikoia antzerki exijentea da; bestea antzerki burgesa da, aisialdiko antzerkia». Hala ere, nabarmendu du antzerki herrikoia denentzat egina eta pentsatua izan daitekeela. «Hori beharrezkoa da». Fuchsek dio ezin duela erantzun obren kalitatea gero eta hobea den. «Uste dut badirela erronka berriak, edo erronkak beste molde batean pentsatzen direla orain, eta hori ongi da; baina kasik belaunaldi bakoitzak egiten du. Beharrik! Ez badu egiten, erran nahi baitu hila dela».

Nola erakarri jendea

Antzokietan ikusten dutenari erreparatuta, hiru antzergileek uste dute gero eta jende gehiago mugitzen duela euskarazko antzerkiak, nahiz eta aitortu «inpresioa» dela, ez dutela kopuru zehatzik esku artean edo ez dutela azterketarik antzerkira joaten den jendearen soslaiari buruz. «Ni astebetean baino gutxiagoan euskarazko bi antzerki ikustera joango naiz Bilbon, bi tokitara. Hori erabat ezohikoa izango zen orain dela hamar urte», kontatu du Telleriak.

Publikoaren artean gazte kopuruak gora egin duen galdetuta, Gabilondok haiekin lan egiteko premia ikusten du oraindik. «Askotan, obra bat bakarrik ikusi eta esaten da: 'Ez zait gustatzen antzerkia'. Hori ez da gertatzen zinemarekin: esaten da filma ez zaizula gustatu. Inoiz antzerkira joan ez direnek ere esaten dute ez zaiela gustatzen».

Hala ere, kontatu du oso handia dela gazteengana iristea lortzeak norberari ematen dion poza. Badute bullying-ari buruzko lan bat Tanttakan. «Hasieran, gazteak urduri antzean ikusten dituzu; baina harrapatu egiten dituzula ikustea, bukaeran emozionatuta daudela edo geroko solasaldian bihotza pixka bat zabaltzen dutela... Niretzat hori oso pauso handia izaten da».

Beharrezkoa iruditzen zaio gazteekin lan egitea, antzerkira joateko ohitura har dezaten. Baina nola lortzen da antzerkirako zaletasuna sustatzea? Zein da formula? Fuchsentzat ez da aski publizitatea egitea edo sarrerak oparitzea, galdera asko planteatu behar baitira: zer baliabide jartzen dira martxan? Nola lan egiten da eskolekin? Eta publiko arruntarekin? Zein dira ordutegiak? Nola egin jendeak antzerkia ikus dezan, haurrak izanda ere? «Hori dena pentsatu behar da, baina hori dena pentsatzen bada, erran nahi da leku bat ematen zaiola arteari eta antzerkiari». Gaur egun, loraldia baino gehiago, loraldirako aukera ikusten du. «Hainbat urtez izan dira zailtasun gehiago, eta bat-batean izan da ahalmen pixka bat: martxan jarri dira lan egiteko metodo batzuk. Eta horrek posibilitate bat sortu du, loraldiaren posibilitatea, eta ez da gutxi».

Dioenez, orain euskarazko antzerkiaren aldeko politika bat martxan jarriz gero, hamar edo hamabost urte barru etorriko dira fruituak. «Artearen historiari buruzko edozein liburu hartu, eta fenomeno guztiak izan dira borondate politiko sozial baten ondorio. Arrazoi on edo txarrengatik, baina borondate bat egon delako. AEBetako zinemaren lehen produktorea armada izan zen». Dena den, Fuchsek ez du bere burua ezkortzat. Alde batetik, euskal publikoa «biziki goxoa eta ona» baita. Nabarmendu du, bertsolaritza adibidetzat jarrita, ahozkotasunarekin lotura estua duela euskal publikoak. Alegia, jendeak baduela gaitasuna entzuteko, baita gai oso konplexuak direnean ere, eta, gainera, ez dela publiko batere inpertsonala. Bestetik, esan du, baikor izateko motibo moduan, beti dagoela jendea mundu horretan sartzeko prest, antzerkian aritzen direnen lan baldintzak oso kaskarrak izanda ere.

Antzerkian eta oro har arte ofizio gehienetan aritzen direnen «zortea eta kondena» esaten dio horri Telleriak. «Aktore bati esaten badiozu nahi al duen antzezlan batean parte hartu, pozez zoratzen jarriko da. Gero, jakinarazten diozunean zer diru gutxi dagoen, 'joe, ze gutxi' esango du, baina egingo du». Gaineratu du horregatik dagoela antzerkia bizirik. «Ahulak gara, edozein eskaintza ziztrini baietz esateko gai gara, baldin eta produktua, prozesua edo lana gustatzen bazaigu».

Bere kasua aipatu du: «Gu orain ikuskizun arrakastatsu batekin gabiltza, emanaldi pila egiten. Goxoenean egonda ere, ezingo genuke aurrera jarraitu honetaz aparte beste lanik egingo ez bagenu». Antzerkiko lanak zinemarekin, idaztearekin eta jasotzen dituen enkarguekin uztartzen ditu Telleriak. «Orain olatuaren aparrean nago, baina hurrengo urtean agian olatuaren azpian. Jende asko dago gauza oso onak egiten eta iritsi ezinda».

BERRIAn argitaratua (2018/02/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA