astekaria 2018/02/09
arrowItzuli

gizartea

CARLOS BRIONES

«Biziak 300 milioi urte eman zituen agertzeko: planetak aurrea hartua digu»

Juanma Gallego

«Biziak 300 milioi urte eman zituen agertzeko: planetak aurrea hartua digu»

Nano-Cathedral proiektuari buruz Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioak urtarrilaren amaieran prestatutako jardunaldietan parte hartu du Carlos Briones astrobiologoak (Kolonia, Alemania, 1969), eta, hilaren 12an, Bilbon izango da, Darwin Egunean. Biokimikan eta biologia molekularrean aditua da Briones, eta Madrilgo CAB Astrobiologia Zentroan ikertzen du.

Zer egiten du astrobiologo batek katedral batean?

Nanoteknologiari buruz hitz egiteko gonbidapena egin didate. Hemen eraikin historikoetan nanoteknologia nola erabili aztertzen ari dira. Eraikuntzan asko erabiltzen ari da orain, materialak indartzeko, beirateak zaintzeko edo estaldurak sortzeko, adibidez. Biokimikaria naizenez gero, biomolekulekin lan egiten dut, eta arlo horretan eskarmentua daukat. Diziplinari buruzko ikuspegi zabala ematen saiatu naiz. Berez, nanomundua 0,1-100 nanometro arteko objektuek osatzen dute. Kontuan izan behar dugu milimetro baten milioirena dela nanometroa. Gure zelulen barruan dauden molekulak tarte horretan daude, adibidez. Materialei dagokienez, grafenoa, karbono nano-hodiak edota fulerenoa daude, adibidez. Aplikazio praktiko batzuk merkatuan daude jada. Gerora begira, askotan zientzia fikzioko planteamenduak egiten dira, baina batzuk garatzen ari dira jada. Esaterako, aukeretako bat izango da gorputzean nanorobotak sartzea, pazientea zaindu eta sendatzeko.

Alberto Fernandez Soto astrofisikariarekin eta Jose Maria Bermudez de Castro paleoantropologoarekin idatzi duzun Orígenes liburuak ospea lortu du. Non dago arrakastaren gakoa?

Unibertsoaren hasieratik gaurdainoko bidea aztertzen duten liburu asko daude, batez ere ingelesez. Baina normalean egile bakar batenak dira. Hain denbora tarte zabala jorratzen duen liburu bat irakurtzen duzunean, berehala konturatzen zara egilea fisikaria, biokimikaria edo geologoa ote den. Bere arloa era zabalagoan eta oso modu txukunean azaltzen duelako; baina, gero, akatsak atzematen dituzu espezialista ez den arloetan. Horregatik, nire ideia izan zen bakoitzak dagokion alorrari buruz idaztea. Dibulgazio interesa dutenentzat idatzi dugu, eta oso pozik gaude. Duela gutxi esan digute laugarren edizioa atera dela, eta Prismas saria ere eman ziguten.

Zer egiten da astrobiologia laborategi batean?

Diziplina arteko zientzia da gurea. Laborategian bereziki bionanoteknologia erabiltzen dugu, biziaren jatorria argitzeko. Lurrean biziaren lehen pausoak nolakoak izan ziren argitzen saiatzen gara. Askotan, Kepa Ruiz Mirazo fisikariarekin eta Andres de la Escosura kimikariarekin batera lan egiten dut; hiruron artean saiatzen gara irudikatzen kimikaren eta biologiaren arteko trantsizioa nolakoa izan zen. Argitu nahi dugu estruktura horiek nola hasi ziren automuntatzen, ondoren sistema konplexuagoak garatzeko.

Zunda robotiko baten bitartez posible al da Lurretik kanpoko bizia atzematea?

Zaila da. Gure laborategian, batez ere, biosentsoreak garatzeko lanean ari gara, hemen bertan bizia ezaugarritzeko, eta baita Lurretik kanpo ere. Berdin astronauta bat edo robot bat eramanda, guk ezagutzen dugun biziaren araberako alborapena izango dute biek ala biek. Oso bizi gutxi dagoen inguruetan ere bizia aurkitzeko gai den biosentsore bat diseinatu ahal duzu. Baina agian Marten bestelako bizia dago. Gure sentsoreek beti izango dute ezagutzen dugun biziaren araberako alborapena.

Space X enpresako buru Elon Musk-ek bere autoa Martera bidaliko duela iragarri du. Enpresa pribatuak halakoak egiten hasteak ongi esterilizatu gabeko gailuak espaziora heltzea ekar dezake. Arazoak ekar ditzake horrek?

Baliteke. Alde horretatik, babes planetarioaren kontzeptua bultzatu behar da. Nahi gabe Martera bizia eramaten baduzu, eta bertan errotzen bada, hogei urte barru zerbait topatuz gero, ezingo duzu jakin aurkitutako organismo hori bertakoa den ala zuk eramandakoaren ondorioa. Horregatik, hara eramaten dugun guztia oso ondo esterilizatu beharra dago. Astronautak Martera eramatearen alde nago, baina lehenik zientzialariak eramango nituzke, lehen hamarkadetan bederen. Gero joango dira turistak, enpresak... Horregatik, biziaren bilaketa azkartu behar da, ezinbestean; agian hemendik mende batera kutsatuta egongo da eta.

Baina, trukean, eboluzioak astronauta bat baliatuko luke unibertsoan bizia zabaltzeko...

Bai, hori gaiari heltzeko beste modu bat da. Kontuan izan behar dugu, halere, hemengo bakterioak Lurretik kanpo eramanez gero bi aukera daudela: guztiak hil daitezke, espazioko baldintza gogorrak direla eta, ala bertako inguruneari egokitu ahal dira. Lurrean ikusi dugu organismo extremofiloak zein ondo egokitzen diren. Gerta daiteke, baita ere, kanpoan bizia izatea eta Lurreko bakterioak garaile ateratzea, hemengo espezie inbaditzaileek egiten duten antzera. Saiatu behar dugu beste lekuetan egon daitekeen bizia babesten. Adibidez, beste motaren bateko bizia ote dagoen jakiteko. Agian, Marte terraformatu ahal izango dugu modu horretan, baina bertako bizia akabatuta.

Marteren orbitan Musken auto gorria jartzear gaude, baina gero ez da laborategian bizia sortzeko erarik. Hain zaila al da?

Bizia sortzeko bi aukera daude. Craig Venter zientzialariaren bidea urratu ahal duzu: kromosoma artifizial bat eratu dezakezu. Baina, finean, ezagutzen duzun bizi forma batean duzu abiapuntua. Bestetik, goitik behera bizi berria sortu ahal duzu. Oso zaila da. Planeta 300 milioi urte inguru ibili zen kimikarekin jolasean, bizia sortu zen arte. Funtsean, oso ingurune desberdinetan milioika esperimentu txiki egin ziren. Guk hamarkada batzuk baino ez daramatzagu saiatzen. Planetak, beraz, dezenteko aurrea hartua digu bizia sortzeko.

Lortuz gero, jainkoak izango ginateke... Horrek ez al du aurkako jarrerarik eragingo?

Ziur nago baietz. Beste arlo batzuetan ere gertatu da. Transgenikoen adibidea hor dago; ez da bakarra. 1975ean Kalifornian, Asilomar konferentzian, zientzialari asko bildu ziren, eta gehienak ados zeuden: ingeniaritza genetikoa debekatu egin behar zen, arriskuak egon zitezkeelako. Bi urtera guztiak ari ziren lanean horretan. Arras argigarria da hori.

BERRIAn argitaratua (2018/02/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA